Iragarkia
84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
195E/2026 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena "Abano" TZ transformazio-zentro berriaren eta 30 kV-eko "3009-18 Hernani-Saltos CEU" airetiko linea 9033 eta 9058 euskarrien artean berritzeko proiektuari buruz; I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea, eta Arano eta Goizueta udalerrietan eginen da.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri dio Arano eta Goizueta udalerrietan "Abano" TZ transformazio-zentro berria egikaritzeko eta 30 kV-ko "3009-18 Hernani-Saltos CEU" GTAL 9033 eta 9058 euskarrien artean berritzeko proiektuari; I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko b) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, hartan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2025eko azaroan, sustatzaileak Arano eta Goizueta udalerrietan "Abano" TZ transformazio-zentro berria egikaritzeko eta 30 kV-eko "3009-18 Hernani-Saltos CEU" GTAL 9033 eta 9058 euskarrien artean berritzeko proiektua aurkeztu zion organo substantiboari, eta proiektu horretarako administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko baimena eskatu zituen.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen, eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2025eko abenduaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (249. zk.). Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari bidali zion proiektu berriaren dokumentazioa.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak eta iradokizunak egin zitzaten beren eskumenen arabera. Goizuetako eta Aranoko udalen erantzuna jaso da: jarduketa bateragarria dela diote, baina sustatzaileak bete beharreko baldintza batzuk ezarri dituzte. Bestalde, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren erantzuna ere jaso da, zeinak baldintza batzuk ezarri baititu proiektua egikaritzeko.
21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebazpen arrazoitua emanen duela, aipatu Legearen III. eranskinaren irizpideen arabera, argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen-gaiei buruzko dokumentu bat dago, bat datorrena Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kalteak jasan ditzaketen ingurumen-faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen-faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, horien artean direla ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatuta, azterlanaren balorazioa da inpaktu gehienak bateragarriak direla.
2.–Proiektuaren deskribapena.
Proiektuaren helburua da Goizueta eta Arano udal-mugarteetan hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatzea eta haren kalitatea hobetzea. Horretarako, planteatu da "Abano" TZ transformazio-zentro berri bat eraikitzea eta 30 kV-eko "3009-18 Hernani-Saltos CEU" airetiko linea elektrikoa berritzea 9033 eta 9058 euskarrien artean.
Guztira 14 euskarri berri instalatuko dira; gaur egun daudenak ordeztuko dituzte haietako 12k, eta gaur egun dauden horiek eraitsi eginen dira (1001 zenbakikoa, 9034 zenbakikoa, 9035 zenbakikoa, 9037 zenbakikoa, 9038 zenbakikoa, 9043 zenbakikoa, 1301 zenbakikoa, 1304 zenbakikoa, 1501 zenbakikoa, 9055 zenbakikoa, 9056 zenbakikoa eta 9057 zenbakikoa) eta haietatik gertu jarriko dira berriak. Beraz, trazatu berria lehendik dagoenaren oso antzekoa izanen da. Bestalde, lehendik dagoen 1304 zenbakiko euskarriaren ordez 1304N eta 1400N zenbakiko euskarri berriak jarriko dira, eta 9035N zenbakiko euskarri berritik airetiko desbideratze bat eginen da, 9035NBIS zenbakiko euskarria instalatuko da eta haren gainean jarriko dira "Abano" TZ transformazio-zentro berria eta igotze-kontrako bat.
Metalezko euskarri saretadunak instalatuko dira eta haietako batzuk maniobrarako euskarriak izanen dira; baliteke sare-mozketako organoak (SMO-T), XS kanporatze-fusibleak, etab. izatea. Gainera, kontaktuaren ondoriozko tentsioaren arriskua saihesteko, hormigoizko perimetro-espaloi bat eraikiko da 1001N zenbakiko, 1400N zenbakiko, 9035N zenbakiko eta 9035NBIS zenbakiko euskarri berrietan eta lehendik dauden 9050 zenbakiko eta 1701 zenbakiko euskarrietan.
3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren inpaktu nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatiba eta instalazioa jartzeko balizko hiru kokaleku jasotzen dituena, guztiak ere potentzialki bideragarriak. Sustatzaileak aukera hori ezetsi du, irizten diolako proiektuko jarduketak ez egikaritzeak eremuan hornidura elektrikoaren jarraitutasuna eta hura hobetzea bermatzea eragotziko lukeela. Beraz, ez da aukera bideragarritzat jotzen.
Gainerako hiru aukerei dagokienez, batek proposatzen du lehendik dagoen trazatuaren gainean berritzea linea, dagoeneko badauden euskarrietako batzuk mantenduz. Beste batek proposatzen du egungoaren ordezko airetiko trazatu berri bat egitea, zeinak ez bailituzke murriztuko aurreko proposamenean sortutako inpaktuak. Eta hirugarrenak proposatzen du zatiren bat lurpetik igarotzea, ikusizko inpaktua murrizteko; hala ere, afekzio handia eraginen litzateke lur-mugimenduen ondorioz. Horregatik, sustatzaileak dio lehen aukerak baino inpaktu handiagoa izanen lukeela. Horregatik hautatu da aukera hori.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Lurzoruaren gaineko inpakturik nabarmenena eraikuntza-fasean gertatuko da, lurrean aldaketak eginen baitira eta higatzeko arriskua handitu eginen baita lur-mugimenduen eta landare-estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan. Ekintza hauek eragiten dituzte afekzioak: sarbide berriak irekitzea eta lehendik daudenak egokitzea, euskarrien zimenduak jartzeko egin beharreko hondeaketak eta zimenduak kentzea.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 14 euskarri berri instalatuko dira. Horretarako, lurrak mugituko dira (84,37 m²), 12 euskarri zahar desmuntatuko dira (84,37 m² lur mugituz) eta zazpi sarbide berri eraikiko dira, 7.110 m²-ko azalerakoak. Dokumentazio horretan jasotzen da, halaber, aztertutako eremurik gehiena malkartsua dela, %50etik gorako maldak dituela eta erosio-maila errealak txikiak eta ertainak direla, gehienbat.
Sustatzaileak irizten dio neurrizko afekzioa eraginen dela geomorfologian; izan ere, adierazi du ahalik eta jarduketa gutxien eginen direla hala sastraka kentzeko nola lurra egokitzeko; hala ere, lurra trinkotzen ahal dela adierazi du.
–Hidrologia:
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, baliteke obrak egikaritzean galdutako landare-estalkiak eragina izatea ibaiaren garraio- eta sedimentazioa-prozesuetan, baita uraren kalitatean ere, material solidoak eramanen baitira ubideetara. Eta gerta daiteke efektu horrek denboran jarraitzea, higadura-prozesuak gertatzen badira inguruko gainazaletan. Uraren kalitatea ere aldatzen ahal da, erabilitako makinek ustekabeko isuriak badituzte.
Lineak Urumea ibaia zeharkatzen du zenbait puntutan, baita aztertutako eremuko zenbait erreka ere. Hala ere, ibilguetatik ahalik eta urrunen daude euskarriak, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren jarraibideei kasu eginen zaie edozein modutan. Beraz, proposatutako prebentzio-neurriak kontuan hartuz, faktore horrek eragin txikia izanen duela dio sustatzaileak.
–Landaredia:
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, askotariko landare-espezieak daude aztertutako eremuan, baina, bereziki iparraldean, landaketek eta harizti autoktonoek gainerakoek baino hedadura handiagoa dute. Instalazioa egitekoa den eremuan ez da hauteman floraren kartografia ofizialaren arabera babestuta dagoen flora-espezierik (Flora Baskularraren Zerrenda Gorria, UTM 1x1 laukia), eta ez da identifikatu komunitate-intereseko habitatik.
Sustatzailearen arabera, landareei eta zuhaixkei eraginen zaien afekzioaz bestelakorik izanen ez den eremuetan planteatu dira lan-zelaiak, eta mozketa eta inausketen ondoriozko afekzioak sarbideetako batzuk irekitzeko baino ez dira izanen beharrezkoak. Gainera, lehengo euskarriak kenduko diren toki berean edo handik gertu planteatu dira euskarri berriak, eta, horrenbestez, ingurunea egokituta dago jada.
Landare-mota bakoitzean egitekoa den jarduketa bakoitzak (mozketa eta inausketa) eragindako oinak (azalera) kuantifikatu dira proiektuan, eta ikusi da espezie hostotsu autoktonoen afekzioa puntuala dela. Sustatzailearen balorazioaren arabera, landarediarekiko efektua txikia izanen da.
–Fauna eta naturagune babestuak:
Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera, aldeko 10 kilometrorekin, UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan, aipatzen dira 97 hegazti-espezie, 39 ugaztun-espezie, 6 anfibio-espezie, 14 narrasti-espezie, 11 arrain-espezie eta 16 ornogabe-espezie.
Sustatzailearen arabera, afekzioa baloratzeko, kontuan hartu behar da berritzekoa den linea ingurune eraldatu batetik igarotzen dela, trazatua ia ez baita aldatuko berritu beharreko lineari dagokionez. Horregatik, habitatek izanen duten zuzeneko afekzioa gaur egungoaren oso antzekoa izanen da, aintzat hartuz erasandako habitaten hedadura ez dela esanguratsua aztertutako eremuan duten hedaduraren aldean eta gertu-gertuko ingurunean antzeko habitatak daudela eta fauna haietara joaten ahal dela, kaltearen garrantzia txikia dela baloratu da.
Halaber, fase bakoitzeko eroaleen arteko tartea eta euskarriaren parte metalikoen aldean dauden distantziak kontuan hartuz eta aztertutako eremuan dauden hegaztien hegal-zabalera kontuan hartuz, sustatzaileak dio ez dagoela elektrokuzio-arriskurik; hala ere, instalatzekoak diren euskarrietako batzuk isolatzea planteatu du. Halaber, jarduketa-eremuetako batzuk hegazti-faunaren babeseko eremuak direnez 1432/2008 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera, sustatzaileak planteatu du txori-babesleak instalatzea; horren ondotik, talkagatiko inpaktua ez-esanguratsu gisa baloratu du.
Aztertutako eremuan aplikatu beharrekoa da ibai-karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes L.) berreskuratzeko plana, baina sustatzaileak irizten dionez ur-masen gaineko eraginak txikiak direla, espezie horrekiko afekzioa ere txikitzat jo da, eta, are gehiago, betetzen badira aurkeztutako dokumentuan xedatutako jarraibideak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak inpaktuak minimizatze aldera emandako gomendioa, ibai eta erreketatik gertu jardutean kontu handiz aritzekoa.
Bestalde, aztertutako eremuan ez dago "naturagune babestu" gisa sailkatutako gunerik, ezta KBErik ere. Hala ere, nahiko gertu daude Artikutza (ES2200010), Aiako harria (ES2120016) eta Urumea ibaia (ES2120015) KBEak.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz, entregatutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, proposatu du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kontrako eragin esanguratsurik izanen ingurumenean eta beraz ez dela haren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, jarraian zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak:
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Abano" TZ transformazio-zentro berria egikaritzeko eta 30 kV-eko "3009-18 Hernani-Saltos CEU" GTAL 9033 eta 9058 euskarrien artean berritzeko proiektuak, I-de Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatu duena Arano eta Goizueta udalerrietan, ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. sekzioan aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Zuhaitzen eta berezko landareen afekzioak minimizatuko dira. Obra-zuinketak egiterakoan, ukipenak ahalik eta txikienak izateko moduan markatu beharko dira euskarriak eta planteatu beharko dira sarbideak. Arbolak inaustean, ebaki garbiak eginen dira, urradurarik gabeak. Zuhaitzak kendu aurretik, Sakana-Mendialdeko Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraziko zaio, seinaleak jartzeko. Beharrezkoa bada zuhaitzak ebakitzea, baimen egokia izapidetuko da.
–Hegazti-fauna elektrokutatzeko arriskua minimizatzeko, gutxienez 1 m-ko distantzia utzi beharko da euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean ainguratze-euskarrietan, babes- edo maniobra-elementuak alderantzikaturik jarriko dira, nahikoa tarte utzita euskarriaren bururaino; tentsio-elementuen arteko lotura-zubiak isolatu eginen dira, bai eta ebakitzaileak, autobalbulak eta konexioko botilak ere. Ganga-erako euskarrietan, erdiko eroalea metro bat isolatuko da alde bakoitzean, esekitze-grapa barne. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debekaturik dago silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.
–Aurkeztutako dokumentazioan xedatzen denez, seinaleztapena eginen da talkaren aurkako balizak erabiliz, txori-babesleak, hegazti-fauna babesteko. Fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 20 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 10 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. X formako neoprenozko zerrendak izatea gomendatzen da, espiralen ordez.
–Halaber, hegaztiak babesteko instalazio elektrikoei arau tekniko batzuk ezartzen dizkien apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuko baldintza teknikoak eta Hegaztiek goi-tentsioko linea elektrikoak ez jotzeko eta haietan ez elektrokutatzeko babes-neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arauak bete beharko dituzte.
–Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Materialak pilatzeko eremuak eta makineria-parkea ez dira paratzen ahalko zuhaitzak dauden eremuetan, ezta ingurunearen aldetik sentikorrak diren beste eremu batzuetan ere.
–Sarbide berriak, ahal den guztietan, lehendik dauden azpiegituretan edo soroetan zehar eginen dira, landaredi naturalari ahalik eta kalte txikiena eragiteko.
–Ahal dela, bideak ez dira erabiliko putzuz beterik daudenean edo euriteen ondotik.
–Goi-tentsioko linea elektriko berria ezartzeko obrak ez dio eragin beharko bide eta azpiegiturek (adibidez, lursailen itxiturak) gaur egun duten kontserbazio-egoerari. Bideen egungo kontserbazio-egoera mantendu edo hobetu beharko du obra berriak, eta azpiegituretan eragiten dituen afekzio guztiak leheneratu beharko ditu.
–Lanek dirauten artean pentsatzen bada solidoen mugimendua garrantzitsua izaten ahal dela eremuan, haiei eustea bermatuko duten neurriak hartu beharko dira; bereziki, 1501 eta 1304 euskarriak desmuntatzeko eta 1501N, 1304N eta 1400N euskarriak muntatzeko lanetan, Urumea ibaitik gertu baitaude eta desman piriniotarrari eragiten ahal baitzaio.
–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilgura ezer isurtzea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botaz gero, arrain-fauna berehala hilko da.
–Linea elektrikoak ibilguak zeharkatzen dituenean, bete beharrekoak dira Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak (CHC) atal honen kontsultei erantzunez igorritako txostenean –ebazpen hori erantsi zaio– xedatutako gutxieneko altuerak, babesak eta kondizioak Proiektua egikaritzeko, erakunde horren baimena beharko da.
–Onura publikoko mendien afekzioari dagokionez, Basoak Kudeatzeko Atalaren eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren aldeko txostena beharko da, Nafarroako oihan-ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak amaitutakoan.
–Lanak amaitu ondotik, proiektuaren jarduketa-eremuan dauden hondakin eta zabor guztiak jasotzeko eta ingurua garbitzeko kanpaina bat eginen da, eta zerbitzuz kanpo gelditzen diren aldi baterako azpiegitura guztiak kenduko dira, baita kendu beharreko linean zerbitzuz kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak ere.
–Lanek aldatutako eremu guztiak –haien artean euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatzean utziko ez diren aztarnak– behar bezala lehengoratuko dira, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze-lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu eta profilatu beharko dira, inguruko lurrarekiko doikuntza fisiografiko egokia lortu arte.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarenak eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuarenak).
–Obra amaituta dagoenean, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es); espedientearen kodea aipatu beharko da, eta abisuarekin batera bidali linearen zein euskarrien georreferentzia jasotzen duen artxibo bat eta euskarrien argazkiak.
–Lanak hasi baino astebete lehenago, jakinaren gainean jarriko da Sakana-Mendialdea barrutiko Basozaintza (gmsakana@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, hala badagokio, zuhaitzak markatu ditzan.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruña, 2026ko apirilaren 2a.–Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia.
Iragarkiaren kodea: F2605228
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
