Iragarkia
85. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
159/2026 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dei egiten baita proba bat egiteko, 18 urtetik gorakoek zuzenean eskura dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Nafarroako Foru Komunitatean, 2026. urtean.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren IX. kapituluak helduen irakaskuntza arautzen du, eta 68.2 artikuluan gaitasuna ematen zaie hezkuntza-administrazioei, nork bere eskumenen esparruan, aldian behin antolatzeko proba bat, 18 urtetik gorakoek zuzenean eskura dezaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.
Proba horren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako ezarritakoa izanen da, maiatzaren 14ko 51/2025 Foru Dekretuaren arabera. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitatean helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma arautu eta ezartzen du. Foru dekretu horren lehen xedapen gehigarrian ezartzen denez, Hezkuntza Departamentuaren betebeharra da aldian-aldian proba egokiak antolatzea hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratu ahal izan dezaten, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatuz. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako hirugarrenean baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari arau horretan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Halaber, Hezkuntza Departamentuak otsailaren 8ko 8/2026 Foru Agindua argitaratu du, Nafarroako Foru Komunitatean hemezortzi urtetik gorakoek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko proba arautzen duena.
Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat (lege hori da datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa), Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tratatuko ditu prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten guztiek ematen dituzten datuak (prozesuaren inprimakietan eman ere), estatistika aldetik erabiltzeko eta prozedura honen ondorioz sor daitezkeen frogagiriak kudeatzeko.
Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzeko, jo beharko da Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura (San Domingo kalea 8, Iruñea). Berariaz horrela adierazten dutenak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin du, ebazpen hau onets dadin. Ebazpen honen xedea da 2026. urtean hemezortzi urtetik gorakoek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko probaren deialdia egitea.
Azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz (foru dekretu horrek ezarri zuen Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Hemezortzi urtetik gorakoek edo 2026an adin hori betetzen dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua zuzenean lortzeko probaren deialdia egitea onartzea.
2. Proba hori deitu eta gauzatzeko jarraibideak ematea, ebazpen honen eranskinean ezarritakoaren arabera.
3. Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, Eskolatze Atalera eta Félix Urabayen izeneko Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako institutura, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko apirilaren 1ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, 2026AN HEMEZORTZI URTETIK GORAKOEK DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO GRADUATU TITULUA ZUZENEAN LORTZEKO PROBA DEITU ETA GAUZATZEKO
1.–Probaren xedea.
Probaren helburua da hemezortzi urtetik gorakoek edo proba egiten den urte naturalean adin hori betetzen dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko aukera izatea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute eranskin honen 3. puntuan aipatzen diren probaren hiru zatiak gainditzen dituztenek.
2.–Proban parte hartzeko betekizunak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proban parte hartzeko, beharrezkoa izanen da 2026. urtean hemezortzi urtetik gora izatea, edo urte horretan adin hori betetzea.
Ez dute proban izena ematen ahalko izena emateko unean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko beste ikasketa batzuetan matrikulatuta daudenek.
Helduentzako Bigarren Hezkuntzan (HBH) ofizialki matrikulatuta dauden pertsonek, proban izena eman nahi badute, apirilaren 30a baino lehen egin beharko diote uko ikasketa horietako matrikulari.
Proba egiteko, beren nortasuna frogatzeko eskatuko zaie izangaiei, horretarako aurkeztuz nortasun agiri nazionala (NAN), atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZa) edo pasaportea.
3.–Probaren egitura.
Probak hiru atal bereiz izanen ditu, Komunikazio Esparrukoa, Gizarte Esparrukoa eta Zientzia-Teknologiaren Esparrukoa. Esparruok Nafarroako Foru Komunitatean helduentzako Oinarrizko Hezkuntzaren antolamendua eta curriculuma arautzen dituen maiatzaren 14ko 51/2025 Foru Dekretuaren 21. artikuluan aipatuta daude.
Probaren atal horiek erreferentziatzat izanen dituzte aipatutako foru dekretuaren III. eranskinean jasotako esparruetako curriculumak.
Ikasleak proba euskaraz egitea erabakitzen badu, hizkuntza horretan eginen ditu Zientzia-Teknologiaren Esparrukoa eta Gizarte Esparrukoa. Komunikazio Esparrukoan, berriz, Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, eta Atzerriko Hizkuntzako ariketak sartuko dira, eta foru dekretu horretako D ereduko curriculuma izanen da erreferentea. Horretarako, izena emateko inprimakian, adieraziko da zer hizkuntza aukeratu den.
Proba egitean, irisgarritasun unibertsaleko neurriak eta hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasle guztiek behar dituzten egokitzapenak hartuko dira kontuan. Egokitzapen horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak jaisteko.
4.–Proba egiteko eguna, eta nola eginen den.
Proba ekainaren 1ean eginen da.
Proba eginen da Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan (NHBHI) (Bartolomé de Carranza kalea 5, Iruña).
Ariketak egun bakarrean eginen dira, goizez eta arratsaldez.
Goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta eginen dira komunikazioaren esparruko eta gizarte esparruko ariketak. Hiru ordu erabiliko dira gehienez: bi ordu hizkuntzaren esparruko ariketa egiteko, eta ordu bat gizarte esparruko ariketa egiteko. Saio horrek hiru ordu iraunen du gehienez.
Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta esparru zientifiko-teknologikoko ariketa egiteko izanen da. Ariketa horrek 3 ordu iraunen du gehienez.
Komunikazioaren esparruko zatia egiteko, ez da erabiltzen ahalko gaztelania, euskara edo atzerriko hizkuntzetako hiztegirik. Atzerriko hizkuntzaren ariketa frantsesez edo ingelesez egiten ahalko da, izangaiak nahi bezala. Horretarako, izena emateko inprimakian, adieraziko da zer hizkuntza aukeratu den.
Esparru zientifiko-teknologikoko zatian oinarrizko kalkulagailu ez-programagarria erabiltzea onartuko da.
Ez da zilegi sakelako telefonoa edo bestelako gailu teknologikorik erabiltzea ezein ariketatan.
Hezkuntza Departamentuak proba egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatutako presoei eta soldadu kuarteleratuei, zailtasun handiak baitituzte aipatutako ikastetxera joateko. Kasu horietan, Hezkuntza Departamentuko teknikari bat kartzelara edo kuartelera joanen da, ariketak eramanen ditu, ezarritako egun eta orduetan, eta arduratuko da behar bezala egin daitezen. Proba bukatutakoan, ariketak gutun-azal batean sartuko ditu, eta epaimahaiburuari emanen dizkio.
5.–Proban inskribatzea eta matrikulatzea.
5.1. Alderdi orokorrak.
Izena emateko epea maiatzaren 8tik 15era izanen da, biak barne.
Izena modu presentzialean ematen ahal da Iruñeko "Félix Urabayen" NHBHIko idazkaritzan edo modu telematikoan, online, "Educa Portal"-en bidez, "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izapideen fitxaren estekatik. Eskatzaileak bere izenean egin dezake eskaera, eta zilegi da, orobat, beste pertsona edo erakunde batek egitea eskatzailearen izenean.
Izena emateko inprimakia Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izeneko izapideen fitxan ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.
Ikasleak inskripzioan emandako datuetatik eta agirietatik abiatuta, ikastetxeak matrikula formalizatuko du.
Probarako matrikula egiteko unean, hala badagokio, adierazi eginen da zer esparru baliozkotu zaizkion ikasleari, eranskin honen 5.2. puntuan ezarritakoaren arabera.
Baldin eta ikasle batek aukera badu 8/2026 Foru Aginduaren 6.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera probaren hiru esparruak "BAL" terminoaren bidez baliozkotzeko, gutxienez probaren esparruetako batean izena eman beharko du, berak aukeratutakoan, DBHko graduatu titulua lortu ahal izateko, izena emandako esparruetan kalifikazio positiboa lortuz gero.
5.2. Baliozkotzeak.
5.2.1. Ikasleek, izena emateko unean, esparru jakin batzuk baliozkotzeko eskatzen ahal dute, 8/2026 Foru Aginduaren I., II. eta III. eranskinetan ageri diren baliokidetasunak aitortzeko koadroak aplikatuta. Horretarako, ikasleek baliozkotzea egiteko behar diren agiriak entregatu beharko dituzte.
5.2.2. Baliozkotzeak ikaslearen espediente akademikoan erregistratuko dira, aurretik gainditutako esparru edo jakintzagai hauek kontuan hartuta:
a) HBHn gainditutako esparruak: baldin eta ikasleari 8/2026 Foru Aginduaren I. eranskinean aipatutako baliokidetasunak aplikatzen bazaizkio, inguruabar horietan baliozkotutzat erregistratuko da "BALHBH" siglen bidez, dagokion kalifikazio kualitatiboarekin batera, eranskin honen 5.2.3. puntuan xedatutakoaren arabera.
b) DBHko gradua zuzenean lortzeko proban gainditutako esparruak (GZLP): baldin eta ikasleari 8/2026 Foru Aginduaren II. eranskinean aipatutako baliokidetasunak aplikatzen bazaizkio, uneko deialdiaren aurreko probei dagozkienak, inguruabar horietan baliozkotutzat erregistratuko da "BALGZLP" siglen bidez, dagokion kalifikazio kualitatiboarekin batera, eranskin honen 5.2.3. puntuan xedatutakoaren arabera.
c) Espainiako hezkuntza sistemako beste irakaskuntza batzuetan gainditutako esparruak edo jakintzagaiak: baldin eta ikasleari 8/2026 Foru Aginduaren III. eranskinean aipatutako baliokidetasunak aplikatzen bazaizkio, inguruabar horietan baliozkotutzat erregistratuko da "BAL" siglen bidez, kalifikaziorik gabe.
5.2.3. "BALGZLP" eta "BALHBH" motako baliozkotzeekin batera zer kalifikazio kualitatibo jarri behar den zehazteko, honela jokatu beharko da:
a) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten atal, modulu edo esparruen kalifikazioak zenbakizkoak badira, edo zenbakizko baliokidea duten kalifikazio kualitatiboak, kalifikazio kualitatibo bat adieraziko da "BALGZLP" edo "BALHBH" terminoekin batera, honela kalkulatua: dagozkion zenbakizko kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginez, eta, gero, emaitza horri 8/2026 Foru Aginduaren IV. eranskinean ezarritako baliokidetza aplikatuta.
b) Baldin eta baliozkotzea ahalbidetu duten atal, modulu edo esparruen kalifikazioak kualitatiboak badira eta ez badute zenbakizko baliokiderik, kalifikazio kualitatibo bat adieraziko da "BALGZLP" edo "BALHBH" terminoekin batera, honela kalkulatua:
–Kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtuko dira, oinarri harturik 8/2026 Foru Aginduaren V. eranskinaren taulan ezarritako baliokidetza.
–Kalifikazio kuantitatibo horien batezbesteko aritmetikoa eginen da.
–Lortutako batezbestekoa kalifikazio kualitatibo bihurtuko da, 8/2026 Foru Aginduaren IV. eranskinean ezarritako baliokidetza aplikatuta.
5.2.4. Baldin eta ikasleak entregatzen badu 8/2026 Foru Agindua ezarri baino lehenagoko data duen ziurtagiriren bat, eta ziurtagiri horretan esparruren bat salbuetsita duela ageri bada, "SALB" edo antzeko terminoren batekin eta kalifikazioa kualitatibo edo zenbakizko batekin, ikasleak salbuespen hori ahalbidetu duten ikasketak egin izana ziurtatzen duen dokumentu ofiziala eman beharko du proban izena ematean, jarraian azaldutakoaren arabera erregistratuta:
a) Salbuespenaren jatorria 8/2026 Foru Aginduaren III. eranskinean zehaztutako edozein ikasketa denean, "SALB" eta haren termino baliokideak baliozkotutzat erregistratuko dira, kalifikaziorik gabeko "BAL" terminoaz.
b) Salbuespenaren jatorria HBH denean, "SALB" eta haren termino baliokideak baliozkotutzat erregistratuko dira, "BALHBH" terminoaz, 8/2026 Foru Aginduaren 6.3 artikuluan ezarritakoaren arabera lortuko litzatekeen kalifikazio kualitatiboarekin.
5.2.5. Baldin eta ikasleak entregatzen badu 8/2026 Foru Agindua ezarri baino lehenagoko data duen ziurtagiriren bat, eta ziurtagiri horretan esparruren bat salbuetsita duela ageri bada, "SALB" edo antzeko terminoren batekin, baina kalifikazioa kualitatibo edo zenbakizkorik gabe, termino horiek baliozkotutzat erregistratuko dira, kalifikaziorik gabeko "BAL" terminoaz, salbu eta ikasleak HBHn esparru horretan lorturiko kalifikazioa ageri den dokumentu ofizialen bat aurkezten badu. Kasu horretan, 8/2026 Foru Aginduaren 6.3 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
5.2.6. Baldin eta ikasleak entregatzen badu aipatutako foru agindua ezarri baino lehenagoko data duen ziurtagiriren bat, eta ziurtagiri horrek badio aurreko deialdiren batean esparruren bat gainditu duela, "ADG" edo antzeko terminoren batekin eta kalifikazio kualitatibo batekin, termino hori baliozkotutzat joko da, "BALGZLP" terminoarekin eta dagokion kalifikazio kualitatiboarekin. "ADG" terminoarekin doan kalifikazioa kuantitatiboa bada, "BALGZLP" terminoari erantsi beharko zaion kalifikazio kualitatiboa 8/2026 Foru Aginduaren IV. eranskina aplikatuta lortuko da.
5.2.7. Baldin eta ikasleak entregatzen badu aipatutako foru agindua ezarri baino lehenagoko data duen ziurtagiriren bat, eta ziurtagiri horrek badio aurreko deialdiren batean esparruren bat gainditu duela, "ADG" edo antzeko terminoren batekin eta kalifikazioa kualitatibo batekin, baina kalifikazioa kualitatibo edo zenbakizkorik gabe, termino hori baliozkotutzat joko da, "BALGZLP" terminoarekin eta Nahikoa (N) kalifikazioarekin, salbu eta ikasleak esparru horretan lorturiko kalifikazioa ageri den dokumentu ofizialen bat entregatzen badu. Kasu horretan, 8/2026 Foru Aginduaren 6.3 artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuko da "BALGZLP" terminoarekin joanen den kalifikazioa.
5.2.8. Xedapen gehigarri honetan eta foru agindu horren gainerako artikuluetan jaso ez diren gainerako zehaztapen eta baldintzatzaileetan, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoak zehaztuko du dagokion kalifikazio erregistroa.
5.3. Proba egiteko egokitzapenak.
Hezkuntza laguntzako berariazko premiak egiaztatzen dituztenek eskatzen ahalko dituzte egokitzapenak proba egiteko.
Izena emateko inprimakian proba egiteko beharrezkotzat jotzen den egokitzapen mota adierazi beharko da, eta hezkuntza laguntzako berariazko behar horiek egiaztatzen dituzten agiriak entregatu beharko dira.
Egokitzapenak indarra duten arauetan xedaturikoari jarraikiz eginen dira.
5.4. Dokumentazioa.
Proban izena emateko inprimakiarekin batera, honako agiri hauek entregatu beharko dira:
a) NANa, AIZa edo pasaportea.
b) Inskripzio inprimakia.
c) Ziurtagiri akademikoa, 8/2026 Foru Aginduaren I., II. eta III. eranskinetan ageri diren baliokidetasunak aitortzeko taulak aplikatzearen bidez esparru jakin batzuk baliozkotu nahi dituztenek.
d) Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketetako matrikulari uko egin izanaren justifikazioa, ikasketa horiek egiten ari baldin bada.
e) Proba egiteko egokitzapenak eskatzen dituztenek hezkuntza laguntza behar dutela frogatzen duen agiria.
Aurreko apartatuetan adierazten diren ziurtagirien fotokopiak entregatu dituztenek jatorrizko ziurtagiriekin agertu beharko dute probetara, epaimahaiak egiazta dezan emandako kopiekin bat datozela, egokitzat jotzen badu.
6.–Onartutako eta onartu gabeko izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda.
Onartuen behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izeneko izapideen fitxan argitaratuko da, maiatzaren 18an.
Zerrenda horretan adieraziko da zein onartu diren proba egiteko, izena eman duten eskatzaileen artetik, eta zein baztertu, baztertzeko arrazoiak adierazita. Baliozkotuak dituzten ezagutza esparruak ere adieraziko dira.
Izangaiek behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak egiten ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izeneko izapideen fitxan agertuko den ereduaren arabera, epaimahiburuari zuzenduak, maiatzaren 22tik maiatzaren 26ra. Erreklamazio horiek ikastetxeko Idazkaritzan aurkezten ahalko dira, edo igortzen ahalko dira f.urabayen@educacion.navarra.es posta elektronikoaren bidez.
Behin betiko zerrenda maiatzaren 27an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izapideen fitxan.
7.–Kalifikazioa.
Ikasle bakoitzari dagokionez, Komunikazio Esparrua, Gizarte Esparrua eta Zientzia-Teknologiaren Esparrua ebaluatu ondoren, epaimahaiko kideek esparru horietako bakoitzaren kalifikazioa zehaztuko dute.
Esparru bakoitzean lortutako emaitza ebaluazio aktan adieraziko da, kalifikazio eskala honen arabera: Gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) edo Bikain (B), kalifikazio positiboetarako.
Era berean, baldin eta ikaslea esparruren batera aurkezten ez bada, "EA" siglen bidez adieraziko da (Ez aurkeztua). Ondorio guztietarako, "EA" kalifikazioa negatibotzat hartuko da.
Proban parte hartzen duten pertsonek egindako ariketak proba egin den ikastetxean artxibatuko dira, indarrean dagoen araudiak ebaluazio tresnen kontserbazioari buruz ezarritako denboran.
8.–Emaitzak argitaratzea eta erreklamazioak.
Kalifikazioak esleitu ondoren, epaimahaiak ekainaren 4an argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak deialdiaren izapideen fitxan.
Esparruen kalifikazioekin ados ez egonez gero, ikasleek erreklamazioa egiten ahalko dute, idatziz, ekainaren 5etik ekainaren 11ra, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren "DBHko graduatu titulua lortzeko probak" izapideen fitxan agertzen den ereduaren arabera, ebazpen honen baldintzak kontuan hartuta, epaimahaiburuaren aurrean.
Erreklamazio epea agortu eta egindako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ekainaren 12an argitaratuko ditu behin betiko emaitzak deialdiaren izapideen fitxan.
9.–Ebaluazio akta.
Ebaluazio akta agiri ofiziala da, eta, gutxienez, honako hauek jasoko ditu: ikastetxearen identifikazio datuak, proba noiz egin den, proba horretan izena eman duten pertsonen identifikazio datuak, esparruen behin betiko kalifikazioak eta onartutako baliozkotzeak, baita titulazioari buruzko erabakia ere.
Ebaluazio akta epaimahaiko kideek sinatuko dute eta ikastetxearen zuzendaritzaren titularraren oniritzia izanen du.
Era berean, ebaluazio akta proba egin den ikastetxearen idazkaritzan artxibatuko da.
Ikastetxeak ebaluazio aktaren kopia bat igorriko du Hezkuntza Departamentuaren Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora.
10.–Titulua ziurtatzea eta ematea.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lortzeko proba gainditutzat joko da kalifikazio positiboa lortzen bada titulu hori osatzen duten esparruetako bakoitzean ebazpen honen 7. puntuan ezarritakoaren arabera, baita ebaluazio aktan "BAL", "BALHBH" edo "BALGZLP" siglekin erregistratuta badaude ere (lehen kasuan, kalifikaziorik gabe, eta, beste bietan, kalifikazioarekin).
Proba egin den ikastetxearen zuzendaritzak kudeatuko eta izapidetuko du proba gainditu duten ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamena.
Proban parte hartzen duten pertsona guztiek, titulua lortzeko proposatuak izateko moduan badaude, egoera hori jasotzen duen behin-behineko ziurtagiri indibidual bat lortzen ahalko dute, proba egin den ikastetxearen zuzendaritzari eskaera egin ondoren.
Era berean, proban parte hartzen duten pertsonek ziurtagiri indibidual bat lortzen ahalko dute, proba egin den ikastetxearen zuzendaritzari aldez aurretik eskatuta. Ziurtagiri horretan, ebaluazio aktan esparru bakoitzerako erregistratutakoa jasoko da.
11.–Epaimahaia.
11.1. Oro har, epaimahai bakarra eratuko da, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatua, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren zuzendariak proposatuta. Epaimahai hori Katedradunen Kidegoko edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko karrerako irakasle funtzionarioek osatuko dute. Haiekin batera, ordezkoak ere izendatuko dira.
11.2. Epaimahaia epaimahaiburu batek eta lau mahaikidek osatuko dute, eta idazkaria adinez gazteena izanen da.
11.3. Oro har, epaimahai horretan Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru esparruetako bakoitzeko irakasle bat egonen dela bermatuko da, gutxienez.
11.4. Hezkuntza Departamentuak erabakitzen ahalko du epaimahai bat baino gehiago behar dela. Kasu horretan, proba berbera izanen da izangai guztientzat, zein epaimahaitarako izendatuta dauden kontuan hartu gabe, eta aldi berean eginen dute.
11.5. Eranskin honen 11.1. puntuan aipatzen den ebazpena deialdiaren izapideen fitxan argitaratuko da.
11.6. Epaimahaiak, bere eginkizunak hobeki gauzatzeko, aholkularien laguntza eskatzen ahalko dio Hezkuntza Departamentuari, komenigarritzat jotzen duenean. Horretarako, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren zuzendariak izendatuko du, ebazpen baten bidez, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren zuzendariak proposatuta.
12.–Epaimahaiaren eginkizunak.
Epaimahaiak honako eginkizun hauek izanen ditu:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probaren antolaketa, garapena, egiteko modua eta ebaluazioa koordinatzea.
b) Behar den konfidentzialtasuna gordetzea, epaimahaiko kide gisa dagozkion eginkizunak betetzean.
c) Proba prestatzea eta ebaluazio eta kalifikazio irizpideak ezartzea, Hezkuntza Departamentuaren Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoak gainbegiratuta.
d) Proba indarrean dagoen araudira egokitzen dela zaintzea.
e) Ardura hartzea deialdiko izapideen fitxan argitaratu daitezen hari buruzko informazio guztia eta onartu diren eta ez diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak; baita zerrenda horiei jarritako erreklamazioak ebaztea ere.
f) Eskaera bat egitea, Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunari, hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasle guztiek behar dituzten egokitzapenak zehaztu ditzan, eta egokitzapen horiek gauzatzea.
g) Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleek egindako egokitzapen eskaerei buruzko erreklamazioak ebaztea, eta, beharrezkoa denean, arlo horretan Hezkuntza Departamentuko unitate eskudunaren laguntza eskatzea.
h) Probara joan, eta hura behar bezala egiten dela zaintzea; aukera izanik proba egiten den bitartean iruzurrezko edozein jarduketa egiten dutenak proba horretatik kanpo uzteko.
i) Deialdiko izapideen fitxan komunikatzea zer datatan argitaratuko diren, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta noiz eta nola jasoko diren ziurtagiriak.
j) Proba zuzentzea eta kalifikatzea, adierazitako epean, ariketak zuzentzeko ezarritako irizpideak aplikatuz.
k) Ardura hartzea probaren behin-behineko eta behin betiko emaitzak deialdiaren izapideen fitxan argitaratu daitezen, baita emaitza horiei aurkeztutako erreklamazioak ebaztea ere.
l) Epaimahaiak eginiko bilera guztien akta egitea.
m) Probaren emaitzei dagozkien aktak egitea.
n) Hezkuntza Departamentuaren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak zehazten duen beste edozein eginkizun.
Iragarkiaren kodea: F2605319
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
