Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1499E/2026 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 2026an errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN kodea: 892689.
Bizi-itxaropenari dagokionez, Nafarroa bigarren postuan dago gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta: 84,66 urteko bizi-itxaropena dauka. Emakumeen kasuan, adin hori altuagoa da: 87,33 urte (EIN; Heriotza-adierazleak autonomia erkidegoen arabera, 2025). Azken hamarkadan, zahartze-indizeak 15,5 puntu egin du gora, eta etorkizuneko joerek zifra horiek igotzea aurreikusten dute. Zahartze prozesu hori langileen artean ere nabaritzen da, eta horrek erakusten digu belaunaldi-ordezkapenaren erronkari aurre egin behar zaiola. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko estatistika-datuen arabera, 2025eko abenduan 55 urtetik gorako afiliatuak Gizarte Segurantzako afiliazioaren %21 ziren.
Bestalde, badakigu langabeziak bilakaera desberdina izaten duela biztanle-taldeen arabera, eta, horregatik, lehentasunezko esku-hartzea behar duten talde batzuk ezarri dira 2025-2028 aldirako Nafarroako Enplegu Planean. Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak argitaratutako datuen arabera, 2025aren hasieran, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-indizea %18,2 izan zen, eta indize orokorra, berriz, %8,1.
Iraupen luzeko langabeak langabe guztien %41,3 ziren hilabete berean. Talde horretan, %65 emakumeak dira, eta %43k 55 urte edo gehiago dituzte.
Gainera, azpimarratu behar da ezen, urtetik urterako datuak konparatuz, iraupen luzeko langabeen indizearen hazkunde handienak gazteenen artean gertatzen direla.
Hala, dirulaguntzen deialdi honen helburua da errelebo-kontratua sustatzea, belaunaldi aldaketari argiro laguntzeko, langileen artean ezagutzak trukatzea ahalbidetuz eta, horrela, metatutako esperientzia galtzearen ondoriozko deskapitalizazioa minimizatuz. Gainera, enpleguari eusten eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzen laguntzen da, batez ere langabeziak gehien ukitutako biztanle-taldeetan.
Dirulaguntzaren gertaera eragilea berbera da kasu guztietan: kontratazio bat formalizatzea. Hori dela eta, proiektuak ez dira alderatu behar, banakako ebaluazioaren araubidea egokia baita.
Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdi bat tramita zezan banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Errelebo-kontratuak sustatzeko 2026rako dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 300.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
950001-96100-4709-241118 [PEP: E-24/000737-01]: Konferentzia sektoriala. Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak | 2026 | 300.000 |
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta bete beharrekoak arautzea, lanpostuetan errelebo-kontratuak sina ditzaten sustatzeko, bereziki laneratzeko zailtasunak dituzten errelebo-hartzaileen kontratuak. Errelebo-hartzaileak eta erretiro partziala hartzen duen pertsonak manufakturakoak ez diren lanpostuak bete behar dituzte.
2.–Enpresa eta entitate onuradunak.
2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:
a) Enpresak.
b) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
2.2. Dirulaguntzen onuradun diren enpresek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitatean lantokia izatea.
b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.
c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.
2.4. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira entitate hauek:
a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako erakunde publikoak.
b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.
c) Enpresa publikoak eta fundazio publikoak.
3.–Jarduketa diruz lagungarriak.
3.1. Diruz lagunduko dira honako betebehar hauek betetzen dituzten errelebo-kontratuak:
a) 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera formalizatuak izatea.
b) Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan zerbitzuak emateko izatea.
c) Lanaldi osokoak eta mugagabeak izatea.
d) Erretiro partziala hartu nahi duen pertsonarekin egindako errelebo-kontratuarekin batera egiten den kontratu mugagabea baino ez da diruz lagunduko.
3.2. Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, errelebo-hartzailea kontratatzen den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.
4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.
Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:
a) Langabezian egotea eta autonomia erkidegoko enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu eskatzaile gisa agertzea, aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat mugagabe bihurtzen denean izan ezik.
b) Deialdi honen ondorioetarako, iraupen luzeko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.
Dirulaguntza jasotzea eragin duen pertsonak lanpostua uzten badu diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, eta betiere uztearen arrazoia bidegabeko kaleratzea ez bada, beste pertsona batek ordeztu beharko du, gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, lanaldi bera eta, gutxienez, ordainsari bera errespetatuz, eta hori Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko zaio, kontratu berriaren datatik gehienez ere hilabeteko epean. Dirulaguntzaren xede den errelebo-hartzailea lehentasunezko kolektibo batekoa bada, kolektibo horietatik edozeinetan dagoen beste pertsona batek ordezkatu beharko du.
Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu, diruz lagundutako aldia 36 hilabetekoa dela joko da, betiere ondorio horietarako.
5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
a) 11.520 euroko dirulaguntza emanen da.
b) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, 13.320 eurokoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Lehentasunezko taldetzat hartuko dira honako hauek:
–16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak direnak.
–Luzaroko langabeak.
–Errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaileak.
–Emakumeak.
6.–Aurkeztu beharreko agiriak.
6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskaera-eredu normalizatua erabiliko da.
b) Erretiro partzialeko enpresaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian aurkeztua eta bertan baliozkotua.
c) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena.
Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen berariazkoa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du eskaerak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eman zaizkiola; horri dagokionez, sor daitezkeen egoera berriei buruzko informazioa ere jakinarazi beharko du. Era berean, aurreko hiru urteetan "de minimis" araubideko beste laguntzarik jaso duen adieraziko da.
d) Dirulaguntzaren ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke URL honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta Ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabili behar da sartzeko. Onuradunak ezin badu bere kontua URL horretan erregistratu, ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, aurkeztu beharko du transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat, behar den inprimakia hartuta URL honetatik: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.
e) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena.
Gardentasun betebeharrak:
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako; ez guztizko batura.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
f) Nafar Lansarek eskatzen duen beste edozein agiri.
6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.
7.–Aurkezteko epea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi edo mugagabe bihurtu eta biharamunetik aurrera.
Hala ere, deialdi hau argitaratu aurretik formalizatutako kontratuetarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ofizialki argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da hilabeteko epea.
Dirulaguntza honen xede diren kontratuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden lantokietan zerbitzu emateko sinatuko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte.
7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.
7.3. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
8.–Instrukzioa eta tramitazioa.
8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.
8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.
9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.
9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.
9.2. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da. Eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.
9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.
10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
11.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:
a) Legez ezarritako araudiaren arabera errelebo-kontratu bat sinatzea errelebo-hartzailearekin, deialdi honetan jasotako baldintzetan.
b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskaera aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
Dirulaguntza ematea eta ordaintzea ekarri duen kontratazio aldia bukatu ondoren, organo kudeatzaileak beharrezkoak diren egiaztapenak eginen ditu dirulaguntza emateko baldintzak bere horretan mantendu direla ziurtatzeko.
Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak; bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontu-hartzailetzarenak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Orokorrarenak; Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak; eta legez bidezko diren gainerakoak.
13.–Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.
a) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
b) Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, jarduera gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
c) Diruz lagundutako pertsonaren kontratua diruz lagundutako aldia amaitu baino lehen amaitzen bada, zati bat itzuli beharko da –berandutze-interesak gehituta, aldia betetzeko falta diren hilabeteen proportzioan–, salbu eta enplegatzaileak ordezten badu, 4. oinarrian ezarritakoa kontuan izanda. Ordezpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.
Deialdi honen ondorioetarako, eszedentzia egoerara pasatzeak kontratua amaitzea ekarriko du.
Langileak lana uzten badu bidegabe deklaratu edo aitortutako kaleratze batengatik, onuradunak emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, berandutze-interesak gehituta. Halako kasuetan ez da zilegi izanen langilea ordeztea.
d) Dirulaguntza jasotzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.
15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.
16.–"De minimis" laguntza.
16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipaturiko erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
16.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzak aitortu behar dituzte.
17.–Datuen babesa.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.
18.–Araudi osagarria.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
19.–Errekurtsoak.
Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, noiznahi jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2604916
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
