85. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2026 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2026ko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 896170.

Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) merkatuaren eta teknologiaren ikuspegitik zedarritzen ditu espezializazio-arloak, bai eta 2021-2027 aldian Nafarroaren lehiakortasuna hobetuko duten zeharkako politikak ere. S4 delakoaren helburua da hazkunde eredu jasangarri eta inklusibo baterako bidea egitea, hots, hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte- zein lurralde-kohesioa sustatzea.

Zenbait politika publiko bideratuta daude S4an ezarritako helburuak betetzera, eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak horien barruan dira, helburu baitute orientazioa ematea lehiakortasuna hobetu nahi duten Nafarroako enpresei. Zehazki, aholkularitza espezializatua sustatu nahi dute, bai aholkularitza eta ingeniaritza gastuak diruz lagunduta (enpresako hainbat arlo aztertzearen ondorioz sortutakoak), bai hobekuntza ekintzak inplementatuta.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko 2026ko laguntzen deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810007-81200-4709-458107: ETEen lehiakortasuna sustatzea.

2026

600000

810007-81200-4709-458107: ETEen lehiakortasuna sustatzea

2027

600000

Hurrengo ekitaldietako gastua aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

Halaber, 300.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko laguntzetan aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako enpresen lehiakortasuna sustatzea, dirulaguntzak emanez helburu horretarako aholkularitza espezializatuarekin egiten diren proiektuei.

Proiektu horiek enpresaren arloak aztertzea izanen dute xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzak eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun:

a) Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZa) alta emanda egotea Nafarroan.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatuta izatea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitarteko aldian "Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla" izeneko txostena ere, zeina Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioaren Ministerioak emanen baitu; kasu horretan, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu bai aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak, bai batez besteko plantillari buruzko txostena.

e) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

f) Irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jarduerak garatzen ez ibiltzea. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde.

2. Betebehar horiek frogatuko dira 6. oinarriak aipatutako eskabide-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenarekin, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dira.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Proiektu diruz lagungarriak indibidualak izan daitezke, enpresa bakar batek egiten baditu, edo kooperatiboak, baldintza hauek betetzen dituzten bi enpresak edo gehiagok parte hartzen badute:

–Elkarri lotuta edo elkartuta ez egotea, bat etorriz Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emaniko Gomendioaren 3. artikuluan ezarritakoarekin.

–Lankidetzak abantaila gehiago sortu beharko ditu proiektu indibidual batek baino, eta horiek behar bezala justifikatuko dira memorian.

–Enpresa bakoitzak bere laguntza eskaera aurkeztuko du onuradun izateko, eta parte-hartzaile guztiek bete beharko dituzte 10. oinarriko betebeharrak.

2. Enpresen lehiakortasuna hobetzeko proiektuak arlo hauetakoren batekin lotuta egonen dira:

a) Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduen diseinua.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

b) Antolaketa eta kudeaketa:

–Antolaketako eta kudeaketako ereduak ezartzea.

–Antolaketako beste hobekuntza batzuk.

c) Prozesua-produktua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.

–Lean-a.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

d) Ekonomia zirkularra:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodiseinuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

e) Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko azterketak Espainiarako.

–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.

f) Gizarte berrikuntza: Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen "SIPRESTA" metodologia edo horren baliokideak diren beste batzuk aplikatzea.

g) Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, baldin eta akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak. Deialdi honen ondorioetarako, ulertzen da enpresen lankidetza dela bi enpresaren edo gehiagoren gaitasunak eta ezagutzak partekatzea aldi baterako, denen helburu bat edo batzuk lortzeko, sortutako sinergiak baliatuta.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

3. Gauzatzeko epearen arabera, proiektuak mota hauetakoak izanen dira:

a) 1. mota: 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean gauzatutako (fakturatutako eta ordaindutako) proiektuak.

b) 2. mota: 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko apirilaren 30era bitartean gauzatutako (fakturatutako eta ordaindutako) proiektuak. 1. motako proiektuetatik bereizteko, ezinbestekoa izanen da proiektuaren gastuetako bat 2026ko azaroaren 1etik aurrera fakturatzea eta ordaintzea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Aurreko oinarrian definitutako proiektuen gastu diruz lagungarriak honako hauek izanen dira:

a) Aholkularitzako eta ingeniaritzako kanpo gastuak, aurreko oinarrian definitutako proiektuak garatzekoak.

b) "Produktua-prozesua" eta "Ekonomia zirkularra" arloetan sartutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, betiere ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu honetan, aurrekontu diruz lagungarria, gehienez ere, a) letran aipatzen diren gastu diruz lagungarrien %20 izanen da.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10, gehienez ere.

2. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori enpresak eskatzen dituen baldintzetan egiteko.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean (fakturatu eta ordaindu denean).

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz adierazitako moduan frogatzen ez diren gastuak.

3. Gastu diruz lagungarriak ordaindu beharko dira sektoreko araudi aplikagarrian xedatutako ordainketa-epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan (30 egun natural, non ez den adosten 60 izatea, gehienez).

4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Deialdia argitaratu aurreko bi urteetan, hau da, 2024an eta 2025ean, kontratatu den aholkularitza-enpresa baten gastuak. Ondorio horietarako, aholkularitza-enpresei enpresa bakarraren kontzeptua aplikatuko zaie, 2023/2831 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoa.

b) Kanpoko aholkularitza- edo auditoretza-enpresaren gastuak, egin direnak ziurtagiriak lortzeko edo berritzeko edo araudiren batera egokitzeko.

c) Nazioarteko merkatuen azterketari edo haietan kokatzeari eta nazioartekotze planei dagozkien aholkularitza gastuak.

d) Produktuetan edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, lehendik dauden zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.

e) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakon aztertzeko ez badira.

f) Lotura duten pertsonen edo enpresen artean egindako kontratazioei dagozkien gastuak. Lotura duten pertsonen edo enpresen definizioa Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

g) Energia efizientzia hobetzeko jarduketei dagozkien gastuak.

h) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

i) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

j) Enpresako langileen gastuak.

k) Lurrak eta eraikinak.

l) Bigarren eskuko ondasunak.

m) Aholkularitza-gastuetatik aholku ematen duen hornitzaile berak egindako inbertsioak eratortzen direnean, zenbateko osoa inbertsioa dela ulertuko da, eta ez da diruz lagunduko.

n) Gastu gehiena konponbide digitalak ezartzera bideratzen duten proiektuak.

o) Bazkideak bilatzeagatik edo enpresa zatitzeagatik egindako gastuak.

p) Sare sozialak kudeatzeko edo web-orriak eguneratzeko gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Oro har, dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat hartzen duen aurrekontuaren %45.

Hala ere, intentsitate hori handitzen ahalko da, puntu hauengatik, %60ra iritsi arte:

a) Genero berdintasuna: 5 puntu, honako baldintza hauek aldi berean betetzen badira:

–Emakumeek enpresako erantzukizun edo zuzendaritza postuen %30 gutxienez betetzea.

–Enpresetako langileen %30 gutxienez emakumeak izatea.

–2025eko ekitaldian langile gizonezkoen orduko soldata gordina zati langile emakumezkoen orduko soldata gordina 1,05 edo gutxiago izatea.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Proiektu kooperatiboak, 3.1 oinarriaren arabera: 5 puntu.

2. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

Enpresa bakarraren definizioa ezarrita dago Batzordeak abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduaren 2.2 artikuluan. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta muga-egunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan. Zehazki, eskaerak aurkeztu beharko dira:

a) 1. motako proiektuetarako, argitaratu eta hilabetera.

b) 2. motako proiektuetarako, argitaratu eta bi hilabetera.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta artxiboak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin (adibidez, "Proiektuaren memoria"):

a) Eskabide-orria, laguntzen fitxan eskura daitekeena, zeinak 2. oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen baitu.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria zehatza.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontua.

d) Hornitzailea 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) Hala badagokio, 5.1 oinarrian ezarritako dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

Genero berdintasunari dagokionez:

–Enpresaren egiaztagiria, non enpresako erantzukizuneko edo zuzendaritzako postuak eta horietan aritzen direnak agertuko baitira.

–Excel-orri bat, langileen batez besteko eta orduko soldata gordinaren ratioa kalkulatuta.

–190 ereduaren kopia, 2025eko atxikipenei eta konturako sarrerei buruzkoa.

–Lan bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.

–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.

Kluster bati loturiko enpresen kasuan: klusterrari lotuta egotearen ziurtagiria, oinarri honen 1. atalean eskaera aurkezteko ezarritako epearen barnean emana.

f) 7.2 oinarriko 3. puntuko balorazio irizpidearen ondorioetarako: laneratze enpresek sorrerako estatutuak aurkeztu beharko dituzte, eta 94/2016 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen kalifikazio araubidea, erregistroa eta laguntzak).

4. Proiektu kooperatibo batean parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere eskaera eta 3. atalean eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko ditu. Proiektu kooperatiboen kasuan, parte-hartzaile bakoitzak dokumentazio horretan zehaztu beharko du zer jarduketa egin behar dituen proiektuan.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3. atalean adierazitako dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ezin izanen da hori zuzendu, inolaz ere.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, 3. oinarrian definitzen diren proiektu motak kontuan hartuta, aurkeztutako eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

PROIEKTU MOTA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

1. MOTAKOAK

810007 81200 4709 458107 ETEen lehiakortasuna sustatzea

2026

600.000 euro

2. MOTAKOAK

810007 81200 4709 458107 ETEen lehiakortasuna sustatzea

2027

600.000 euro

2. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, gehienez ere 26 puntu emateko:

1. Enpresaren batez besteko plantilla 2025-01-01etik 2025-12-31ra arteko aldian:

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: 1 puntu.

2. Ekonomia sozialeko enpresak: 1 puntu.

3. Laneratze enpresak: 3 puntu.

4. Proiektu kooperatiboak, 3. oinarriaren arabera: 3 puntu.

5. Proiektuaren arloa:

a) Estrategia: 4 puntu.

b) Antolaketa eta kudeaketa: 4 puntu.

c) Prozesua-produktua: 7 puntu.

d) Ekonomia zirkularra: 10 puntu.

e) Merkatua: 4 puntu.

f) Gizarte berrikuntza: 10 puntu.

g) Bestelako jarduketak: 4 puntu.

6. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2025eko deialdian laguntzarik jaso ez duten enpresak (2025eko 93. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa): 2 puntu.

Enpresa batek 3. oinarriko bi proiektu motetarako laguntza eskatzen badu, 6. irizpide honi dagozkion puntuak 1. motako proiektuari emanen zaizkio (2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte egindakoa). Eta mota bereko proiektuetarako laguntza eskatzen badu, puntuazio hori emanen zaio 1. irizpidetik 5.era bitartekoetan balorazio onena duenari.

3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, enpresek 2025ean duten batez besteko plantillaren arabera ebatziko da, langile gutxien duena lehenetsiz, eta hala ere berdinketak irauten badu, laguntza eskaera lehenago aurkeztu duen enpresaren alde ebatziko da.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Industria Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari bi ebazpen proposamen igorriko dizkio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateaz ebatziko duen organo eskuduna, eta bi ebazpen emanen ditu 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta ezetsi diren eskaerak, halakorik bada, bai eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpen horietan adieraziko da zer gastu-aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari, proiektu motaren arabera. Izan ere, horrek ezarriko du zein den gauzatzeko epea (3.3 oinarria), baita diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).

3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, erantzun ezin izan ziren eskaerak aintzat hartzeko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Hauek izanen dira egindako proiektua justifikatzeko epeak:

a) 2026ko urriaren 31, 1. motako proiektuetarako.

b) 2027ko apirilaren 30a, 2. motako proiektuetarako.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da. Gauza bera gertatuko da proiektu kooperatibo bateko parte-hartzaile guztiek epearen barnean aurkezten ez badute justifikazioa.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Eguneroko liburuaren kontu-laburpena, fakturak enpresaren kontabilizazioan sartu direla egiaztatzen duena.

d) Aholkularitza- edo ingeniaritza-enpresak egindako azterketa. Hornitzaileak onuradunari bidalitako dokumentazio guztia jaso behar du azterketa horrek.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emanen du 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Jasotako laguntzaren berri ematea web korporatiboan edo, baldin eta web korporatiborik ez badago, establezimenduaren leku ikusgarri batean 3 urtez, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita, honako esaldi honekin: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2026ko laguntzen deialdian".

e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin beharko zaio komunikazio hori, eta, beti, 9. oinarrian ezarritako justifikazioa egin baino lehen.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (2023ko L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 20.000 euro baino gehiago eman "de minimis" laguntzetan guztira hiru zerga ekitalditan, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 316/2019 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen duena (2019ko L 51. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, otsailaren 22koa).

3. Aurreko ataletan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresek eskabide-orrian deklaratuko dituzte eskaeraren dataren aurreko hiru urteetan jasotako "de minimis" laguntzak.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuta egonen dira bi urtez (www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2604994