84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Oposizioa, ibilgailuen parkeko ikuskatzaile laguntzailearen 1 plaza betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko apirilaren 13an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da ibilgailuen parkeko ikuskatzaile laguntzailearen 1 plaza oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoa eta D mailakoa. Plaza hori izanen da Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko otsailaren 5ean deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen dena, eta horren plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoa plaza hutsa hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

Plaza honako txanda honetan banatuko da:

  • 1 plaza txanda irekian

1.2. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua edukitzea, edo baliokidetzat jotako titulazio batekoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzean.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) B motako gidabaimena.

e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabetuta ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 10,40 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Ibilgailu automobilen elektromekanikako teknikariaren titulua, edo baliokidetzat jotako titulazio batekoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzean.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko dela. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–B motako gidabaimenaren kopia.

–Desgaitasuna aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria -organo eskudunak emana- aurkeztu beharko dute.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Carlos Zudaire Echavarri, Iruñeko Udaleko ibilgailu parkearen zerbitzuburua.

Epaimahaiburu ordezkoa: Patxi Iriarte Etxenique, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: José María Vargas Alonso, Iruñeko Udaleko ibilgailu parkearen arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: Lorenzo Cañamares Aldareguia, Iruñeko Udaleko eskoletako zerbitzuburua.

Epaimahaikidea: Fernando Morales Cacho, Virgen del Camino IIPko Mekanika irakaslea.

Epaimahaikide ordezkoa: Judith Blanco Santamaria, Iruñeko Udaleko lizentzia, ibi eta aparkalekuen zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Julio César López Polo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Mikel Aingeru Santesteban Etxeto, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gaiak.

Hautaprobak egin bitartean, behar diren egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehen proba:

Teorikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa, eta eranskineko gaitegian agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, hura hasi aurretik.

Proban gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez eskuratzen ez duten izangaiak.

Hala ere, bigarren proba eginen dute lehenengo proba gainditu eta puntuazio altuena lortu duten 15 izangaiek soilik. 15. postuan berdinketarik badago, postu horretan berdinduta dauden izangai guztiak sartuko dira bigarren proban.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa. Izangaiek Epaimahaiak proposatutako kasu batzuk ebatzi beharko dituzte Ibilgailuen Parkeko lantegiko lan-materialarekin, idatziz zein modu praktikoan.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, hura hasi aurretik.

Bigarren proban gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez eskuratzen ez duten izangaiak.

6.4. Bigarren probako idatzizko ariketetan plika-sistema erabiliko da.

6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webguneko (www.pamplona.es/eu) deialdiaren laburpenean argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten, telematikoki.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Halere berdinketa ez bada hausten, horretarako egingo den zozketa bidez ebatziko da.

8.–Izendapen-proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituen izangaia izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

8.2. Proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

8.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean -salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

9.–Izendapena, plaza hutsak esleitzea eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du plazaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratuetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez baina hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

11.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, plazarik lortu ez eta oposizioa gainditu ez dutenen zerrendetan, lehen proban lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

11.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko apirilaren 13an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

ERANSKINA.–GAITEGIA

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–1985/7 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua).

4. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

5. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

6. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.

7. gaia.–Udaleko Ibilgailu Parkeko automobilgintza lantegia antolatzea eta mantentze-lanak kudeatzea.

8. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa eta ingurumena babestea ibilgailuen mantentze-lanetan.

9. gaia.–Ibilgailuak konpontzeko metrologia, egiaztatzea eta dimentsio-kontrola aplikatzea.

10. gaia.–Oinarrizko mekanizazioa eta automobilgintzako lotura-teknikak.

11. gaia.–Automobilgintzako motor termikoak: eratzea, atalak, funtzionamendua eta sailkapena.

12. gaia.–Motorraren banaketa-sistemak.

13. gaia.–Motorraren lubrifikazio- eta hozte-sistemak.

14. gaia.–Gasolina-motorren elikadura- eta injekzio-sistemak.

15. gaia.–Diesel-motorren elikadura- eta injekzio-sistemak.

16. gaia.–Gainelikadura, kutsaduraren aurkako sistemak eta gasen tratamendua.

17. gaia.–Gasolina-motorren pizte-sistemak eta diesel-motorren aurrez berotzeko sistemak.

18. gaia.–Elektrizitatearen oinarriak ibilgailuetan.

19. gaia.–Abiatze-bateriak eta metagailu osagarriak.

20. gaia.–Ibilgailuaren karga-sistemak.

21. gaia.–Ibilgailuaren abio-sistema.

22. gaia.–Ibilgailuaren zirkuitu elektriko osagarriak.

23. gaia.–Autoaren elektronika, sentsoreak, eragingailuak eta komunikazio-sareak.

24. gaia.–Ibilgailuaren diagnosi elektronikoa eta egiaztapen-ekipoa.

25. gaia.–Enbragea, abiadura-kaxa eta indarren transmisiorako sistemak.

26. gaia.–Ibilgailuaren esekidura.

27. gaia.–Ibilgailuaren direkzioa eta geometria.

28. gaia.–Balazta-sistemak eta, balaztatzea eta egonkortzea laguntzeko sistema elektronikoak.

29. gaia.–Ibilgailuaren segurtasun pasiboko, erosotasuneko eta osagarrietako sistemak.

30. gaia.–Ibilgailu hibridoak eta elektrikoak: tipologia, arkitektura, osagaiak, goi-tentsioko segurtasuna, prebentzioko mantentze-lanak, diagnosiak eta ohiko matxurak.

Iragarkiaren kodea: L2605589