88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, administrari-ofizialaren plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko

Uharteko Udaleko Alkatetzaren 2026ko apirilaren 8ko 935-2026 Ebazpenaren bidez, Uharten administrari-ofizialaren plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Plazak 10.10 kodea du plantilla organikoan. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea administrari-ofizialaren lanpostu huts bat, lan-kontratudun finkoen araubidean eta lanaldi osoan, 10.10 plazari dagokiona.

1.2. Izendapenak Uharteko Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen denetik aitzina.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da gainerako udal langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Administrari-ofizialaren berezko eginkizunak bete beharko ditu; besteak beste, honako hauek: agiriak kudeatzea; herritarrei arreta ematea; espedienteak eta dirulaguntzak kudeatzea; giza baliabideak eta kontabilitatekoak kudeatzea eta udal araudiak kudeatzen laguntzea.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, hura garatu eta bete beharrez lanpostuak betetzearen gainean emandako Erregelamendua, eta ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan).

3.–Baldintzak.

Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Uharteko Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzian, eta izendatua egotea administrari-ofizialaren lanposturako.

b) Euskarako C1 maila frogatzea.

c) C mailakoa izatea.

d) Deialdian parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa (12 euro) ordaindu izanaren frogagiria. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Izangaiek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko paragrafoan adierazitako agiriak, baldin eta horiek Udalaren esku badaude dagoeneko, hala xedatuta baitago Administrazio Prozedurari buruzko Legean.

Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, plaza baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 10 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Uharteko Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Uharteko Udalaren egoitza elektronikoan dago. Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, edozein formatu erabil daiteke, erregistro orokor elektronikoan fitxategiak eransteko ezarrita daudenen artetik.

Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako bertze erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, "recursoshumanos@huarte.es" helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.

Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honetan argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.2. Eskabidearekin batera, aurkeztu behar dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Uharteko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren Interneteko fitxan. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Uharteko Udaleko alkateak lehiaketako plaza bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzirik, Uharteko Udaleko alkatetzak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan.

6.–Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.

–Epaimahaikidea: Álvaro Marcén Echandi, Uharteko Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikidea: Juan Antonio Viedma Feligreras, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: David Rodríguez Chavarri, Uharteko Udaleko ordezkari sindikala.

–Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako aholkularia.

Epaimahaia eratu beharko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost egunean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hala jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

–Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Uharteko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez.

Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak interesdunei jakinaraziko dizkie parte-hartzaileen puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.

8.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztiei behin betiko puntuazioak jakinaraziko dizkie, eta Uharteko Udaleko alkateari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten lehiakideak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.

9.–Adjudikatzea eta plazaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien plazak adjudikatuko dizkie lehiakideei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute adjudikatutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

10.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Uharteko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Uharten, 2026ko apirilaren 20an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/012_Local_Traslados_C.pdf

Iragarkiaren kodea: L2606019