Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1699E/2026 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira dirulaguntzak emateko lantegi-eskolak egin daitezen, eta 6.777.625,42 euroko gastua baimentzen baita 2026, 2027 eta 2028rako. DDBN kodea: 898059.
Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zitzaion eta esparru juridiko berri bat ezarri zen hala enpresek nola administrazio publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza-eskaintzetarako.
Lege horren 8. artikuluak ikas-ekinezko prestakuntza aurreikusten du, enplegu eta prestakuntzako prozesu misto baten bidezkoa. Prozesu horrek aukera ematen dio langileari ikaskuntza formala eta lanpostuko jardun profesionala uztartzeko, txandakako prestakuntza-kontratu baten bidez.
Ikas-ekinezko prestakuntzako kontratuaren helburua da enpresa bateko lan-jarduera bat prestakuntza-prozesu batekin bateragarri egitea, lan-esperientziak prestakuntza teorikoa osatu eta aberastu dezan, lanbide-kualifikazioa eta laneratzea erraztuz.
2025-2028 Nafarroako Enplegu Planaren helburu estrategikoak dira Nafarroako langabezia orokorra murriztea, zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan langabezia murriztea eta Nafarroan urtero prestakuntza jasotzen duten langileen kopurua handitzea.
2025-2028 Nafarroako Politika Aktiboen Planak lehen helburu estrategiko hau du: "Enplegu-zerbitzuak eskatzen dituzten langileen eta langabeen enplegagarritasuna hobetzea, enplegu bat lortzeko aukerak handituz eta arreta etengabeko prestakuntzarako eskubidean jarriz". Helburu espezifikoetako batean honako hau zehazten da: "Lehentasunezko kolektiboei zuzendutako prestakuntzaren irismena hobetzea: lantegi-eskolak, PEI eta prestakuntza eta enplegu tailerrak".
Bigarren helburu estrategikoa da "Nafarroan lan-merkatu dinamikoa, erresilientea eta inklusiboa sortzen laguntzea, aukera-berdintasuna eta kalitatezko enplegua bermatzeko".
Zeharkako helburuetako bat gizarte-kohesioa da, eta lehentasunezko kolektiboen artean bazterkeria-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak daude. Zaurgarritasun hori areagotzen duten aldagaietako bi prestakuntza txikiagoa eta lan-ibilbiderik eza dira, eta aldagai horiek arintzen saiatzen dira deialdi honekin.
Deialdi hau Nafarroako 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoko 324. fitxan (Prestakuntza eta enplegu programa mistoetarako dirulaguntzak) jasota dago.
Irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretuak, Enplegu Sistema Nazionalaren barruan enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituenak, 36.etik 40.era bitarteko artikuluetan zehazten ditu enplegu eta prestakuntzako programen baldintzak: xedea, garapena, parte-hartzaileen hautaketa eta finantzaketa.
Deialdi honen bidez, langabezian dauden pertsonen enplegu aukerak hobetu nahi dira, lanean ahalik eta berme handienarekin hasteko edo enplegua hobetzeko behar duten prestakuntza eta esperientzia emanda. Horretarako, onuradunak ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu batekin kontratatuko dira, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Era berean, deialdi honek lagunduko du Nafarroako Gobernua atxikita dagoen 2030 Agendako garapen jasangarriko helburu (GJH) batzuk lortzen. Zehazki, deialdi honek ekarpena eginen du bereziki GJH hauetan:
–4. GJHa: Kalitatezko hezkuntza: parte-hartzaileei prestakuntza teknikoa eta zeharkako gaitasunak emanen dizkielako funtsezko gai batzuetan, hala nola gaitasun digitaletan, jasangarritasunean, genero-berdintasunean eta trantsizio digitalean, besteak beste.
–8. GJHa. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa: deialdi honen bidez pertsonen prestakuntzan lagunduko delako, bai eta onura publikoko obra edo zerbitzuetan enplegua sortzen ere. Beraz, hazkunde ekonomikoa indartzen da.
–10. GJHa. Desberdintasunak murriztea: langabezian dauden pertsonak laneratzen lagunduko duelako.
Prestakuntza- eta enplegu-programak banakako ebaluazioaren araubidean emanen diren dirulaguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatuko dituzte. Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari toki entitateek lantegi-eskolak egiteko dirulaguntzen deialdia banakako ebaluazio araubidean izapidetzeko.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean bakarrik lantegi-eskolak 2026an, 2027an eta 2028an egiteko dirulaguntzen deialdia.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 6.777.625,42 euroko gastua baimentzea, aurrekontu partida hauen kargura eta honako egozpen hauekin:
- 972.908,47 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura, Nafarroako toki entitateek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
- 1.286.300 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura, elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
- 972.908,47 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura, edo 2027an gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kargura, baldin eta xede horretarako kreditua badago, Nafarroako toki entitateek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
- 1.286.300 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-24-000737-01] partidaren kargura, edo 2027an gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kargura, baldin eta xede horretarako kreditua badago, elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
- 972.908,48 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-25-000766-01] partidaren kargura, edo 2028an gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kargura, baldin eta xede horretarako kreditua badago, Nafarroako toki entitateek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
- 1.286.300 euro, 2026ko aurrekontuko "Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002-96200-4819-242200 [PEP: E-25-000766-01] partidaren kargura, edo 2028an gaitzen den antzeko aurrekontu partidaren kargura, baldin eta xede horretarako kreditua badago, elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek egiten dituzten lantegi-eskoletarako.
4. 800.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta argitaratu arte.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 10ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, 2026., 2027. eta 2028. urteetan langabeentzat antolatzen diren lantegi-eskolak egiteko dirulaguntzak.
2.–Entitate onuradunak.
2.1. Deialdi honen bidez diruz lagundu daitezkeen lantegi-eskolak honako hauek sustatzen ahalko dituzte:
a) Nafarroako toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien mendeko edo horiekin parekatutako entitateak, titulartasun osoa toki entitate horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.
b) Nafarroan gutxienez establezimendu bat duten irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako entitateak.
2.2. Edukiera, instalazioak, ekipamenduak eta prestakuntza-materiala.
Entitate onuradunek eskumena izanen dute kasuan kasuko onura publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak gauzatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan.
Gainera, prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza emateko behar beste instalazio eta giza baliabide izan beharko dituzte, programek jasotzen dutenaren arabera.
Aldez aurretik inskribatuta ez dagoen prestakuntza entitatea inskribatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko da, adierazteko behar adina instalazio eta giza baliabide dituela irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.
Proiekturako erabiltzen diren ikasgelak, lantegiak eta gainerako gelak entitate onuradunaren jabetzakoak ez badira, eskaera egitean frogatu beharko da prestakuntza emateko erabiltzen ahal direla.
Onetsitako proiektuaren memoriaren arabera, entitate onuradunak jarri beharko ditu ikasgelak, lantegiak, altzariak, makineria eta abar, proiektuak behar bezala funtzionatzeko behar duen oinarrizko ekipamendua alegia.
Proiektuko memorian adierazitako gainerako ekipamendua prest egonen da, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoa den unean erabiltzeko.
3.–Lantegi-eskolen definizioa, iraupena, hasteko epea eta edukia.
3.1. Lantegi-eskolak enplegu-prestakuntzako programa publikoak dira, eta, beraz, bideratuta daude haietan parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna eta laneratze aukerak hobetzera, kualifikazioa jasoz eta lanbide-jardunean arituz, Estatuko araudi aplikagarrian adierazitako moduan.
Diruz lagundutako proiektuak laneratzera bideratuko dira, parte-hartzaileek lanbide-gaitasunak eta esperientzia eskuratuz. Nolanahi ere, proiektu horietan egindako jarduerek aukera eman behar dute parte-hartzaileen ikaskuntza eta lanpostuko jardun profesionala uztartzeko. Proiektua gauzatzen den bitartean, onura publikoko edo gizarte-intereseko obrak edo zerbitzuak eginen dituzte, ikasle-langileek benetako lana egin ahal izan dezaten.
Proiektuak 12 eta 20 parte-hartzaile arteko taldeetan landuko dira.
3.2. Proiektuak 12 eta 20 hilabete arteko iraupena izanen du, eta 2028ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko da.
3.3. Lantegi-eskolen edukia:
3.3.1. Prestakuntza-edukia:
Proiektuko prestakuntzaren programazioa zehatz azalduko da eskaerari gehitutako memorian.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (aurrerantzean, NL-NEZ) baliozkotuko du, edo ez, entitateak proposatutako prestakuntza, bai eta haren diseinua eta konfigurazioa ere, eta eskatzen ahalko du, proposamena oneste aldera, zuzenketak edo egokitzapenak egin daitezen.
Prestakuntzaren edukia honako hau izanen da:
a) Laguntza jarduerak.
Behar duten proiektuek beren prestakuntza programetan gehienez ere 100 ordu sartzen ahalko dituzte 1. mailako profesionaltasun ziurtagirientzat, eta 50 ordu 2. mailako profesionaltasun ziurtagirientzat. Ordu horiek prestakuntza teknikoaren jarraipena egiten laguntzeko baliatuko dira.
b) Gainera, entitate onuradunek honako jarduera eta prestakuntza-ekintza hauek programatu eta eman beharko dituzte, eta memoriaren prestakuntza-planaren barruan sartu beharko dira:
–Oinarrizko konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza. "Oinarrizko konpetentzia digitalen hastapenak" izeneko FCOI06 prestakuntza-espezialitatea emanen da, 26 ordukoa.
–Eraldaketa digitala, garapen jasangarria eta genero-berdintasuna. Gai honen edukiak 10 orduko iraupena izanen du gutxienez, eta hiru eremuen artean banatzen ahalko da, erabakitzen denaren arabera.
Honako hauei buruzko jarduketak dira: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen artean); eta genero-zeharkakotasuna. Genero-zeharkakotasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-desberdintasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.
Hura prestatzeko, NL-NEZek prestatutako erreferentziazko materialak erabili beharko dira:
https://sites.google.com/view/td-y-sost-ndice-familias-profe/Indice-TD-SNE-familias-profesionales
–Pertsonak lanpostuan duen portaera orokorraren ezaugarriei edo trebetasunei buruzko jarduketak: motibazioa, gizarte-trebetasunak, talde-lana, gatazken konponketa, proaktibitatea, erantzukizuna, autoezagutza eta autokonfiantza, enplegu-bilaketa aktiboa, etab. Gai horien edukiak gutxienez 10 orduko iraupena izanen du.
Prestakuntza-jarduera horiek, batuta, ezin izanen dira 70 ordutik gorakoak izan.
c) Gaitasun teknikoetako prestakuntza.
Ikasle-langileek prestakuntza jasoko dute egin beharreko lanerako egokiak diren gaitasun teknikoetan.
Prestakuntza teknikoak ez du barne hartuko lanbide-jardunerako laneko arriskuen prebentzioari (LAP) buruzko prestakuntza, ez eta txartel profesionalak lortzeko beharrezkoa dena ere. Prestakuntza hori Centro Navarro de Aprendizaje Integral (CNAI) sozietate publikoak kudeatuko du, eta proiektu hauetatik kanpoko funtsekin lagunduko da diruz.
Honako hauek sartuta:
c1) Profesionaltasun ziurtagiria.
Lantegi-eskola guztiek izanen dute, gutxienez, profesionaltasun ziurtagiri oso bat, 1. edo 2. mailakoa.
Prestakuntza-ibilbidea diseinatzean, profesionaltasun ziurtagiri osoak har daitezke edo, bestela profesionaltasun ziurtagiri oso bat eta beste batzuen zenbait prestakuntza-modulu.
Entitate onuradunak moduluka identifikatuko du ziurtagiri horien programazioa, ikasle berriak sartzea eta dagokien modulu akreditazioa egitea ahalbidetzeko.
Era berean, bete beharko ditu bai profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan xedatutako betebeharrak, bai profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuaren xedapenak.
Profesionaltasun ziurtagirien URLa: https://todofp.es/buscadorcertificados/buscador.
c2) Prestakuntza-espezialitateak.
Profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza teknikoa prestakuntza-espezialitate katalogatuekin osatzen ahalko da.
Kasu horretan, prestakuntza-ibilbidea diseinatzean, profesionaltasun ziurtagiriak eta prestakuntza-espezialitate oso bat edo batzuk har daitezke, eta/edo espezialitate desberdinetako moduluak, betiere espezialitate horiek modulatu gisa agertzen badira.
Iraupena, edukiak eta eskolak emateko baldintzak izanen dira ibilbideak osatzen dituzten espezialitateen edo moduluen prestakuntza-programetan ezarritakoak.
Espezialitate guztien erreferentzia izanen da Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta haien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira:
https://sede.sepe.gob.es/FOET_CATALOGO_EEFF_SEDE/flows/main?execution=e1s1
NL-NEZek, salbuespen gisa, dirulaguntza ematen ahalko du Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota ez dauden prestakuntza espezialitateak emateko, entitate eskatzaileak aldez aurretik eskaera arrazoitua egiten badu.
Prestakuntza entitateek espezialitatearen alta eskatu beharko dute, eta, horretarako, prestakuntza programa bat eginen dute, prestakuntza-beharretara egokituko dena, eta NL-NEZek horretarako ezartzen dituen jarraibideak beteko dituzte.
3.3.2. Lantegi-eskoletan benetako lana egitea.
Lantegi-eskola guztietan funtsezko osagaia izanen da benetako lana, obra edo zerbitzu errealak egitea, onura publiko edo sozialekoa. Horrek eta parte-hartzaileek jasotzen duten lanerako prestakuntza teoriko-praktikoak bermatzen dute ikasitako lanbidean modu egokian aritzeko trebakuntza, eta horien ondorengo laneratzea errazten du, bai besteen kontura lan egiteko, bai enpresa edo ekonomia sozialaren arloko proiektuak sortzeko.
Benetako lanaren monitore/tutore izeneko figura batek zaintzen ahalko du lana. Pertsona horren ardura izanen da jarraibideak ezartzea eta egon daitezkeen akatsak zuzentzea. Onuradunek egiten duten lanak onartutako proiektuaren prestakuntza-planak eskatzen duen erritmoari jarraitu behar dio.
3.3.3. Orientazioa.
Proiektuek enplegurako orientazio-zerbitzu pertsonalizatuak, integralak eta inklusiboak eman behar dizkiote parte-hartzaile bakoitzari, apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretuaren III. kapituluaren arabera (438/2024 Errege Dekretua, Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Erkidea eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak garatzen dituena), enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.
Orientazio-zerbitzu horiek honako hauek izanen dira: profil indibidualizatua egitea, ibilbide edo plan pertsonalizatua egitea eta banakako tutoretza, aholkularitza jarraitua eta arreta pertsonalizatua parte-hartzaile bakoitzarentzat.
Hilean zerbitzu bat eman beharko da gutxienez, eta ORIENTASARE plataforma informatikoan erregistratu beharko da, egin eta gehienez ere 5 eguneko epean. Profil indibidualizatua eta ibilbide edo plan pertsonalizatua lantegi-eskolaren lehen etapan egin beharko dira.
4.–Proiektuen garapena.
4.1. Lantegi-eskolak bi etapa izanen ditu:
4.1.1. Lehenengo etapa: orientabidea eta prestakuntza hastea.
a) Etapa honek gutxienez hilabete iraunen du, eta gehienez hiru hilabete.
b) Etapa hau, batez ere, lan-orientazioko lanak osatuko du. Lan hori zeharkakoa da programa osoan, eta indar handiagoa hartzen du lehen une honetan. Gainera, entitate onuradunak 3.3.1.a) eta 3.3.1.b) oinarrietan zehaztutako prestakuntzetako bat ematen hasi beharko du gutxienez.
4.1.2. Bigarren etapa: ikas-ekinezko prestakuntza benetako lanarekin, eta laneratzean laguntzea:
a) Etapa honen hasieran, 3.3.1.c) oinarrian zehaztutako gaitasun teknikoei buruzko prestakuntza emanen da.
b) Programako etapa honetan, onuradunak ikas-ekinezko prestakuntza osatuko du proiektuan aurreikusitako benetako lanarekin. Orientazio lanean, laneratzeko ekintzak nabarmenduko dira bereziki.
Prestakuntza eta lan-jarduera txandakatu behar dira bigarren etapa honetan.
c) Ikasle-langileek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, araudi aplikagarrian eta oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera, baldin eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluaren 2. apartatuko m) letran aurreikusitako gutxienekoak errespetatzen badira.
Horretarako, ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua erabiliko da, bat etorrita Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan eta, hala badagokio, bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin.
Ikasle-langileekin sinatutako lan-kontratuen iraupena ezin izanen da proiektuarena baino luzeagoa izan.
d) Benetako lan-denbora ezin izanen da %65etik gorakoa izan bigarren etapa osoan.
4.2. Onuradunak sartzea eta ordeztea.
Lantegi-eskolaren programa guztiek hasi beharko dute gutxienez proiektuan ezarritako pertsonen %75ekin.
Norbaitek uzten badu, beste batek hartzen ahalko du hutsik gelditutako lekua. Proiektuak iraun bitartean onuradunak noiznahi hasten ahal dira, profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza ematen ari denean izan ezik. Kasu horretan, ordezkapen hori onartuko da ematen ari den prestakuntza-moduluaren iraupenaren %25 gainditzen ez bada. Nolanahi ere, sartu beharreko pertsonen kopuruak ezin izanen du gainditu hasitako pertsonak bider 0,5 egitearen emaitza, goiko zenbaki osora biribilduta. Hasitako pertsonen kopurua handiagoa baldin bada emakida lortzen duten pertsonen kopurua baino, pertsona horien kopuruarekin biderkatuko da.
5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.
Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batura izanen da:
1) Zuzendaritzarako, orientaziorako, benetako lanaren tutoretzarako eta administrazio-laguntzarako dirulaguntza.
2) Prestakuntzarako dirulaguntza.
3) Langile-ikasleen soldaten kostuari aurre egiteko dirulaguntza.
5.1. Zuzendaritzarako, orientaziorako eta benetako lanaren tutoretzarako dirulaguntza:
DIRULAGUNTZA | ZEREGINA |
21.612,50 eurotik 10.806,25 eurora urteko (lanaldiaren %50etik %25era bitartekoari dagokion zenbatekoa) | Zuzendaritza, lanaldiaren %50etik %25era edo horren zati proportzionala |
3.602,07 euro (lanaldiaren %100ari dagokion zenbatekoa) | Zuzendaritza kontratatzea 30 egunez (hasi baino 15 egun lehenago eta/edo amaitu eta 15 egunera arte), lanaldiaren %100ean edo zati proportzionalean |
21.612,50 euro urteko (lanaldiaren %50ari dagokion zenbatekoa) | Orientazioa, lanaldiaren %50ean edo zati proportzionalean |
21.352,50 euro urteko (lanaldiaren %65ari dagokion zenbatekoa) | Benetako lanaren tutoretza, lanaldiaren %65ean edo horren zati proportzionala |
12.967,50 euro urteko (lanaldiaren %50ari dagokion zenbatekoa) | Sostengu administratiboa, lanaldiaren %50ean edo zati proportzionalean |
Entitate onuradunak bere proiektuan hala aurreikusten badu, diruz laguntzen ahalko da zuzendariaren kontratazioa, proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta/edo amaitu eta 15 egun geroago gehienez, lanaldi osoan. Kasu horretan, hasi aurreko eta amaitu ondoko egunen kalkulu proportzionala eginen da, oinarri honetan ezarritako zenbatekoaren arabera.
Borondatezko bajaren kasuan, langileak programan benetan lan egiten duen egunak bakarrik ordainduko dira. Aldi baterako ezintasunagatiko bajaren kasuan langilea ordeztu behar bada, hamabosgarren egunetik aurrera ez zaio ordainduko egoera horretan iraun bitartean, eta 21.3.c) oinarrian aurreikusitako penalizazioa aplikatuko da, salbuespenezko arrazoien kasuan izan ezik, zeinak NL-NEZek baliozkotu beharko baititu.
5.2. Prestakuntzarako dirulaguntza:
a) Gaitasun teknikoen arloko prestakuntza-ekintzengatik eman beharreko zenbatekoa honako hauen baturaren emaitza izanen da: proiektatutako orduak, lanbide-arloari dagokion modulua (hurrengo taularen arabera) eta proiektatutako parte-hartzaile kopurua.
KODEA | LANBIDE-ARLOA | MODULUA |
GKJ | Gorputz eta Kirol Jarduerak | 10,85 euro |
ADK | Administrazioa eta Kudeaketa | 9,88 euro |
NEK | Nekazaritza | 12,60 euro |
ART | Artea eta Artisautza | 11,80 euro |
ARG | Arte Grafikoak | 11,80 euro |
MEM | Merkataritza eta Marketina | 9,89 euro |
EOZ | Eraikuntza eta Obra Zibila | 12,17 euro |
ELE | Elektrizitatea eta Elektronika | 11,00 euro |
ENU | Energia eta Ura | 11,29 euro |
FME | Fabrikazio Mekanikoa | 12,35 euro |
OST | Ostalaritza eta Turismoa | 12,02 euro |
IRUP | Irudi Pertsonala | 12,77 euro |
IRUS | Irudia eta Soinua | 12,35 euro |
ELI | Elikagaien Industriak | 13,50 euro |
ERI | Erauzketa Industriak | 12,17 euro |
INK | Informatika eta Komunikazioak | 9,88 euro |
IMA | Instalazioa eta Mantentze-lanak | 11,49 euro |
ZAK | Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxogintza | 12,17 euro |
KIM | Kimika | 10,71 euro |
OSA | Osasuna | 11,97 euro |
SEI | Segurtasuna eta Ingurumena | 10,71 euro |
GKKZ | Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak | 10,71 euro |
EJL | Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza | 12,35 euro |
GIM | Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak | 12,47 euro |
ZK | Zeharkako konpetentziak | 9,88 euro |
PO | Prestakuntza osagarria | 9,88 euro |
b) Laguntzarako prestakuntzarako (3.3.1a oinarria) eta prestakuntza-jarduketa eta -ekintzetarako (3.3.1.b oinarria) eman beharreko zenbatekoa honela kalkulatuko da: proiektatutako ordu-kopurua bider 9,88 euro eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.
5.3. Bekak:
Entitate onuradunak hala aurreikusten badu, diruz lagundu beharreko zenbatekoari honako zenbateko hau gehituko zaio: 9 euro bider parte hartu duten ikasleen kopurua eta haiek joandako egunen kopurua.
5.4. Langile-ikasleen soldaten kostuari aurre egiteko dirulaguntza:
Bigarren etapan, ikasle-langileekin izenpetzen diren ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen ondoriozko soldata-kostuak lagunduko dira diruz, benetako lanaren portzentajearen proportzioan, eta urtean ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren %65eko gehieneko mugarekin. Diruz lagunduko dira, orobat, Gizarte Segurantzari dagozkion eta kontratu horietarako araudi espezifikoan ezarrita dauden kuota guztiak, enplegatzailearen kargura, Soldatak Bermatzeko Funtsa eta langabezia-kotizazioa barne, eta zenbateko horietan aparteko bi ordainsariren zati proportzionala sartuko da.
Legez edo erregelamendu bidez ezarritako derrigorrezko oporrak benetan egindako ordu gisa zenbatuko dira dirulaguntzaren ondorioetarako.
6.–Proiektuko langileak.
6.1. Entitate onuradunak kontratatuko ditu zuzendaritzako, irakaskuntzako eta orientazioko langileak, bai eta benetako lanaren tutoretzakoak eta laguntza administratibokoak ere, proiektuan adierazitako profilaren arabera. Entitate onuraduna arduratuko da hautaketaz.
6.2. Proiektuak irauten duen bitartean, gutxieneko langile-ratio diruz lagungarria honako hau izanen da:
–Zuzendaritza: lanaldiaren %25eko ratioa gutxienez, eta lanaldiaren %50eraino diruz lagundu daiteke.
–Orientazioa: lanaldiaren %50eko ratioa gutxienez, eta lanaldiaren %50eraino diruz lagundu daiteke.
–Administrazioa: lanaldiaren %50eko ratioa gutxienez, eta lanaldiaren %50eraino diruz lagundu daiteke.
–Benetako lanaren monitorizazio/tutoretza egiten duten langileak: bigarren etapan, figura hori gehitzen ahalko da, gutxieneko ratiorik gabe eta lanaldiaren %65eraino laguntzen ahalko da diruz.
6.3. Zuzendariek unibertsitate-titulu bat izan behar dute, gizarte-zientzien, osasunaren, hezkuntzaren edo administrazio eta finantzen arlokoa, edo lehenago aipatutakoez bestelako unibertsitate-tituluren bat, gutxienez 6 hilabeteko esperientzia duena antzeko proiektuen zuzendaritzan eta koordinazioan.
Zuzendariaren eginkizunak honako hauek izanen dira:
–Irakasle-taldea koordinatzea eduki teoriko-praktikoen eta egin beharreko lanen plangintzari, programazioari, jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez.
–Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
–Parte hartzen duten ikasle-langileak hautatzea eta errekrutatzea.
–Eguneroko jarraipena, kontrola eta kudeaketa, programa behar bezala garatzeko.
–Justifikazioa. Memoria teknikoa eta ekonomikoa egitea.
–19.1 oinarrian aipatzen den kalitate-ebaluazioa egitea.
6.4. Orientatzaileek psikopedagogiako, psikologiako edo pedagogiako titulazio akademiko bat izan beharko dute, edo, bestela, aurrekoez bestelako titulu akademiko bat eta lanbide-orientazioan eta/edo prospekzio- eta bitartekaritza-lanetan gutxienez 6 hilabeteko esperientzia.
Orientatzailearen eginkizunak honako hauek izanen dira:
–Lagun egitea.
–Laguntza, orientazioa eta aholkularitza ematea enplegua bilatzearekin eta ikasle-langilea laneratzearekin lotutako gaietan.
–Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
6.5. Benetako lanaren monitoreak/tutoreak prestakuntzari lotutako titulazio akademikoa edo prestakuntza-programaren edukiarekin lotutako urtebeteko esperientzia izan beharko du gutxienez.
Hauek izanen dira pertsona horren eginkizunak:
–Benetako lana kudeatzea eta gainbegiratzea: zereginak betetzen direla kontrolatzea, materiala aurreikustea eta erostea, norbera babesteko ekipamenduak behar bezala erabiltzen direla gainbegiratzea, gorabeherak konpontzea, materialak behar bezala erabiltzen direla eta zereginak egiten direla ikuskatzea, etab.
–Onura publikoko edo interes sozialeko obrak edo zerbitzuak egiteko lantaldeak antolatzea eta kudeatzea: egutegia ezartzea, egin beharreko zereginak banatzea eta egokitzea, etab.
–Proiektua gauzatzeko ardura duten gainerako langileekin koordinatzea.
–Eta, oro har, bere eginkizunen barruan, proiektuaren zuzendaritzak adierazitako guztiak.
6.6. Profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza ematen duten irakasleek horretarako egiaztatuta egon beharko dute, eta prestakuntza ez-egiaztagarria ematen dutenek, berriz, katalogatutako prestakuntza-espezialitatean zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte.
6.7. Entitate onuradunak bermatu beharko du figura horiek (zuzendariak, orientatzaileak eta benetako lanaren monitoreak/tutoreak eta sostengu administratibokoak) bertan egonen direla haietako bakoitzarentzat aurreikusitako aldi osoan, eta ordeztu eginen ditu aldi baterako ezintasunaren kasuan, hamabost egunetik gorakoa denean. Borondatezko bajaren kasuan, 10 egun balioduneko gehieneko epean ordeztu beharko da. Betebehar hori bete ezean, 21.3.c) oinarrian aurreikusitako penalizazio ekonomikoa aplikatuko da, NL-NEZek baliozkotzen dituen salbuespenezko arrazoiak daudenean izan ezik.
6.8. Entitate onuradunak bere langileak sartzen ahalko ditu proiektuan, baldin eta titulazio edo esperientzia baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, dokumentu bat sinatu beharko du, langile horien eginbehar eta dedikazioak adierazita.
7.–Parte-hartzaileak.
7.1. Lantegi-eskolen hartzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) 16 urtez goitikoak eta 30 urtez beheitikoak izatea.
b) Langabezian egotea, enplegu-agentzietan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta langabezia-txartela indarrean edukitzea.
c) Ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat formalizatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrak betetzea.
d) Proiektuko prestakuntzaren xedea baldin bada 2. kualifikazio mailako profesionaltasun ziurtagiriak lortzea, bermatuko da ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan ezarritako sarbide baldintzetara egokitzen dela.
Ikasleek hautaketa-baldintzak bete beharko dituzte proiektuan sartzen diren egunean.
Programan aurreikusten den ikasle kopurua gutxienez 12koa izanen da, eta gehienez 20koa.
7.2. Parte-hartzaileak aukeratzea.
NL-NEZek aurrehautaketa eginen du, parte-hartzaileen hautaketaren aurretik. Entitate onuradunek adierazi beharko dute zein diren proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudea ditzan.
Zundaketa bat egiten bada, proiektuaren eraginpeko eremuan eginen da bilaketa. Zabalkunde iragarkian zehaztuko dira interesdunek izena emateko epea, modua eta bideak.
Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean ezarritako ikaspostu kopurua, NL-NEZek aurrehautaketa eginen du, honako irizpide eta lehentasun-ordenaren arabera:
a) NL-NEZeko orientazio-sareko langileek deribatutakoak.
b) Gizarte zerbitzuek deribatutako pertsonak.
c) Errenta bermatua jasotzen dutenak, inklusiorako eskubidea gauzatzeko.
d) Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak.
e) Ekainaren 3ko 5759E/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako enplegu- eta prestakuntza-programa mistoen azken deialdiko lantegi-eskoletan parte hartu ez dutenak.
Entitate onuradunek NL-NEZi hautagai zerrenda bat aurkezten ahalko diote, aurrehautatuak izan daitezen, eta jarduketa eremuan proiektuaren hartzaileekin lan egiten duten beste entitate batzuetatik deribazio bideak ezarrita izaten ahalko dituzte.
Aurrehautaketa egin ondoren, entitate onuradunari igorriko zaizkio aurrehautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak, hautaketa egin dezan.
Entitate onuradunak parte-hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta hautatzeko irizpideak behar bezala justifikatuta igorriko ditu. Horretarako, NL-NEZek egiaztatuko du deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla.
7.3. Onuradunekin egindako kontratuak.
Proiektuaren bigarren etapan, entitate onuradunek lanaldi osoan kontratatuko dituzte ikasle-langileak, 4.1.2.c) oinarrian xedatutakoarekin bat.
7.4. Parte-hartzaileen betebeharrak.
Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza-ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Hilabete batean hirutan baino gehiagotan huts egitea justifikatu gabe.
b) Prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea.
c) Prestakuntza-ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.
d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.
e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.
f) Entitate onuradunaren funtzionamendu araudian agertzen ahal den beste edozein.
Prestakuntza-ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute ez izena eman ez parte hartu NL-NEZek kudeatutako beste prestakuntza-ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.
Gainera, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitakoa bete beharko da.
8.–Bekak.
Lantegi-eskolaren lehenengo etapan ikasleek bertaratzeagatik dauden bekak jasotzen ahalko dituzte.
Beken zenbatekoa egunean 9 eurokoa izanen da, eta NL-NEZek eman beharreko dirulaguntza osoaren parte izanen da.
Entitate onuradunak eskaeran adieraziko du zenbat diru aurreikusita daukan beketarako bideratzea, eta beken kudeaketaz arduratuko da, bai eta bekak ordaintzeaz ere, onuradunen kontu korrontean sartuta.
Entitate onuradunak xedatuko du zein kasutan emanen den beka.
Ikasleak beka jasotzeko eskubidea izanen du, baldin eta langabezian badago eta lantegi-eskolan eskoletara joan bada.
9.–Laneratzea.
Proiektuek bermatu beharko dute programan parte hartu eta ebaluatzen ahal diren guztien %25 laneratuko direla, gutxienez. Ehuneko hori aplikatzean dezimalik ateratzen bada, goiko zenbaki osora biribilduko da. Pertsona bat ebaluatu ahal izateko, gutxienez programak irauten duen denboraren %50 egin beharko du.
Laneratzea egin beharko da proiektuak indarra hartzen duenetik amaitu ondorengo 9 hilabetera bitarte, eta honako hauen bidez egiaztatuko da:
a) Lan kontratuak, gutxienez 3 hilabeteko iraupena dutenak lanaldi osoan, edo horren baliokidea lanaldi partzialean (ezin dira lanaldi erditik beherakoak izan). Horretarako, ez dira kontuan hartuko kontratu kateatuak, eta egindako proiektuaren lanbide-arloarekin lotutako lanbideetakoak izan beharko dute.
b) Altak langile autonomoen araubide berezian, eta kuoten ordainketak, gutxienez 3 hilabetez, aurreko atalean zehaztutako epealdian.
Laneratzearen ondorioetarako, kontuan hartuko da administrazio publikoan sartzea, modua edozein dela ere (funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratuduna edo administrazio araubidekoa), betiere a) letran ezarritakoa betetzen bada.
Bazter geratuko dira enplegu sozial babestuko kontratuak eta NL-NEZek finantzatutako beste laguntza eta/edo dirulaguntza batzuei lotuta dauden guztiak.
Laneratze konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa da, laneratze epea amaitzen denetik hasita.
10.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.
10.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.navarra.es/eu) tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxako "Eskaerak aurkeztea" tramitetik abiatuta.
10.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
10.2.1. Entitate eskatzaileek eskaera bat eta egin gogo duten lantegi-eskolaren memoria aurkeztu beharko dituzte, eredu normalizatuaren arabera, honako dokumentazio honekin batera:
a) Eskatzaileen nortasuna identifikatzen duen dokumentazioa eta entitate onuradunen izenean eta haiek ordezkatuz jarduteko ahalorde aski eta iraunkorra dutela egiaztatzen duena.
b) Dirulaguntzarik jasotzen ez duen proiektuaren kostua finantzatzeko kreditua baduela egiaztatzen duten agiriak.
c) Organo eskudunak proiektua onesteko hartutako erabakiaren ziurtagiria, entitate onuraduna 2.1.a) oinarrian adierazitakoetako bat bada.
d) 2.1. b) atalean adierazitako irabazi-asmorik gabeko elkarteen, fundazioen eta bestelako entitateen kasuan, eraketaren eskritura publikoa eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatutako estatutuak, irabazi-asmorik gabeko entitateak direla egiaztatzen dutenak.
e) Proiektua entitate eskatzailearentzat berriak diren prestakuntza-espezialitateak emateko bada, entitate eskatzaileak dokumentu hau aurkeztu beharko du: "Erantzukizunpeko adierazpena, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-espezialitateak emateko eta inskribatzeko instalazioak eta baliabideak izateari buruzkoa".
f) Proiektuaren egutegia eta programazioa diseinatzea, aurreikusita zer egunetan eta ordutan emanen den prestakuntza eta eginen den lan-jarduera.
g) Helburu bererako eskatu edo jasotako dirulaguntzen gaineko adierazpena.
h) Aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa jasotzeko kontua erregistra daiteke Kontuen eta ordainketen kontsulta izapidearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
i) Beste edozein dokumentu edo informazio gehigarri, uste bada beharrezkoa dela espedientea ebazten denerako.
10.2.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:
a) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan jasotako betebeharrak konplitzen dituela.
b) Adierazpena, dioena behar adina instalazio eta giza baliabide badituela, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.
c) Adierazpena, dioena eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.
Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.
10.3. Eskaerak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira. Aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskaera bakoitzak proiektu bakarra izan beharko du.
2.1.b) oinarrian jasotako entitateek eskaera bat aurkezten ahalko dute eremu bakoitzeko, eta gehienez ere hiru eskaera aurkezten ahalko dituzte hilean. Eremu hauek ezartzen dira:
–Altsasuko eskualdea.
–Agoizko eskualdea.
–Doneztebeko eskualdea.
–Lizarrako eskualdea.
–Iruñeko eskualdea.
–Lodosako eskualdea.
–Tafallako eskualdea.
–Tuterako eskualdea.
Entitate batek hitzarmen bat badu edo sinatu behar badu lantegi-eskola bat egiteko, entitate horrek ezin izanen du lantegi-eskola bat eskatu proiektu bera egiteko.
10.4. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.
10.5. Ez dira berriz aurkeztu beharko interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, ez eta administrazioak berak eginak direnak ere. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, eta NL-NEZek bide elektronikotik eskatuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Hala bada, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.
11.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.
Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, ez baditu deialdi honetan aipatzen diren baldintzak, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten eta behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaera bertan behera uzten dutela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
12.–Organo eskudunak, laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio-irizpideak.
12.1. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
12.2. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.
12.3. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
12.4. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.
12.5. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidea izanen da, eta bat etorriko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin; espedienteak eskaerak aurkeztu ahala izapidetu eta ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.
12.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.
12.7. 2.1.a) eta 2.1.b) oinarrietako entitateei egindako emakiden ondoren aurrekontu-kreditua geratzen bada baina ez bada behar adinakoa lerro bakoitzean beste emakida bat egiteko, zenbateko horiek batzen ahalko dira, emakida bat egiteko sarrera-hurrenkeraren arabera, dirulaguntzarik gabe gelditu den lehen proiektuari.
Ateratzen den kreditua eskatutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, horren berri ematen ahalko zaio proiektua aurkeztu duen entitateari, eta proiektua birformulatzeko aukera eskainiko zaio. Interesaturik ez badago, eskaera ukatuko da aurrekontu faltagatik, eta kreditua hurrengo eskaerari eskainiko zaio, sarrera-hurrenkeraren arabera. Eragiketa hori ondoz ondo eginen da kreditu erabilgarria agortu arte edo, aurrekontu faltagatik, eskaera guztiak ukatu arte.
13.–Onetsitako proiektuen aldaketak.
13.1. Proiektuak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzeko, aldez aurretik horren berri eman beharko zaio NL-NEZi, haietarako baimena eman dezan.
Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.
13.2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, NL-NEZek ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko duena, kasua bada, egindako aldaketen garrantziaren proportzioan betiere.
Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.
14.–Dirulaguntzen xedea.
Entitate onuradunei ematen zaizkien dirulaguntzak erabiliko dira proiektuan parte hartzen duten ikasle-langileen akonpainamendu- eta kudeaketa-gastuak, prestakuntza eta soldaten eta gizarte-segurantzaren kostuak finantzatzeko, esleitzen zaien aurrekontu-zuzkiduraren arabera.
Entitate onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari, organo emaileak erabakitzen ahalko du, deialdi berria egiteko beharrik gabe, hurrengo eskatzaileei ematea, 12.4 oinarrian adierazten den moduan. Hori, proiektuari uko egin bazaio aurrekontu nahikorik ez izateagatik eta onuradunen batek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu askatu bada ukatutako eskaeretako bati gutxienez ere erantzuteko.
15.–Proiektuaren hasieraren eta exekuzioaren jakinarazpena.
15.1. Hasieraren jakinarazpena IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, proiektua hasi baino gutxienez 2 egun natural lehenago.
15.2. Proiektua hasi ondoren ikaspostu librerik badago edo ikaspostua uzten bada, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira, 4.2 oinarrian xedatutakoarekin bat.
15.3. Entitate onuradunak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du proiektuan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Profesionaltasun ziurtagiriaren moduluen kasuan, baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.
15.4. Proiektua hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Lantegi-eskolen agirien taula. Entitateak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.
16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
16.1. Azken justifikazioaren aitzinetik, entitateak konturako ordainketak eskatzen ahal ditu, 3 gehienez ere, gauzatzeko memoria tekniko bat aurkeztuta.
Horrez gain, konturako ordainketa bat eskatuko du, bidezkoa bada, 2026ko eta 2027ko azaroaren 15a baino lehen, eta memoria tekniko bat aurkeztuko du, non gauzatzea azalduko baitu, hasieratik edo konturako azken ordainketatik urte horretako urriaren 31 arte. Txosten horrek balioko du proiektuaren likidazio partziala egiteko.
16.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, proiektua amaitu eta biharamunetik gehienez hilabeteko epean, entitate onuradunak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete dituela frogatzeko memoria tekniko bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena eta prestakuntza arloan egindako lana zehaztuta. Halaber, orientazio, laguntza eta laneratze jarduerak Orientasare tresnaren bidez justifikatu beharko dira.
2. Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:
a) Prestakuntza amaitu zuten ikasleen zerrenda.
b) Ikasleei justifikatutako aldian egindako ordainketen justifikazioa, hala bekena nola lansari eta soldatena.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Dagokion dokumentazioa aurkezten bada gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko murrizketa eguneko, %20ra arte gehienez ere.
Hilabete iragaten bada eta entitate onuradunak ez badu dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu, NL-NEZek entitate onuradunari eskatuko dio justifikazioa 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala. Ez badu justifikazioa aurkezten NL-NEZek emandako 15 eguneko epe horretan, dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta itzulketa-prozedura abiatuko da, 21. oinarriarekin bat.
16.3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Prestakuntza amaitu duten ikasleak; horretarako, prestakuntza-ekintzak irauten duen denboraren %75era joan direnak hartuko dira kontuan.
b) Prestakuntza-ekintzak irauten duen denboraren %50 gainditu duten eta salbuespenezko arrazoiengatik programa osatu ezin duten ikasleak –arrazoi horiek justifikatzeko txosten arrazoitua eman beharko zaio NL-NEZi–, exekuzio portzentaje bereko gehieneko dirulaguntzarekin.
Prestakuntza-ekintza proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela ulertzen da. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza-ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, eta gutxienez prestakuntza-ekintzaren ehuneko 25 egin badute, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ondorioztatuko da. Horretarako, ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasa pertsona horrek prestakuntza-ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.
16.4. NL-NEZek aurkeztu den dokumentazioa ebaluatuko du, eta dagokion ordainketa onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen du.
17.–Bateragarritasuna.
Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta kontratatzeko pizgarrien dirulaguntzak.
Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inoiz izan, bakarrik nahiz beste batzuekin batera, proiektuaren exekuzioak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.
18.–Entitate onuradunen betebeharrak.
18.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Proiektuaren hasiera, parte-hartzaileen zerrenda eta proiektuaren garapenean gertatzen diren altak eta bajak jakinaraztea, IRIS aplikazio informatikoaren bidez.
b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.
c) Diruz lagundutako langileen lan kontratuak aurkeztea.
d) Proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi xehatua aurkeztea proiektuaren hasieran, bai eta eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren maila zehazten duen ebaluazio-sistema bat ere.
e) "Datu pertsonalen tratamendurako arduradunaren hitzarmena" dokumentua ekartzea. Dokumentu hori Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dago.
Sinatuta bidali behar da sgestionf@navarra.es helbidera, diruz lagundutako prestakuntza hasi aurretik.
f) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza-ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.
g) NL-NEZi komunikatzea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.
h) NL-NEZi behar beste justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete direla.
i) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.
j) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen zabalkunde eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZen eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) elkarlana aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.
k) Jarduketak grabatzea NL-NEZek adierazitako plataforma informatikoetan.
l) Parte-hartzaile bakoitzari ematea IRIS aplikazio informatikoak prestakuntzaren aprobetxamenduaz emandako egiaztagiriak. Entitateak, gainera, diploma bat ematen ahalko du, proiektuaren beste alderdi garrantzitsu batzuk jasotzen dituena.
m) Parte-hartzaileei proiektura joateak dakartzan betebeharren berri ematea.
n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
o) Proiektuaren lehen etapan, istripu-aseguruaren poliza bat sinatu beharko dute, proiektuak hasi aurretik. Poliza hori gauzapen aldiari, egin asmo diren jarduketei eta eguneroko ordutegiari egokituko zaizkie. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote. Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta NL-NEZ horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.
Parte-hartzaileek ezin izanen dute proiektua hasi istripu aseguruko poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:
–Heriotza, istripuagatik.
–Ezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta ezintasun handia, istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.
–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.
18.2. Gardentasun betebeharrak:
18.2.1. Entitate onuraduna 2.1.a) oinarrian adierazitakoren bat bada, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
18.2.2. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun-betebeharra bete beharko dute 2.1.b) oinarrian adierazitako irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako entitateek, baldin eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira gutxienez, betiere gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.
Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.
Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztea eta zuzentzea" tramitearen bidez.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduari erantzuten ez bazaio horretarako emandako epean, eta aipatutako legearen 12.5 artikuluan adierazitakoari jarraituz, erabakitzen ahalko da 500 eurotik 5.000 eurora bitarteko hertsapen-isunak jartzea, entitate interesdunari aldez aurretik ohartarazpena eginda eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun printzipioa hartuko dira kontuan.
19.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
19.1. Parte-hartzaileek proiektuaren kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen kalitatea ebaluatzeko galdetegi digitalaren bidez eginen da. Prestakuntza-entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei proiektua bukatu aurretik.
19.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazio informatikoak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.
Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza-prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRIS aplikazio informatikoan, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.
19.3. NL-NEZek beharrezkoak diren ekintza guztiak gauzatuko ditu proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, bai alderdi kualitatiboan, bai kuantitatiboan. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda egiaztatuko da programetan parte hartu dutenak laneratu diren.
19.4. NL-NEZek laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenekin bat ote datozen egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere, beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.
20.–Azpikontratazioa.
Hala ezartzen baitu 14. artikuluan Lan arloan enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak, entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontratatu proiektatutako prestakuntza-jarduera, ez eta proiektuko langileen eginkizunak ere (zuzendaritza, orientazioa, monitorea edo sostenguko langileak).
Proiektuko langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.
21.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.
21.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
21.2. Ezarritako epean justifikatzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.
21.3. Aurreko ataletan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:
a) Ez badira inondik inora betetzen dirulaguntzaren xede ziren helburuak, edo 16.2.2.c) oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean ere ez bada justifikazioa aurkezten, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.
b) Dirulaguntzaren xedeko helburuak partzialki betetzen ez badira, edo 16.2.2.c) oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean justifikatzeko betebeharra ere betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da.
c) Aldi baterako ezintasunaren kasuan hamabost eguneko epean ez badira ordezkatzen zuzendaritzako kideak, orientatzaileak, benetako lanaren monitore/tutoreak eta sostengu administratiboko langileak, edo hamar eguneko epean borondatezko bajaren kasuan, 60 euroko zigor ekonomikoa ezarriko da egunean, baldin eta kontratazioa lanaldi osokoa bada, edo horren baliokidea den lanaldi partzialekoa, ordezkapenerako gehieneko epea igaro ondoren langileak ordeztu ez diren egun bakoitzeko.
21.4. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa horren berri NL-NEZi ematen ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.
Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo proiektuen aldaketa jakinarazi eta NL-NEZek onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.
21.5. Entitate onuradunak ia "modu esanguratsuan" bete dituenean baldintza guztiak eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, "esanguratsutzat" joko da onetsitako proiektuaren %75 beteta izatea.
21.6. Oinarri hauetan ezarritako laneratze konpromisoa betetzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren zenbatekoaren %5 itzuli beharko da laneratzearen portzentajea betetzen ez denean.
21.7. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.
22.–Datuen babesa.
22.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
22.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak NL-NEZen fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta gainerako garapen arauak.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.
Halaber, organo kudeatzaileak proiektuetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete parte-hartzaileei.
23.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, aplikatuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.
24.–Dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
25.–Errekurtsoak.
Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, noiznahi jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2605470
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
