Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Oposizioa, betetzeko ingurumeneko goi-mailako tituludunaren lanpostuko 2 plaza
Iruñeko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 20ko bilkuran, deialdi bat onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea ingurumeneko goi-mailako tituludunaren lanpostuko 2 plaza, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak; zehazki, Giza Baliabideen zuzendari nagusiak 2026ko otsailaren 5ean emandako ebazpen baten bidez deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren plazak eskainiko dira. Horien zenbakiak, eskakizunak eta destinoak izendapen-proposamena egin baino lehen zehaztuko dira.
Deialdia gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.
1.2. Plazak atxikita daude Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorrari, eta txanda hauetan banatuko dira:
–1 plaza txanda irekian.
–1 plaza igoera-txandan.
1.3. Baldin igoera txandako plaza huts bat bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
1.4. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea (edo haren baliokidetzat jotakoren bat), edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina: graduko unibertsitate-titulua Ingurumen Zientzietan, Biologian, Zientzia Esperimentaletan, Nekazaritza Ingeniaritzan, Agronomia Ingeniaritzan (Landa Ingeniaritzako ibilbidea), Goi-mailako Mendi Ingeniaritzan, Basogintzako eta Natura Inguruneko Ingeniaritzan.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko baldintzak.
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, https://www.pamplona.es/eu helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintza", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", eta, behin azken atal horretan, deialdi honen fitxan sartuta.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 26 euroko tasa ordaindu beharko da. Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskabidea formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako horiek eskuratzeko moduan egotea:
–Titulu hauetako bat edo horren baliokidetzat jotakoren bat (edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura eskuratzeko moduan egotea ere onartuko da): graduko unibertsitate-titulua Ingurumen Zientzietan, Biologian, Zientzia Esperimentaletan, Nekazaritza Ingeniaritzan, Agronomia Ingeniaritzan (Landa Ingeniaritzako ibilbidea), Goi-mailako Mendi Ingeniaritzan, Basogintzako eta Natura Inguruneko Ingeniaritzan.
Eskabidea aurkezteko unean, nahi duenak baimena ematen ahal dio kudeatzaileari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan; alabaina, aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena. Hori gertatzen bada eta izangaiak bere titulazioaren kopia aurkezten ez badu, izangai onartuen zerrendetatik kanpo geratuko da.
Tituluak atzerrian lortu badira, aurkeztu beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.
Deialdiko igoera-txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Iruñeko Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.
%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea aitortzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zuzendaritzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila udalaren webgunean, deialdiaren fitxan.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila udalaren webgunean, deialdiaren fitxan.
4.4. Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Zuhaitz Areitio Rementeria, Iruñeko Udaleko Energia Agentziako arduraduna.
Ordezko epaimahaiburua: Fermín Bacaicoa Barnó, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Leire Iriarte Oyaga, Iruñeko Udaleko Estrategia eta Proiektuetako goi-mailako teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: Ana María Domínguez Silva, Iruñeko Udaleko ingurumen-hezkuntzako koordinatzailea.
Epaimahaikidea: Ángel Arana de Pablo, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Berdeguneen Zerbitzuko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Francisco Iriarte Echenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasun Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Maite Catalán Oiz, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Lorenzo Etxarri Iribarren, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.
Idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Ordezko idazkaria: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2026ko abendutik aurrera hasiko da.
6.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi zatitan:
a) I. zatia: test erako galdetegia.
Ariketa teorikoa: test moduko 100 galdera –gehienez ere–, erantzun beharko dira idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean, deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen zehaztuko da zer irizpide erabiliko den proba baloratzeko eta zer penalizazio izanen duten aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsek.
Ariketa honetan gehienez 60 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituztenak.
b) II. zatia: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea eta horien ahozko azalpena.
Ariketa teoriko-praktikoa: epaimahaiak garatu beharreko galderen bidez proposatutako bi kasu teoriko-praktiko ebatzi beharko dira, idatziz edo ordenagailu bidez. Kasu teoriko-praktiko horiek deialdi honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei hura egiteko.
Bigarren ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. 40 puntu horietatik, 30 zati idatziari dagozkio eta 10 ahozko azalpenari. Idatzizko zatian gutxienez 15 puntu eta ahozko azalpenean gutxienez 5 puntu lortzen dutenek gaindituko dute proba.
Plika sistemaren bidez eginen da zati idatzia.
Bigarren probarako (alegia: kasu teoriko-praktikoa ahoz eta publikoki azaldu eta defendatzea) deia eginen zaie, lehenbiziko proba gaindituta, horretan puntuaziorik handiena lortu duten txanda irekiko 30 izangaiei, bai eta igoera txandan lehenbiziko proba gainditu duten izangai guztiei ere. Txanda irekian, 30. izangaiak eta hurrengoek nota bera baldin badute, horiek guztiek egiten ahal dute bigarren proba.
Kasu teoriko-praktikoak ahoz eta publikoki azaldu eta defendatuko du izangai bakoitzak epaimahaiaren aurrean, zehazten den egunean (udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 10 minutuz. Epaimahaiak galderak egin ahal izanen ditu beste 10 minutuz.
Defentsaren kalifikazioa batu eginen zaio hautagai bakoitzak kasu teoriko-praktikoen zati idatzian lortutakoari, eta puntuazioa ahozko azalpenaren eguna baino lehen argitaratuko da.
6.4. Oposizioko probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Deialdiko I. eranskinean adierazitako gaiei buruzkoa izanen da oposizioko proba.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek erreklamazioak aurkeztu ditzaten eta alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.
6.7. Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), gainditu duten pertsonen zerrenda, bakoitzak oposizioan lortutako kalifikazioarekin, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Giza Baliabideen Zuzendaritzari igorriko dio zerrenda, baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, probaren II. zatian puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Giza Baliabideen Zuzendaritzak 10 egun balioduneko epea irekiko du plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako. Horretarako, izangaien zerrendaren artean aukeratu beharreko plazen zerrenda argitaratuko du, txanden eta puntuazioaren arabera. Informazio hori jendaurrean jarriko da udalaren webgunean.
Izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer plaza huts nahiago duten.
8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
8.3. Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, hautapen-probak gaindituz gero, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak aukeratzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Epaimahaiak Iruñeko Udalaren Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera. Oposizioa gainditu eta deialdiko lanpostuetan sartzen diren izangaien alde eginen da proposamena.
Izendapen proposamena udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Izendapen proposamena Udalaren webguneko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
9.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Iruñeko Udaleko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzen duena ez dutela lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
9.2.2. Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, baita espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak ere (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).
9.2.3. Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak lanpostua beteko du prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, Iruñeko Udalak proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.
10.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak adjudikatuko dizkie ebazpen baten bidez.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek izendapen-erabakia zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.3. Baldin eta funtzionario bilakatu diren izangaiei zuzenean borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza-hartzearen egunetik beretik, haiek berek eskatuta eta lanpostuan batere aritu gabe, indarreko araudian ezarritako kasuetan betiere, hutsik gelditzen den lanpostu hori ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
12.1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek eratuko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen bidez, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez dutenekin, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, oinarri honetan ezarritako prozedurari, eta Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta administrazio-kontratudunen enplegu-baldintzei buruzko 2017-2019 urteetarako akordioari (horren bidez ezartzen da Iruñeko Udaleko langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauketa):
a) Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
b) Oposizioa gainditu ez baina hautapen-prozesuko probaren I. zatia gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko probaren I. zatirako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.
Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazio-zerrendak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
12.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Gainditu arren plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena.
Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da probaren I. zatian lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraituko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehena, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, eskuratutako puntuazioa aintzat hartuta.
12.6. Era berean, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio; horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da deialdia egin duen udal-organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.
Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Gai-zerrenda, zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.
2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal organoen antolaketa eta funtzionamendua (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolamenduaren Dekretua.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa- eta funtzionamendu-printzipioak, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. Titulua (Administrazioen arteko harremanak).
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Behin-behineko langileak. IV. titulua: Langile kontratudunak.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozedurako interesdunak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.
8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datu-babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.
11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak. Publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak. Kontratuak betearaztea. II. titulua: Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
Gai-zerrenda, zati espezifikoa.
1. gaia.–42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa.
2. gaia.–630/2013 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duena.
3. gaia.–Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, maiatzaren 21ekoa, habitat naturalak eta basafauna eta basaflora kontserbatzeari buruzkoa.
4. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentaraua, 2009ko azaroaren 30ekoa, basahegaztiak kontserbatzeari buruzkoa.
5. gaia.–Natura 2000 Sarea Nafarroan: bioeskualde atlantikoa eta alpinoa.
6. gaia.–Natura 2000 Sarea Nafarroan: bioeskualde mediterraneoa.
7. gaia.–2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa. Espezie mehatxatuak berreskuratu eta kontserbatzeko planak Nafarroan.
8. gaia.–9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa. Lege horrek deklaratzen dituen espazioak.
9. gaia.–21/2023 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzkoa. 34/2021 Foru Dekretua, apirilaren 28koa, Nafarroako arrantza eremuak antolatzeko plan zuzentzaileak onesten dituena.
10. gaia.–17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari buruzkoa. 48/2007 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuena. Ehiza espezieen kudeaketaren antolamendua Nafarroan.
11. gaia.–21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.
12. gaia.–10/2023 Foru Dekretua, otsailaren 15ekoa, Babes Bereziko Basaflorako Espezieen Nafarroako Zerrenda sortu eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa ezartzen duena.
13. gaia.–Industria jarduerei loturiko ingurumen inpaktuak ingurune naturalean: energia proiektuak, linea elektrikoak eta meatzaritza. Aplikatu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak.
14. gaia.–Nekazaritza jarduerei loturiko ingurumen inpaktuak ingurune naturalean: nekazaritza (lurzatiak biltzea, ureztalurrak) eta abeltzaintza. Aplikatu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak.
15. gaia.–Ingurumena zaintzeko programa, ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren barnean. Kontrolak eta jarraipena.
16. gaia.–Ingurumen ebaluazioko azterketak egiteko prozesua.
17. gaia.–Habitataren zatikatzea. Konektagarritasuna. Igarobide ekologikoak. Arrainen mugimenduak. Migratzeko oztopoak. Oztopoak iragazkor bilakatzeko sistemak.
18. gaia.–PCM/735/2021 Agindua, uztailaren 9koa, Azpiegitura berdearen eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoen estrategia nazionala onesten duena.
19. gaia.–Agrosistemak: Habitataren egitura. Heskaiak. Ekotonoak. Ezaugarriak, banaketa, flora komunitateak eta kontserbazio irizpideak. Hari loturiko fauna.
20. gaia.–Zarata: Magnitudeak eta ezaugarriak. Kutsadura akustikoaren iturriak. Zarataren aurkako jarduera zuzentzaileak eta jarduera babesleak. Usainak.
21. gaia.–Ura: Parametroak, dinamika biofisiokimikoa eta kutsadura. Uraren zikloa: azaleko hidrologia eta hidrogeologia. Akuiferoen kutsadura: tratamenduak eta lehengoratzea. Nitratoek eragindako kutsadura. Kausak eta ondorioak. Nitratoek eragindako kutsadurarekiko kalteberak diren eremuak Nafarroan.
22. gaia.–Hondakinen tratamendua: Balorizatzeko eta ezabatzeko lanak. Lehentasun hierarkikoa kudeaketan. Hondakin organiko biodegradagarrien tratamenduak: konpostatzea eta biometanizazioa. Abeltzaintzako hondakinak eta ingurumenean dituzten eraginak.
23. gaia.–1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
24. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.
25. gaia.–26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.
26. gaia.–1055/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoa.
27. gaia.–12/2006 Foru Dekretua, otsailaren 20koa, urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal dituzten jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko baldintza teknikoak ezartzen dituena.
28. gaia.–1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Uraren Legearen testu bategina onesten duena.
29. gaia.–34/2007 Legea, azaroaren 15ekoa, Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzkoa.
30. gaia.–100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak ematen dituena.
31. gaia.–1042/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa, errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatzeari buruzkoa, eta airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratzen duena.
32. gaia.–6/2002 Foru Dekretua, urtarrilaren 14koa, atmosferara kutsatzaileak isurtzen ahal dituzten jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituena.
33. gaia.–37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa.
34. gaia.–1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena soinu-eremuen banaketari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
35. gaia.–Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakia, 2018ko abuztuaren 10ekoa, hondakinen tratamendurako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emisio industrialei buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.
36. gaia.–Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030 Agenda (NEZ 2030).
37. gaia.–36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzkoa.
38. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 66/2010 (EE) Erregelamendua, 2009ko azaroaren 25ekoa, EBko etiketa ekologikoari buruzkoa.
39. gaia.–2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia (ETetaKAE2030).
40. gaia.–Iruñeko Udalaren Azpiegitura Berde eta Urdinaren eta Hiri Drainatze Jasangarriaren Plana.
41. gaia.–Xurgapen-basoak, emisioak konpentsatzeko tresna.
42. gaia.–Hiri-hondakinen sorrera eta horien kudeaketa Iruñerrian.
43. gaia.–MBB eredua hondakinen kudeaketan: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Hiri-hondakinak birziklatzea Iruñerrian.
44. gaia.–Biodibertsitatea: kontzeptua eta motak. Izaki bizidunak: talde nagusiak. Ekosistema eta habitata: kontzeptu orokorra. Iruñeko habitat nagusiak. Hiri-biodibertsitatea: kontzeptu orokorra.
45. gaia.–Iruñeko ibaiertzak eta ibilguak (Arga, Elortz eta Sadar) eta San Kristobal-Ezkaba mendia: horien flora, fauna eta ezaugarri nagusiak (geomorfologia, hidrologia, geologia...). Giza erabilera eta inpaktu nagusiak.
46. gaia.–Iruñerriko hiri-parke eta lorategiak: parke nagusiak, lorategi historikoak, flora- eta fauna-espezie nagusiak. Iruñeko Ibai Parkea. Zuhaitz zaharrak eta zuhaitz apartekoak.
47. gaia.–Iruñeko animalia-espezie berezi batzuk: bisoi europarra, igaraba, gau-saguzar ertaina, apoa, etab.
48. gaia.–Espezie exotiko inbaditzaileak: kontzeptua eta horri lotutako problematika. Iruñean dauden espezie exotiko inbaditzaile nagusiak.
49. gaia.–Hiriko eta hiri inguruko nekazaritza: kontzeptua, historia eta egungo egoera. Hiriko eta hiri inguruko nekazaritza motak: baratze komunitarioak, aisialdiko baratzeak, baratze sozialak, baratze didaktikoak, eskola-baratzeak...
50. gaia.–Baratze komunitarioen programak: planifikazioa, helburuak, diseinua, kudeaketa eta dinamizazioa.
51. gaia.–Nekazaritza ekologikoa: kontzeptua, printzipioak, helburuak eta teknika nagusiak. Biodinamika. Permakultura.
52. gaia.–Komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak: diseinua, planifikazioa, helburuak eta ebaluazioa.
53. gaia.–Energia-komunitateak: zer diren, nola eratzen diren, zer egin dezaketen.
54. gaia.–Drainatze Jasangarriko Hiri-sistemak: oinarriak, tipologiak eta horien buruzko auzi garrantzitsuak.
55. gaia.–15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
56. gaia.–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa.
57. gaia.–4/2022 Foru Legea, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa.
58. Gaia.–2018/848 (EB) Erregelamendua, Ekoizpen Ekologikoari buruzkoa.
59. gaia.–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautzekoa.
60. gaia.–2/1998 Foru Legea, martxoaren 27koa, Nafarroako Bolondres Lanari buruzkoa.
Iragarkiaren kodea: L2606057
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
