86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

68C/2026 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita honako akordio hau erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea: akordioa, aldatzen duena Zizur Nagusiko Udalak eta langile funtzionario eta administrazio-kontratudunek lan-baldintzei buruz sinatutako akordioa.

Ikusirik akordio honen testua: akordioa, aldatzen duena Zizur Nagusiko Udalak eta langile funtzionario eta administrazio-kontratudunek lan-baldintzei buruz sinatutako akordioa (310004213013 kode zenbakia). Akordioa erregistro honetan sartu da 2026eko martxoaren 18an, eta 2025eko azaroaren 26an sinatu zuten Udaleko eta sindikatuetako ordezkariek.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan arloko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela egiaztatzeko.

Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki entitateak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio-eremuaren mende daudela, eta horietan ezartzen diren arauak aginduzkoak eta ez gutxienetakoak dira.

Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Akordio honen testua Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatu dadila agintzea: akordioa, aldatzen duena Zizur Nagusiko Udalak eta langile funtzionario eta administrazio-kontratudunek lan-baldintzei buruz sinatutako akordioa (310004213013 kode zenbakia).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 31n.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAK ETA LANGILE FUNTZIONARIO ETA ADMINISTRAZIO-KONTRATUDUNEK LAN-BALDINTZEI BURUZ SINATUTAKO AKORDIOAREN (2015-2016) ARTIKULU BATZUK ALDATZEKO AKORDIOA

Lan-baldintzei buruzko akordioaren jarraipena egiteko batzordeak bilera egin zuen 2025eko azaroaren 26an, bertan zirela Zizur Nagusiko Udalaren ordezkariak eta langile funtzionarioen eta administrazio-kontradunen ordezkari sindikalak. Erabaki zuten 22 bis artikulua sartzea eta 27. artikulua aldatzea Zizur Nagusiko Udalak eta langile funtzionario eta administrazio-kontratudunek lan-baldintzei buruz sinatutako akordioan (2015-2016). Hona hemen aldaketon xehetasunak:

Bat.–Akordioan sartu da 22 bis artikulua, eta honela geldituko da idatzirik:

22 bis artikulua.

"Gizarte Segurantzako funtzionarioek lan-jarduera aldez aurretik utz dezaten errazteko, eta horrek ez diezaien kalterik eragin etorkizunean legozkiekeen erretiro-prestazioetan, zera erabaki da: Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat sinatzearen kostuak udal-aurrekontuen kargura finantzatzea, erretiro-egunera arte kotizazio-oinarriei eusteko. Hitzarmen berezi hori sinatzeko eskaera langileak egin beharko dio Gizarte Segurantzari.

Honako irizpide hauen arabera arautuko da hitzarmen berezi horren finantzaketa:

a) Gizarte Segurantzako funtzionarioak erretiroa hartu aurreko bi urteetan eskatzen ahalko du dagokion hitzarmenaren finantzaketa.

b) Hitzarmen berezia finantzatzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharko du lanpostuari uko egiteko eta hartan aritzeari uzteko eskaera.

c) Lanpostua zer egunetan uztea aurreikusita dagoen, egun hori baino hiru hilabete lehenago, gutxienez, aurkeztu beharko du eskaera.

d) Horretarako aurrekontu-zuzkidura egonez gero, dagokion hitzarmen bereziaren finantzaketa onetsiko da, salbu eta ezohiko inguruabarrak badaude. Inguruabar horiek Langileen Arloak egiaztatu beharko ditu.

e) Hitzarmenaren finantzaketa ez da inolaz ere lansaritzat hartuko".

Bi.–Azken paragrafo bat gehitu zaio akordioaren 27. artikuluari. Hona hemen:

27. artikulua.

"[... ]

–Odontologia, ortodontzia, estomatologia, psikologia eta nutrizioa: urtean 100 euroko laguntza langile bakoitzeko.

Artikulu honetan adierazitako gehieneko zenbatekoak, kasua bada, urtero eguneratuko dira, udal-aurrekontuetan horretarako ezartzen diren zenbatekoen arabera".

Andoni Serrano Zabalza jauna.

Sandra Urrutia Olleta andrea.

Itxaso Ruiz de las Heras Goñi andrea.

Armando Liaño de Sola jauna.

Eduardo Roldán Pérez jauna.

Pablo Fermín Salvatierra Beorlegui jauna.

Francisco García Pérez jauna.

Iragarkiaren kodea: F2605586