Iragarkia
84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
FUSTIÑANA
Oposizio-lehiaketa murriztua, administrari-ofizialaren plaza bat betetzeko
Fustiñanako Udalak, Gobernu Batzordeak 2026ko apirilaren 9an egindako ohiko bilkuran, deialdia eta oinarriak onetsi ditu administrari-ofizialaren plaza bat betetzeko, C mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren plaza bat betetzea, C mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, zeinean bakarrik hartzen ahalko duten parte Fustiñanako Udalaren plantillako langileek.
1.2. Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Fustiñanako Udalaren zerbitzuko plantillako langileentzat izanen da, betiere deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia sailkatuko da C mailan, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Fustiñanako Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Bete beharreko eginkizunak izanen dira ordura arteko berberak, deusetan ukatu gabe agindu ahal izatea mailakatze berritik eratorritako beste batzuk ere, eta, horrekin batera, lehengo eginkizunak eta funtzio publikora sartzeko deialditik eratortzen diren berezko eginkizunak.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Fustiñanako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
c) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordez frogatu daiteke 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Fustiñanako Udaleko erregistro orokorrean, hamabost egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da betetzen direla eskatutako baldintza guzti-guztiak.
3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:
a) NANaren kopia.
b) Honako hauen kopia, egokia dena: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea.
c) Izangaiak eskabideari gehitu behar dizkio lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia autentifikatuak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, deklaratzen duena oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Sergio Vitas Aguirre, Fustiñanako Udaleko alkatea, edo hark eskuordetutako pertsona.
1. epaimahaikidea: Ascensión Vitas Redrado, Fustiñanako Udaleko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: Miguel María Arrondo Redrado, Fustiñanako Udaleko kultura eta kirol koordinatzailea.
3. epaimahaikidea: Beatriz Marugan Morales, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako enpresa- eta enplegu-teknikaria.
Idazkaria: Leyre Urzáiz Arrondo, Fustiñanako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.
6.3. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, 7. oinarrian dagoen baremoaren arabera.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
7.2. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako eta behar bezala justifikatutako merezimenduak. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Alegatu eta frogatutako merezimenduak baremo honen arabera puntuatuko dira:
a) Nafarroako administrazio publikoetako administrazio lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: 2 puntu/urtea, gehienez 20 puntu atal honetarako. Emandako urteak osoak ez badira, proportzioan kontatuko dira.
b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, hala zentro ofizial publikoek, funtzionarioendako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek emandako ikastaroengatik, nola etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden eta plan horietako entitate, sindikatu edo prestakuntza zentroek ematen dituzten ikastaroengatik, betiere beteko den lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak izanik: 0,5 puntu, 10 orduko ikastaro bakoitzeko. 10 ordutik aurrera 0,1 puntu kontatuko dira ordu gehigarri bakoitzeko, eta gehienez 2 puntu eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko. Ez dira kontuan hartuko 10 ordutik beherako ikastaroak. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira, gehienez ere.
7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Fustiñanako Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehazturik.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Test erako proba bakarra eginen da deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruz.
Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.
Probaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, egiten hasi aurretik.
8.2. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.
8.3. Pliken sistema erabiliko da ariketan. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Fustiñanako Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik. Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten erregistro elektronikoaren bidez, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
9.1. Ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Fustiñanako Udalaren iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren araberako hurrenkeran, eta, horretarako, batuko dira izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian atera dituen kalifikazioak.
9.2. Betiere gutxieneko puntuazioa gainditurik, puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Fustiñanako alkateari. Izendapen-proposamena argitara emanen da Fustiñanako Udalaren iragarki-taulan.
9.3. Proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udaleko Erregistro Orokorrean, argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean:
–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
–Zina edo hitzematea, adierazten duena ezen Nafarroako foru-araubidea errespetatuko duela, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela administrari-ofizialaren karguari dagozkion eginkizunak.
–Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.
9.4. Proposatutako izangaiak ez badu dokumentazio hori aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.
9.5. Aurreko 9.4 apartatuan aurreikusitako kasua gertatuz gero, 9.1 apartatuan aipatutako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da haren hutsunea, eta izangai horrekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Alkatetzaren ebazpen baten bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Fustiñanako Udaleko funtzionario izendatuko da, administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.
10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, eskubide guztiak galduko ditu Fustiñanako Udaleko C mailako administrari-ofizial izateko.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Fustiñanako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko.
Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jotzen ahal dute, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, baliatzen ahal dute gardentasun ataria.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA, PARTE HARTZEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN PLAZA BAT, OPOSIZIO-LEHIAKETA MURRIZTUAREN BIDEZ, BETETZEKO DEIALDIAN, FUSTIÑANAKO UDALEAN ARITZEKO
Izena: ………………, nortasun agiri nazionalaren zenbakia: …….……, jaioteguna: ............, jaioterria: ....................... (.................), eta bizitoki hau: herria: ............................... (.................), karrika: ..........................., zenbakia: .........., posta kodea: ...................., sakelako telefonoa: .............................., helbide elektronikoa: ......................................................, Fustiñanako Udalaren aurrera agertu eta
ADIERAZTEN DUT:
1.–Parte hartu nahi dudala jarraian ageri den plaza hutsa oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian (plaza sartuta dago 2025eko Fustiñanako Udalaren lan publikoaren eskaintzan):
LANPOSTUA | MAILA | ARAUBIDE JURIDIKOA | LANALDIA | ESKATUTAKO TITULAZIOA |
Administrari-ofiziala | C | Funtzionarioa | %100 | Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea |
2.–Ezen, hori helburu, adierazten dudala deialdi honetako 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditudala eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.–Deialdian ezarritako ondorioetarako, honako dokumentazio hau eransten dudala:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).
b) Honako hauen kopia, egokia dena: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea.
c) Behar den dokumentazioa, frogatzeko balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera.
d) Hala badagokio, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren frogagiria, deialdian adierazi bezala aurkeztu behar dena.
4.–Baimena ematen dudala prozedura hau izapidetzeko jarduketen ondoriozko jakinarazpenak lehen adierazitako helbide elektronikora egiteko.
Eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izatea ESKATZEN DUT, eta AITORTZEN DUT, erantzukizuna nirea izanik, hemen agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.
Data, izena eta sinadura
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua. Udalak. III. titulua. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. IX. titulua. I. kapitulua. Prozedura eta araubide juridikoa.
2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren I., II. eta III. kapituluak (Udal zergak):
xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.
3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.
4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. II. titulua. II. kapitulua. Epemugak eta epeak. III. titulua. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.
5. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. III. kapitulua. Zehatzeko ahalaren printzipioak eta V. kapitulua. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
6. gaia–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta udal-errolda.
7. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Atariko titulua: foru legearen xedea eta helburua. V. titulua. I. kapitulua. Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
8. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
9. gaia.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. V. titulua. IV. kapitulua. Zehapen prozedura.
10. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroak. I. titulua, IV. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.
Oharra: Deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Fustiñanan, 2026ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Sergio Vitas Aguirre.
Iragarkiaren kodea: L2605478
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
