1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
DEIALDIA, Sunny Side of the Doc nazioarteko azokaren 2026ko edizioan parte hartzeko.
Ekitaldia Arroxelan (Frantzia) eginen da, 2026ko ekainaren 22tik 24ra.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du (https://www.planinternacionaldenavarra.es/), Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.
Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Frantzia lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Ikus-entzunezkoen arloa da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.
Arroxelan ekainaren 22tik 24ra eginen den Sunny Side of The Doc nazioarteko azoka (https://www.sunnysideofthedoc.com/) 1990ean sortu zen. Gaur egun, erreferentziazko nazioarteko ekitaldi profesionala da koprodukzioen finantzaketari dagokionez. Urtero, 70 herrialdetako 2.000 parte-hartzaile baino gehiago ditu. Azoka horretan, sektorean funtsezkoak diren agenteak, telebista-kanalak, banatzaileak eta ekoizleak biltzen dira, eta helburu nagusia da industriako eragileen arteko nazioarteko lankidetza bultzatzea.
Nafarroako Gobernuak uste du azoka honek aukera garrantzitsuak eskain ditzakeela ikus-entzunezkoen sektoreko Nafarroako enpresentzat, zehazki, dokumentalen produkzioaren sektorean lan egiten dutenentzat.
Ekintzaren xedeak.
–"Navarra Film Industry" marka ezagutaraztea, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorearen irudi elkartua, profesionala eta erakargarria eskaintzea jaialdian, eta dokumentalaren eremuan Nafarroak duen ahalmena nabarmentzea haren zigiluaren bidez: Navarra Documentary Films.
–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen dokumentalaren zinemaren sektorea nazioartean.
–Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresei nazioartekotzeko laguntza instituzionala ematea.
–Negozio-aukerak identifikatzea eta erraztea Nafarroako enpresak harremanetan jar daitezen koproduktore potentzialekin, salmenta-agenteekin, plataformekin, beste banaketa-leiho batzuekin eta ikus-entzunezko sektoreko beste edozein kolaboratzaile garrantzitsurekin.
Sektorea.
–Ikus-entzunezkoa (dokumentala).
Ekintzaren edukia.
–Nafarroarendako stand esklusiboa Sunny Side of the Doc azokako stand-en artean.
–Akreditazioak ematea (1 enpresa bakoitzeko).
–Parte hartzen duten proiektu guztien baterako sustapen-materialak.
–Parte hartzen duten enpresek esportazioaren diagnostikoa egiteko aukera (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion) jaialdiaren aurretik, parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartera ateratzeko duen prestakuntza maila baloratzeko.
Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.
Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
–Ikus-entzunezko sektoreko entitatea izatea: elkarte profesionala, profesional autonomoa eta ikus-entzunezko ekoizleak, dokumentalen zinema- edo telebista-proiektuak dituztenak garapen, produkzio, postprodukzio edo banaketa fasean.
–Enpresen kasuan, lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.
–Egoitza soziala Nafarroan izatea edo Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.
–Izena emateko unean web-orri bat izatea ingelesez.
–Kontakturako pertsona bat izatea, ingelesez dakiena, jaialdia izan aurretik, bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2026ko maiatzaren 8ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/participacion-en-el-mercado-internacional-del-sector-audiovisual-sunny-side-of-the-doc-2026).
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.
Sunny Side of The Doc programako ekintza honetan 10 enpresak parte hartzen dute gehienez, eta 4k gutxienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.
Eskaera onartzen badu, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.
–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
–Mahaian arreta ematea jaialdiaren egun guztietan, irekita dagoen ordutegiaren barruan.
–Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 1ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2605072