88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Oposizioa, gazteriako teknikarien 2 plaza betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 20an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da gazteriako teknikariaren 2 plaza oposizio bidez betetzea, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa. Plaza horiek izanen dira Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 5ean emandako ebazpenaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta horien plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoa plaza hutsa hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plazak Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako, Merkataritzako eta Turismoko Alorrera atxikita daude eta honako txanda hauetan banatuko dira:

–1 plaza txanda irekian.

–1 plaza igoera-txandan.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko plaza hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan ezarritako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

1.5. Lanpostuaren funtzioak.

1. Gaztediaren Etxearen kudeaketa egiteari dagozkion ardurak.

1.1. Azpiegituren eta programazioaren jarraipena egitea.

1.2. Programazioa gainbegiratzea.

1.3. Kirol-jarduerak, eskulanak, osasuna, psikologia, informatika.

1.4. Zibergela.

2. Dirulaguntzen kudeaketa egitetik eratorritako ardurak.

2.1. Ekintzaile gazteei dirulaguntzak kudeatzea (18-35 urte).

2.2. Gazteendako programak egiten dituzten elkarteendako dirulaguntzak kudeatzea -Komunitarioa.

2.3. Gazte artistei laguntza.

2.4. Berriemaileen programak. Xedea Gaztediaren Etxean egiten diren jarduerak hedatzea da.

2.5. Literatura-lehiaketa kudeatzea.

2.6. Inti ibilbidearen programa kudeatzea.

2.7. Iruña Gaztea Kultura-Bonua kudeatzea.

2.8. Gabonetako Zinema Eguberria kanpaina kudeatzea.

3. Pertsonen kudeaketa egitetik eratorritako ardurak.

3.1. Txankletak programa kudeatzea (jarduera merkeak ur azpiko igeriketa, irteerak, Irunberrin rafting egitea, etab. gozatzeko).

3.2. Film labur gaztea lantegia kudeatzea.

3.3. Lauhaizetara: aniztasun funtzionala duten gazteendako programa.

3.4. Erasmus + programa kudeatzea.

3.5. Euroeskualdea programa kudeatzea: Akitania Berria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko mugaz gaindiko programa da.

4. Gazteriako planetik eratorritako ardurak.

4.1. Plan operatiboa kudeatzea.

5. Gazteriaren mahaitik eratorritako ardurak.

5.1. Mahaia nork osatzen duten kudeatzea eta zeintzuk parte hartuko duten zehaztea.

5.2. Bilerak 3 edo 4 hilean behin.

6. Nafarroako Gazteriaren Institututik eratorritako ardurak.

6.1. Dirulaguntzak prestatu eta justifikatzea.

6.2. Teknikariekin koordinatzea.

6.3. Gazteendako informazio-bulegoen sarea.

6.4. Antolatzen diren prestakuntzetara joatea.

7. Antolamendu behar berriak eta lanpostuaren bilakaera kontuan harturik, bere lanbide eremuaren barnean agintzen zaio beste edozein eginkizun.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek
–zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko gradudun titulua, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulua edukitzea edo baliokidea den titulu bat, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzerako.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, non eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona ez den lanean ari administrazio deitzailearen zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.

c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak salbu: horiek zortzi urtez kidego horietan benetan zerbitzu ematen arituak izan beharko dute.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 22,85 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Unibertsitateko gradu-titulua, ingeniari teknikoko edo arkitekto teknikoko titulua edo horien baliokidea den titulua, edo halakoa erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–Horrez gain, baldin eta deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betekizunak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena organo eskudunari eskatu izana egiaztatzen duen agiria.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek baldintza hori egiaztatu beharko dute, genero-indarkeriako delitu batengatik kondena-epaia, babes-agindua edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo Ministerio Fiskalaren txostena aurkeztuz, non adieraziko baita demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela. Halaber, genero-indarkeriazko egoerak egiaztatzen ahalko dira gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiriaren eta txostenaren bidez.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Beni Soteras Ramírez, Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako, Merkataritzako eta Turismoko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Amaia Valls Esparza, Iruñeko Udaleko Komunitate Ekintzako eta Auzoetako Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikidea: Carlos Andrés Uranga, Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako eta Merkataritzako eta Turismoko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Lucia Andia García de Olalla, Nafarroako Gobernuko Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

Epaimahaikide ordezkoa: Íñigo Gómez Eguiluz, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Roberto Berche Oriol, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Ismael Mondragón Álvarez, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko abendutik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi atalekoa:

a) I. atala: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II. atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea eta ahozko azalpena.

Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz edo ordenagailuz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. 40 puntu horietatik 30 idatzizko probari dagozkio, eta 10, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 15 puntu eta ahozkoan gutxienez 5 puntu eskuratzen dituztenek.

Proba idatzian plika-sistema erabiliko da.

Kasu teoriko-praktikoa publikoki aurkeztu eta ahoz defendatzeko deia eginen zaie ariketa gainditu eta probaren bigarren zatian notarik altuenak lortu dituzten txanda irekiko 30 izangaiei, eta proba gainditu duten igoera-txandako guztiei. Txanda irekian, izangai batzuk 30. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

Izangai bakoitzak horretarako zehazten den egunean (Udalaren webgunean argitaratuko da) aurkeztu beharko ditu kasu teoriko-praktikoak epaimahaiaren aurrean, gehienez ere 10 minutuz, eta epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Ahozko defentsan lortutako kalifikazioa kasu teoriko-praktikoen idatzizko atalean lortutakoari gehituko zaio, eta idatzizko probaren puntuazioa ahozko aurkezpena egin baino lehenago argitaratuko da.

6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gaiak.

6.6. Proba bakoitza kalifikatzen amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.7. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta plaza hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, probaren II. atalean puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Hala ere, berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

8.–Plaza hutsak hautatzea.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea zabalduko du plaza hutsak hautatzeko. Horretarako, hautatu beharreko plazen zerrenda argitaratuko du, eta izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera ordenaturik eta txandetan banatuta. Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deialdian ateratako plaza hutsetatik zein nahiago duten.

8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasunen bat duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

8.3. Halaber, genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek hautaprobak gainditzen badituzte, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute plaza hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna dutenendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik deialdi honetako plaza hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaiendako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.

9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzekoa.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.

9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 9.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute plazaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie plazaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.

12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Plazarik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko probako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

12.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, plazarik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA

Gaitegi orokorra.

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–1985/7 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Diagnostikoa eta Ekintza Plana.

Gaitegi espezifikoa.

1. gaia.–11/2011 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Gazteriari buruzkoa.

2. gaia.–189/2022 foru agindua, uztailaren 11koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, tokiko gazte politika koordinatzeko batzordea arautzen duena.

3. gaia.–116/2012 Foru Agindua, martxoaren 27koa, Gizarte Politikako, Berdintasuneko, Kiroleko eta Gazteriako Kontseilariak emana, Nafarroako Gazteriaren Behatokia sortu eta arautzen duena.

4. gaia.–56/2023 Foru Dekretua, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen duena.

5. gaia.–109/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duena. Gazteendako informazioa.

6. gaia.–236/1999 Foru Dekretua, ekainaren 21ekoa, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola (GENE) sortzeko emana.

7. gaia.–242/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak arautzen dituena.

8. gaia.–1/2002 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, elkarteak eratzeko eskubidea arautzekoa.

9. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

10. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa. II. titulua: Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa: Atariko titulua.

12. gaia.–Gazteei Informazioa eta Aholkularitza emateko Europako Agentzia (ERYICA). Gazte Informazioaren Europako gutuna. Gazteendako informazioa.

13. gaia.–Gazteendako informazio-zerbitzuak planifikatu, antolatu eta garatzea. Gazteendako jarduerak hedatzeko eta gazteendako informazioa hedatzeko komunikazio-estrategiak.

14. gaia.–Gazteei informazioa helarazteko berriemaileei buruzko Iruñeko Udalaren programa.

15. gaia.–Gazteria, aisia eta aisialdia: aisiaren eta denbora librearen definizioa. Aisiaren pedagogia. Administrazio publikoek garatu beharreko estrategiak.

16. gaia.–Hezkuntza ez formalaren definizioa eta ezaugarriak. Hezkuntza formala, hezkuntza informala eta hezkuntza ez-formalaren arteko aldeak. Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskola.

17. gaia.–Nafarroako biztanle gazteen diagnostikoa (2024).

18. gaia.–Gazteria kontzeptua, bilakaera historikoa. Gazte izaeraren egungo ezaugarriak.

19. gaia.–Gazteendako Europako programak: Erasmus +.

20. gaia.–Gazteriaren Foru Estrategia 2025-2028.

21. gaia.–Gazteriako plan, programa eta zerbitzuak planifikatzea, diseinatzea, garatzea eta ebaluatzea.

22. gaia.–Nafarroako Administrazio publikoen eskumenak gazteriaren esparruan.

23. gaia.–Gazteriako teknikariak, gazteriaren zerbitzuko profesional motak. Gazte-elkartegintza: Gazte-elkarteak eratzea, funtzionamendua eta kudeatzea.

24. gaia.–Gazteen dinamizazioa eta parte-hartzea. Gazteendako partaidetza-organoak. Espainiako Gazteriaren Kontseilua eta Iruñeko Udaleko Gaztediaren Mahaia: Definizioa, funtzioak, eratzea eta araubide juridikoa.

25. gaia.–Haurren eta gazteen parte-hartzea: Parte-hartzearen kontzeptua, aldiak, tipologiak, elementuak eta prozesuak. Gazteek parte hartzeko erak. Parte hartzeko tresnak eta metodologiak. Haurrek eta nerabeek parte hartzeko udal organoak. Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua.

26. gaia.–Gazte taldeetan esku hartzea. Talde-dinamika, lidergoak, taldeetako elkarreragina. Gatazkak konpontzea. Gizarte hezkuntzako taldeetan esku hartzeko metodoa eta teknikak. Talde-dinamizazio teknikak.

27. gaia.–Generoaren garrantzia gure gizartean. Maskulinitateak, LGTBfobia prebenitzea gazte eta nerabeen artean.

28. gaia.–Orientaciones: INJUVEren gida Interneteko gorroto-diskurtsoen aurka. Albiste faltsuak, gorroto-diskurtsoak eta desinformazioa gazteen artean. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren gorroto-diskurtsoen eta albiste faltsuen aurkako programa.

29. gaia.–Emantzipazioa. Emanzipa. Nafarroako Foru Komunitatean gazteen emantzipazioari buruzko 2025eko galdetegia.

30. gaia.–Gazte-turismoa. Gazteendako Espainiako aterpetxeen sarea. Nazioarteko aterpekide-txartela.

31. gaia.–Europako Gazte-txartela programa.

32. gaia.–Europako gazteendako estrategia (2019-2027).

33. gaia.–Gazteei buruzko teoria soziologikoak.

34. gaia.–Hezkuntzaren oinarriak ezartzea haurren eta gazteen denbora librean.

35. gaia.–Gazteak eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologia. Sare sozialak eta harremanak egiteko era berriak. Sare sozialak komunikatzeko tresna gisa.

36. gaia.–Esku-hartze komunitarioaren metodologia.

37. gaia.–Gazteak eta borondatezko lana. Nafarroa, orotan lagun.

38. gaia.–5/2026 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Boluntariotzari buruzkoa. Boluntarioendako Iruñeko Udaleko Zerbitzua. Nafarroa, orotan lagun.

39. gaia.–III. Iruña Gaztea Plana Iruñeko Udalaren gazteendako programazioa. Iruñeko Gaztediaren Etxea.

40. gaia.–Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra.

41. gaia.–Nafarroako Gazteriaren Institutuaren programak tokiko entitateendako: Gazteendako informazioa eta dirulaguntza-deialdiak.

42. gaia.–Iruñeko baliabideak eta jarduerak drogamenpekotasun-arloan. Drogen eta adikzioen prebentziorako II. Udal Plana (2023-2025).

Iragarkiaren kodea: L2606074