86. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1351E/2026 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira etxebizitzak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) lagatzen dizkioten etxejabeentzat, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sar daitezen. DDBN kodea: 898211.

Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta botere publikoei esleitzen die eskubide hori gauzatzeko zeregina.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateak etxebizitzari buruzko eskumena dauka eta, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aplikatuz, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala bermatzeko behar diren neurriak hartzen ditu.

Lege horren 13. artikuluak Alokairu Poltsaren programa aurreikusten du, zeinaren bidez etxebizitza hutsak dituzten etxejabeek NASUVINSAri lagatzen dizkioten, ondoren arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Egiaztatu denez etxebizitza babestuaren eskaintza ez dela nahikoa eskaera osoari erantzuteko, ekimen honen bidez saritu edo sustatu nahi da etxebizitzak Alokairu Poltsari eskaintzea. Beraz, ebazpen honen xedea da etxebizitza hutsak lagatzen dituzten etxejabeei ordainketa bakarreko laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Etxebizitza horiek, gero, Alokairu Poltsan sartuko dira, ondoren etxebizitza beharra duten pertsonei eta familiei arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Etxebizitzako zuzendari nagusiari 2026ko ekitaldirako laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz izapidetzeko, eta deialdiari 250.000 euroko zenbatekoa egotzi zaio.

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza-deialdi bat etxebizitzak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri (NASUVINSA) lagatzen dizkioten etxejabeentzat, Alokairu Poltsa izeneko programan sar daitezen.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 250.000,00 euroko gastua baimentzea, honela:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

320000-32100-4809-261402: Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeentzako dirulaguntzak

2026

250.000,00 euro

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Iruñean, 2026ko apirilaren 7an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ETXEBIZITZA ALOKAIRU POLTSARAKO LAGATZEN DUTEN ETXEJABEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO

Lehena.–Xedea eta onura publikoko helburua.

Oinarri hauen xedea da arautzea etxejabe partikularrek beren etxebizitzak Alokairu Poltsan sartzea sustatzeko emanen diren dirulaguntzak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin.

Etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko eskari handia dago, gero eta handiagoa, eta Alokairu Poltsarako etxebizitza hutsak lortzeko aurreikuspenak ez dira betetzen ari. Gainera, Nafarroan alokairuen prezioa gora egiten ari da nabarmen.

Premia hori asetzea da, gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da eskura dauden etxebizitzen parkea handitzeko eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira espero bezalakoak izan.

Horregatik, dirulaguntza honekin sustatu nahi da etxebizitzak NASUVINSAri lagatzea, Alokairu Poltsa izeneko etxebizitza programan sartzeko. Hala, onura publikoko helburua da hobeki erantzun ahal izatea etxebizitzak arrazoizko prezioetan errentan hartzeko dagoen eskari handiari.

Bigarrena.–Onuradunak eta diruz lagungarria den jarduketa.

Laguntzen onuradunak izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairu Poltsa kudeatzen duen organoa) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten pertsona fisikoak, etxebizitza Alokairu Poltsan sartua izan dadin, baina, betiere, hura hiru hilabeteko epearen barruan alokatzen bada, lagatzen den egunetik hasita, deusetan galarazi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako 250.000 euro bideratu dira, 2026ko gastu-aurrekontuko "Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeentzako dirulaguntzak" izeneko 320000-32100-4809-261402 partidaren kargura.

3.2. Etxejabe bakoitzak dirulaguntza gisa jasoko duen zenbatekoa proportzioan zehaztuko da, kontuan harturik zer portzentaje den bere titulartasunekoa. NASUVINSArekin adosturiko errentaren lau hileko kuota adinakoa izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

3.3. Gehieneko hileko errenta eta, ondorioz, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak 2026rako horretarako onetsitako gehieneko prezioak (ikus III. eranskina).

Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordainduko zaion gehieneko zenbatekoa aterako da taulan adierazitako prezioak etxebizitzaren metro erabilgarriekin biderkatuz (90 metro gehienez ere), eta emaitzari gehituta garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik badago) eta trastelekuari dagokiona (gehienez ere 15 metro erabilgarri).

Hala ere, Alokairu Poltsaren programa kudeatzen duen enpresa publikoak etxebizitza baloratu ondoren, gehieneko prezioak aplikatuta legokiokeen gehieneko errenta baino hileko errenta txikiagoa itundu daiteke lagapen kontratuan.

Itundutako hileko errentaren zenbatekoa bider lau izanen da eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Laugarrena.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek honako baldintza hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, beren buruari betebeharrak jartzeko legezko gaitasunarekin.

b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua sinatu izana NASUVINSArekin, etxebizitza Alokairu Poltsan sartzeko. Kontratuak indarra hartu beharko du 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera. 2025. urtean eskaera aurkeztu arren aurreko deialdiko aurrekontua agortzeagatik dirulaguntza lortzerik izan ez zuten eskaerak deialdi honetan aurkeztutzat joko dira, haien sarrera-ordenari zorrozki jarraituz.

c) Lagatzen den etxebizitzaren titularra izatea. Etxebizitza horrek ezin du izan salmentako edo errentako prezio mugarik, salbu eta bost urte iragan badira behin betiko kalifikaziotik, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.

d) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio prozeduraren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, aurrekontuko kreditu erabilgarria agortu arte.

Seigarrena. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, eskabide-orrian berean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko abenduaren 4an bukatuko.

3. Eskaerak, ahal dela, telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) dirulaguntza honen tramiteari dagokion fitxaren bidez, edo Etxebizitza Zerbitzuaren erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a, 31002 Iruña). Hala ere, eskaera aurkezten ahal da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietako edozeinetan, eta Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduko zaio.

4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena emanda.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da, eta epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Hori guztia, ukatu gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa. Ezespenaren aurka, berariazkoa izan edo administrazio isiltasunaren bidezkoa, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, etxebizitzaren arloko eskumena duen kontseilariari zuzendua.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

Dirulaguntza ematea erabaki ondoren, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuari dagokionez), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.

Onartutako dirulaguntza ez da ordainduko errentamendu kontratua 2026ko abenduaren 18tik aurrera aurkezten bada ikus-onetsia izateko. Egun horretarako dirulaguntza emateko ebazpena ez duten eskaerak ezetsitzat joko dira.

Etxebizitza lagatzen den egunetik hasi eta hiru hilabete iragaten direnean ez bada errentamendu kontratua aurkeztu administrazioak ikus-onesteko, ez da dirulaguntza ordainduko.

Baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen kasuan, baldin eta etxebizitzak erabiltzen badira adjudikazioa zentsuaren bidez egiten ez den berariazko beste etxebizitza programa batzuetako eskariari erantzuteko, ez da beharko aldez aurretiko ikus-onespenik, eta ordainduko dira errentariarekin edo erakunde laguntzailearekin kontratua sinatzen den unean.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak programa publikoen bidez merkatuan jartzea eta errentan ematea errazte aldera eman ditzaketen beste batzuekin.

Era berean, ezin izanen da dirulaguntzarik jaso etxebizitza lagatzen bada hiru urtetik beherako epe baterako.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Etxebizitza NASUVINSAri laga beharko zaio Alokairu Poltsaren programan ezartzen den eperako. Errentariak etxebizitza uzten badu laga zenetik hiru urteko epea igaro baino lehen, etxebizitzaren titularrak lagapen kontratu berri bat sinatu beharko du une horretan programak finkatua duen denborarako. Bestela, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, oso-osorik.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako dirua itzuli beharko da, osorik edo hein batean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) argitaratuko ditu 2026. urtean zehar emandako dirulaguntzak, behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZa eta izen-deiturak) eta jasotako kopurua. Halaber, martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretua betetzeko, informazio hori Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

Hamaseigarrena.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko.

Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Argibide gehiago jasotzeko:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu

ALOKAIRU POLTSARAKO ETXEBIZITZAK ESKAINTZEAGATIK 2026AN ORDAINDUKO DIREN GEHIENEKO PREZIOAK

Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 601/2025 Ebazpenaren bidez onetsitako gehieneko prezioak.

Alokairua, hilabete eta m² bakoitzeko

Iruñean eta Iruñerrian dauden etxebizitzak:

Etxebizitza

8,00 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

73,78 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,45 euro

Tuteran, Lizarran eta Tafallan dauden etxebizitzak:

Etxebizitza

6,65 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

73,78 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,45 euro

Nafarroako gainerako udalerrietan dauden etxebizitzak:

Etxebizitza

6,28 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

73,78 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,45 euro

II. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA

Eskabide-orria tramiteen katalogoko fitxan aurki dezakezu:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/alokairu-poltsa-programarako-etxebizitzak-nasuvinsari-lagatzen-dizkioten-etxejabeentzako-dirulaguntza

Iragarkiaren kodea: F2605514