88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita "Artea eta kultura" programaren barruko kultur jarduerak egin ditzaten. DDBN kodea: 891059.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea "Artea eta kultura, 2026" programaren barruko kultur jarduerak egin ditzaten, deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 600.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Laguntza hauek Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuarekin finantzatuko dira, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak" izena duen A20002-A2500-4609-334100 partidaren kargura. Partida horren kreditutik 600.000 euro bideratuko dira deialdi honetarako.

Espedientean Idazkaritza Tekniko Nagusiak egindako txosten juridikoa dago, baita Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ere, zeinek azaltzen baitute egokiak eta legezkoak direla hala dirulaguntza nola oinarri arautzaileen onespena.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, "Artea eta kultura, 2026" programaren barruko kultur jarduerak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334100: Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2026

600.000,00

4. Honen berri ematea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALERRIEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, "ARTEA ETA KULTURA, 2026" PROGRAMAREN BARRUKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGIN DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2025eko urriaren 27tik 2026ko urriaren 25era bitarte eginen dira, bi egun horiek barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jardueratzat hartuko dira arte bisualetako ikuskizunak eta proiektuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak honako zortzi sektore hauetan egin ohi dituen jarduerekin lotuta daudenak: antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kulturaren eta kultura tradizionalaren adierazpen artistikoak (bertsolaritza, jotak, dantza, abesbatza, txistua...).

1.3. Deialdiaren xede diren jardueren programazioak ondorio positiboak lortu nahi ditu emakumeen eta gizonen berdintasunean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua betez.

1.4. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan kultur eta arte jarduerak programatzeak eragin positiboa sortu nahi du Nafarroako kultur sektorearen ekosisteman, hots, babes neurri izan nahi du sektorearen jarduna mantendu dadin eta, azken batean, pertsona guztiek eskuragarriago izan dezaten kultura eta errazagoa izan dadin kultur jardunean modu librean parte hartzea.

1.5. Deialdi honen xede diren jardueren programazioak kontuan hartu beharko ditu hondakinen sorrera prebenitzearekin, hondakinen kudeaketa hobetzearekin eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunarekin lotutako ingurumen neurriak, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betez.

2. Toki entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

2.2. 40.000 biztanletik beherako populazioa duten Nafarroako udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek beren kultur jarduerak zuzenean kudeatzeko baliatzen dituzten erakunde edo entitateak ere izaten ahalko dira onuradunak, hala badagokio, bai eta haiek osatutako fundazioak ere.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza horiek finantzatuko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2026rako gastu-aurrekontuaren kargura, 600.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin, A20002 A2500 -4609 -334100 partidaren kargura: Nafarroako Aurrekontu Orokorretako udaletan kultur ekintzak egiteko laguntzak.

3.2. Dirulaguntzaren oinarrizko zenbateko bat ezarri da udalerriko biztanle kopuruaren arabera, IV. eranskinarekin bat (Nafarroako udalerrietako populazio datu ofizialak, 2025ekoak, Nafarroako Estatistika Institutuaren azken eguneraketaren arabera).

Deialdian baimendutako zenbatekoa txikiagoa bada herriei –biztanleriaren arabera– dagozkien zenbatekoen batura baino, zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera lortuko dira puntuok).

Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta entitateen puntuazio guztiak batuko dira, eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko.

Puntuaren balioa bider herri bakoitzak lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da bakoitzari dagokion diru kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %50ekoak izanen dira gehienez ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskaera ereduak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren tramiteen fitxaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-de-subvenciones-a-los-municipios-de-navarra-para-la-realizacion-de-las-actividades-artisticas-y-culturales-que-integran-el-programa-arte-y-cultura).

4.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu –hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak–, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira zalantzarik gabe bat datozenak "Artea eta kultura, 2026" deialdi honetan berariaz diruz lagundutako jardueren izaerarekin. Ondorio horietarako, honako hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen eta talde amateurren ikuskizunak kontratatzeagatiko gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

b) Arte bisualen proiektuak programatu eta kontratatzeak sortutako gastuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

c) Egile-eskubideak kudeatzen dituzten entitateek diruz lagundutako jardueretarako sortutako gastuak, BEZa barne, entitateak ezin baditu konpentsatu.

d) Diruz lagundutako jarduerak egitetik eratorritako gastuak, BEZa barne, entitateak ezin baditu konpentsatu.

e) Diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidaien, otorduen, ostatuen eta dieten gastuak.

b) Artisautzako ikastaro, lantegi, hitzaldi eta erakusketak.

c) Sariak eta lehiaketak, txapelketak, kidetza kuotak eta epaimahaikideei egindako ordainketak.

d) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

e) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

f) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

g) Kultur jarduerak egiteko antzokiak edo lokalak alokatzea.

h) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

i) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

j) Beste deialdi batzuetan justifikatu ezin izan diren jarduera artistiko eta kulturaletako gastuak.

BEZa duten gastuen kasuan, entitateak ezin badu konpentsatu, VI. eranskinean (gastuak justifikatzeko taula) sartu beharko da adierazi beharreko gastu zenbatekoa.

Entitateak konpentsatzen ahal badu, gastuaren barruan ez da BEZaren zenbatekoa adieraziko.

Entitateak BEZaren hainbanaketa aplikatzen badu, hainbanaketa horren arabera dagokion BEZaren zenbatekoa sartuko da.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

Yolanda Osés Pérez andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Raquel Ezquerra Sales andrea, Kultura Ekintza Zerbitzuko teknikaria.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

6.3.1. Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

6.3.2. Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

7.1. Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jardueren kopurua, diziplinen arabera (antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala) (0,5 puntu gehienez).

  • 1 arlo eta 5 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,25 puntu.
  • 6 arlo eta 8 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,50 puntu.

a.2) Jardueren kopurua (arte bisualetako jarduerak kontuan hartu gabe) (puntu 1 gehienez).

  • 4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0,25 puntu.
  • 10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: 0,50 puntu.
  • 17 jardueratik 30 jarduerara bitarte: 0,75 puntu.
  • 30 jarduera baino gehiago: 1 puntu.

a.3) Arte bisualetako jardueren kopurua (0,5 puntu gehienez).

  • 1 jardueratik 4 jarduerara bitarte: 0 puntu.
  • 5 jardueratik 10 jarduerara bitarte: 0,25 puntu.
  • 10 jarduera baino gehiago: 0,50 puntu.

a.4) Nafar sortzaileekin programatutako jarduerak (profesionalak eta amateurrak) (2 puntu gehienez).

  • 1etik 3ra (baldin eta %50 profesionalak badira): 0,50 puntu.
  • 4tik 6ra (baldin eta %50 profesionalak badira): 1 puntu.
  • 6 baino gehiago (baldin eta %50 profesionalak badira): 2 puntu.

a.5) 2025eko deialdian onartutako gastu guztiaren justifikazioa (1 puntu).

(Barne egiaztapen bat eginen da eskatzaileek 2025eko deialdian emandako eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera igorritako datuak aztertzeko).

a.6) Euskaraz programatutako jarduerak (1 puntu gehienez).

  • 1 jardueratik 3 jarduerara bitarte: 0,25 puntu.
  • 4 jardueratik 5 jarduerara bitarte: 0,50 puntu.
  • 6 jardueratik 15 jarduerara bitarte: 0,75 puntu.
  • 15 jarduera baino gehiago: 1 puntu.

7.2. Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (3 puntu gehienez).

(Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2025eko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua).

  • 0 eurotik 2,00 eurora: 0 puntu.
  • 2,01 eurotik 4 eurora: 0,25 puntu.
  • 4,01 eurotik 6 eurora: 1,00 puntu.
  • 6,01 eurotik 8 eurora: 1,50 puntu.
  • 8,01 eurotik 10 eurora: 2,00 puntu.
  • 10,01 eurotik 12,00 eurora: 2,50 puntu.
  • 12,01 eurotik 14,00 eurora: 2,75 puntu.
  • 14 eurotik gora: 3,00 puntu.

7.3. Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea –funtzionarioa nahiz kontratuduna– edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. (1 puntu gehienez).

  • 1 puntu, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzen badira.
  • 0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta, halaber, deialdiaren fitxan argitaratuko da.

Deialdiaren ebazpena Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10. Toki entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa toki entitateak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak eta gastuak egin izana justifikatu beharko da Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea egitarauan, kartelean, iragarkietan edo edozein eratako publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Nafarroa Markaren eta Argitalpenen Atalaren jarraibideen arabera egin beharko da (helbide elektronikoa: publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta haren erakunde autonomoek –Euskarabidea, kasurako– kudeatutako deialdien bidez lortu diren dirulaguntzen berri ere eman beharko da.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan ezarritako ingurumen neurriak betetzea, hondakinen sorreraren prebentzioari, hondakinen kudeaketa hobetzeari eta ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasunari dagokienez.

10.9. Ez erabiltzea inolako euskarritan –ez publizitatean ez informazioan– hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, zuzenean sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da. Horretarako, entitate onuradunek honako lan hau dute kontsultagai: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf estekan eskuragarri).

11. Ordainketa, justifikatzeko modua eta epea.

11.1. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ordainketa bakarrean pagatuko dira, Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena eman ondoren, baldin eta behar diren justifikazio agiriak aurkeztu badira.

Jarduerak 2025eko urriaren 27tik 2026ko urriaren 25era bitartean egin beharko dira, biak barne.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak 2025eko urriaren 27tik 2026ko azaroaren 3ra artekoak izan beharko dira, biak barne. Horrenbestez, azaroaren 3a baino geroagoko ordainketa-data duten faktura guztiak baztertu eginen dira.

Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da derrigorrean.

Justifikazioa egiteko, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu entitateak, 2026ko azaroaren 3a baino lehen, egun hori barne:

11.1.1. Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak Nafarroako kultur informazioko sisteman sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

11.1.2. Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), Excel formatuan, eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

Exekuzio-gastua bada, adierazi beharko da onartutako programako zer jarduerari egiten dion erreferentzia.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Fakturaren zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira; izan ere, foru dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu).

11.1.3. Kontu-hartzailearen, idazkariaren edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, bestela, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo lehendakariak ontzat emana, non ziurtatuko baita entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

11.1.4. Mezenasgorako eta babesletzarako dauden modalitateen bidez ekarpenik jasoz gero, zehaztu beharko dira, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatuko da.

11.2. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.3. Justifikazio betebeharra 11 oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Justifikatzeko agiriak 2026ko azaroaren 3a baino geroago aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Justifikatzeko agiriak 2026ko azaroaren 13a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

11.4. Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horretarako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Honako arau hauetan ezarritako zehapen-prozedura erabiliko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa (VI. titulua).

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek Nafarroako Gobernuaren tramiteen fitxan eskura daitezke, esteka honetan:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-de-subvenciones-a-los-municipios-de-navarra-para-la-realizacion-de-las-actividades-artisticas-y-culturales-que-integran-el-programa-arte-y-cultura

I. eranskina.–Eskaera.

II. eranskina.–Jardueren taula.

III. eranskina.–Ziurtagiri eredua.

IV. eranskina.–Dirulaguntzen zerrenda populazioaren arabera.

V. eranskina.–Jardueren datuak.

VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Iragarkiaren kodea: F2604636