Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
826E/2026 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2026ko apirilaren 27ko 08:00etatik 2026ko apirilaren 30eko 22:00etara egitekoa den greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haietan arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.
Sindicato Médico de Navarrak (SMN) greba deialdia egin du, zeinak eragina izanen baitu Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko osasun arloko fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek –prestakuntzan daudenak barne– egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan. Greba 2026ko apirilaren 27ko 08:00etatik 2026ko apirilaren 30eko 22:00etara egitekoa da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Greba deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, txosten honek hauxe du xede: 2026ko apirilaren 27ko 08:00etatik 2026ko apirilaren 30eko 22:00etara egitekoa den greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzeko proposamena egitea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.
Greba Batzordeak aurkeztu dituen alegazioek diote ezen, alde batetik, gutxieneko zerbitzuek ez luketela hain zorrotzak izan behar, iraupen laburreko greba baita, greba luzeagoetan ezartzen direnekin alderatuta. Bestalde, zalantzan jartzen dute "gaitasun logistikoaren %60" deritzon irizpidea, ez baita zehazten erreferentziako zer plantillaren gainean kalkulatzen den ehuneko hori, eta uste dute horrek berekin ekar lezakeela behar-beharrezkoak baino langile gehiago zehaztea eta, hortaz, grebarako eskubidea urratzea. Azkenik, eskatzen dute ken dadila lan araubidea "jaiegun" batekoa izanen dela dioen aipamena, uste baitute esamolde horrek lan gatazkaren larritasuna minimizatzen duela.
Lehenengo alegazioari dagokionez, adierazi behar da gutxieneko zerbitzuen helburua dela osasuna babesteko oinarrizko eskubidea babestea, eta eskubide horren funtsezko izaera ez dagoela grebaren iraupenaren mende. Gutxieneko zerbitzuen proposamenak oreka bilatzen du grebarako eskubidearen eta funtsezko osasun laguntzaren bermearen artean, kontuan hartu gabe greba 48 ordukoa edo luzeagoa den.
"Gaitasun logistikoaren %60" deritzon irizpideari dagokionez, esan behar da horrekin adierazi nahi dela zer giza baliabide eta zer baliabide material dagoen eskura lanaldi arrunt batean presakoa ez den jarduera programaturako. Horrek ez du esan nahi plantillaren %60k lan egin behar duenik; aitzitik, behar diren langileak zehaztuko dira ohiko laguntza jardueraren %60ra iristeko. Oinarrizko Osasun Laguntzan ezarri diren gutxieneko zerbitzuei egindako alegazioei dagokienez, adierazi behar da proposamenak esparru orokorra ezartzen duela, eta kontsultategi asko dauden eskualdeetan zerbitzuak betetzeko moduaren antolamendu espezifikoa eremuetako kudeatzailetzei dagokien betearazpen-eskumena dela, eta haiek egokitu behar dutela proposamen hori oinarrizko eskualde bakoitzaren beharren arabera.
Bestalde, "jaiegunetako" araubideari dagokionez, adierazi behar da erreferentzia hori irizpide teknikoa eta antolakuntzakoa dela, eta larrialdiko eta ospitaleko arretaren estaldura planifikatzeko esparru gisa erabiltzen dela, inolako baloraziorik egin gabe lan gatazkaren seriotasunari edo garrantziari buruz.
Gutxieneko zerbitzuak aplikatzeko mekanikari buruz planteatzen dituen gaiei dagokienez, adierazi behar da, lehenik eta behin, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen ebazpenak esparru orokorra finkatzen duela, baina langileen izendapen nominala eta horren jakinarazpena egitearen erantzukizuna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eremuetako kudeatzailetzei dagokiela; bigarrenik, gutxieneko zerbitzuak betetzeko izendatua egoteak legezko betebehar bat ekartzen diola profesionalari; eta, hirugarrenik, ukitutako asistentzia-jardueraren kudeaketa, hala nola hitzorduak birprogramatzea edo pazienteei jakinaraztea, zerbitzu bakoitzaren antolamendu-eskumena dela, eta, hala, zerbitzu bakoitzak bere funtzionamendua egokitu beharko duela ebazpenean ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeko.
Gutxieneko zerbitzuak betetzeko izendatzen diren fakultatiboak, grebaren alde egon arren, grebalari gisa zenbatzen ez direla dioen alegazioari dagokionez, adierazi behar da gutxieneko zerbitzuak betetzeko profesional bat izendatzea legezko betebehar bat dela, eta, horren ondorioz, izendatuari eteten zaiola izendatzen deneko txandan edo lanaldian greba egiteko eskubidea.
Azkenik, adierazi behar da Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak babesten duela BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzea, eta haien jarduerak ez duela izan behar normalean egiten dutenaz bestelakoa, eta errespetatu egin behar direla haien eginkizunak eta dagokien ikuskapen-araubidea, betiere pazientearen segurtasuna bermatzeko.
Hori horrela, posible da BAME langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzea. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an gai honi buruz emandako 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia, zeinak langile horiek sartzea galarazten baitzuen. Epai horrek, gainera, adierazten du ezen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, eta errekurritutako ebazpena ordenamendu juridikoaren araberakoa dela.
Horren haritik, zehaztu behar da Auzitegi Gorenak, Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalaren 1523/2021 Epaiaren bidez, ezetsi egin duela SMNk apelazio-epai horren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa, eta adierazi duela epai horrek ez duela ordenamendu juridikoa urratzen. Hain zuzen, zuzenbideko oinarrietatik bosgarrenean, onarpen autoan planteatutako auziari emandako erantzunari dagokionez, honako hau dio: "Onarpen autoan planteatu den jurisprudentzia osatzeko kasazio-interes objektiboaren gaiari erantzun beharraz, adierazten dugu barneko mediku egoiliarrak sar daitezkeela kontratu bidez lotuta dauden ospitale-zentroan iragartzen diren osasun langileen grebetan ezarri behar diren gutxieneko zerbitzuetan".
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparruetako kudeatzailetzetan eta zuzendaritza asistentzialetan ezarriko diren funtsezko gutxieneko zerbitzuen edukiari buruz galdetu zen.
Hori horrela, ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan erabili den irizpidea bat dator osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean greba eskubidea mugatzeari buruz hartu diren erabaki jurisprudentzialekin. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.
Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.
Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:
1. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:
Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.
Esparru horretan kontuan hartu dira, orobat, arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.
Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu honetan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doi-doia da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Kasu honetan, kontuan hartuz greba eskubidea mugatzeari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, ez da ehuneko hori handituko, baina baliteke etorkizuneko greba deialdietan aztertzea, kasuan kasuko egoeren arabera.
Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da oraindik baloraziorik eta diagnostikorik izan gabe prozesu kliniko baten zain dauden pazienteek okerrera ez egitea.
Era berean, beharrezkotzat jo da:
–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.
–Arreta ematea larrialdiei, zaintza-unitate kritikoetan eta berezietan ospitaleratuta dauden pazienteei eta erditzeko arloetan eta horien parekoetan daudenei.
–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitalizatuei eta onkologikoei.
–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroei hornidura egiteko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
2. Oinarrizko Osasun Laguntza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan, eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzean gertatzen diren larrialdiak artatzen dira; mediku bakoitzak 1.500 paziente inguru ditu, eta pediatra bakoitzak 1.100 haur. Hortaz, oinarrizko osasun laguntzako talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko ordutegian gertatzen ahal diren larrialdiei erantzuteko eta, larrialdia ez izan arren, atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta beharrezkoak diren etxez etxeko bisitak egiteko ere.
Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, goizeko nahiz arratsaldeko txanda bakoitzean, familia mediku bat eta pediatra bat egonen dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arretako ordutegian, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eragiten diete, etengabeko eta larrialdietako arreta emateko.
Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren esparruan, herritarrei arreta emateko etengabeko arretako 21 gune erabiltzen dira, Nafarroa osoan banatuak. Horietatik 4k medikuntzako bina profesional dituzte, eta gainerako 17ak pertsona bakarrekoak dira. 72 profesional inguru behar dira.
Azkenik, Aho-hortzetako Osasunaren Atalean, 12 odontologo daude, eta arestian adierazitako irizpideari eutsita, gutxieneko kopuru hauek ezarri dira: 2 odontologo, odontologo bat goizeko lan txandan eta odontologo bat arratsaldeko lan txandan.
3. Osasun Mentala:
Greba egunetan mediku bat egon beharko litzateke Errehabilitazio Unitatean, Egonaldi Ertaineko Unitatean 2, eta Egonaldi Luzeko Unitatean bat.
Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsibo bat dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.
Osasun mentaleko zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aztertu da haietako bakoitzean zenbat diren lehen kontsultak, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin alderatuta. Erabaki da zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela.
Zentro bakoitzak ahalmen logistiko desberdina behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.
4. Lizarrako Osasun Barrutia:
Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, García Orcoyen ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
5. Tuterako Osasun Barrutia:
Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Kasu honetan ere, Oinarrizko Osasun Laguntzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Osasun Mentalak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
6. BAME langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea:
Aipatu da jada Auzitegi Gorenaren 1523/2021 Epaia, Administrazioarekiko Auzien Salaren Laugarren Atalak emana, ezetsi egiten duena SMNk jarritako kasazio-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2019ko abenduaren 9an emandako 318/2019 apelazio-epaiaren aurka jarria. Epai horrek, hain zuzen, errebokatu egin du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10ean emandako 191/2019 epaia eta deklaratu du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea.
Orobat, esparru bakoitzari bere iritzia ere eskatu zitzaion, arretari dagokionez. Horren ondorioz, honako hau ikusi da:
Edozein egunetako etengabeko arretan, zentroko profesional espezialistak eta BAME langileak aritzen dira. Zentroek uste dute funtzionatzeko modu hori oso errotuta dagoela eta arreta segurua eta kalitatezkoa bermatzen duela. Gainera, haien ustez, greba egoeretan ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta, horretarako, antolaketa-eredu berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdiak artatzean.
BAME langileak lan-kontratudunak dira, eta prestakuntzan egotea ez da arrazoi aski gutxieneko gisa izendatuak ez izateko; izan ere, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua da prestakuntzaren ikuspegitik. Are gehiago, beren prestakuntza-programetan gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten agertzen da.
BAMEek etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu gisa egin beharreko jarduera hori ez da normalean egiten dutenaz bestelakoa. Ez da haien jarduera handitzen ospitaleko espezialistak ordezteko. Espezialisten eta BAMEen arteko proportzioa ez da aldatzen.
Azken batean, BAME langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza beharrak ez dira horretarako oztopo, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatzen badira.
Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ondotik zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzea osasun langile fakultatiboentzat, prestakuntzan dauden langileak barne, Sindicato Médico de Navarrak (SMN) deituta 2026ko apirilaren 27ko 08:00etatik apirilaren 30eko 22:00etara eginen den greba dela-eta:
I.–Ospitaleak.
Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.
Gainera, zentroen jarduera aurrera eramateko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
A) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.
B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:
–Hemodialisia.
–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.
–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.
–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteentzako arreta.
–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.
–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.
C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, Zainketa Koronarioen Unitateak, Kritikoen Unitateak, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.
D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.
E) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta, halakorik bada, ohiko arreta guztiak bermatuko dira, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:
–Ebakuntza kirurgikoak.
–Zerbitzu zentralak.
–Kontsultak.
–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).
F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden pazienteentzako eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituztenentzako arreta bermatuko da.
G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.
Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lan araubidea:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan:
a) Ohiko lanaldian.
Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku egonen dira gutxienez.
b) Etengabeko arretarako ordutegian.
Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.
Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:
Oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.
Aho-hortzen osasuna:
- Odontologo bat goizeko txandan eta odontologo bat arratsaldeko txandan.
Osasun Mentala:
- Fakultatibo bat Errehabilitazio Unitatean, bi fakultatibo Egonaldi Ertaineko Unitatean eta fakultatibo bat Egonaldi Luzeko Unitatean.
- Osasun mentaleko zentroetan, kontsulta-jardueretan, ahalmen logistiko desberdina behar da plantillaren arabera eta lehen kontsultetan ematen den lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez beste, gutxienez plantillaren %40 bermatuko da.
2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean ukitutako zentroetako langileen arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluarekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2026ko apirilaren 21ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
Iragarkiaren kodea: F2606045
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
