85. ALDIZKARIA - 2026ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

219E/2026 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen baita Arraitzen (Nafarroa) Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak sustaturiko NA-4230 errepideko saihesbidearen trazadura egiteko proiektuari buruz.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Azpiegituren Ingurumen Kudeaketarako Atalak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari 2026ko otsailaren 17an. Jarduketa hori 2020ko prozedura sinplifikatuaren atzetik etorri da, zeinean ondorioztatu baitzen, 62E/2021 Ebazpenaren bidez, proiektuak –21/2013 Legearen II. eranskinean sartua– ingurumen-eragin esanguratsuak zituela III. eranskineko irizpideen arabera. Horrek eragin zuen izapidetze arrunt hau behar izatea.

Proiektuaren xedea da Arraizko saihesbidea eraikitzea gaur egun NA-4230 errepidetik igarotzen den trafikoa desbideratzeko (errepide horren trazatua hirigunetik pasatzen da), trafikoa herrigunetik urrundu eta trazatu berritik igaro dadin.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen I. eranskinean laburtzen da proiektua.

–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.

21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, aldi berean sustatzailea eta organo substantiboa denak jendaurrean jarri zituen proiektuak eragindako ondasun eta eskubideak eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 224. zenbakian iragarki bat argitaratuz, 2025eko azaroaren 10ean.

Denbora-tarte horretan, Arraitz-Orkin kontzejuaren alegazio bakar bat jaso da, zeinaren edukia ez baita ingurumenari buruzkoa, alde batera utzita beharrezkoa izanez gero pantaila akustikoak jartzeko eskaera.

–Proiektuaren analisi teknikoa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.

Hiru aukera aztertu dira, eta 1etik 3rako zenbakiak esleitu zaizkie. Aztertutako aukerak eta eragileak (besteak beste, trazaduraren ezaugarriak, funtzionaltasuna, hiri-antolamendua, eragindako azalera, ingurumen-inpaktua, inpaktu akustikoa eta kostu ekonomikoa) kontuan hartuz, jotzen da 1 zenbakiko aukera dela egokiena Arraitzen NA-4230 errepideko saihesbidearen trazadura egiteko.

2021eko ingurumen-inpaktuaren txostenean adierazi zenez, proiektuaren eremu osoa "Ultzama eta Basaburuko hariztiak" (PP2) naturagune babestuan dago, eta ES2200043 "Ultzama eta Basaburuko Hariztiak" KBEaren ekialdeko mugatik oso gertu. Egoera hori jasotzen du ingurumen-inpaktuaren azterketak, eta modu koherentean aztertzen ditu proiektua egikaritzearen inplikazioak bi gune horien kontserbazio-helburuei dagokienez.

Inguruneko elementu berezitzat jo da Zaldazain edo Labararreta erreka, funtsezko funtzioa baitu korridore ekologiko gisa eta "Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" eta "Belate" KBEen arteko lotura gisa; egoera horrek eragin zuen 2021ean proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea.

Ibai Ingurunearen Atalaren aldeko txostena, 2021eko otsailean igorria, kontuan izan da proiektuaren ingurumen-azterketan, ingurune fisiko eta naturalaren inguruabarrak ordutik aldatu ez direla jo baita. Egungo ebaluazioan sartu dira txosten hori baldintzatzen duten zehaztapenak.

Proiektuak proposatzen du erreka horren bi ertzak zabaltzea eta zuzentzea 140 m-ko tarte batean (errepide berriaren ardatz nagusiko 0+080 eta 0+100 kilometro-puntuen artean), ibaiaren portaera hidraulikoa hobetzeko saihesbidearen azpitik igarotzen den puntuan; gurutzaketa hori konpontzeko, 17,50 m-ko argi askeak jartzeko aukera emanen duen hormigoizko egitura bat jarriko da, habe aurrefabrikatuz osaturiko taula bat duena.

Zaldazain erreka, Belate ibaiarekin elkartu ondotik, Natura 2000 Sareko "Ultzamako eta Basaburuko hariztiak" eremuan sartzen da, mendebalderantz, 200 metroz. Kasu horretan, aurreko proiektuan ez bezala, erreka zuzentzeko obrek lurrean zabalduta mantenduko dituzte ertzak, harri-lubetarik gabe, ertzen zurruntasuna saihesteko; ertzak bizkor naturalizatzeko aukera izanen da, ingurumen-integrazioko neurriak aplikatuz.

Ibilgu hori aldatzeko, beharrezkoa da ibaiertzeko basoko landareak kentzea proiektuak ukitutako tartean; bertan, Lonicero xylostei-Alnetum glutinosae asoziazioan sartzen diren haltzadi azpikantauriarrak daude, zeina bat baitator HIC 91E0*rekin (haltzadi kantauriarrak eta azpikantauriarrak). Ingurumen-inpaktuaren azterketak galera hauek kuantifikatzen ditu afekzioan: haltz heldu bat eta bi gazte, makal kanadar bat, bi lizar, hiru sahats hurritz eta haien azpialdeko oihanpea.

Ingurumen-ebaluazioan eta ingurumen-organo honek egindako landa-azterketan, egiaztatu da ibaiaren zati horretan ibaiertza arboladi estu batek osatzen duela; gehienak makalak eta haltzak dira, 14 eta 20 m bitarteko altuerakoak. Egoera fitosanitario txarrean dagoen haltzen bat edo beste ikus badaiteke ere, nabari da espezie horretako ale gazteek arrakastaz leheneratu eta okupatu dutela ibaiertza. Zuhaitz espezie horietaz gain, lizarrak, astigar arruntak, haritzak, zume zuriak, sahats ilunak eta hurritzak daude. Adierazi denez, kasu zehatz honetan, haltzak egoera fitosanitario txarrean daude eta lizarrak ari dira haien ordez jartzen zenbaitetan.

Proiektuak ukitutako ibai-tartean galeria-basoa kentzeak, Zaldazain ibaiaren ertza zuzenean ezabatzeaz gainera, ibai-habitata zatikatuko du, zeinean fauna katalogatuaren presentzia jaso baita, eta, horrenbestez, eragin zuzena izanen du faunaren habitatean (igaraba arrunta, ipurtatsa, beharbada bisoi europarra, ur-zozoa, martin arrantzalea, koartza hauskara eta miru gorria). Ingurumen-inpaktuaren azterketak espezie horien guztien presentzia berretsi du fototranparen bidez, baita bisoi amerikarrarena eta ibai-eremuetakoak ez diren baina ur-ibilgu horretara gerturatzen diren batzuena ere (basakatua, azeria, lepahoria, orkatza, etab.)

Bestalde, ibai hori zabaldu eta zuzentzeko lanek aldaketak eragiten ahal dituzte emarien erregimenean eta sedimentuen kargan, uhertasuna areagotzen ahal dute eta funtzionaltasun ekologikoa galarazi. Gainera, ustekabean olioak, erregaiak eta sedimentuak isuri eta kutsadura lausoa eragiteko arriskua dago; bereziki, obra askoko faseetan.

Halaber, errekaren eskuinaldean, erriberatik oso gertu, hondatu zen kolektore bati dagokion zerbitzua berriz jartzeak ere afekzioak eragiten ahal ditu ibilguan.

Abenduaren 18ko 88/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" KBEaren Kudeaketa Planak eremuaren funtsezko elementu eta helburutzat hartzen ditu, besteak beste, lekuko ibai eta erreken egoera ekologiko eta kimiko egokia lortzea (azken helburuetatik 4.a); ibai eta erreken ertzetako landarediaren segida berreraikitzea (azken helburuetatik 5.a); baso-saguzarrak kontserbatzea, bereziki arrisku handiena duten espezieak: Myotis bechsteinii, Barbastella barbastellus eta Myotis mystacinus (azken helburuetatik 9.a); eta Mustela lutreola eta Lutra lutra babestea (azken helburuetatik 12.a).

Aurreikusitako trazaduraren beste ingurumen-inpaktu esanguratsu bat da proiektuaren eremuan ekologikoki dauden bi ibai-sistemaren (Zaldazain erreka iparraldean eta Belate ibaia hegoaldean) arteko hesi-efektua. Ingurumen-inpaktuaren azterketak dioenez, kokapen topografikoa dela eta, errepideak erreka-ertzeko habitatak eteten ditu eta fauna lehortar ez-hegalaria iparretik hegoaldera mugitzea zailtzen du, bi erriberak erabiltzen baitituzte korridore ekologiko gisa. Saihesbidea eraiki eta erabiltzeak areagotu egiten du animaliak ibilgailuekin harrapatzearen ondoriozko heriotzaren arriskua: ingurumen-inpaktuaren azterketan arrisku larri gisa kalifikatzen da, batez ere anfibio, narrasti eta ugaztun txikientzat, bereziki esanguratsua delarik fauna katalogatuaren kasuan.

Inpaktuak desfragmentazio-neurriak behar ditu: faunarentzako igarobide eraginkor bat instalatu beharko da, gutxienez, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan proposaturiko konektagarritasun ekologikoko bestelako neurri batzuk ere aplikatu beharko dira.

Hesi-efektua eta Zaldazain errekaren afekzioa nabarmen areagotuko dira obrek dirauten artean, kontuan hartuz hondeaketa-lanetako soberakinak uzteko eremu bakar bat aurreikusten dela, hain zuzen, errepide berriaren trazaduraren eskuinaldeko zelai batean, bat egiten duena errekaren ezkerreko ertzarekin. Beraz, makineria astuna eta kamioiak atzera eta aurrera ibiliko dira etengabe ibilguaren gainean, eta horrek eragin zuzena izanen du, bai ibilguan, bai uren kalitatean. Horregatik guztiagatik, obrek bermatu beharko dute proiektua egikaritzeko fasean eragin minimoa izatea. Horretarako, kontu handiz jokatu eta eraikuntza-soluzioak egokitu beharko dira, baita soluzio osagarriak ere, haien neurria, okupazioa eta ukitutako habitataren galera minimizatzeko, korronteen erregimenari eragin gabe.

Inpaktu txikiagoetako batzuk dira obrek okupatuko dituzten zelaien arteko heskai-tarte batzuen afekzioa eta NA-4230 errepidearen ertzeko B glorietaren ondoan dagoen arbola-unada eder baten afekzioa.

Inguru honetan "Ultzama eta Basaburuko Hariztiak" eta "Belate" gune babestuak lotzen dituen Natura 2000 Sareari koherentzia ekologikoa eta konektagarritasuna emate aldera, eta kontuan izanda iba-korridoreek funtsezko zeregina dutela konektagarritasun ekologikorako oinarrizko elementu gisa, ondorioztatzen da ezen, proiektuak Natura 2000 Sareko KBEa zuzenean ukitzen ez badu ere, Zaldazain errekaren ibilgua aldatzeak eta 140 m-ko etenik gabeko luzera batean eta 199 m²-ko azalera batean bertako landaredia kentzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, eta, ondorioz, beharrezkoa dela inpaktua zuzentzeko neurriak hartzea eta, are, hura arintzeko konpentsazio-neurriak hartzea.

Zaratari dagokionez –jendaurreko informazioaren tramitean ingurumenari dagokion alegazio bakarra, Arraitz-Orkin kontzejuak aurkeztua, zaratari buruzkoa da–, bereziki bide berriaren esplotazio-faseaz ari garela, ingurumen-inpaktuaren azterketak dio ezen, egindako azterketak kontuan hartuz, errepideak ez duela ekarriko oztoporik ez tokiko faunarentzat eta ez Arraizko biztanleentzat.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emandako txostena jasotzen da espedientean, non ebazten baita aztarnategi arkeologikorik ez dela ukitzen.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, espedienteko txostenak, jendaurrean jarri izanaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusita, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela. Atal horrek iritzi dio proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena formulatzea proposatu du, betiere aurkeztutako dokumentazioan planteaturiko neurriak betetzen badira, baita ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan jasotzen diren guztiak ere, zeinetan barne hartzen baitira Ibai Ingurunearen Atalak 2021eko otsaileko txostenean proposatu zituenak.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Arraitzen (Nafarroa) Lurralde Kohesiorako Departamentuak sustaturiko "NA-4230 errepideko saihesbidearen trazadura egiteko proiektuaren" ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa formulatzea. Gobierno de Navarra.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

–Obraren zuinketak gutxieneko afekzio-eremuak ezarriko ditu, baita gutxienez 5-10 metroko babes-perimetro bat ere ibaiaren ertzetik, Batasunaren intereseko habitateko landaredia errespetatuz. Errekaren eskuinaldeko kolektorea berriz jartzeko lanetan ere sartzen da babes-zerrenda hori. Batasunaren intereseko habitatak –bereziki haltzadiak (91E0*) eta sastrakadi azidofiloak (4030)– suntsitu, zatikatu eta narriatzea minimizatzeko eta heskaien galera minimizatzeko, eremu sentikorrak aldez aurretik balizatuko dira; bereziki, Zaldazain errekaren zabalera areagotzeko zatian eta zeharkatzen den tokian, trazadura ibilgura gerturatzen den zatian, 0+500 kilometro-puntuaren parean, eta B glorietaren eta NA-4230 errepidearen artean dauden Quercus robur ale ederreko unadan.

–Obran, sedimentu-hesiak eta partikulei eusteko iragazte-sistemak instalatuko dira. Bestalde, material-pilaketak eta makinerien mantentze-lanak egiteko eremuak ibilguetatik 50 metrora baino gehiagora jarriko dira. Jarraipen hidrologikoa eginen da hilero, eta jarraipena indartu eginen da euri bizien ondotik, afekzio posibleak detektatu eta zuzentzeko. Neurri horien bidez, uraren kalitatea babesten da eta hari lotutako ibai-habitaten kontserbazioa bermatzen.

–Ubidearen tarte eraldatuaren zati berriko ezpondak, eskakizun hidraulikoak betez, egungo proiektuan aurreikusten diren modukoak izanen dira, malda egokikoak, landarediak finkatzeko aukera izan dezan, bai proposatutako landaketen bidez, bai berez birsortuta.

–Ibilgua eta haren inguruak ukitzen dituzten lanak ekainetik azaroa bitartean eginen dira, biak barne, salmonidoen ugaltze-aldia ez oztopatzeko.

–Aurrerago adierazitako aldia bisoi europarra babesteko aldi kritikoan sartzen denez (apirilaren 1etik abuztuaren 31ra), modu honetan jardunen da ubidearen ertzetan:

  • Zaldazain errekan lanak egiten ahalko dira, baldin eta ingurunea apirilaren 1a baino lehen garbitu bada sasiz. Lanak ez badira berehala hasten, bela-sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare-estalkia ez dadin hazi lanak hasi bitartean. Belar-sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar-sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare-estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilgura ezer isurtzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Obrak hormigoizko unitateak dituenez, arreta berezia jarriko da ibilgura hormigoi freskorik ez isurtzeko, horrek eragin hilgarria eta berehalakoa baitu arrainengan.

–Obra-hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

–Halaber, obrek dirauten artean, eta Arraizko herrigunearen zeharreko ibilbideak minimizatuko direla kontuan hartuz, litekeena da makineria astunak eta kamioiak Zaldazain errekaren gainetik igarotzea. Horretarako, jarraitutasun hidraulikoa eta ekologikoa bermatuko duten egiturak jarri beharko dira, ahal dela, ibiak jarriz goraguneen ordez; behar den neurriko marko edo hodiak izan beharko dituzte eta ia ez dute ibilguaren berezko ohantzea aldatu beharko. Emari ekologiko bat mantendu beharko da obra-prozesu osoan, gelditasunak eta uraren emari arruntean aldaketak saihesten direla.

–Era berean, ibai-ohantzearen kontserbazioa bermatu beharko du ibaiaren gaineko egiturak berak. Beharrezkoa bada ohantzearen zuzeneko afekzioa, harriak kenduko dira eta, obrak burutzen direnean, berriro paratuko dira. Debekatuta dago hormigoizko behin betiko zolatarik egitea.

–Onartzen da, beharrezkoa izanez gero, harri-lubeta bat egitea egituraren horma-bularrak eta errepidearen ezpondak babesteko. Zaldazain errekaren ertzak, nola urari goiti hala urari beheiti, landare-lurrez utziko dira, landareak berez birsortzeko.

–Behar-beharrezko landareak bakarrik kenduko dira ibaiertzean, zubiaren trazaduraren itzalguneak Zaldazain errekaren gainean hartzen dituen 199 metro koadroetan, 80 m urari goiti eta 59 m urari beheiti.

–Obrak eragindako ezpondak eta Zaldazain errekaren ertzak lehengoratuko dira, baita haien gertuko inguruneak ere, unitate hau betez: Batez ere landaketak eta ziriztatzeak erabiliko dira, eta, beharrezkoa bada, bioingeniaritzako teknika bigunak ere bai. Behar adinako azalera babestuko da ibaiertzean ukitutako tarte osoan (140 m) gehi beste 20 m ertz bakoitzean (guztira, 180 m), gutxienez 10 m-ko zabaleran ibilguaren zati berriko ezponden gainaldetik. Gaur egungo ibai-landaredi autoktonoaren zerrenda leheneratu eta hobetu nahi da horrekin guztiarekin, desagertu eginen baita ibaia zabaltzeko lanekin.

  • Zaldazain errekaren ertzetan basoko zuhaitz-landareak hornitzeko eta landatzeko unitatea. Espezie hauek erabiliko dira: haltza (Alnus glutinosa), lizar arrunta (Fraxinus excelsior), astigar arrunta (Acer campestre), zume zuria (Salix alba) eta sahats iluna (Salix atrocinerea). Hala ere, garrantzi berezia emanen zaie eremuan nagusi diren espezieei, hala nola haltza eta orri zabaleko lizarra. Hau izanen da kalkulurako proportzioa: 1 unitate/9 m².

–Proiektuak ukitutako gainerako gainazalak landareztatzeko lanak berehala eginen dira, ezpondetan hidroereinez, ingurumen-inpaktuaren azterketan proposaturiko nahasteak ereinez eta/edo espezie autoktonoak landatuz 4 m-tik gorako ezpondetan (proiektuan jasotzen denez), basoko zuhaitz-landareak, babesa eta zurkaitza jarriz (espezieak: Quercus robur, Acer campestre eta Fraxinus excelsior). Lanetan sartzen da hondeaketa-lanetako soberakinak uzteko eremua leheneratzea 8 poligonoko 45A lurzatian, Ultzamako udal-mugartean. Kasu horretan, azken gainazala birprofilatu, destrinkotu eta harriz garbitu ondotik, ereiteko prestatuko da lurzorua eta belardiko haziak ereinen dira.

–Flora katalogatua babestea. 10/2023 Foru Dekretuan jasotakoen arteko nartzisoren bat agertzen bada, zuzenean ukitutako eremuetan dauden aleak jaso eta birlandatzeko plan bat egikarituko da.

–Landaketak mantentzea eta hutsarteak betetzea, haiek jarri eta gutxienez hurrengo hiru urteetan. Zurezko landareak ureztatu eginen dira udako eta udazken-hasierako hilabeteetan, gutxienez lehen hiru urteetan.

–Mustelido erdiurtarrak (barnean dela bisoi europarra) eta anfibioak (adibidez, baso-igel jauzkaria) harrapatzeko arriskua eta hesi-efektua murrizteko, ingurumen-agirian zehazten denari jarraikiz, bi igarobide lehor espezifiko instalatuko dira: bata saihesbidearen azpian, Zaldazain erreka zeharkatzen den puntuan, eta bestea1,5 m-ko diametroko zeharkako drainatze-obran, 0+036 kilometro-puntuan.

–Drainatze egokituak neurri hauek eduki behar ditu gutxienez, eraginkorra izateko: 2 x 2 m-ko sekzioa edo de 2 m-ko diametroa. Zaldazain errekaren gaineko egiturari dagokionez, bi azpi eraiki beharko dira, egituraren alde bakoitzean bat. Igarobide lehorrek 0,50 m-ko zabalera edukiko dute, eta ez dute alboko mailarik izanen; modu horretan, fauna igarobideetan sartzen ahalko da oinarrietatik, partzialki lehor badaude, azpira bertara joateko.

–Alboetako azpiak behar bezala lotuko dira kanpoaldearekin. Horretarako, arrapalak egikarituko dira eta akabera zimurtsua emanen zaie. Sarreran landareak landatuko dira, fauna barrura erakartzeko. Zaldazain errekaren kasuan, horretarako, jarraitutasuna emanen zaio ibaiertzeko basoari, ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixkak konbinatuz dentsitate egokian eta, gutxienez, zuzentzekoa den ibai-tartearen luzera osoan.

–Baso-igel jauzkariarentzako (Rana dalmatina) neurri konpentsatzaile gisa, eta ingurumen-inpaktuaren azterketan (ez aurrekontuan) jasotzen denez, putzu bat eraikiko da, landaredi autoktono eta babesleku eta guzti, igel horien ugalketarako ingurune apropos batean; ahal dela, proiektuaren inguruan dauden populazioen arteko lotuneren batean. Putzua zirkularra izanen da, ahal dela, 10 bat metroko diametrokoa eta metro bete inguruko sakonerakoa. Landaredi murgildu eta gainerakorren presentzia bermatu beharko dute ezpondek. Urmaela kokatu aurretik, habitaten egokitasunari buruzko azterketa bat eginen da obraren inguruan, igel-espezie hori kontuan hartuz, eta Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren oniritzia izan beharko du.

–Gainera, ingurumen-inpaktuak konpentsatze aldera, saguzarrentzako 4 habia-kaxa jarriko dira urmaeletik gertueneko zuhaitzetan, eta, hor ezinezkoa bada, Zaldazain errekaren ertzean. Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak erabakiko du kaxa horien modeloa, eta, horretarako, kontsulta egin beharko zaio aldez aurretik.

Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).

–Ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatu den ingurumen-zaintzako programa beteko da.

–Errekari eragiten dioten obrak egikaritzean, kontuan hartuko dira alderdi hauek: Iruñeko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari deituko zaio (948 188 690 ó 608 062 649, gmapamplona@navarra.es) lanak hasi baino astebete lehenago, obrak gainbegiratzeko eta, hala badagokio, arbolak seinaleztatu eta arrainak ateratzeko.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen honen berri jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuri, Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalari eta Iruñeko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, dagozkion xedeetarako.

Iruña, 2026ko apirilaren 12a.–Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Arraitzen saihesbide bat eraikitzean oinarritzen da proiektua; Arraitz-Orkin kontzejuan dago Arraitz, Ultzamako udal-mugartean. Gaur egun errepideak zeharkatzen du herrigunea: abiadura-muga esanguratsuak daude eta herritarren bide-segurtasuna arriskuan jartzen da, baita zeharbidearen ondoko higiezinen integritatea ere.

Saihesbidearen luzera 990 m ingurukoa da, eta A glorietan hasi (NA-4230 errepidean, Arraizko herrigunetik 250 m ingurura, mendebalderantz) eta B glorietan akitzen da (NA-4230 errepide berean, Orkinerako bidegurutzearen parean, Arraizko hirigunearen hego-ekialdean); Orkinerako loturak egungo NA-4281 errepidean jarraituko du.

Saihesbidea egiteko, lehendik dauden bideak aprobetxatzen dira eta aurreikusi da bi zerbitzu-bide eraikitzea, saihesbidearen alde banatan (0+380 eta 0+640 kilometro-puntuen artean) eta onibarretarako sarbideak A glorietan.

Proiektuan proposatutako zeharkako ebakidura hauek osatzen dute: 3,5 m-ko zabalerako bi errei, 1,0 m-ko bazterbideak eta 0,75 m-ko bermak. Proiektuaren arabera, areka zapaltzeko modukoa izanen da, eta lubeta eta erauzitako lurrekin osatutako ezpondak 2H/1V eta 3H/2V-ko malda izanen du, hurrenez hurren.

Sare hidrografikoarekiko gurutzaketa bakarra Zaldazain errekan dago, 0+080 eta 0+100 kilometro-puntuen artean, gutxi gorabehera. Proiektuaren arabera, gurutzaketa horretan 17,50 m-ko argi askeak jartzeko aukera emanen duen hormigoizko egitura bat jarriko da, T formako habe aurrefabrikatuz osaturiko taula bat duena. Hegatsak jarriko dira horma-bularrekin batera, tokian bertan eraikiak 200 mm-ko eta 9 m-ko sakonerako mikropiloteen gainean. 500 urteko errepikatze-denborak definitutako kotaren gainetik geratzen direnez horma-bular horiek, uraren azpian geratzeko arriskua ia-ia zero da. Errekaren ibilgua zabaltzen da 140 m urari goiti eta 50 bat metro urari beheiti.

Hondeaketako soberakinen bolumena 23.965 m³-koa da, eta hondar-bolumena, landare-lurra alde batera utzita, 12.064,48 m³-koa. Bolumen horiek proiektuaren arabera egokitzekoa den onibarrera (8 poligonoko 45A lurzatia, Ultzamako udal-mugartean) eramanen dira, zeina aldi baterako okupatuko baita.

Iragarkiaren kodea: F2605757