86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera-proben deialdia egiten duena.

Hala xedatuta baitago urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan (1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena), goi mailako arte irakaskuntzetako graduko tituluak lortzeko irakaskuntza ofizialetarako sarrera eginen da berariazko proba bat gaindituta, betiere unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituz gero edo hauetako titulu bat izanez gero: Batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.

Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak 2026ko martxoaren 5ean emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proben deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera-proben deialdia egitea, ebazpen honi gehitu zaion eranskinean jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2026ko martxoaren 17an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–OINARRIAK

1.–Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera-proben deialdia egitea 2026-2027 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitira Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera-proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2026-2027 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena pasealekua 1, Iruña).

Hala ere, kasuren batean beste espazio batzuk erabili behar badira, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak emanen du horren berri, behar den moduan eta behar bezain goiz eman ere, hala ikastetxearen iragarki-taulan nola web-orrian.

Sarrera-probak deialdi bakarrean eginen dira. 2026ko ekainaren 8tik aurrera hasiko dira, eta behar den denborarekin iragarriko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Epaimahai bakoitzak 48 ordu lehenagotik gutxienez jarriko ditu jendaurrean probaren zati bakoitza egiteko eguna eta ordua, baita emaitzak argitara emateko eguna ere, probak eginen diren tokian eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren web-orrian (https://csmn.es/).

4.–Betebeharrak.

4.1. Musikako goi mailako irakaskuntzetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: Batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

b) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera-proba bat gainditzea, izangaiak irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik. Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da probaren azken kalifikazioan.

4.2. 4.1.a) oinarrian aipatutako betebeharrak betetzen ez badira, honako hauek ere sartzen ahalko dira musikako goi mailako irakaskuntzetan:

a) Betebehar akademikoak ordezten dituen heldutasun proba 2025a baino lehen gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiri bat duten pertsonak. Proba hori hezkuntza administrazioek antolatzen dute, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen da (1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena).

b) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

c) Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019tik 2025era bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean egindako proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

d) Honako baldintza hauek batera betetzen dituzten pertsonak:

d.1) Aparteko goiztiartasuna erakusten duten pertsonak musikako eta/edo dantzako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketetan sartzeko antolatzen den proba 2025ean gainditu izanaren ziurtagiria izatea.

d.2) 2026ko urte naturalean 17 edo 18 urte betetzea.

e) Honako baldintza hauek batera betetzen dituzten pertsonak:

e.1) Aparteko goiztiartasuna erakusten duten pertsonentzat musikako eta/edo dantzako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketetan sartzeko antolatzen den proba 2026an gainditu izanaren ziurtagiria izatea.

e.2) 2026ko urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzea.

5.–Probetan izena ematea.

5.1. Probetara aurkeztu nahi duten pertsonek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak bere web-orritik gaituko duen inprimaki elektronikoa erabiliz: https://csmn.es/pruebas-de-acceso/. Edo, bestela, zuzenean esteka honetatik: https://eoimus.educacion.navarra.es/csmn/.

Eskabide horretan, izangaiak zehaztu beharko du zein espezialitate eta ibilbidetan ematen duen izena.

5.2. Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean, eta eskabidearekin batera minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria aurkeztuko dute, erakunde eskudunak emana, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak.

5.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokide baten kopia digitala, bi aldeetatik.

b) Musikako goi mailako irakaskuntzetan sartzeko probetarako izen-emate gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan dagokion kopurua sartu izanaren frogagiriaren gordekina. Kopuru hori ezarrita dago otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoan, eta hauxe da: 61,79 euro. Ordainketa hori telematika bidez eginen da.

Honako zerga-onura hauek aplikatuko dira:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

e) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatean sartzeko proba gaindituta izatea frogatzen duen agiriaren fotokopia, hala izanez gero, edo goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat izatea frogatzen duenarena.

Probetan izena ematean, izangaiek, baldin eta d) eta e) ataletan aipatutako ikasketen azken maila egiten ari badira eta, hortaz, ez badituzte aipatutako dokumentuak, 2026ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte.

f) Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko, 2025 baino lehenago heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik izanez gero.

g) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

h) 2019tik 2025era bitarte (biak barne) Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik izanez gero.

i) Halakorik badu, aparteko goiztiartasuna erakusten duten pertsonentzat musikako eta/edo dantzako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketetan sartzeko antolatzen den proba 2025ean gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia.

Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko goiztiartasuna erakusten duen izangai batek, izena ematean, gainditzeko baldin badauka musikako goi mailako arte irakaskuntzetako graduko ikasketak egiteko proba eta 2026. urte naturalean 16, 17 edo 18 urte betetzen baditu, eskaeran adierazi beharko du izena eman duela proba hori egiteko, eta proba gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, behin betiko emaitza eskuratu bezain laster, eta, edozein kasutan, matrikula egin aurretik. Matrikulatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da dokumentazio hori aurkeztea.

j) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako Musikako lanbide tituluko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri osoa.

k) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren araberako musikako irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkezten ahalko dute.

l) Izangaiak proban aurkeztuko dituen obren zerrenda.

m) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

5.4. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Eskabidea, aipatutako dokumentazioarekin batera, eranskin honen 5.1 oinarrian ezarritako bitartekoen bidez aurkeztu beharko da, 2026ko maiatzaren 11tik 22ra bitartean, biak barne.

5.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Izena emateko ezarritako epea bukatu ondoren, Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak aditzera emanen du, ikastetxean bertan, eskatzaile onartuen izenen zerrenda, espezialitateen arabera, eta, hala badagokio, ibilbideen arabera, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Eranskin honen 5.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei erantzun ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastetxean bertan; baztertuen kasuan, gainera, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

6.–Espezialitateak eta ibilbideak.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera-probak iragartzen dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

7.–Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia, baita probako atal bakoitzari ematen zaion balorazio partziala espezialitatearen arabera, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren eranskinean ezarritakoak izanen dira, horren bidez arauak eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

8.–Berariazko sarrera-proba gainditzea.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera-proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, kasuan kasuko espezialitateko probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

9.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu zuen.

10.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren azken kalifikazioan.

Berariazko sarrera-proba gainditu eta Musikako lanbide titulua edo Musikako irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio berariazko sarrera-proban lortzen duten notari. Espediente hori Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora bidali beharko da 2026ko ekainaren 5a baino lehen, helbide elektroniko honen bidez: smnavar@educacion.navarra.es.

Berariazko sarrera-proba gainditzen duten izangaiei lanbide ikasketen balorazioa gehitu ondoren, zerrenda bakar bat osatuko da espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, ibilbide bakoitzerako, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzeko prozesua espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten izangaiei esleitzen ahalko dizkie.

11.–Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikidea. Gainera, Interpretazioa espezialitatean, ibilbidearen araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

11.1. Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketekin lotutako arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, egoki iritziz gero.

11.2. Epaimahaiak publiko egitea.

Epaimahaiko kideen izenak probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko dira, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan eta web-orrian.

12.–Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta musikako goi mailako ikasketei begira dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

13.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, epaimahaiburuari zuzenduak, probak egiten diren tokian aurkeztuko dira, hiru egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunen barnean ebatziko dira. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo hiru egunetan.

14.–Dokumentazioa gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik.

Iragarkiaren kodea: F2604317