88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1498E/2026 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 892681.

Laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen enplegua sustatzea Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat da. Gobernuaren 2023-2027 legealdirako akordio programatikoan jasotako helburuetako bat da aukera-berdintasunera bideraturiko enplegu-politika aktiboak garatzea, lehentasuna emanez lan-arloan zailtasun handienak dituzten taldeei: emakumeak, gazteak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, migratzaileak, desgaitasuna duten pertsonak edo bazterketa-arriskuan daudenak, baita Enpleguari buruzko Lege berrian ageri diren guztiak ere. Horregatik, pertsona horientzako funtsezkoa da beren lan-aukerak sustatzea, beren kontratazioa finantzatuz, lan munduan berriz sartu ahal izateko, bereziki egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean.

Nafarroako 2025-2028 Enplegu Planak adierazten duenez, langabezia-tasak azaleratzen du beharrezkoa dela enpleguaren gaineko politikak egiten jarraitzea, zenbait eskualde indartzeko, enpleguarekiko egoera kronifikatzea pairatu duten kolektiboak kolektiboei bultzada emateko eta arrakalak murriztea sustatzeko; izan ere, azken hori oraindik ere bada lortu ez dugun zerbait. Gure komunitatean lurraldearen araberako desoreka dago, eta hori argi islatzen da enpleguan: eskualdearen arabera alde handia dago langabezia-tasan, jardueretan eta enpleguan. Desoreka dago, halaber, aipatu kolektiboen artean ere. Horrez gain, aintzat hartu beharrekoa da genero intersekzionalitatea: kolektibo batzuetan, emakume izate hutsak diskriminazio bikoitza eragiten du, eta, hortaz, zaurgarritasun handiagoa ere bai.

Halaber, Enplegu Planeko "5.3.5 Genero Zeharkakotasuna" esku-hartze arloko 4.3 helburuak emakumeen enplegagarritasuna hobetu nahi du, eta genero arrakalarik izan ez dadin bultzatu; horretarako, emakume langabeak maskulinizatutako lanbideetara bideratu nahi dira, genero arrakala murrizteko bide gisa, eta, lan merkatura sartzeko bide gisa, emakumeek STEM delako titulazioak eta prestakuntza teknikoko beste adar batzuk (elektronika, fabrikazio mekanikoa, programazioa eta abar) hauta ditzatela sustatu nahi da.

Horrela, programa honen bidez sustatu nahi da kontratu mugagabeak egitea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei, hala nola iraupen luzeko langabeei, errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaileei, 55 urtetik gorakoei, gazteei, etab. Gainera, sustatu nahi da Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokiak dituzten enpresek enplegua sortzea. Lurralde kohesioa bultzatuko da, 5.000 biztanletik beherako biziguneetan kontratuak egitea faboratuko baita. Era berean, emakumeak kontratatzea sustatu nahi da, batez ere STEM postuetan eginen diren kontratazioei dagokienez. Azkenik, eta laneratzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei kalitateko kontratuak eskaintzeko helburua berretsita, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatutako lan eskaintzen bidez egiten diren kontratazioak bultzatuko dira.

Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita dezan, banakako ebaluazioaren araubidean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko 2026an.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 730.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastu aurrekontuko partida honen kargura: "Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241118 partida.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko 2026an. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Pertsona edo entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Dirulaguntzen onuradun diren pertsonek edo entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan lantoki bat izatea.

b) Entitate onuradunak legez eratuak egon beharko dira, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, beharrezkoa dute nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea. Langile autonomoek edo norberaren konturako langileek alta emanda egon behar dute, eta aplikatzekoa zaien araudia bete.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte pertsona edo entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

2.4. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako erakunde publikoak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa publikoak eta fundazio publikoak.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokiei atxikitako lanpostuetarako kontratuak –2026ko urtarrilaren 1etik aurrera formalizatuak–, baldin eta atal hauetako baten barnean sartzen badira:

A) Kontratu mugagabeak. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.

B) Aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat kontratu mugagabe bihurtzea. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.

3.2. Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.

3.3. Kontratuak lan arloko legeriak ezarritakoa beteko du.

3.4. Ez dira inoiz diruz lagunduko zehapen prozedurak irekitzearen ondorioz egiten diren kontratu mugagabeak edo mugagabe bihurtzen direnak.

3.5. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira aldizkako kontratu finkoak eta obrari atxikitako kontratu mugagabeak.

3.6. Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, kontratazioa egiten den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.

4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kontratatzen diren pertsonak langabeak izanen dira, eta enplegu publikoko zerbitzuetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute kontratua hasten den egunean, salbu eta aldi baterako kontratu bat edo iraupen jakineko kontratu bat mugagabe bihurtzen den kasuetan.

4.2. Kontratatu mugagabearekin edo aldi baterako kontratua mugagabe bihurtuta kontratatzen direnek honako kolektibo hauetako baten barruan egon beharko dute:

–55 urtetik gorako pertsonak.

–30 urtetik beherako gazteak, Gazte Bermearen Sisteman izena emanda daudenak.

–Luzaroko langabeak.

–Errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaileak.

–STEM lanbideetan kontratutako emakumeak, deialdi honen II. eranskinean zerrendatutako LESen arabera. Kasu honetan, lanpostuak bat etorri beharko du aipatu eranskinean sartutako lanbideren batekin, eta LESa berariaz aipatu beharko da kontratuan.

–Genero-indarkeriaren biktimak.

–Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa batean laneratze ibilbide batean parte hartu duten pertsonak (gutxienez 6 hilabetez), ibilbide hori dirulaguntzaren xede den kontratua sinatu aurreko azken urtean bukatu bada.

Deialdi honen ondorioetarako, iraupen luzeko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

4.3. Kontraturen bat eteten bada diruz lagundutako aldia amaitu baino lehen, beste pertsona bat kontratatuko da, hasierakoa ordezteko, hilabeteko epean gehienez ere, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat. Lanaldia eta ordainsaria errespetatuko dira, eta ordeztu behar den pertsona zein kolektibotakoa zen, ordezkoa kolektibo horretakoa edo zailtasun handiagoko batekoa izanen da. Ulertzen da kolektibo batek kontratatua izateko zailtasun handiagoa izanen duela, baldin eta 5. oinarriaren arabera zenbateko handiagoa ematen bazaio. Ordezkapen hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio hilabeteko epean gehienez, kontratu berriaren egunetik hasita. Ordezkapenak ez du inoiz dirulaguntza handiagoa ekarriko.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea bete beharko du gutxienez.

Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu, diruz lagundutako aldia urtebetekoa izanen da ondorio horietarako.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:

Kontratu mugagabeak edo mugagabe bihurtzen direnak:

a) 3.000 euro, 55 urtetik gorako pertsonekin edo Gazte Bermearen Erregistroan izena emanda dauden 30 urtetik beherako gazteekin sinatuak badira.

b) 4.000 euro, luzaroko langabeekin, edo errenta bermatua nahiz bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenekin sinatuak badira, bai eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa batean laneratzeko ibilbidea egin duten pertsonekin ere.

c) 6.000 euro, STEM lanbideetan aritzen diren emakumeekin edo genero indarkeriaren biktimekin sinatuak badira.

Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratu mugagabeetarako dira. Kontratuaren lanaldia laburragoa bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

Azaldutako egoeretako bi gertatzen badira, eskatzaileak aukerarik mesedegarriena hautatu beharko du.

Kontratua a) edo b) apartatuetakoa bada eta emakume batekin sinatzen bada, 1.000 euroko zenbateko gehigarria emanen da.

1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie landa eremu batean kokatutako Nafarroako herri batean kontratatzen dutenei, baldin eta jarduera hasteko datan eguneratutako erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badaude.

Ondorio horietarako, bazter geratuko dira maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planaren (Nafarroako Lurralde Estrategia) 10.4 azpieremuan sailkatuta dauden eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz despopulazio-arriskurik ez duten udalerriak. Beraz, ez dute laguntza gehigarririk jasoko hiri-eremu zabal gisa sailkatutako udalerri konposatuetan egiten diren altek; zehazki, 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriak dituzten udalerri hauen kasua da: Aranguren, Berriobeiti, Oltza zendea, Zizur, Egues, Galar, Noain (Elortzibar) eta Orkoien.

Ondorio horietarako, aintzat hartuko da zer herritan dagoen kontratazioa egin deneko lantokia.

1.000 euroko laguntza gehigarria emanen da, baldin eta enpresa kontratatzaileak NL-NEZen eskaintza izapidetu badu dirulaguntzaren xede den kontrataziorako, aldi baterako/iraupen mugatuko kontratua mugagabe bihurtzen denean izan ezik.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskaera-eredu normalizatua erabiliko da.

b) Pertsona edo entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan-kontratua.

c) Pertsona edo entitate onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena.

Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen berariazkoa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du eskaerak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eman zaizkiola; horri dagokionez, sor daitezkeen egoera berriei buruzko informazioa ere jakinarazi beharko du. Era berean, aurreko hiru urteetan "de minimis" araubideko beste laguntzarik jaso duen adieraziko da.

d) Dirulaguntzaren ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke URL honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta Ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabili behar da sartzeko. Onuradunak ezin badu bere kontua URL horretan erregistratu, ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, aurkeztu beharko du transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat, behar den inprimakia hartuta URL honetatik: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.

e) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena.

Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik –aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako–, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

f) Lan-kontratua NL-NEZek kudeatutako lan-eskaintza baten bidez egin bada, eskaintzaren zenbakiak agertu beharko du Enplegu Zerbitzu Publikoari egindako kontratazioaren jakinarazpenean.

g) Genero-indarkeriaren biktimak kontratatzen direnean, zerbitzu eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da.

h) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7.–Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi edo mugagabe bihurtu eta biharamunetik aurrera. Hala ere, deialdi hau argitaratu aurretik formalizatutako kontratuetarako, hilabeteko epea zenbatuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean ofizialki argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dirulaguntza honen xede diren kontratuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden lantokietan zerbitzu emateko sinatuko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra.

7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

7.3. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da. Eskaeraren gaineko berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena pertsona edo entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

Hauek dira pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak:

a) Lan-kontratu bat sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera, dirulaguntzaren xede den kontratua duen langilearekin.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskaera aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Kontratua indarrean dagoen bitartean edo diruz lagundutako epeak iraun bitartean, organo kudeatzaileak behar diren egiaztapenak eginen ditu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak mantendu direla bermatzeko.

Pertsona edo entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

13.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek –nazionalak nahiz nazioartekoak– edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin, salbu eta Gizarte Segurantzako kotizazio kuotetan legez egin daitezkeen hobariekin edo murrizketekin.

14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

14.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

14.2. Jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak –guztiak edo batzuk– betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Baldintzak hein batean bete ez direla joko da hasiera batean kontratatutako pertsona ordezten denean ez bada inguruabar hori jakinarazten kontratu berriaren datatik hilabeteko epean, hori baita 4.3 oinarrian ezarritako epea. Hala, jakinarazteko epe hori betetzen ez denean, dirulaguntza kontzeptu gisa eskuratutako zenbatekoen %5 itzuli beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.3. Kontratu mugagabea amaitzen bada sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, berandutze-interesak gehituta, salbu eta enplegatzaileak kontratatua ordezten badu, 4.3 oinarrian ezarritakoarekin bat. Ordezpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Deialdi honen ondorioetarako, eszedentzia egoerara pasatzeak kontratua amaitzea ekarriko du.

Langileak lana uzten badu bidegabe deklaratu edo aitortutako kaleratze batengatik, onuradunak emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, berandutze-interesak gehituta. Halako kasuetan ez da zilegi izanen langilea ordeztea.

14.4. Kontratu mugagabeetan lanaldiaren portzentajea gutxitzen bada kontratua sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta aldeari dagokion zatia itzultzeko eskatuko da, berandutze-interesak gehituta, lanaldi-murrizketaren portzentajearen arabera eta urtea betetzeko falta den denborarekiko proportzioan.

14.5. Dirulaguntza jasotzen duten pertsona edo entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.

16.–"De minimis" laguntzak.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian (II. eranskina) deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan zehar jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta aipatu erregelamenduaren edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen mende badaude.

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Aplikatzekoa den araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren aurrean, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

II. ERANSKINA.–LANBIDEEN TAULA, LANBIDEEN KODE NAZIONALAREN ARABERA

LANBIDEEN TAULA (LES)

2411

Fisikariak eta astronomoak

2412

Meteorologoak

2413

Kimikariak

2414

Geologoak eta geofisikoak

2415

Matematikariak eta aktuarioak

2416

Estatistikariak

2421

Biologoak, botanikoak, zoologoak eta antzekoak

2422

Nekazaritzako ingeniariak

2423

Mendi-ingeniariak

2424

Nekazaritzako ingeniari teknikoak

2425

Basogintzako eta ingurune naturaleko ingeniari teknikoak

2426

Ingurumenaren babeseko profesionalak

2427

Enologoak

2431

Industria eta ekoizpen ingeniariak

2432

Eraikuntzako eta obra zibiletako ingeniariak

2433

Ingeniari mekanikoak

2434

Ingeniari aeronautikoak

2435

Ingeniari kimikoak

2436

Meatzeetako eta metalurgiako ingeniariak eta antzekoak

2437

Ingurumeneko ingeniariak

2439

Ingeniariak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2441

Elektrizitateko ingeniariak

2442

Ingeniari elektronikoak

2443

Telekomunikazioetako ingeniariak

2461

Industriako eta ekoizpeneko ingeniari teknikoak

2462

Herri-lanetako ingeniari teknikoak

2463

Mekanikako ingeniari teknikoak

2464

Aeronautikako ingeniari teknikoak

2465

Kimikako ingeniari teknikoak

2466

Meatzeetako eta metalurgiako ingeniari teknikoak eta antzekoak

2469

Ingeniari teknikoak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2471

Elektrizitateko ingeniari teknikoak

2472

Elektronikako ingeniari teknikoak

2473

Telekomunikazioetako ingeniari teknikoak

2711

Sistema analistak

2712

Analistak eta software diseinatzaileak

2713

Analistak eta web eta multimediako programatzaile eta diseinatzaileak

2719

Analistak eta software eta multimediako programatzaile eta diseinatzaileak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2721

Datu-baseen diseinatzaileak eta administrariak

2722

Sistemen eta sareen administrariak

2723

Sare informatikoen analistak

2729

Datu-baseetako eta sare informatikoetako espezialistak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

3110

Delineatzaileak eta marrazkilari teknikoak

3121

Zientzia fisiko eta kimikoetako teknikariak

3122

Eraikuntzako teknikariak

3123

Elektrizitateko teknikariak

3124

Elektronikako teknikariak (elektromedikuntza ez)

3125

Elektronikako teknikariak, elektromedikuntzako espezialitatekoak

3126

Mekanikako teknikariak

3127

Kimika industrialeko teknikariak eta laborategiko analistak

3128

Metalurgia eta meatzeetako teknikariak

3129

Zientzia fisiko, kimiko eta ingurumen zientzietako eta ingeniaritzako beste teknikari batzuk

3131

Energia sortzeko instalazioetako teknikariak

3132

Hondakinak eta ura tratatzeko instalazioetako teknikariak eta antzeko instalazioetako beste operadore batzuk

3133

Produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetako kontrol teknikariak

3134

Petrolioko eta gas naturaleko findegietako teknikariak

3135

Metalak ekoizteko prozesuetako kontrol teknikariak

3139

Beste epigrafe batzuetan sailkatu gabeko prozesuetako kontrol teknikariak

3141

Biologia zientzietako teknikariak (arlo sanitarioetakoak ez)

3142

Nekazaritzako eta abeltzaintzako teknikariak

3143

Basogintzako eta ingurune naturaleko teknikariak

3151

Makineriako buruak eta ofizialak

3152

Kapitainak eta zubiko ofizialak

3153

Hegazkin pilotuak eta antzeko profesionalak

3154

Aire-zirkulazioaren kontrolatzaileak

3155

Segurtasun aeronautikoko teknikariak

3160

Zientzia fisiko eta kimikoetako eta ingeniaritzetako kalitate kontrolaren teknikariak

3811

Informatika-sistemetako eragiketetako teknikariak

3812

Informazioaren teknologien erabiltzaileei arreta emateko teknikariak

3813

Sareetako teknikariak

3814

Web teknikariak

3820

Informatika programatzaileak

3831

Ikus-entzunezko grabazioetako teknikariak

3832

Irrati-difusioko teknikariak

3833

Telekomunikazioetako ingeniaritzako teknikariak

Iragarkiaren kodea: F2604918