86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

835/2026 EBAZPENA, 2026ko apirilaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia onesten da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa kultura bultzatu eta sustatzeko gauzatzen ari den politikaren barnean, Ikerketako Errektoreordetzak, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako ikasleengan zientziarako bokazioa sustatzeko helburuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia egin du Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietako ikasleentzat.

Ikusirik 6E/2026 EBAZPENA, 2026ko martxoaren 3koa, Unibertsitatearen zuzendari nagusiak emana. Haren bidez onesten da 2026an emakumeen STEM bokazioak sustatzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin egindako hitzarmenaren testua –testu horrek "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia ebazpen honen eranskinean datozen oinarriei jarraikiz egitea onesten du–.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an emandako 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2025eko otsailaren 25ean emandako 351/2025 Ebazpenaren bidez, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren bidez eta 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez aldatu da).

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatutako "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 1.300 eurokoa gehienez, sariak erosteko izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura ordainduko da:

  • 30.30.00.013B.0330.228.08 Gastu suntsikorrak, ikerketako beste gai batzuk 1.300 euro.
  • Espediente zk.: 2026/0000929.

Hirugarrena.–Halako sariak Nafarroan ondare irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Era berean, aipatutako argitalpena alde batera utzi gabe, ahalik eta gehiena zabalduko da Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut antzezlanaren webgunearen bidez (https://www.unavarra.es/cientificas-upna/lehiaketa?languageId=100001).

Aditzera ematea, halaber, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak posta elektronikoz bidaliko duela deialdia Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietara.

Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka eta haren oinarrien aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Iruñeko Auzitegiko ataletan, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko apirilaren 21ean.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN EMAKUMEAREN, ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN KATEDRAK DEITU DUEN "EMAKUMEA NAIZ ETA ZIENTZIALARIA IZAN NAHI DUT" LEHIAKETAREN VIII. EDIZIOAREN OINARRIAK

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzak, Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikasleengan zientziarako grina sustatzeko helburuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia egin du.

Lehiaketa horrek jarraipena ematen dio Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut antzezlanari, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko zenbait irakasle protagonista dituen emanaldiari.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

"Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatua, zeinetan Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek hartzen ahal baitute parte. Helburu nagusia emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea da, hau da, STEM titulazioetako emakumeen kopurua handitzeko (ingelesez Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika esan nahi du), bai eta arlo horietako ikerkuntza bultzatzeko eta genero ikuspegia txerta dadila sustatzeko.

Bigarrena.–Finantzabidea.

Deialdi honek 1.300 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko "30.30.00.013B.0330.228.08 Gastu suntsikorrak, ikerketako beste gai batzuk" aurrekontu partidaren kargura ordainduko da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitateak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izanen ditu:

A) 2025-2026 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloetan matrikulatutako ikasleentzako saria, bi kategoria hauetan banatuta:

–Lehen saria: jostailu teknologikoak eta NUPeko promozio materiala.

–Bigarren saria: NUPeko promozio materiala duten bi accesit.

B) 2025-2026 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 3. zikloan matrikulatutako ikasleentzako saria, bi kategoria hauetan banatuta:

–Lehen saria: jostailu teknologikoak eta NUPeko promozio materiala.

–Bigarren saria: NUPeko promozio materiala duten bi accesit.

Gainera, irabazleen ikastetxeek liburu sorta bana jasoko dute, eta beren ikasgela osoak aukera izanen du sari banaketaren egunean NUPen zientziari buruzko jardunaldi batera joateko. NUPera joateko garraioa Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak ordainduko du.

Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Laugarrena.–Lanen ezaugarriak.

4.1.–Lehiaketara aurkezten den lana lotua egon behar da antzezlanean jorratutako gaiarekin. Historiako emakume zientzialari garrantzitsuenetako bati edo zenbaiti buruzkoa izan daiteke, edo ikasleei inspirazio gisa balio izan dieten gaur egungo emakume zientzialariei buruzkoa. Besteak beste, aukeraturiko emakumeari edo emakumeei eta haien lanari buruz ikertzen ahalko dute, eta gauza hauetakoren bat egiten ahalko dute: haien esperimentuak errepikatu edo antzeko beste batzuk egin, haien lorpenak kontatu, elkarrizketa egin haiei, marrazki edo mural batekin omendu... edo gaiarekin zerikusia duen beste zerbait egin.

4.2.–Lanaren formatua librea da, eta hauetakoren bat izaten ahal da:

–Idazlan edo testu bat, gehienez bi orrialdeko luzera duena.

–Marrazki bat.

–Bideo bat.

–Ikastetxeko irakasleek egokitzat jotzen duten beste edozein formatu.

Modalitate batean nahiz bestean, lana edozein formatutan egiteko aukera dute ikasleek.

4.3.–Lanek originalak behar dute izan, eta argitaragabeak. Lanaren egiletza edo originaltasuna dela kausa hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu, ikastetxea izanen da erantzulea.

4.4.–Lan bakoitzeko gehieneko parte-hartzaile kopurua ezin izanen da izan gela bakoitzean matrikulatutako ikasle kopurua baino handiagoa.

4.5.–Lanak gaztelaniaz, euskaraz zein ingelesez aurkez daitezke.

Bosgarrena.–Balorazio irizpideak.

Lehiaketaren epaimahaia Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut antzezten duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko irakasleek osatuko dute.

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:

–Sormena: originaltasuna eta jendearen arreta erakartzeko baliabideak erabiltzeko trebezia.

–Edukia: mezua eta erakutsitako ezagupenen sakonera.

–Kalitatea: lanaren aurkezpena eta forma.

Seigarrena.–Baldintzak.

6.1.–Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntza ematen duten ikastetxe guztiek hartzen ahalko dute parte.

6.2.–Parte hartzen duten ikastetxeek nahi adina lan aurkezten ahalko dituzte.

6.3.–Lan bakoitzeko gehieneko parte-hartzaile kopurua ezin izanen da izan gela bakoitzean matrikulatutako ikasle kopurua baino handiagoa.

6.4.–Ez dira onartuko oinarri hauen laugarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten hautagaitzak.

Zazpigarrena.–Prozedura eta aurkezteko epea.

Lanak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2026ko maiatzaren 15ean bukatuko da. Ez da onartuko egun hori baino beranduago aurkeztutako lanik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut" lehiaketaren VIII. edizioan parte hartu nahi duten ikastetxeetako bakoitzaren arduradunak dokumentazio hau bidali beharko du yoquierosercientifica@unavarra.es helbide elektronikora:

–Ikastetxearen datuak eta harremanetarako pertsona.

–Aurkeztu nahi diren lanak, izenburua eta egilea(k) adierazita.

–Gainera, posta elektronikoz bidaltzeko aukeraz bestalde, eskuz egindako lanak (adibidez horma-irudi bat) postaz bidali ahal izanen dira, helbide honetara: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra (Pinuak eraikina, Arrosadiko campusa, 31006 Iruñea).

Ikerketako Errektoreordetzak lan guztien anonimotasuna zainduko dela bermatuko du, epaimahaikideek hautaketa egin eta saridunak zein izanen diren erabaki ahal izateko, lanak nork egin dituen jakin gabe.

Zortzigarrena.–Sari banaketa.

8.1.–Epaimahaikideak 2026ko maiatzaren 29a baino lehenago elkartuko dira lehiaketako bi modalitateen irabazleak eta accesitak zein izanen diren erabakitzeko. Epaimahaiaren azken erabakia Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, baliozko bitarteko ofizial bakar gisa. Dena den, Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut antzezlanaren webgunearen bidez ere zabaltzen ahalko da.

Saritutako ikasleen ikastetxeei posta elektronikoz emanen zaie abisua.

Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Iruñeko Auzitegiko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.2.–Saritutako ikasleek berek edo, etortzerik ez badute, haien ordezkariek joan behar dute sariak banatzeko ekitaldira. Saritutako ikasle bat edo bere ordezkaria ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da. Epaimahaiaren erabakiarekin batera jakinaraziko zaie irabazleei noiz izanen den sariak banatzeko ekitaldia, eta gutxienez ekitaldiaren eguna baino 5 egun natural lehenago.

8.3.–Sari banaketaren egunean, halaber, irabazleen ikasgela osoak zientziari buruzko jardunaldi batean parte hartuko du, eta, bertan, zientzia-tailerrak egin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko laborategi eta lantegiak bisitatuko dituzte.

Bederatzigarrena.–Saritutako ikasleen betebeharrak.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako saria itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.

Tratatu beharreko datuak sarirako hautagaien nortasuna (izen-abizenak), harremanetarako datuak eta aurkeztutako lana izanen dira.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari lotutako sariak antolatzea eta ematea da. Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara irispidea izateko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea datuen babeserako delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Bideoekin edo ikus-entzunezko bestelako materialekin parte hartzen dutenei dagokienez, ohartarazten zaie balitekeela Interneten horien publizitatea egitea. Alde horretatik, modu horretan tratatutako datuak ezabatzeko eskaera oro premisa hauek kontuan hartuta aztertuko da: oinarri honetan egindako ohartarazpena, deialdi honen xedearen izaera publikoa eta Internetera igotako irudiak ahazteko eskubidearen mugak, eskubide hori esfortzu teknologiko handietara mugatzen baita.

Hamaikagarrena.–Eskubideen lagapena.

Deialdi honen babesean saritzen diren lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek laga egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko, hedatzeko edo ustiatzeko eskubidea, edo beste edozein eskubide, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaririk, ordainsaririk edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

Saritua izateak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.

Hamabigarrena.–Oinarrien onarpena.

Lehiaketara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Hamahirugarrena.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Horiek aplikatuz emandako gainerako egintzak ere Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira. Argitalpen horri kalterik egin gabe, zilegi izanen da oinarriak eta aipatutako egintzak Unibertsitatearen Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut antzezlanaren web orrialdearen bitartez zabaltzea eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak edo Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako ikasketak dituzten ikastetxe guztiei posta elektronikoz bidaltzea.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2606076