Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
332E/2026 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, errepideko garraioan prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN kodea: 896631.
Etengabe eboluzionatzen ari den gizarte baten behar aldakorrak direla-eta, garraio sektoreko enpresak dinamika berritzaile horretara egokitu behar dira, eta langileen prestakuntza oinarrizko tresna da planteatzen diren erronkei erantzuteko.
Errepideko garraio publikoaren arloan, profesionalen prestakuntza sustatu behar da, bai garraiolariena, bai langileena, gai horri buruzko ikastaro espezializatu gehiago egin daitezen sustatuz. Horregatik, egokitzat jotzen da funts publikoekin laguntzea –horretarako esleitzen diren aurrekontu-kredituen arabera– erakunde publikoek edo pribatuek errepideko garraioari buruzko prestakuntza-ikastaroak egin ditzatela.
Hala, ebazpen honen xedea da dirulaguntza-deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat prestakuntza-ekintzak antolatzeko 2026. urtean Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan (prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak eta jardunaldiak).
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraikiz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2026an, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskin gisa bildutako oinarri arautzaileak ere.
2. 40.000 euroko gastua onestea, 2026ko gastu aurrekontuko "Garraio sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko laguntza" izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko martxoaren 31n.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ERREPIDEKO GARRAIO PUBLIKOAREN SEKTOREAN PRESTAKUNTZA-EKINTZAK ANTOLATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK (LAGUNTZAK NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEARI JARRAIKIZ BANATUKO DIRA)
Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.
1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.
Deialdi honen xedea da behar diren oinarri arautzaileak ezartzea arautzeko nola emanen diren Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-ekintzak (prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaro edo jardunaldiak) antolatzeko dirulaguntzak.
2. Ekintza horiek 2026ko azaroaren 1a baino lehen egin beharko dira.
Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira gaitasun profesionalaren ziurtagiriak, segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak.
3. Ekintzak aurrez aurre edo bertaratu gabe egiten ahalko dira, baldin eta bertaratu gabeko edo urrutiko prestakuntza ematea deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren aurkakoa ez bada.
Urrutiko prestakuntzak ezinbestekoa du antolatzaileak, prestatzaileak eta bertaratzen direnek baliabide telematikoak izatea, prestatzaileak edo hizlariak eta ikasleek batera eta denbora errealean elkarrekin jardun dezaten sortutako ingurunean.
Zehazki, komunikazio-sistema telematiko sinkronoa izan behar da, uneoro bermatzeko konektagarritasun sinkronizatua dagoela hezitzaile edo hizlarien eta parte hartzen duten ikasleen artean, eta komunikazioak bi noranzkokoak direla, ikasle horiek parte har dezaten.
Era berean, laguntzak emateko betebeharrak betetzearen gaineko kontrola bermatzeko, sistema bat prestatu beharko da Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aipatu konexioen jarraipena egin dezan, bai denbora errealean (prestakuntza eman bitarteko konexioa), bai ondoren.
Bigarrena.–Laguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.
1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2026ko gastu-aurrekontuko "Garraio sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko laguntza" izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura finantzatuko dira. Egiten diren prestakuntza-ekintzei dagokien dirulaguntza 40.000 eurokoa da.
Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza-ekintzetarako, kostuaren %100era bitarteko dirulaguntza ematen ahalko da, gehienez.
Dirulaguntzaren zenbatekoa, oinarri honetan eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera zehaztuta, seigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuazioen arabera haztatuko da.
Horrela kalkulatutako dirulaguntza guztien zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.
2. Agiri bidez justifikatutako gastu hauek baino ez dira izanen diruz lagungarriak:
2.1. Irakasleak edo hizlariak: kontratu finkoa edo behin-behineko kontratua duten langileen soldata edo ordainsariak, edo kanpoko irakaskuntza-zerbitzuen prezioa, eta azken kasu horretan joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak ere sartuko dira.
2.2. Prestakuntza-ekintza gauzatzeko emandako material didaktikoa.
2.3. Ikasgelak:
–Erabilitako instalazioak hirugarren baten jabetzakoak badira, erabilitako ikasgelak alokatzeko gastuak.
–Erabilitako instalazioak onuradunarenak badira, higiezina amortizatzeko kostua (oro har onartutako kontabilitate arauen arabera kalkulatua), eta argindarrari, urari eta ikasgelen garbiketari dagozkien gastuen zati proportzionala, horiek guztiak prestakuntza zehatzari ematen zaizkion denboraren eta metroen arabera kalkulatuak.
2.4. Ikastaroak egiten diren instalazioetan jarritako lan ekipo eta tresnak, hau da, hezkuntza jarduketa egitea ahalbidetzen dutenak. Instalazioetarako ezarritako irizpide bera aplikatuko da ekipoak alokatzeko gastuarekin edo amortizazio kostuarekin, ondasun inbentariagarrien kasuan.
2.5. Prestakuntza-ekintzaren publizitate eta propaganda gastuak: ekintzen publizitatea (besteak beste, afixak, liburuxkak eta iragarkiak) egiteko behar diren gastuak.
2.6. Prestakuntza-ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak.
Partida horretan egotziko dira prestakuntza-ekintzen antolaketarako, jarraipenerako eta kontrolerako prozesu osoan eragindako langile-kostuak. Egozpena ikastaroak irauten duen ordu kopuruarekiko proportzionala izanen da.
Atal honetan aseguruko primen gastuak ere sartuko dira, prestakuntza-ekintza egiten dela bermatzeko beharrezkoak direnak.
3. Prestakuntza-ekintzen diru-sarrerak:
Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak ekintza bakoitzean izandako diru-sarreren berri eman beharko du. Horiek ekintzaren kostutik kenduko dira, dirulaguntzak eta diru-sarrerak baturik aipatu kostua gainditu ez dezaten.
Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarrietarako mugak.
Bigarren oinarriko 2. atalean zehaztutako gastu diruz lagungarriak proposatzen diren ekintzen araberakoak izanen dira. Horien barruan, eta gastua zentzuzkoagoa izan dadin eta hobeki egokitu dadin lortu nahi diren helburuetara, honako muga hauek ezartzen dira:
1. Irakasleen edo hizlarien gastuak:
1.1. Kanpoko langileak badira eta ez badaude entitate eskatzailearen soldatapean, gehieneko gastu diruz lagungarria 135 eurokoa da pertsona eta ordu bakoitzeko, barnean direla ordainsariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.
1.2. Entitate eskatzailearen soldatapeko langileak badira, justifikatzen den lan kostua besterik ez da izanen diruz lagungarria.
2. Material didaktikoko gastuak: inskribatutako ikasleen kopuruari dagokiona, gehienez ere aleen %10 handituta (barneko irakaskuntza erabilerarako direnak hartuko dira halakotzat). Kostuak bat etorri beharko du dirulaguntzaren eskaeran ikasle bakoitzeko adierazitako zenbatekoarekin.
3. Ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak: langile-kostuei dagokienez, gastu diruz lagungarria emandako dirulaguntzaren %10 izanen da gehienez ere.
Laugarrena.–Onuradunak.
Garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntza hauek, baldin eta legearen arabera eratuak badaude eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute.
Ez zaie dirulaguntzarik ematen ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan (aurrerantzean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea) aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.
Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoko behar den fitxaren bidez (hemendik aurrera, katalogoko fitxa), non Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen baita. Bertan identifikatzeko, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, eta, jakinarazpenak jasotzeko, gaitutako helbide elektronikoa, zeina hamabigarren oinarrian zehaztutako moduan lor baitaiteke.
Eskabide-eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak eskuragarri egonen dira katalogoko fitxan.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, elkarte edo entitate interesdunari aurkezpen telematikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
3. Elkarte edo entitateak prestakuntza-ekintza bakoitzeko eskaera bat eginen du, honako dokumentazio hau erantsita:
3.1. Laugarren oinarrian eskatzen dena betetzen dela frogatzeko dokumentazioa:
a) Kasuan kasuko erregistroan inskribaturik egotearen frogagiria.
b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura, eta estatutuak.
c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.
d) Honako hau frogatzen duten agiriak: Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza, edo garraioaren arloko prestakuntzan duen esperientzia.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, a), b), c) edo d) ataletan zehaztutako agiriak ez dira aurkeztu behar, baldin eta administrazioaren eskuetan badaude. Hala bada, horien ordez entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da, eskaeraren formularioan dagoena ("entitatearen erantzukizunpeko adierazpenak" izeneko eredua), eta hartan berariaz adierazi beharko da agiriak noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu ziren, eta, orobat, ez dela aldaketarik izan haiek aurkeztu zirenetik, aipatutako legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta espresuki ukatzen badu bere datuak Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez kontsultatzeko baimena, aurreko atalean aipatutako erantzukizunpeko adierazpenen ereduan horretarako dagoen laukia markatuz (baimen hori Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago).
3.3. Prestakuntza-ekintzei buruzko dokumentazioa:
a) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren eskaera-orria, katalogoko fitxan eskuragarri egonen den ereduaren arabera. Eskaera-orrian, datu hauek jaso beharko dira nahitaez:
–Ekintzaren izena eta zenbakia.
–Deskripzio-memoria, prestakuntza-ekintzaren helburuak, erantzun beharreko premiak eta eskura dauden baliabideak adieraziko dituena.
–Irakasleei dagokienez, prestakuntza-ekintzak eman behar dituzten pertsonen izen-abizenak eta lanbide-kualifikazioa adierazi beharko dira.
–Prestakuntza aurrez aurrekoa edo urrutikoa den zehaztu beharko da. Ekintza urrutikoa bada, erabili beharreko programa edo aplikazio informatikoaren eta programa edo aplikazio horren bertaratze-kontrolerako sistemaren deskribapena.
–Prestakuntza-ekintza gauzatzeko data, ordutegia eta tokia adieraziko dira, baita haren iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua ere.
–Eskatzen den dirulaguntza.
b) Jarduera bakoitzerako aurreikusitako gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu banakatua, katalogoko fitxan eskuragarri egonen den ereduaren arabera.
c) Prestakuntza-ekintzaren programa, emanen diren edukiak eta plangintza zehaztuko dituena.
d) Prestakuntza-ekintzak emanen dituzten irakasleen curriculum vitaea. Curriculuma aurreko deialdiren batean aurkeztu bada, aski izanen da eskaeran hori aipatzea.
3.4. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.
3.5. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak noiznahi eskatzen ahalko dio eskatzaileari aurkeztu den eskaera behar bezala ebazteko beharrekotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.
Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.
Diruz laguntzeko eskatzen den prestakuntza-ekintza bakoitza irizpide eta gehieneko puntuazio hauen arabera baloratuko da:
a) Egin behar den jarduera (20 edo 15 puntu):
–Egun bat baino gehiagoko prestakuntza-ekintzak: 20 puntu.
–Egun bat edo gutxiagoko prestakuntza-ekintzak: 15 puntu.
b) Lurreko garraioaren sektoreari lotuta egotea (20, 15 edo 0 puntu):
–Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio esparruan duen ordezkaritza maila (20 puntu).
–Garraioen arloko prestakuntzan esperientzia frogatua izatea (15 puntu).
c) Proposatzen diren helburuek bat egitea Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (30, 25 edo 0 puntu):
–Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 30 puntu.
–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak: 25 puntu.
–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak: 25 puntu.
–Garraio enpresa bat kudeatzeko edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 25 puntu.
d) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena prestakuntza-orduetan eta eskainitako tokien kopurua (30 puntu gehienez), honela kalkulatuta:
Ekintzaren kostua zati ordu kopurua eginen da, eta emaitza hori zati parte-hartzaileen kopurua.
Bigarren zatiketaren emaitzari honako eskala hau aplikatuz lortuko da puntuazioa:
0 eta 10 artean: 30 puntu.
11 eta 20 artean: 27 puntu.
21 eta 30 artean: 24 puntu.
31 eta 40 artean: 21 puntu.
40 baino gehiago: 18 puntu.
Aurreko a), b) eta c) ataletan deskribatutako irizpideak baztergarriak dira haien artean atal bakoitzean.
Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.
1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak du prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, bai eta aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.
Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen haztapena eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.
2. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak emateaz. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
2. Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetako bat egiten ez bada, laguntzen onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, azalduz zergatik utzi den bertan behera.
Kasu horretan, entitate onuradunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eskatzen ahalko dio, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituen beste batekin ordezteko, hasi baino 5 egun lehenago gutxienez. Hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada, ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada. Ordezkapenaren/aldaketaren jakinarazpena aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, eskaera-inprimakia aurkeztu beharko da, katalogoko fitxan eskuragarri dauden ereduen bidez, bai eta ekintzaren edukiak jasotzen dituen programa ere.
3. Dirulaguntza jasotzen dutenek Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko diote, prestakuntza-ekintza hasi baino lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, baldin eta aurkeztutako eskaeran datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan. Aldaketaren jakinarazpena ordezkapena/aldaketa jakinarazteko ereduaren arabera eginen da (eredu hori katalogoko fitxan dago).
4. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren formulario telematikoa aurkeztu beharko dute katalogoko fitxaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin.
5. 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen onuradunek gardentasun betebeharra bete beharko dute, gutxienez bi hauetako bat gertatzen denean:
a) 20.000 euro baino gehiagoko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea urtebetean.
b) Jasotako laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa entitatearen urteko diru-sarreren %20 edo gehiago izatea, baldin eta gutxienez ere 5.000 euroko kopurura iristen bada.
Gardentasun betebeharra duten onuradunek honako informazio hau jakinarazi beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Informazio hori guztia, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, telematikoki aurkeztuko da Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.
Entitate onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
6. Onuradunak beste dirulaguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, katalogoko fitxan dagoen ereduaren arabera.
7. Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Nolanahi ere, diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan berariaz adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez.
8. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da biltzen dituzten datu pertsonalen titularrei erregelamendu horren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea, eta, horren barrenean, jakinaraztea deialdian eskatutakoa betetzeko lortzen dituzten datu pertsonalak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko zaizkiola, dirulaguntza eman, kudeatu, segimendua egin eta kontrolatzearen ondorioetarako.
Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.
1. 2026. urtean egiten diren prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2026ko azaroaren 1etik 15era bitarte, biak barne.
Frogagiriak epe horretatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako dirulaguntzarik jasoko.
Gutxienez ikastaroaren %60ra joaten diren ikasleak bakarrik hartuko dira bertaratutzat, eta ez dira inola ere parte-hartzaile gisa kontabilizatuko dirulaguntza eskatzen duten entitateetako langileak, prestakuntza-ekintzetara joaten direnean.
Dokumentazioa behar bezala aurkeztu ondoren, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak prestakuntza-ekintzetako dirulaguntzen ordainketari buruz ebatziko du.
2. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte ekintza bakoitzeko:
a) Memoria, jardueraren gauzatzeari eta aprobetxamenduari buruzkoa.
b) Bertaratuei buruzko informazioa.
Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzen kasuan, ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda aurkeztuko da, bakoitzaren izena, abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, bai eta bertaratze-orriak ere, behar bezala sinatuta.
Urrutitik emandako prestakuntza-ekintzen kasuan, prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen zerrenda aurkeztuko da, honako hauek adierazita: izena, abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta aplikazioak sortutako konexioen erregistroa, parte-hartzaile horiek identifikatzen dituena, ekintzaren iraunaldi osoan bertaratu diren jakiteko, bertaratzea nahitaezkoa baita.
c) Justifikazio-kontua, dirulaguntzaren xede den ekintzaren kostuaren adierazpena eta egindako gastu bakoitza banakatuta ekarriko dituena.
Gastuak fakturen eta bankuko frogagirien bidez frogatuko dira. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko.
Administrazio- eta kudeaketa-gastuei eta irakasleenei dagokienez, prestakuntza-ekintza entitateko langileekin egin bada, entitate onuradunak parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua (egotzitako hilabeteetako nominak) eta enpresaburuek haiengatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota justifikatu beharko ditu, bankuko frogagiriekin batera. Era berean, "Langileen nominetako kostuen kalkulua" eta "Langileen nominetako kostuen banaketa" izeneko ereduak bete eta aurkeztu beharko dira (biak katalogoko fitxan eskuratu daitezke).
Material didaktikoari dagokionez, modu argian eta zehatzean aipatuko da ekintza bakoitzean erabili den material mota eta unitate-prezioa.
d) Matrikulengatik jasotako diru-sarrerak.
e) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita egindako ekintzak beste dirulaguntzarik jaso duen, edozein administrazio publikok, erakunde publiko nahiz pribatuk edo partikularrek emanak. Horretarako, "Beste dirulaguntza batzuen gaineko jakinarazpena" izeneko eredua erabiliko da (katalogoko fitxan eskuratu daiteke).
f) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, "Logotipoa sartu izanaren jakinarazpena" izeneko ereduaren araberakoa (katalogoko fitxan eskuratu daiteke), honako hauek azaltzen dituena: batetik, Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela lagundutako jarduerei buruzko agiri guztietan, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera), eta, bestetik, deialdi honen karietara garatutako ekintzen zabalkunde publikoan agerian jarri duela Nafarroako Gobernuak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez izan duen partaidetza.
g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar badira, dirulaguntza jasotzen duen entitateak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, non azalduko baita efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz kontratatu direla lagundutako jarduerak egiteko hornitzaileak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik badago, organo emaileari eskatzen ahalko dio baimena emateko gerakin horiek izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko; hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak diren beste jarduera batzuetan erabiltzeko, onuraduna horiek gauzatzen ari bada. Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28 bis artikuluarekin bat.
Hamargarrena.–Ez-betetzeak.
Ez badira betetzen deialdi honetan eta legezko gainerako kasuetan ezarritako baldintzak, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, eta, hala egokituz gero, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.
Gardentasun betebeharra konplitu behar duten onuradunek ez badute behar den informazioa ematen, emandako dirulaguntza ez zaie ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Gorago xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera bera garatzeko jasotzen diren beste batzuekin, izan beste administrazio publikoren batek emanak, erakunde publikoek nahiz pribatuek emanak edo partikularrek emanak, estatukoak edo nazioartekoak.
Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
Hamabigarrena.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.
Eskaeren aurkezpen telematikoak ekarriko du laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioa eta egintza administratiboak modu telematikoan jakinaraztea eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH). Horretarako, eskatzaileak, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen dira.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.
Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru-kopurua.
Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Gardentasun betebeharrak dituzten onuradunei buruzko informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Hamalaugarrena.–Datuen babesa.
Kontuan hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eskaera-orrian eta deialdi honi loturik aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lurralde Kohesiorako Departamentuak tratatuko ditu, datuen trataeraren ardura baitu, betiere dirulaguntza hauek emateko, kudeatzeko eta haien segimendua eta kontrola egiteko helburuz.
Halaber, interesdunei jakinarazten zaie eskubidea dutela Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalean edo gestiontransportes@navarra.es helbide elektronikoan datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta eramateko, eta datuak tratatzeari mugak jartzeko edo aurka egiteko, bai eta datuen tratamendu automatizatuan oinarritutako erabakien xede ez izateko ere, bidezkoa denean.
Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta hura aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2605115
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
