84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69E/2026 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: Laguntzak ibilgailu elektrikoetarako eta horiek kargatzeko azpiegituretarako (Tximista-Auto Plana). DDBN kodea: 900234 eta 900239 eta 900241.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.

Ibilgailuak berotegi-efektuko gasen isurle nabarmenak dira, baina emisio horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude. Horrexegatik, ibilgailu elektrikoetan eta horiek kargatzeko azpiegituretan inbertitzeko laguntza deialdi honen asmoa da helburu jakin batzuk lortzen laguntzea, erregai fosileko ibilgailuak ordeztuz gutxiago kutsatzen duten bestelako ibilgailu batzuekin eta abian jarriz halako ibilgailuek kargatzeko behar dituzten azpiegiturak.

2021eko ekainean onetsi zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita klima-neutraltasuna lortzeko esparrua eta aldatzen baitira 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak.

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, klima-neutraltasuna 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen emisio garbiak gutxienez %55 jaistea, 1990eko emisio-mailekin alderatuta. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko erakundeak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak 44.1 artikuluan ezartzen duenez, administrazio publikoek, zein bere eskumenen esparruan, neurriak hartuko dituzte mugikortasun jasangarria bultzatzeko; neurri horiek bide eman beharko dute mugikortasunaren eta garraioaren sektorean BEGen emisioak foru lege horretan aipatzen diren helburuekin bat murrizteko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: Laguntzak ibilgailu elektrikoetarako eta horiek kargatzeko azpiegituretarako.

2. Dirulaguntzaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001 82500 7819 425206 Laguntzak ibilgailu elektrikoetarako eta horiek kargatzeko azpiegituretarako

2026

4.700.000

Baimendutako gastua honela banatuko da:

NEURRIA

AURREKONTU-KREDITUA (eurotan)

1. neurria.–Ibilgailu elektrikoak erostea

3.700.000

2. neurria.–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea

1.000.000

Halaber, gehienez ere 3.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz. Kopuru gehigarri hori arestian adierazitako neurri bakoitzari banatzeko, hasiera batean egindako banaketa bera eginen da, salbu kopuru gehigarri horren gaineko argitalpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean egiten denerako dagoeneko amaitu bada 2. neurrirako eskaerak aurkezteko epea (2. neurria: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea).

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko apirilaren 20an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2026an ibilgailu elektrikoetarako eta horiek kargatzeko azpiegituretarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planeko 4. oinarriaren (Mugikortasuna deskarbonizatzea) helburuetako batzuk bat datoz deialdi honetako helburu hauekin:

–2030erako, garraioan energia berriztagarriak amaierako kontsumoaren %15 izateko helburua lortzea.

–Garraioaren sektoreari lotutako emisioak murriztea (CO2 t).

Horretarako, honako neurri hauek zehaztu dira, dirulaguntzak jaso ditzaten (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):

–1. neurria: Ibilgailu elektrikoak erostea.

–2. neurria: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izaten ahalko dira:

a) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa duten pertsona fisikoak. Hala bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egon beharko dute, edo, bestela, dagokien tributazio araubidean sartzeko adierazpena egina izan.

b) Aurreko atalean sartzen ez diren adin nagusiko pertsona fisikoak, salbu eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, orduan adingabeak ere izaten ahalko baitira. Egoitza fiskala Espainian izan beharko dute.

c) Pertsona juridikoak, baldin eta Espainian behar bezala eraturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta bestelako entitateak, nortasun juridikoa izan edo ez, baldin eta haien identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZa) lehen letra A, B, C, D, E, F, G, H, J, R edo W bada eta egoitza fiskala Nafarroan badute. Identifikazio fiskaleko zenbakiaren lehen letra V dutenak ere onuradun izaten ahalko dira, baldin eta industrialdeen kontserbaziorako entitateak edo eraldaketako nekazaritza sozietateak badira.

Egoitza fiskala Nafarroan ez badute, dirulaguntza eskuratzen ahalko dute baldin eta haien jarduera, egoitza eta plantillaren zati bat Nafarroan badaude. Hori guztia, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urteetan gutxienez.

Egoitza fiskala Nafarroan ez badute, eta ez badituzte betetzen aurreko hiru baldintza horiek, laguntzak eskuratzen ahalko dituzte baldin eta 2. neurriaren barruko inbertsio diruz lagungarri bat gauzatzen badute, eta hori frogatzerik badute inbertsio horren gaineko justifikazio agirien bidez (2. neurria: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea).

d) Nafarroako toki administrazioko entitateak eta sektore publiko instituzionala osatzen dutenak (hau da, edozein administrazio publiko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 artikuluan zerrendatuta daudenetatik), baldin eta Nafarroan jarduerak gauzatzen badituzte. Baldin eta ez badute egiten merkatuan ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik, bestela, aurreko atalean sartuko baitira.

2. Kontzesionarioak edo salmenta puntuak ezin izanen dira 1. neurrirako laguntzen onuradun izan (1. neurria: Ibilgailu elektrikoak erostea), baldin eta haien epigrafea ekonomia jardueren gaineko zergaren tarifen lehenbiziko sekzioan sartuta badago eta 615.1 edo 654.1 bada (tarifa horiek maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen bidez onetsi ziren).

3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean edo laguntza eman eta ordaintzeko ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

4. Eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen dutenean:

a) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du).

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

c) Eskatzaileak laguntza eskatzen badu jakinarazpen-betebeharretik salbuetsitako araubidearen modalitatean, ez izatea "krisian dagoen enpresa", Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18) definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak (Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 1.4.c artikulua).

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

d) Laguntzak eskatuz gero jakinarazpen-betebeharretik salbuetsitako araubidearen modalitatean, ez egotea berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.

e) Enpresak ezin izanen dira diralaguntza honen onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar, halaber, organo emaileari baimena ematea ibilgailuaren identifikazio zenbakia (VINa), ibilgailuaren matrikulazio data eta helbideratuta dagoen udalerria kontsultatzeko. Ez bazaio unitate kudeatzaileari kontsulta egiteko baimenik ematen, eskatzaileak ibilgailuaren fitxa teknikoa eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako ibilgailuaren txosten xehea/osoa aurkeztu beharko ditu. Ez bazaio unitate kudeatzaileari baimenik ematen, eta ez badira ziurtagiriak aurkezten, ezin izanen da zuzendu agiriak aurkeztu ez izana.

5. Deialdiko 2.4 oinarri horretan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, laguntza eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.

6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako enpresak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adieraziko baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).

1. neurriaren kasuan, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da. 2. neurriaren kasuan, nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondotik. Hala ere, b) atal honetako dokumentazioa ezin bada lortu eskaera egin aurretik, hilabeteko epe horren barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, 2026ko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak, laguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko epea.

II. eranskinean daude zehazturik neurri bakoitzean zer jarduketa diren diruz lagungarriak, zenbatekoa den laguntza eta zein den gauzatzeko epea.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hau izanen da:

a) 1. neurrirako (Ibilgailu elektrikoak erostea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2026ko urriaren 31 arte.

b) 2. neurrirako (Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2026ko abuztuaren 31 arte.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaera bat aurkeztu beharko da ibilgailu elektriko bakoitzeko eta kargatzeko azpiegitura bakoitzeko; dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, izenarekin identifikatuta eta II. eranskinean neurrietako bakoitzarentzat zehaztutakoarekin bat.

3. Eskaera interesdunaren ordezkari batek egiten badu, ordezkari izateko ahalmena frogatu beharko du.

4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Ezin izanen da inola ere zuzendu II. eranskinean eskatzen den dokumentazioa ez aurkeztea, hartan adierazten diren salbuespen kasuetan izan ezik.

5. oinarria.–Laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da, bat etorriz aipatu foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin eta Nafarroako Gobernuaren 2025eko azaroaren 26ko 3281 Erabakiak baimenduta; eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira, eta ebaluazio horren emaitzaren arabera dagokion laguntza esleituko zaie, kasua bada.

2. Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Neurri baterako aurkeztutako eskaera guztiei erantzun ondoren, neurri horretan kreditu erabilgarririk gelditzen bada, beste neurrian nahikoa aurrekontu ez izateagatik erantzun gabe gelditu diren eskaeretarako erabiliko da, eskaerak aurkezteko hurrenkerari jarraituz.

Oraindik ere saldorik badago erabilgarri, jatorrizko neurrira itzuliko da:

–1. neurriaren kasuan, onuradun beraren laguntza eskaerei erantzunen zaie, baldin eta, eskatzaileak erositako ibilgailu kopurua dela-eta, laguntza mugatu bazaie.

–2. neurriaren kasuan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik mugatu diren eskaeretako laguntzak osatuko dira, ezarritako laguntza ehunekora iritsi arte.

3. 1. neurriko laguntzen kasuan (Ibilgailu elektrikoak erostea), batera ebatziko da laguntza ematearen eta laguntza ordaintzearen gainean.

Energia Planaren Atalak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari eta ordaintzeari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. 2. neurriko laguntzen kasuan (Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea), lehenbizi laguntzak emateko fasearen gainean ebatziko da, eta, bigarrenik, laguntzak ordaintzearen gainean.

a) Laguntzak emateko fasea: Energia Planaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

b) Laguntzak ordaintzeko fasea: onuradunek gauzatutako jarduketak justifikatu beharko dituzte, 2026ko urriaren 31n beranduenez; justifikatzeko, II. eranskinean neurri honetarako zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak aztertuko ditu onuradunek aurkeztutako frogagiriak, eta, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, egindako inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aurretik. Ondoren, laguntza ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, zeinean jasoko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du, frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.

6. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Aurreko oinarrietan eta II. eranskinean ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

b) Inbertsioaren jabetza mantentzea 2 urtez gutxienez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

c) Kargatzeko azpiegitura erabilera publikokoa bada, bermatzea erabilgarri egonen dela 5 urtez gutxienez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

d) Enpresen kasuan, enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresak sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, ordaindu beharreko laguntza %5 murriztuko da, baldin eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzeko diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa aurkezten bada kasuan kasuko oinarri arautzailean ezarritako epea amaitu eta 10 egun baliodunen barruan.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

7. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek gastu beretarako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin.

8. oinarria.–Aplikatzekoa den laguntzen araubidea.

1. Onuradunak pertsona juridiko pribatuak eta ekonomia jarduera duten pertsona fisikoak badira, 1. neurrirako aurreikusitako laguntzak (Ibilgailu elektrikoak erostea) "de minimis" laguntzatzat hartuko dira, bat etorriz Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoarekin. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

2. Dirulaguntzen 2. neurrirako aurreikusitako laguntzen kasuan (Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea):

a) Ekonomia jarduera duten pertsona fisikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskatzen dituzten laguntzak "de minimis" laguntzatzat hartuko dira, bat etorriz Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoarekin. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

b) Ekonomia jarduera duten pertsona juridikoek laguntza eskatzean hautatu beharko dute laguntza zein araubidetan sartu nahi duten, hauen artean aukeratuz:

–"De minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

–Jakinarazpen-betebeharretik salbuetsitako araubidea. Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazpen-betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen direlako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 36 bis artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. EBAOn argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

Kasu honetan, laguntza hauek pizgarriak izan behar dute, eta halakotzat hartzen dira diruz lagundutako proiektua edo jarduera egiteko lana laguntza-eskaera aurkeztu eta berehala hasten denean.

3. Batzordearen 2023ko abenduaren 13an 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren araberako "de minimis" laguntzen kasuan, eta erregelamendu horrekin bat etorriz, enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen guztirakoa ezin da izan 300.000 eurotik gorakoa hiru urteko edozein alditan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

11. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA

1. NEURRIA.–IBILGAILU ELEKTRIKOAK EROSTEA

1.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarria izanen da ibilgailu elektriko bateriadun (IEB) berriak erostea, baldin eta Nafarroan helbideratzen badira eta lehenbizikoz laguntzaren onuradunaren izenean matrikulatzen badira.

Halaber, diruz lagungarria izanen da ibilgailu elektriko bateriadunak erostea fabrikazio/inportazio taldearen kontzesionario edo salmenta puntu baten bidez (0 km-ko ibilgailu deritzenak), baldin eta ibilgailu berri gisa Espainian matrikulatu bada lehenbizikoz, 2026ko urtarrilaren 1ean edo hortik aurrera.

Renting, leasing eta halakoen kontratuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

Ibilgailuek kategoria hauetako batekoak izan beharko dute:

a) M1 kategoriako turismo-ibilgailuak: ibilgailu motordunak, gutxienez lau gurpil dituztenak eta bidaiariak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak, eta gidariaren eserlekuaz gainera gehienez zortzi eserleku dituztenak.

b) N1 kategoriako furgonetak edo kamioi arinak: ibilgailu motordunak, batez ere salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak, zama eta guzti teknikoki onargarria den gehieneko masa (TOGM) 3,5 tonara artekoa dutenak.

Ibilgailuaren matrikulazio data eta fakturen jaulkipen zein ordainketa datak 2026ko urtarrilaren 1a eta laguntza eskatzeko egunaren artekoa izan beharko du.

M1 kategoriako turismo-ibilgailuen kasuan, ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta haien salmenta prezioa 45.000 eurotik gorako bada (BEZa kanpo).

2.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa ibilgailuaren kategoriaren araberakoa izanen da, eta kontuan hartuko da, baita ere, ibilgailua merkaturatu aurreko muntaketa eta azkentze lanak Europar Batasuneko edo Europar Batasunaz kanpoko industria instalazio batean egin diren, honako taula honekin bat:

KATEGORIA

MUNTAKETA ETA AZKENTZE LANAK EBn

MUNTAKETA ETA AZKENTZE LANAK EBtik KANPO

M1 turismo-ibilgailuak

5.000 euro

2.500 euro

N1 furgonetak

5.500 euro

3.000 euro

Ibilgailua merkaturatu aurreko muntaketa eta azkentze lanak Europar Batasuneko edo Europar Batasunaz kanpoko industria instalazio batean egin diren egiaztatzeko, ibilgailuaren identifikazio zenbakiaren (VINa) WMI delakoa baliatuko da, edo, bestela, Industria eta Turismo Ministerioak "Programa Auto+" programaren esparruan gaituko duen zerrenda, erabilgarri dagoenean.

Eskatzaile bakoitzeko, ibilgailu bat erosteko laguntza emanen da bakar-bakarrik, salbu eta eskatzailea pertsona juridikoa bada. Kasu horretan, eskatzaile bakoitzeko gehienez 3 ibilgailuren erosketa lagunduko da diruz. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditua eskuragarri badago, aurreko muga horiengatik ezetsitako eskaerek jasoko dute dirulaguntza, 5. oinarrian azaldutako laguntzak emateko prozeduraren arabera.

3.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira laguntza eskatzeko unean:

a) Faktura, onuradunaren izenean.

b) Ordainketaren egiaztagiriak; haietan argi ikusi behar da onuraduna dela ordaintzaile bakarra, dela onuradunaren zuzeneko ordainketaren bidez, dela haren izenean egindako ordainketaren bidez (agiri bidez egiaztatu beharko da).

c) Kasua bada, onuradunak dirulaguntza jasotzeko banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Banku-kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" izapidearen bitartez egiten ahalko da, edo deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.

d) Pertsona juridiko pribatuek dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredua erabilita. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun-betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

e) Zuzenbide publikoko entitateez bestelako enpresen kasuan, pertsona fisikoak ala juridikoak izan, irabazi-asmoa badute eta deialdian diruz lagundutako jarduketa guztiak kontuan hartuta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzak eman bazaizkie, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, 2.6 oinarriarekin bat.

Aurreko a) eta b) ataletako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inola ere ez zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar organo emaileari baimena ematea ibilgailuaren identifikazio zenbakia (VINa), ibilgailuaren matrikulazio data eta helbideratuta dagoen udalerria kontsultatzeko, Trafiko Zuzendaritza Nagusiko "Ibilgailuen datuen kontsulta, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarako" eta "Ibilgailu baten datuen kontsultak" zerbitzuen bidez (Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuen Katalogoa). Ez bazaio unitate kudeatzaileari kontsulta egiteko baimenik ematen, eskatzaileak ibilgailuaren fitxa teknikoa eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako ibilgailuaren txosten xehea/osoa aurkeztu beharko ditu. Ez bazaio unitate kudeatzaileari baimenik ematen, eta ez badira ziurtagiriak aurkezten, ezin izanen da zuzendu agiriak aurkeztu ez izana.

2. NEURRIA.–IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO AZPIEGITURAK EZARTZEA

1.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarria izanen da ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak jartzea, baldin eta Nafarroako udalerrietan jartzen badira.

Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Kargatzeko azpiegituraren beraren kostua.

b) Proiektua, obra zibila, ingeniaritza kostuak eta obra zuzendaritza.

c) Edozein osagai elektriko instalatzea edo eguneratzea, transformadorea barne; banaketa-sarera eta ebakitze- zein transformazioa-zentroekin konektatzeko lanak eta erdi-tentsioko hargunerakoak, beharrezkoak direnak kargatzeko azpiegitura konektatzeko elektrizitatea ekoizten edo tokian-tokian biltegiratzen duen sare edo unitatera; lursailak edo errepideak egokitzea; instalazioaren kostuak eta harekin lotuta behar diren baimenen kostuak.

d) Ekoizpen berriztagarriko edo tokiko biltegiratze unitaterik bada (energia elektrikoa sortzeko edo biltegiratzeko), haien kostuak hautagarriak izanen dira bakar-bakarrik kargatzeko azpiegiturari badagozkio eta haren parte direla jo badaiteke, sarera konektaturik izan gabe; elektrizitatea in situ ekoizteko instalazioaren produkzio-ahalmen izendatua ez da izanen unitatea konektatuta dagoen kargatzeko azpiegituraren gehieneko potentzia izendatua edo energia hornitzeko ahalmena baino handiagoa.

e) Kargatzeko gunean integratutako ordainketa-sistema, kargatzeko guneen seinaleak eta haien kudeaketa, kontrol eta segurtasunerako sistema, bai eta behar diren telekomunikazio instalazioak ere.

f) Lehendik dauden eta jabetza horizontaleko araubidea duten eraikinetako aparkaleku edo aparkaleku kolektiboen kasuan, diruz lagungarria izanen da ibilgailu elektrikoa kargatzeko aurreinstalazio elektrikoa, baldin eta hoditeria nagusia eremu komunetatik igarotzen bada (hodiak, kanalak, erretiluak, etab.) eta horrek posible egiten badu, batetik, deribazioak egitea aparkatzeko tokietan kokatutako kargaguneetaraino eta, bestetik, telekomunikazioetako instalazioetarako (Internet, 3G, 4G, 5G eta antzeko sistemak), ibilgailuen karga adimenduna bermatzeko.

Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) BEZa, berreskuratu badaiteke.

b) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

c) Lizentziak, tasa, zergak edo tributuak.

d) Zerbitzuan dagoen sarearen banaketa-sareko instalazioak indartzeko, egokitzeko edo eraberritzeko lanak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak.

e) Sare-luzapen berrirako egin behar diren lanak, egungo banaketa-saretik eskatzailearen jabetzako lehen elementuraino, zeina banatzaileari laga behar baitzaio.

2.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarriaren ehuneko jakin bat izanen da, onuraduna zer motatakoa den, horren arabera, taula honekin bat:

ONURADUNA

LAGUNTZA EHUNEKOA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA

Pertsona fisikoak

%70

1.000 euro

Ekonomia jarduerarik ez duten pertsona juridikoak

%70

10.000 euro

Ekonomia jarduera duten pertsona juridikoak

%30

200.000 euro

Aurreko ehuneko horiek %10 handituko dira kargatzeko azpiegitura erabilera publikokoa bada, potentzia 50 kW-ekoa bada gutxienez korronte zuzenean eta 30.000 biztanletik beherako udalerri batean kokatzen bada. Ehuneko osagarri hori aplikatzea posible izanen da bakar-bakarrik kasuan kasuko udalerrian kargatzeko azpiegiturarik ez bazegoen 2025eko abenduaren 31n. III. eranskinean dago adierazita zein udalerrik betetzen duten baldintza hori.

Eskera guztiei erantzun ostean kreditu erabilgarririk badago, zilegi izanen da aurretik ezarri diren gehieneko laguntza zenbateko horiek ezestea, eta 5. oinarri arautzailean laguntzak emateko azaldutako prozedura aplikatuko da.

3.–Gauzatzeko epea.

Gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta justifikazio epearekin batera amaituko, salbu eta jakinarazpen-betebeharretik salbuetsitako araubidearen menpeko jarduketen kasuan. Kasu horietan, gauzatzeko epea laguntza-eskaera aurkeztu eta biharamunean hasiko da, eta justifikazio epearekin batera amaituko.

4.–Laguntza eskatzeko berariazko agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira laguntza eskatzeko unean:

a) Aurrekontu xehakatua.

b) Pertsona juridiko pribatuek dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredua erabilita. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun-betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean). Laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, edo dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

c) Zuzenbide publikoko entitateez bestelako enpresen kasuan, pertsona fisikoak ala juridikoak izan, irabazi-asmoa badute eta deialdian diruz lagundutako jarduketa guztiak kontuan hartuta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzak eman bazaizkie, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, 2.6 oinarriarekin bat. Laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, edo dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Goiko a) atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5.–Inbertsioa justifikatzeko dokumentazioa.

a) Faktura, onuradunaren izenean.

b) Ordainketaren egiaztagiriak; haietan argi ikusi behar da onuraduna dela ordaintzaile bakarra, dela onuradunaren zuzeneko ordainketaren bidez, dela haren izenean egindako ordainketaren bidez (agiri bidez egiaztatu beharko da).

c) Gastu diruz lagungarrietako bat 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe, eta obra gauzatzeko kostuaren kasuan), frogatu beharko da enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

d) Behe tentsioko instalazioen erregistro-zenbakia. Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bada dagokion erregistroa lortu justifikazio epearen azken egunerako, inguruabar hori egiaztatzen duen dokumentazioa, hala nola, atzerapena izan dela kasuan kasuko sare kudeatzaileak sarbide eta konexio baimenak lortzeko orduan. Kasu horretan, lehen adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da erregistro orokor elektronikoaren bidez, deialdiko espediente-zenbakia aipaturik; horretarako epea urtebete izanen da, jarduketa justifikatzeko azken egunetik zenbatzen hasita (2027ko urriaren 15era arte).

e) Kasua bada, onuradunak dirulaguntza jasotzeko banku-kontuaren eguneraketa. Izapide hori "Banku-kontuak jakinaraztea, Foru Administrazioaren ordainketak jasotzeko" izapidearen bitartez egiten ahalko da, edo deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia aurkeztuz.

III. ERANSKINA.–30.000 BIZTANLETIK BEHERAKO UDALERRIAK, 2025EKO ABENDUAREN 31N EZ DUTENAK ERABILERA PUBLIKOKO KARGATZEKO AZPIEGITURARIK, GUTXIENEZ 50 KW-EKOA KORRONTE ZUZENEAN

ABAIGAR

ABARTZUZA

ABAURREGAINA

ABAURREPEA

ABERIN

ADIÓS

AGUILAR KODES

OIBAR

ALLIN

ALLO

AMESKOABARRENA

ANTZIN

ANTSOAIN

ANUE

AÑORBE

AGOITZ

ARAITZ

ARAKIL

ARANARATXE

ARANO

ARANTZA

ARAS

ARTZI

ARELLANO

ARESO

ARIA

ARIBE

ARROITZ

ARRUAZU

ARTAXOA

ARTAZU

ATETZ

AURITZ

AIEGI

AZUELO

BAKAIKU

BARASOAIN

BARBARIN

BARGOTA

BARILLAS

BASABURUA

BEINTZA-LABAIEN

BEIRE

BELASKOAIN

BERBINTZANA

BERTIZARANA

BETELU

BIDAURRETA

BIURRUN-OLKOTZ

BURGI

CABANILLAS

CABREDO

CAPARROSO

CÁRCAR

ZARRAKAZTELU

KASEDA

GAZTELUBERRI

OLTZA ZENDEA

ZIRAUKI

ZIRITZA

ZIZUR

CORTES

DESOIO

DEIKAZTELU

DONAMARIA

DONEZTEBE

ETXARRI

EL BUSTO

ELGORRIAGA

ENERITZ

ERATSUN

ERGOIENA

ESLABA

ESPARTZA ZARAITZU

ESPRONTZEDA

ETAIO

ETXALAR

ETXARRI ARANATZ

ETXAURI

EULATE

EZKAROZE

EZKURRA

EZPOROGI

FALTZES

FONTELLAS

FUNES

GALIPENTZU

GALOZE

GARAIOA

GARDE

GARINOAIN

GARRALDA

GENEVILLA

GOIZUETA

GOÑI

GORZA

GIRGILLAO

HIRIBERRI

IBARGOITI

IGANTZI

IGUZKITZA

IMOTZ

IRAÑETA

IZABA

ITUREN

ITURMENDI

ITZA

ITZAGAONDOA

ITZALTZU

XABIER

TXULAPAIN

LAKUNTZA

LANA

LANTZ

LAPOBLACIÓN

LARRAGA

LARRAGOA

LARRAUN

ELIZAGORRIA

LEATXE

LEGARDA

LEGARIA

LEITZA

LEOTZ

LERGA

LERIN

LESAKA

LEZAUN

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

LODOSA

LOS ARCOS

IRUNBERRI

LUKIN

LUZAIDE

MAÑERU

MARAÑÓN

MELIDA

MENDAZA

MENDIGORRIA

METAUTEN

MIRAFUENTES

MIRANDA ARGA

ELO

MONTEAGUDO

MORENTIN

MURCHANTE

MURIETA

MURILLO EL CUENDE

MURILLO EL FRUTO

MURUZABAL

NABASKOZE

NAZAR

OBANOS

OTSAGABIA

OKO

ODIETA

OIZ

OLAIBAR

OLAZTI

OLEXUA

OLORITZ

ORBAITZETA

ORBARA

ORISOAIN

ORONTZE

OROTZ-BETELU

ORREAGA

PETILLA DE ARAGÓN

PIEDRAMILLERA

PITILLAS

RIBAFORADA

ERROMANTZATUA

ERRONKARI

ZARE

SALDIAS

JAITZ

SAN ADRIÁN

ZANGOZA

SANTSOL

SANTAKARA

SARTZE

SARTAGUDA

SESMA

SORLADA

SUNBILLA

TIRAPU

TORRES DEL RÍO

TULEBRAS

UKAR

UHARTE ARAKIL

UXUE

ULTZAMA

UNTZITIBAR

UNTZUE

URDAZUBI

URDIAIN

URRAULGOITI

URRAULBEITI

URROTZ

URROTZ HIRIA

URZAINKI

UTERGA

UZTARROZE

OLLARAN

DEIERRI

VIANA

BIDANKOZE

VILLAMAYOR DE MONJARDÍN

ZABALTZA

ZIORDIA

ZUBIETA

ZUGARRAMURDI

ZUÑIGA

Iragarkiaren kodea: F2605919