Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Oposizioa, kiroleko goi-mailako teknikariaren plaza bat betetzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 13an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da kiroleko goi-mailako teknikariaren 1 plaza oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa. Plaza hori izanen da Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 5ean deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen dena, eta horren plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoa plaza hutsa hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
Plaza honako txanda honetan banatuko da:
–1 plaza txanda irekian.
1.2. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko gradu-titulua edukitzea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, edo baliokidetzat jotako titulazio batekoa, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 26,00 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Unibertsitateko gradu-titulua Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, edo baliokidetzat jotako titulazio batekoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzean.
Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Desgaitasuna aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Íñigo Gómez Eguiluz, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Elian Peña Guerrero, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Natxo Arbeloa Freyre, Miguel Indurain Fundazioko kudeatzailea.
Epaimahaikide ordezkoa: María Soledad Blasco Iribarren, Kiroleko Alorreko Kiroldegien Zerbitzuko zerbitzuburua.
Epaimahaikidea: Jon Iriberri Berostegieta, Kirolaren Euskal Eskolaren arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Víctor Piñero Larrasoaña, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Marina Jiménez Díez, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Jorge García Pérez de Muniáin, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: María Remírez de Arellano Alemán, Iruñeko Udaleko Kiroleko Alorrari atxikitako letradua.
Idazkari ordezkoa: Ana María Jiménez Marco, Iruñeko Udaleko Kiroleko Alorrari atxikitako letradua.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2026ko urritik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Oposizioak proba bat izanen du, eta proba horrek bi atal izanen ditu:
6.3.1. Lehen ariketa:
Ariketa teorikoa eta praktikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak erantzun egoki baten balioaren herena kenduko du.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Bigarren azterketarako deituko dira lehenengo proba gainditu eta notarik altuenak lortzen dituzten 10 izangaiak. 30. postuan berdinketarik badago, postu horretan berdinduta dauden izangai guztiei deituko zaie.
6.3.2. Bigarren ariketa:
Ariketa teoriko-praktikoa, idatziz edo ordenagailuz garatu eta ebatzi beharko dira deialdi honen eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz epaimahaiak proposatutako galderak eta kasu praktikoak.
Puntuazio altuena lortzen duten 7 izangaiek ariketa azaldu eta defendatuko dute, ahoz eta jendaurrean, epaimahaiaren aurrean. 7. postuan berdinketarik badago, postu horretan berdinduta dauden izangai guztiei deituko zaie azalpena egiteko.
Azalpena eginen da ezarritako egunean, gehienez ere 20 minutuz. Epaimahaiak beste 10 minutu izanen ditu izangaiak egindako ariketari buruzko galderak egiteko.
Ahozko azalpena egiteko deialdia Udalaren webgunean argitaratuko da.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. 60 puntu horietatik 40 idatzizko probari dagozkio, eta 20 ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 20 puntu eta ahozkoan gutxienez 10 puntu eskuratzen dituztenek. Ahozko defentsan lortutako kalifikazioa kasu teoriko-praktikoen idatzizko atalean lortutakoari gehituko zaio, eta idatzizko probaren puntuazioa ahozko aurkezpena egin baino lehenago argitaratuko da.
6.4. Bigarren ariketan plika-sistema erabiliko da.
6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.
6.6. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gaiak.
6.7. Antolaketa-arrazoiak tarteko eta izangai-kopurua aintzat hartuta, probetarako deialdia egun eta ordu desberdinetan egiten ahalko da. Horretarako, probak egitera deituta dauden izangaien zerrenda webgunean –deialdiko fitxan– argitaratuko da, gutxienez horiek egin baino 48 ordu lehenago. Horrekin batera, tokia, data eta ordua ere zehaztuko dira. Halakoetan, kalifikazio-epaimahaiak ariketa desberdinak prestatuko ditu, baina zailtasun bertsukoak.
6.8. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten, telematikoki.
6.10. Hautaprobak egin bitartean, behar diren egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, horretarako egingo den zozketa bidez ebatziko da.
8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
8.2. Proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean:
8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.
9.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du plazaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratuetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez baina hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
11.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, plazarik lortu ez eta oposizioa gainditu ez dutenen zerrendetan, lehen ariketan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
11.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.
12.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2026ko apirilaren 13an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
ERANSKINA.–GAITEGIA
Zati orokorra.
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. Atariko titulua. II. titulua: Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duena.
8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.
10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
11. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako.
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia:
14. gaia.–Iruñeko Udalaren Berdintasuneko Ordenantza.
15. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Xedapen orokorrak eta dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.
16. gaia.–Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.
17. gaia.–Gatazken konponbidea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Hitzarmen eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresaren kudeaketa.
18. gaia.–Iruñeko Udala. Egitura eta administrazio-antolaketa. Udal-arloak eta haien funtzioak Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Udalaren aurrekontua eta plantilla organikoa.
19. gaia.–Europar Batasunak finantzatutako proiektuen kudeaketa: identifikazioa, programak, sareak, kideak, hautagaitzak, jarraipena eta kudeaketa.
Zati espezifikoa.
1. gaia.–Kirolaren Europako Gutuna: Edukia eta analisia. Kirolaren Liburu Zuria.
2. gaia.–Kirolaren antolaketa administratiboa, Kirolaren abenduaren 30eko 39/2022 Legean jasotako erregulazioaren arabera.
3. gaia.–Kirol antolamenduaren printzipio orokorrak, Kirolaren abenduaren 30eko 39/2022 Legean jasotako erregulazioaren arabera.
4. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (I. zatia): Kirola Nafarroan. Oinarrizko printzipioak. Kirol politikaren helburuak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak.
5. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (II. zatia): Kirol-jarduerak: Oinarrizko kontzeptuak, tipologia eta sustapena. Nafarroako selekzioen aipamena.
6. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (III. zatia):. Kirol arloko zehapen araubidea: Zehatzeko ahalaren eremua eta erabilera. Kirol arloko ikuskapena. Kirol arloko diziplina-araubidea: Kirol-diziplinako ahalaren eremua eta erabilera, eta diziplina-prozedura motak. Kirol-justizia Nafarroan.
7. gaia.–80/2003 Foru dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Erakundeak eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa arautzen dituena (I. zatia): Nafarroako kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak: Arau orokorrak, estatutuak, eraketa eta onarpena. Kirol klub filialak.
8. gaia.–80/2003 Foru dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Erakundeak eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa arautzen dituena (II. zatia): Nafarroako kirol federazioak: Arau orokorrak: Eraketa eta onarpen ofiziala. Estatutuak. Gobernu organoak. Araubide juridikoa, ekonomikoa eta dokumentala. Erantzukizuna eta harremanak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin.
9. gaia.–Nafarroako kirol erakundeen zerga araubidea. Zerga aplikagarriak eta betebeharrak.
10. gaia.–15/2007 Foru Dekretua, otsailaren 26koa, Nafarroako Kirol Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena. Helburuak, izaera, atxikipena eta eginkizunak. Osaera, antolamendua eta funtzionamendua.
11. gaia.–248/2011 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituena: xedea eta aplikazio eremua, kontzeptua eta xedea, helburuak eta printzipioak. Araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu akademiko orokorra. Kirol ikasketa ofizialen eta federazio-ikasketen arteko aldea.
12. gaia.–356/2000 Foru Dekretua, azaroaren 13koa, zenbait kirol jardueraren interes soziala deklaratzeko arauak ematen dituena. Kirol babesletzari aipamen berezia: definizioa eta zerga-araubidea. Joko, apustu eta edari alkoholdunen publizitatea Nafarroako Foru Komunitateko kirol eremuan.
13. gaia.–Kirol mezenasgoa Nafarroako Foru Komunitatean: Arau esparrua, kontzeptua eta modalitateak. Pertsona eta entitate onuradunak. Gizarte interesekotzat deklaratutako kirol jardueraren kontzeptua. Gizarte intereseko deklarazioaren eskaera eta prozedura. Zerga pizgarriak.
14. gaia.–Espainiako Batzorde Olinpiarra eta Espainiako Batzorde Paraolinpiarra: Izaera, printzipioak, helburuak eta eskumenak. Antolaketa-egitura.
15. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko kirol erakunde publikoak. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua, Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa, Miguel Indurain Fundazioa. Izaera, printzipioak, helburuak eta eskumenak. Antolaketa-egiturak.
16. gaia.–19/2007 Legea, uztailaren 11koa, Kirolean egoten ahal den indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkakoa. Xedea eta aplikazio eremua. Kirol lehiaketen eta ikuskizunen antolatzaileen erantzukizunak eta betebeharrak, ikusleenak eta bertaratuenak.
17. gaia.–Indarkeriaren prebentzioa oinarrizko kirolean: 8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzkoa. Kirol eta aisialdi eremuko indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa. Joko-eremuan balioen ordezkaria.
18. gaia.–Nafarroako erabilera publikoko kirol-instalazioen erregulazioa eta kirol-instalazioen plangintzarena Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean. Nafarroako kirol instalazioen errolda. 38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena. Kirol instalazioen eta ekipamenduen xedapen orokorrak eta oinarrizko betekizunak.
19. gaia.–Nafarroako titulartasun publikoko kirol instalazioak: Kirol instalazioen tokiko planak egiteko protokoloa. Udalaren kirol instalazioen erabilera partekatua. Nafarroako Gobernuaren kirol instalazioak: harremana eta kudeaketa motak.
20. gaia.–18/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroan Kirol Lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzkoa. Xedea eta aplikazio eremua. Kirol arloko lanbideak: izenak, eskudantziak eta exijitu beharreko kualifikazioak. Kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea.
21. gaia.–Osasun-laguntza eta kirolarien babesa Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean. 11/2021 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, kiroleko dopinaren aurka borrokatzekoa: Dopinaren aurka borrokatzeko administrazio-antolamendua. Dopin-kontrolak.
22. gaia.–Nafarroako Kirol Jokoak: Programaren izaera. 501/2025 Ebazpena, abuztuaren 19koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, ofizioz zuzentzen duena 17/2025 Ebazpenean atzemandako akatsa. Ebazpen horren bidez, Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetarako deialdia egiten da: Araudi orokorra, finantzazioa, antolaketa, egitura, helburuak, kategoriak eta parte hartzeko baldintzak eta irizpideak.
23. gaia.–Kirola, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa errazteko: kirol inklusiboa.
24. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundearen jarraibideak jarduera fisikoari eta jokabide sedentarioei buruz: Laburpen exekutiboa.
25. gaia.–Emakumearen partaidetza sustatzea eta genero ikuspegia kirol arloan Nafarroako Foru Komunitatean: Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren arau-esparrua eta jarduketak. Nafarroako eta Iruñeko kirol eremuan LGTBI+ pertsonen berdintasun eraginkorra sustatzeko neurriak eta politikak.
26. gaia.–Nafarroako eta Estatuko beste administrazio publiko batzuek kirola sustatzeko deitutako dirulaguntzak, toki entitateei zuzenduak: motak eta ezaugarriak.
27. gaia.–Iruñeko Udaleko Kiroleko Alorra. Egitura, xedea, eskumenak eta jarduketarako oinarrizko printzipioak.
28. gaia.–Kirol instalazioak Iruñean: instituzionalak eta erakunde pribatuak. Banaketa geografikoa udalerrian eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak, bai eta kudeaketa motak ere.
29. gaia.–Udalaren kirol instalazioak Iruñean: Tipologia, kudeaketa ereduak, espazioen ezaugarri orokorrak eta erabilera-araubideak.
30. gaia.–Hiriko kirol espazioak Iruñean: Banaketa geografikoa udalerrian eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak.
31. gaia.–Iruñeko Udaleko Kiroleko Alorrak onetsitako dirulaguntzen indarreko deialdien xedea, helburua, kontzeptu diruz lagungarriak, balorazio irizpideak eta haiek emateko prozedura.
32. gaia.–Eskola-adinean kirola sustatzeko indarreko programa eta kanpainak, Iruñeko Udalak finantzatuak: Programa-motak, helburuak eta ezaugarriak.
33. gaia.–Kirolean osasuna sustatzeko udal programak: motak, helburuak eta ezaugarriak.
34. gaia.–Jarduera fisikoa areagotzeko udal estrategiak.
35. gaia.–Udalaren kirol zerbitzuak kanpora ateratzea. Mekanismoak eta gakoak segimendu eta kontrol ezin hobea egiteko.
36. gaia.–Udalaren Kirol Zerbitzu baten jarduera ebaluatzeko kudeaketa-adierazleak.
37. gaia.–Iruñeko Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak erregulatzen duen araua.
38. gaia.–Iruñeko Udalaren kirol-instalazioen oinarrizko funtzionamendu-araudia.
39. gaia.–Kirol ekitaldiak antolatzeko federazio eta toki entitateen arteko harreman juridikoak.
40. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean lehiaketak eta kirol jarduerak antolatzea, kontuan izanik Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legea eta Nafarroako ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea: Pertsona eta entitate antolatzaileen baimenak, lizentziak eta betebeharrak, bai eta baimentzeko baldintzak ere.
Iragarkiaren kodea: L2606039
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
