84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, dirulaguntzak emateko tokiko artista gazteak sustatzeko 2026an. Laburpena

DDBN kodea: 900975.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/900975).

OINARRIAK

Lehenengoa.–Onuradunak.

Dirulaguntza ematea zertan oinarritzen den eta egoera horretan dauden pertsonak edo entitateak izan daitezke onuradun, baldin eta ondoren aurreikusten diren inguruabarretan badaude, eta betiere Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan ezartzen diren ezein debeku-ziok ukitzen ez baditu, salbu deialdiaren izaera kontuan izanik azken baldintza horren salbuespena egiten bada eta apartatu honetan hala egin dela adierazten bada.

Berariazko betekizunak:

1.–Onuradun izaten ahalko dira banaka jarduten duten gazteak, nortasun fisiko edo juridikoa izan, bai eta elkarte bat eratzen duten gazteak ere, nortasun juridikoarekin edo gabe.

2.–Dirulaguntzaren onuradun izanen dira, Dirulaguntzei buruzko Ordenantzaren 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak –publikoak zein pribatuak izaki–, eta berariaz adierazi beharko dute, hala eskaeran nola dirulaguntza emateko ebazpenean taldekide bakoitzak betetzeko hartzen dituen konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa. Taldeotako kideak, bestalde, onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da, eta ahalorde askietsia eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 47. eta 58. artikuluetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

3.–Banaka aurkezten diren gazteek, dirulaguntzaren onuradun izateko, 14 eta 30 urte bitartean izan behar dituzte. Halaber, Iruñean erroldaturik edo bertan bizi behar dute; azken kasu horretan, errentamendu-kontratuaren bidez egiaztatu behar dute.

4.–10 pertsona baino gutxiagoz osatutako elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Elkartearen egoitza sozial eta fiskala Iruñean edukitzea.

–Kideen bi herenek, gutxienez, 14 eta 30 urte bitartean dituztela egiaztatzea. Bi heren horien kalkulua egitean, lortzen den emaitza zenbaki oso bat ez denean, ondoren zehazten den moduan biribilduko da:

  • Lehenengo zifra hamartarra 5 baino txikiagoa bada (1,2,3 edo 4), horren hurrengo zenbaki osora biribilduko da.
  • Lehenengo zifra hamartarra 5 edo handiagoa bada (5,6,7,8 edo 9), horren hurrengo zenbaki osora biribilduko da.

–Egiaztatzea elkartea osatzen duten pertsonen erdiek, gutxienez, Iruñean erroldatuta daudela edo, bestela, bizilekua bertan dutela egiaztatzea, errentamendu-kontratu bidez.

5.–10 pertsona baino gehiagoz osatutako elkarteek aurreko puntuan aipatutako baldintzak bete beharko dituzte:

–Elkartearen egoitza sozial eta fiskala Iruñean edukitzea.

–Erroldaren eta adinaren irizpideei dagokienez, egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz (VI. eranskina).

6.–Elkartekide berak dituen talde bat ezin izanen da izen ezberdinekin aurkeztu; hala ere, pertsona bat aldi berean bi elkarte ezberdinetako kide izan daiteke, halakorik gertatuz gero.

Bigarrena.–Helburua.

Deialdi honen helburua da antzerkiarekin, argazkigintzarekin, arte plastikoekin edo musikarekin zerikusia duen jarduera artistikoren bat egiten duten Iruñeko gazteei babesa ematea. Horretarako laguntza ekonomikoak emanen zaizkie honako hauetatik eratorritako gastuak ordaintzeko: materiala eskuratzea (erosi edo alokatzea), jarduera artistikoa garatzeko egoitza gisa erabiltzen den lokalaren alokairua edo egindako lana erakusteko erabiltzen den beste espazio baten alokairua.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, tokiko artista gazteak sustatzeko 2026an.

www.pamplona.es/eu

Laugarrena.–Zenbatekoa.

12.000 euro.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi epe ezarri dira eskabideak aurkezteko:

Lehen epea: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta 2026ko maiatzaren 31ra bitarte, egun hori barne. Eskabide horiek urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izanen dute.

Bigarren epea: ekainaren 1ean hasi eta 2026ko urriaren 10ean amaituko da. Epe horretan egindako eskabideek ekainaren 1era arteko atzeraeragina izanen dute.

Aipatutako epetik at aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

Seigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.

Deialdiak eskaera egiteko bi epe ezartzen dituen bezala, justifikaziorako ere bi epe ezartzen dira:

Lehen epean (urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra) egindako eskaeretarako, justifikazioaren azken eguna 2026ko ekainaren 30a izanen da, egun hori barne, epe horretan egindako gastuetarako. Ekainaren 1etik aurrera egindako gastuetarako, justifikazioa aurkezteko azken eguna 2026ko abenduaren 31 izanen da, egun hori barne.

Bigarren epean (ekainaren 1etik urriaren 10era) egindako eskaeren kasuan, justifikazioaren azken eguna 2026ko abenduaren 31 izanen da, egun hori barne.

Ezarritako epearen barruan aurkezten ez diren fakturak eta ordainagiriak, ez dira onartuak izanen eta, hortaz, ez dira ordainduko.

Iruñean, 2026ko apirilaren 23an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendariz Barnechea.

Iragarkiaren kodea: L2606137