6. BESTELAKO IRAGARKIAK
6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK
"AMIGOS DE LA UNIVERSIDAD DE NAVARRA" ELKARTEA
25/30 Estrategiaren laguntza-programa. 2026-2027ko deialdia
Nafarroako Unibertsitateko Gobernu Batzarreko I+G Batzordeak hartutako erabaki bat betez, Ikerketako Idazkaritza Teknikoak argitara ematen du "Amigos de la Universidad de Navarra" elkartearen 25/30 Estrategiaren beken deialdia, doktorego-ikasketetarako laguntzei dagokiena, 2026/2027 ikasturterako. Deialdi hori arautuko da hurrengo ataletan aipatzen diren oinarrien arabera.
Nafarroako Unibertsitatearen 25/30 Estrategiak lagundu nahi du gizarteak planteatzen dituen erronkak konpontzen, ikerketaren bidez, eta, horretarako, ikerketa-, irakaskuntza- eta laguntza-lana egiten du beste pertsona eta erakunde batzuekin lankidetzan. Zehazki, esparru estrategiko honetako Zientzia blokean, planteatzen da ikerketan sakontzea eta diziplinarteko lankidetza sustatzea, eremu hauetan: 1. Osasuna eta zaintza; 2. Etorkizuna, garapena eta konpromisoa; eta 3. Lana, gizartearen indar eraldatzailea.
1.–Eskaeren baldintzak eta horiek baloratzeko irizpideak.
1. Doktorego-tesia 25-26 deialdian eskatutako PIUNA proiektu baten barrukoa izan beharko da, eta, beraz, lagundu beharko du Nafarroako Unibertsitatearen 25/30 Estrategian lehenetsitako ikerketa-ildoetan, aurrerapen esanguratsu eta berritzailearekin (https://www.unav.edu/conoce-la-universidad/estrategia-2530/ciencia).
2. Doktorego-tesia Nafarroako Unibertsitateko bi irakasle edo ikertzailek batera zuzendu beharko dute. Bi zuzendariek PIUNA proiektuko ikerketa-taldeko kide izan beharko dute. Doktoregaiak Nafarroako Unibertsitateko (Iruñeko eta/edo Donostiako campusak) edozein fakultatetan edo edozein ikerketa- edo klinika- zentrotan egiten ahalko du doktorego-tesia, baina bi zuzendarietako bat irakasle eta ikertzaileen lan-kategoria duen (irakasle laguntzaile doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, irakasle titularra edo katedraduna) zentro akademiko batekoa izan beharko da.
3. Doktorego-tesia ebaluatzeko, bi irizpide hartuko dira oinarri:
a) Doktoratu aurreko laguntza eskatzen duen ikaslearen curriculuma eta espedientea (%40).
b) PIUNA proiektuaren kanpoko ebaluazio-agentziak jasotako balorazioa (%60).
4. Ondoren, Ikerketa eta Jasangarritasuneko Errektoreordetzak laguntza emanen du, oinarri harturik aipatu irizpideak, eta jakintza-arloen arteko banaketa ekitatiboa bermatuko du, betiere horretarako aukera ematen badute proiektuen kalitateak eta hautagaiaren curriculumak eta espedienteak.
2.–Xedea.
Deialdi hau bat dator 103/2019 Errege Dekretuan ezarritako printzipio orokorrekin (errege dekretu horren bidez onetsi zen Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua).
Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako Idazkaritza Teknikoak kudeatu eta koordinatuko ditu programa honetako laguntzak.
Laguntzak izanen dira doktoratu aurreko kontratu-araubidekoak. Onuradunaren eta Nafarroako Unibertsitatearen (ikerketa-zentroa den aldetik) arteko kontratu-harremana lotuko zaio une bakoitzean indarrean dagoen legerian xedatuari.
Laguntza horiek aurrez aurreko doktorego-ikasketetarako soilik dira (hau da, unibertsitatean prestatzeko eta ikertzeko); ikasketa horiek, gainera, izan beharko dute lanaldi osokoak eta dedikazio esklusibokoak.
3.–Kronograma.
DEIALDIAREN ITXIERA | EBAZPENAREN KOMUNIKAZIOA | LAGUNTZAREN ONARPENA | LAGUNTZAREN HASIERA ARRUNTA (*) |
2026ko maiatzaren 15a | 2026ko ekaineko 2. hamabostaldia | 2026ko ekainaren 30a | 2026ko iraila |
(*) Laguntza hasteko, ezinbestekoa da 2026-2027 ikasturterako matrikularen frogagiria aurkeztea. |
4.–Eskatzailearen baldintzak.
Laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Unibertsitateko zentroren batean 2026-2027 ikasturtean doktorego-ikasketak egiteko onartuak izan direnek edo onarpena eskatu dutenek.
Ezin izanen dute deialdian parte hartu jada doktore-titulua dutenek.
Eskatzaileek 2022ko urtarrilaren 1a baino geroago amaituta izan beharko dituzte lizentziako/graduko titulazioei dagozkien ikasketak, eta ikasketa horien batez besteko nota 7koa edo handiagoa izan beharko da (0-10 arteko eskala).
5.–Laguntzen ordainsaria eta iraupena.
Kontratuen ordainsaria finkatuko da aintzat hartuta 103/2019 Errege Dekretuan eta indarreko legedian ezarrita dagoena (gaur egun: 19.007,22 euro lehen eta bigarren urteetan, 20.364,88 euro hirugarrenean eta 25.456,10 euro laugarrenean). Ordainsari horiek banatuko dira urteko 12 ordainketatan.
Laguntzak urtebeterako emanen dira, Gizarte Segurantzan alta ematen den egunetik zenbatzen hasita, eta hiru aldiz berritzen ahalko dira, baldin eta urtero eskatzen diren jarraipen-txostenak aldekoak badira.
6.–Bateraezintasunak.
Laguntza bateraezina da jasotzen den beste edozein laguntza osagarrirekin.
Laguntzen onuradunek eta/edo horiek atxikita dauden zentroek edozein bateraezintasun-kausaren berri eman beharko diote, aldez aurretik eta idatziz, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako Idazkaritza Teknikoari.
7.–Laguntzak etetea.
Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko ikertzaileek laguntza aldi baterako eteten ahalko dute, bat etorriz 103/2019 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluarekin.
8.–Uko egitea.
Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako Idazkaritza Teknikoari, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin.
9.–Tesiaren defentsa.
Tesiaren defentsa lau urteko epearen barruan egin behar da. Tesia epe horretan defendatu ez bada, laguntza amaitu eta urtebete igaro ondoren, justifikazio-txosten bat bidali beharko da Ikerketako Idazkaritza Teknikora. Txosten horretan honako hauek jaso beharko dira: tesiaren zuzendarien txostena, ordura arte egindako ikerketa-lanaren txostena, ikerketan izandako balizko desbideratzeak, lan-kronograma eta defentsarako aurreikusitako datak.
Tesia defendatzeko epeari dagokionez, aplikatuko da doktorego-ikasketak arautzen dituen araudia.
Laguntzaren azken helburua da doktore-titulua lortzea eta, helburu hori bete ezean, laguntza baliogabetzen ahalko da, eta jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira.
10.–Onuradunen betebeharrak.
–Doktorego-ikasketetan matrikulatzea urtero.
–Sailean sartzea laguntza hasteko ezarritako datan.
–Irakaskuntza- eta ikerketa-lanak egitea sailean, tesi-zuzendarien zuzendaritzapean.
–Prestakuntza-helburuekin kolaboratzea, 180 ordura arte gehienez, doktoratu aurreko kontratuaren iraupen osoan, eta inola ere ez 60 ordu baino gehiago urtean, bat etorriz 103/2019 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin.
–Atxikipen-zentroaren funtzionamendu-arauak betetzea, dedikazioari, bete beharreko eginkizunari, ordutegiei eta oporrei dagokienez.
–"Amigos de la Universidad de Navarra" elkarteak eta programa kudeatzen laguntzen duten erakundeek laguntza jaso ahal izateko eskatzen dizkioten txostenak eta gainerako dokumentuak betetzea.
–"Amigos de la Universidad de Navarra" elkarteari ahalmena ematea laguntza eskatzeko edo egindako lana justifikatzeko aurkeztutako memoriak eta txostenak egoki iritzitako moduan erabil ditzan, argitaratzea alde batera utzita, eta emandako laguntzaren zenbatekoa osorik edo zati batean finantzatuko duten pertsona edo erakundeekin egin beharreko izapideak egin ditzan.
–"Amigos de la Universidad de Navarra" elkartearekin lankidetzan aritzea eskatzen zaizkion aurkezpenetan edo ekitaldietan.
–"Amigos de la Universidad de Navarra" elkartearen 25/30 Estrategiaren laguntza-programaren kargurako finantzaketa aipatzea programa horren babesean egindako ikerketen ondoriozko argitalpenetan eta beste emaitza batzuetan.
–103/2019 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.
–Bizileku-/lan-baimena eguneratu eta berritzeko behar diren izapideak egitea, hura amaitu baino 60 egun lehenago.
Deialdian ezarritako betebeharrak osorik edo zati batean betetzen ez badira, laguntza baliogabetuko da, eta gertatzen ahalko da laguntza itzuli behar izatea, dela osorik, dela ez-betetzea gertatzen denetik.
11.–Eskaera berriek aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskaera-orria.
b) Curriculum vitaea.
c) Ikasketa-espedientea. Egindako ikasketen eta irakasgai bakoitzean lortutako kalifikazioen ziurtagiri akademiko xehatua. Ziurtagiriak jaso beharko du espedientearen batez besteko nota (0-10 arteko eskala). (Ez da beharrezkoa ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egin dituztenentzat). Atzerrian egindako ikasketen kasuan, eskatzaileak batez besteko nota baliokidea aurkeztu beharko du, norgehiagoka-prozesura aurkeztu ahal izateko.
Esteka honetan lortzen ahal da: https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia_notas_medias.
d) 2026-2027 ikasturterako doktorego-programa batean onartua izateko eskaera egin izanaren egiaztagiria. Doktorego-programa batean onartua izateko eskaera esteka honetan izapidetzen da: miUNAV ataria (https://miportal.unav.edu/).
Eskaerak aurkezteko inprimaki normalizatuak Interneteko helbide honetan eskuratzen ahalko dira: https://amigosuniversidadnavarra.org/solicita-tu-beca/.
12.–Berritzeko eskaerek aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Laguntza berritzea eskatzeko inprimakia.
13.–Eskaerak aurkeztea.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 15ean bukatuko da.
Eskaera eskaneatuta bidaliko da helbide elektroniko honetara: investigacion@unav.es. Gaian honako hau adieraziko da: IZEN-DEITURAK - 25/30 ESTRATEGIAREN LAGUNTZA-ESKAERA.
14.–Oinarrien onarpena.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar deialdiaren oinarriak eta ebazpena onartzea eta edozein erreklamazio motari uko egitea.
15.–Publizitatea.
Behar bezalako publizitatea egiteko, deialdi hau jendaurrean egonen da "Amigos de la Universidad de Navarra" elkartearen webgunean (http://www.amigosuniversidadnavarra.org).
Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da deialdia.
Iruñean, 2026ko apirilaren 14an.–"Amigos de la Universidad de Navarra" elkarteko lehendakaria, Alfonso Sánchez-Tabernero.
Iragarkiaren kodea: P2605524