1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
76E/2025 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Atarrabiako "Plaza Gorriak" aldeko 16 jabeen erkidegotarako (PIG 94).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen ditu, eta VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 128 etxebizitzarentzat, zeinak 16 ataritan banatuak baitaude Atarrabiako "Plaza Gorriak" izeneko aldean. Hauek dira:
–Agustin Garcia Bordel kalean, 2, 4, 6, 8, 10 eta 12 zenbakiak.
–Joaquín Puy kalean, 1, 3, 5, 7, 9, 11 eta 13 zenbakiak.
–Kapanaburua kalean, 1 eta 3 zenbakiak.
–Ricardo Bel kalean, 1 zenbakia.
Proiektuaren arabera, inguratzaile termikoak eta instalazioak hobetuko dira. Horretarako, aurreikusita dago, besteak beste, fatxada aireztatua jartzea arroka-artilezko isolamenduarekin eta zeramikazko akaberarekin kanpoaldean; plazetara jotzen duten fatxadetan SATE akabera jartzea arroka-artilezko isolamenduarekin; teilatuak hobetzea; isolamendu termikorako baldintzak betetzen ez dituen kanpoko zurajea aldatzea; 46. poligonoko berokuntza sarearen efizientzia termikoa hobetzea; irisgarritasun baldintzak moldatzea; bai eta berdegune txiki batzuk sortzea eta zenbait jardueratarako guneak egokitzea ere (haurrentzako jolastokiak, kirol eta jostetarako eremuak...).
Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Atarrabiako Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Atarrabiako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.
Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Atarrabiako "Plaza Gorriak" aldeko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (PIG 94 espedientea):
–Agustin Garcia Bordel kalean, 2, 4, 6, 8, 10 eta 12 zenbakiak.
–Joaquín Puy kalean, 1, 3, 5, 7, 9, 11 eta 13 zenbakiak.
–Kapanaburua kalean, 1 eta 3 zenbakiak.
–Ricardo Bel kalean, 1 zenbakia.
Proiektua atari horiei guztiei aplikatuko zaie, hauei izan ezik: Joaquín Puy kaleko 5, 7, 9 eta 11. Izan ere, atari horiek ez dira proiektura bildu. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, Atarrabiako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.etxebizitza.nafarroa.eus), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko apirilaren 14an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2605573