86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

53E/2026 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: "Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa egiteko. 2026. urtea". DDBN kodea: 898625.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da garraioaren sektorea, eta hor, emisio horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude. Nafarroako balantze energetikoari buruzko 2024ko datuek aditzera ematen dutenez, eskualdean kontsumitzen den azken energiaren %40 garraioaren sektoreari dagokio, eta sektore horretan %6,2 besterik ez da energia berriztagarriek duten kuota. Horregatik, bultzada eman beharra dago garraioaren sektorean energia berriztagarrien kuota hori handituko duten neurriei.

Bai Estatuko Administrazio Orokorra bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa zenbait tresna bultzatzen ari dira ibilgailu elektrikoak sustatzeko: dirulaguntzen deialdiak, kenkari fiskalak eta energia-efizientziaren ziurtagirien sistema.

Ibilgailu elektrikoei bultzada emateko babes horrek erdigunean jarri ditu, nagusiki, ibilgailu elektrikoen erosketa eta horien karga elektrikorako azpiegituren ezarpena. Alabaina, sektorea eraldatuko bada, beharrezkoa da ibilgailuak konpontzen dituzten lantegiek ere ibilgailu elektrikorako trantsizioa egin dezaten. Erronka bikoitza dugu aurrean: alde batetik, teknikari gutxik dute ibilgailu elektrikoaren goi-tentsioaren eta elektronikaren arloko prestakuntza, eta, bestetik, ibilgailu elektrikoekin jardun ahal izateko ekipamendu, tresna eta diagnostiko berrietan inbertitu beharra dago.

Hori dela-eta, deialdi honen (Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa egiteko. 2026. urtea) helburua da lantegiek ibilgailu elektrikorako trantsizioa egin dezaten laguntzea, dirulaguntzak emanez halako ibilgailuetan jardun ahal izateko ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan inbertitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2026ko deialdi hau: "Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikorako trantsizioa egiteko. 2026. urtea".

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001 82500 7701 425211 Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikorako trantsizioa egiteko

2026

175.000

820001 82500 7709 425203 Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikorako trantsizioa egiteko

2026

175.000

Halaber, gehienez ere 200.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere. Hasiera batean, honela banatuko da zenbateko gehigarria: %50, 7701 kode ekonomikoa duen partidan, eta %50, 7709 kode ekonomikoa duen partidan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 14an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak klima-neutraltasuna lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak (Klimari buruzko Europako legeria).

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen emisio garbiak gutxienez %55 jaistea, 1990eko emisio-mailekin alderatuta. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

2030erako Nafarroako Energia Planak ere helburu hau ezarri du: garraioaren sektorean, energia berriztagarrien kuota %15era iris dadin lortzea, 2030erako. Horretarako, ibilgailu elektrikoak bultzatzeko zenbait tresna sustatzen ari dira, hala ibilgailu elektrikoak erosteko nola horien karga elektrikorako azpiegiturak ezartzeko.

Ibilgailu parkeko ibilgailu elektrikoen kopurua handitzeak berekin dakar, halaber, Nafarroan ibilgailuak konpontzen dituzten lantegien sarea egokitu beharra, gai izan dadin ibilgailu elektrikoekin jarduteko. Horixe da laguntza deialdi honen helburua, alegia, egokitzapen hori egiten laguntzea, behar diren ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan inbertitzeko dirulaguntzak emanez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira ekonomia jarduera duten pertsona fisikoak zein juridikoak, baldin eta automobilak eta horien ekipamenduak zein osagaiak konpontzeko lantegietan garatzen badute beren jarduera eta dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Alta hartuta egotea ibilgailuen lantegien erregistroan (Industria Erregistroaren Atalarekin egiaztatu nola adierazi).

b) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

c) Nafarroan lantokia edukitzea eta lagundutako jarduketa Nafarroan egitea. Industria Erregistro Integratuan duen zenbakiaren bidez identifikatuko da.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

g) Enpresak ezin izanen dira dirulaguntza honen onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, 2. ataleko dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, hilabete horren barrenean eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Atal honetako baldintzak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egiten diren inbertsioak, baldin eta bideratuta badaude ibilgailuak konpontzen dituzten lantegiak egokitzera, ibilgailu elektrikoekin jardun ahal izateko modua izan dezaten.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira II. eranskinean jasotako ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egindako inbertsioen ondoriozko gastuak.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

3. Gastu diruz lagungarriaren gutxieneko zenbateko bat ezarri da eskaera bakoitzeko, 3.000 eurokoa.

5. oinarria.–Inbertsioak egiteko epea, aurrekontua eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagundutako jarduketak egiteko aldia 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 15era bitartekoa izanen da.

2. Gastu diruz lagungarriaren %40 emanen da, BEZa kanpo, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen onuradun bakoitzeko.

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 30.000 eurotik gorakoa bada (obra gauzatzeagatik izandako kostuaren kasuan) edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, deialdiaren fitxa).

3. Eskaera bat aurkeztu beharko da jarduketa diruz lagungarriak eginen diren ibilgailuak konpontzeko lantegi bakoitzeko.

4. Eskaera ordezkari batek egiten badu, ordezkari izateko ahalmena frogatu beharko du.

5. Eskaera telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, deialdiaren fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

–Jarduketak non eginen diren, ibilgailuak konpontzeko lantegi horrek Industria Erregistro Integratuan duen identifikazio zenbakia.

–Ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan eginen den jarduketa bakoitzaren aurrekontu xehakatua.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. puntuan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hala bada, eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da, 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 1ean hartutako 3282 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari banakako ebaluazioaren bidez emateko deialdi honetako laguntzak: "Lantegietarako laguntzak, ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa egiteko. 2026. urtea".

Hasiera batean, honako hau da eskaerei erantzuteko baimendutako gastua, onuradun motaren arabera:

–Jarduera ekonomikoa duten pertsona juridikoak: 175.000 euro.

–Jarduera ekonomikoa duten pertsona fisikoak: 175.000 euro.

Onuradun mota baten eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria geratzen bada, beste motako eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da.

2. Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza eman ondotik eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen kreditua askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Oraindik saldo erabilgarririk badago, laguntzaren gehieneko zenbatekoagatik laguntza mugatu zaien eskaerei erantzunen zaie, 5. oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

4. Egindako inbertsioak justifikatzeko epea amaitu ondotik kreditua askatzen bada, eta aurrekontu kreditu faltagatik ezetsitako eskaerarik ez badago, laguntza gehiago ematen ahalko zaie onuradunei –laguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu badu jaso duten zenbatekoa–, 5. oinarrian adierazitako laguntzaren ehunekoa osatu arte.

8. oinarria.–Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Onuradunek hilabeteko epea dute honako hau aurkezteko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita:

1. Dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, deialdiaren fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, laguntza eskaerarekin batera aurkeztu ezean, egiaztatzea betetzen direla Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak, 2.2 oinarriarekin bat.

9. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriaren justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek 2026ko urriaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xedeko jarduketak egin dituztela; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, deialdiaren fitxatik abiatuta:

a) Egindako gastu diruz lagungarrien laburpen orria (eredua deialdiaren fitxan dago eskuragarri).

b) Ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egindako inbertsioen fakturak, onuradunaren izenean. Ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egindako inbertsioetako bakoitzaren kontzeptuek agertu behar dute fakturetan, II. eranskineko zerrendaren arabera.

c) Fakturen ordainagiriak.

d) "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakia, gastu diruz lagungarriren bat, BEZik gabe, 12.000 eurotik gorakoa denean.

e) Onuradunak dirulaguntza jasotzeko banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Kontuen eta ordainketen kontsulta" izapidearen bitartez egiten ahalko da, edo deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.

2. Aurreko atalean azaltzen den dokumentazioan zerbait falta bada, edo akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean gehienez ere.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, deialdiaren fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

Foru lege horren 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek betetzen ez badute foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, salbu jarduketa egin dela justifikatzeko agiriekin batera aurkezten bada informazio hori; baina kasu horretan, %5 murriztuko da ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.

c) Kasua denean, dirulaguntzaren xedeko ekipamenduak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenaren datatik hasita.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, aurreikusi da laguntza %5 murriztea baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa egiten bada zortzigarren oinarrian ezarritako epean.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, deialdiaren fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez eginen dira.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren deialdiaren fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–Lantegiek ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa egiteko ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egin ditzaketen inbertsioen zerrenda

Laguntza deialdi honen 4. oinarriaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira ekipamendu, azpiegitura, tresna eta diagnostikoetan egiten diren inbertsio hauek:

–Norbera babesteko ekipamenduak (NBE), segurtasun pertsonaleko ekipamenduak eta segurtasun kolektibokoak, ibilgailu elektrikoen goi-tentsioko sistemarekin lan egiten duen teknikariaren segurtasuna bermatzeko: elektrizitatea isolatzen duten eskularruak, kotoizko eskularruak, eskularru elektrikoen gaineko babes-eskularruak, oinetako bereziak, segurtasun oinetakoak, kasko pantailadunak, heldulekuak, aurpegia babesteko pantaila, tapiz isolatzaileak (gutxienez 1.000 V isolatzen dutenak) eta arku elektrikoen aurrean babesteko lan-jantzia.

–Ibilgailu elektrikoarekin lan egiteko eremuak eta segurtasun eremuak adierazteko seinaleak.

–Ibilgailu elektriko bat sutan dagoenean sua itzaltzeko edo arintzeko lagungarria izan daitekeen materiala, suaren kontrako tapakiak, esaterako.

–Goragailu espezifikoak, baterien pisuari eusten diotenak eta aukera ematen dutenak ibilgailuaren beheko aldera modu seguruan iristeko.

–Goragailuak ibilgailu elektrikoetarako moldatzeko egokigailuak.

–Baterietarako garabia.

–Mahai jasotzailea, 1.500 kg goratzeko ahalmena duena.

–Lanerako mahai ez-metalikoak (plastikozkoak gomendatzen dira).

–Ibilgailu elektrikoen kargagailuak –7,4 kW-eko potentzia artekoak, monofasikoan, eta 22 kW-eko potentzia artekoak, trifasikoan–.

–Ordenagailu bidezko diagnostikoko ekipamenduak, ibilgailuen sistema elektrikoak eta bateriak "irakurtzeko", ebaluatzeko eta matxurak atzematekoak.

–Diagnostiko-kargagailuak edo simulagailu espezifikoak, karga-sistemaren diagnostikoa egiteko eta konponketa edo ordezkapena zuzen egin dela ziurtatzeko beharrezkoak diren egiaztapenak egin ahal izateko.

–Diagnostikorako tresnak, baterien paketearen eta hozte likidoko sistemen hermetikotasuna ziurtatzeko diseinatuak.

–Zelula orekatzaileak.

–Zelulak kargatzeko eta deskargatzeko gailuak.

–Tentsio-egiaztagailua, tentsioa kontakturik gabe detektatzeko gailua duena, polobakarra eta 230-1.000 V-ekoa.

–Multimetro digitala ibilgailu elektrikoetarako eta hibridoetarako.

–Pintza anperimetrikoa 1.000 V-eko korronte zuzenerako eta alternorako.

–Isolamendu-pertikak.

–Gutxienez 1.000 V-eko isolamendua duten tresnak, eskumena duen erakundeak ziurtatuak.

–Lur-konexioa eta zirkuitulaburra egiteko gailuak.

–Goi-tentsioko hondakinetarako hondakin-eremua esklusiboa egokitzeko lanak.

–Hozte zirkuitu elektrikoaren hustugailua.

Iragarkiaren kodea: F2605560