1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
223E/2026 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Funesko udal mugartean Distopia Energia SLk sustatutako BESS GARCES biltegiratze proiektuari buruz.
2025eko abenduaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Azpiegitura Energetikoen Atalak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 4. taldearen n) apartatuan sartuta dago proiektu hau (energia stand-alone biltegiratzea bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiarekin), eta, horregatik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar du.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen agiria bat dator Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Agiri horien artean daude proiektuaren xedea eta deskribapena, alternatiben azterketa, ingurumen inbentarioa –funtsezko prozesuak eta interakzioak deskribatuta–, inpaktuen identifikazioa eta balorazioa, neurri babesle eta zuzentzaileak, ingurumen balorazio orokorra duen inpaktu matrize konparatibo bat, proiektuak istripu larri edo hondamendien aurrean duen kalteberatasuna, aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile edo konpentsatzaileak eta proiektuaren ingurumen jarraipena.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Kontsulta egin zaie honako hauei: Funesko Udala; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Iruñeko Ekologistak Martxan; Gurelur Ingurune naturala babesteko Nafarroako Funtsa; Lurraren defentsarako Lurra elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.
Epea agortuta, ez da inolako erantzunik jaso egindako kontsulten harira.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren helburua da 1 MW-eko stand-alone bateria bidez biltegiratzeko proiektuaren (BESS) ezaugarri eta azpiegitura teknikoak definitzea, baita energia ateratzeko beharrezko instalazioenak ere. Biltegia Funesko udal mugartean dago, 10. poligonoaren 219. lurzatian, nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinean, La Plana inguruan.

Biltegiratzeko sistemak 10 bateria-rack ditu; guztiak batera 1000 kVA-ko potentzia izendatua duten bi noranzkoko 5 inbertsore; eta modu seguruan etengabeko operazioa ahalbidetuko duten zerbitzu osagarriak. Biltegiratzeko ahalmen totala 4,175 MWh da instalatuta, eta instalazioaren potentzia izendatua 1 MW da. Bateriak rack-etan instalatuko dira edukiontzien barruan, eta tenperatura sistema, aireztapen sistema eta suteak itzaltzeko sistema automatikoa izanen dituzte.
Potentzia bihurtzeko sistemaren (bi noranzkoko inbertsorea) irteerako tentsioa sareko tentsiora egokitzeko, 1.000 kVA-ko transformadore bat instalatuko da.
Ateratzeko azpiegitura 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez eginen da, 215,74 metroko luzerarekin, ebakitze zentroraino (proiektuaren xede ez dena). Eraikin horretatik, lehendik dagoen erdi-tentsioko linearekin interkonexio linea bikoitz bat instalatuko da, 13,2 kV-ko 9. linean (Milagro-Funes) dagoen 12. euskarria (3567406) egokituta/ordezkatuta, eta horrela, ateratzeko puntua eta sarerako sarbidea finkatuta:

Lurzatiaren azalera osoa 8.240 m²-koa da, eta biltegiratzeko instalazioak 340 m²-ko azalera du. Perimetroaren hesi batek mugatzen du.
Agirian deskribatu dira hasierako baldintzetan eraikitzeko, ustiatzeko eta leheneratzeko fasean ingurumenean eragina izan dezaketen ekintzak. Proiektuaren ekintza horiek inguruneko zein faktoreren gainean eragiten duten adierazi da, aztergai den eremuaren bereizgarri diren azpisistemen arabera.
Inpaktu ez-esanguratsuak eta bateragarriak aurkitu dira ia kasu guztietan. Ustiapen fasean dagoen faunaren gainean kalkulatutako inpaktua neurrizkotzat jotzen da, baina neurri zuzentzaileak eta babesleak ezartzea beharrezkotzat jotzen da. Kasu batzuetan, inpaktu positiboa ere lortzen da.
Ondorioen baloraziotik behar diren babes eta zuzenketa neurriak ezarri dira, kasu batzuetan jarduketen ondoriozko aldaketak saihesteko eta beste batzuetan murrizteko. Halaber, ingurumena zaintzeko plan bat idatzi da, planteatutako neurriak betetzeko.
Aukerak aztertu dira elkarren segidan, erabili beharreko teknologia, biltegiaren kokapena eta ateratzeko linearen ezaugarriak eta trazadura kontuan hartuta.
Azterketa eta justifikazioa egin ondoren, 1. aukera hautatu da ezartzeko, 340 m²-ko hesia duena, eta Ebakitze Zentroan dagoen konexio puntutik 173 metrora dagoena.
Prebentzio neurriak ezarri dira eraikuntza fase orokorrean, gai hauei buruz: airearen kalitatea eta maila akustikoak, geologia, geomorfologia eta lurzoruak, urak, landaretza eta habitatak, fauna, azpiegiturak edo ekipamenduak, sutea edo higadura, ondare arkeologikoa eta hondakinen kudeaketa. Ustiapen fasean ere neurriak ezarri dira.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, entregatutako agiriak ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, zehaztu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta hautatutako 1. aukerarekin ados dagoela, ingurumeneko dokumentuaren aldagai anitzeko azterketan ingurumenaren aldetik baloraziorik onena jaso duelako.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. DISTOPIA ENERGIA SLk Funesen sustatutako BESS GARCES BILTEGIRATZE PROIEKTUAK ez du eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta bat dator 1. aukerarekin, ingurumeneko dokumentuaren aldagai anitzeko azterketan ingurumenaren aldetik baloraziorik onena jaso duelako.
2. Hala ere, baldintza hauek ezartzen dira proiektua ingurumenean integratzeko:
–Debekaturik daude ondoko landaretzari eragiten dioten ekintzak, eta berariaz debekatzen da eremu horretan ezer isurtzea. Exekuzio fasean, lan eremua balizatuko da, eragin horiek saihesteko. Lehorrean lan eginen da obrak iraun bitartean.
–Instalazioa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, eragindako eremuak lehengoratuko dira.
–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Argiztapenik baldin badago, ezinbestekoa denera mugatuko da; ahal bada, ekidinen da, eta ahaleginak eginen dira argi puntuak urrun egon daitezen talka egiteko arriskua dagoen eremuetatik (hesiak, tenkagailuak, aireko linea elektrikoak eta abar). Argi kutsadura gutxitzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta pantaila lurrera begira dutela. Larrialdietarako edo instalazioan egin beharreko lanetarako soilik erabiliko dira, eta gainerako denboran itzalita egon beharko dute.
–Instalazioari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez-nabarmenak erabiliz.
–Lanak egin bitartean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari horren berri berehala emateko legezko betebeharra duela.
–Ustiapen aldia bukatzean, instalazioak ukitutako eremuko landaredia leheneratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala eraitsi eta kenduko dira; hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta landare estalkia leheneratuko da.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Tuterako barrutiari (gmatudela@navarra.es), edo deitu (948 847 033/609 904 957).
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarrean dagoen legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko apirilaren 13an.–Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia.
Iragarkiaren kodea: F2605596