1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
194E/2026 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Almacenamientos Vault BESS Barcorroyo, Valdecuco eta Santico proiektuari eta Ganges Vault SLUk sustatutako i+DE 66 kV La Serna SETarekiko (0062-0063-0065-ALM) interkonexio elektrikoko sistemari buruz.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak, 2025eko urriaren 8an, proiektua aurkeztu zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 n) taldearen barnean sartzen da proiektua. Beraz, hartan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Proiektu honen helburua da 3 BESS unitate independente instalatzea (Barcorroyo, Valdecuco eta Santico), i+DE 66 kV La Serna SETarekiko interkonexio elektrikoko sistema bat optimizatzeko. Modu horretan, energia biltegiratu nahi da, eskaintza eta eskaria orekatzeko, hornikuntzaren kalitatea hobetzeko, sorkuntza banatua zabaltzeko eta energia berriztagarriak neurri handiagoan integratzeko.
–Proiektuaren deskribapena.
BESS ekipoak, haien 30 kV-eko lurpeko lineak eta 66/30 kV-eko Barcorroyo SETa industria-partzela batean daude, hain zuzen, Las Labradas-Ciudad Agroalimentaria de Tudela industrialdean: Tutera udal-barrutiko 38 poligonoko 492 katastro-partzelan.
Bateriak biltegiratzeko instalazioa osatzen dute 3 BESSek eta 3 BESSentzako interkonexio elektrikoko sistema kolektoreak. Egiazki, 5,00 MW-eko potentziako eta 20,00 MWh-ko biltegiratze-ahalmeneko bi BESS instalazio (Barcorroyo eta Valdecuco) eta 1,00 MW-eko potentzia eta 5,00 MWh-ko biltegiratze-ahalmena dituen BESS instalazio bat (Santico) dira.
Konexio-sistema osatzen dute 66/30 kV-eko baterako SET batek (66/30 kV-eko Barcorroyo SETa) eta 66/30 kV-eko Barcorroyo SETetik Tudela 66 kV i+DE SETera doan 66 kV-eko lurpeko lineak, zeinak 2.560 m-ko luzera baitu (UTM koordenatu-puntu hauen artean: ETRS89 611.552,88 30/4.659.924,66 eta 610.366,52/4.661.371,34). Kanalizazioak 0,8 m-ko sakonera eta 0,35 m-ko gutxieneko zabalera izanen ditu. Kutxatilak instalatuko dira goi-tentsioko kableen irteeran, etorkizuneko mantentze-lanak errazteko.
BESS ekipoak, 30 kV-eko haien lurpeko lineak eta 66/30 kV-eko Barcorroyo SETa perimetro-hesi global batek itxiko ditu, instalazio guztiak hartzen dituela. Instalaziorako sarbidea A-68tik egiten da, industrialdera daraman bidetik. Obra zibilak honako hauek hartzen ditu barnean: lur-mugimenduak (zelaitze-lanak, betelanak eta lur-erauzketak), egiturak zimendatzea, lurpeko linea elektrikoetarako zangak egitea eta beste obra batzuk.
Txosten honen I. eranskinean jasotzen dira bateria-ekipo bakoitzaren xehetasunak eta instalazio guztien kokapen geografikoa.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, 2023ko abenduaren 5ean, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Tuterako Udalari, Gurelur elkarteari, Lurra-Lurraren Aldeko Elkarteari eta Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkarteari egin zitzaien kontsulta. Bukatu da proposamenak aurkezteko epea, eta ez da erantzunik jaso:
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Dokumentazio horrek honako hauek biltzen ditu: proiektuaren xedea eta deskribapena, alternatiben azterketa, ingurumen-inbentarioa funtsezko prozesu eta elkarrekintzen deskribapenarekin, inpaktuen identifikazioa, balorazioa eta ebaluazioa, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, eraginen matrize bat, aurrez aurre jartzen dituena proiektuko ekintzak eta eraikuntza-, eragiketa- eta eraiste-faseetan eraginak izaten ahal dituzten ingurumen-faktoreak, inpaktu metagarri eta sinergikoak baloratzeko atal espezifiko bat, egungo eta etorkizuneko egoeraren konparazioa ingurumen-balorazio globalarekin, ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko programa bat, eta proiektuak istripu larriei, hondamendiei eta klima-aldaketari dagokienez duen kalteberatasuna. Ingurumen-dokumentuak barnean hartzen ditu ingurumen-balioak eta baliabideak zaintzeko neurriak, zeinean jasotzen baita leheneratze-plan bat, zuhaixkak eta zuhaitz sakabanatuak erein edo hidroerein eta landatuko dituena perimetro-hesiaren ondoan, lehorreko toki-faunarentzako landare-uharteak edo guneak lortzeko; espezie hauek erabiliko dira: isatsa (Retama sphaerocarpa), elorri-triska (Genista scorpius), basarrosa (Rosa canina) eta olibondoa (Olea europea).
Ingurumen-proiektuaren ondorioa da energia biltegiratzeko Barcorroyo, Valdecuco eta Santico BESSen proiektua eta i+DE 66 kV La Serna SETarekiko interkonexio elektrikoko sistema bateragarriak izanen direla ingurune naturalaren babesarekin, betiere proiektuaren fase bakoitzerako xedatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak garatzen badira eta Obrako Ingurumen Jarraipenerako Planean zehaztutakoa behar bezala gauzatzen bada.
–Ingurumen-ebaluazioa.
Hiru aukera aztertu dira, "0" aukeraz gainera, proiektua kokatzen ahal den eremuetan; industria-lurzoruei eta lehorreko laborantzako lurzoruei bakarrik eragiten diete eta, haiek egikaritzeko, ez dago lur-mugitze handirik egin beharrik. 3 aukera hautatu da, zeinaren azpiegitura guztiak Las Labradas - Ciudad Agroalimentaria de Tudela industrialdean garatzen baitira, konexio elektrikoko linea izan ezik.
Lursailean ingurumen-balio esanguratsurik ez duen eta ur-ibilguetatik eta naturagune babestuetatik urrun dagoen industria-lursaileko jarduera bat ebaluatu da; eremua oso antropizatuta dago, komunikazio-bide handiak gertu dituela (adibidez, A68 autobia), eta 220/400 kV REE La Serna garraio-lotunearen, beste azpiestazio elektriko batzuen, garraiorako eta banaketarako linea elektrikoen eta parke eoliko baten eraginpean dago...
Obra-fasean ingurumen-inpaktuak sortzen ahal dituzten ekintzez ari garela, aipatzekoak dira baterien eta azpiestazio elektrikoaren edukiontziak zimendatzeko egin beharreko lur-mugimenduak, baita kable elektrikoetarako zangak egiteko lanak ere. Lurren balantzeak 105,93 m³-ko soberakina adierazten du, zabortegira eramatekoa.
Jarduera nagusia eginen den industrialdeko ingurumen-balioak urriak direnez, jotzen da eragin eta arrisku esanguratsuenak instalazioen funtzionamendutik eratorritakoak izanen direla.
66/30 kV-eko Barcorroyo SETetik Tudela 66 kV i+DE SETera doan 66 kV-eko lurpeko lineari dagokionez (2.560 m luze da), egiaztatu da Camino del Corral de las Labradas izeneko bidea zeharkatzen duela, zeina hegazti-fauna kontserbatzeko AC-17 Tudela Norte eremu kritikoan sartzen baita. Beraz, linea elektrikoa lurperatzeko obrak egikaritzen direnean, habitata aldi aterako galduko da bidearen alboko zerrendak okupatzen badira; eta litekeena da inguruko faunari eragozpenak eraginen zaizkiola zarataren eta makina eta pertsonen joan-etorriaren ondorioz.
Lurpeko lineak, industrialdetik irten eta lehen metroetan (275 m), besteak beste Artemisia herba-albaz, Salsola vermiculataz eta Atriplex halimusez osaturiko sastrakadi bat zeharkatzen du. Sastrakadi hori 1430 "Sastrakadi halonitrofiloak" intereseko habitat gisa sailkatzen ahal da, baina, kasu honetan, estaldura eta garapen urriarekin, industrialdearen obrak amaitu zirenean (2008 inguruan) ezarri baitzen lurzoruen gainean. Hala ere, linea-zati horrek bat egiten du abiadura handiko trenbide-linearen trazaturako erreserbatutako lurzoruarekin. Horrenbestez, ez da bermatzen etorkizun hurbilean hango landaredia bermatuko denik.
Bidearen inguruan estepako hegaztien aipuak daude, hala nola Naumann belatzarenak (Falco naumanni), mirotz zuriarenak (Circus cyaneus) eta atalarrarenak (Burhinus oedicnemus), zeinak oso sentikorrak baitira habitataren aldaketekiko eta otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuan jasotako espezieen zerrendan baitaude.
Inguruetan ez dago babestutako gunerik, eta hurbilenak 3,5 km-ra baino gehiagora daude: Pulguer urmaela ES2200041 KBEa, mendebaldean, eta Ebro ibaia 2200040 KBEa, ekialdean.
Instalazioa eta interkonexio elektrikoko sistema proiektatzen diren eremuan ez dago ur-ibilgu iraunkorrik; beraz, ez da afekziorik izanen lurgaineko sare hidrikoan. Nolanahi ere, sare hidrografikoari dagokionez, prebentzioko neurriak zorroztu beharko dira instalazio nagusietatik egin daitezkeen isurketei dagokienez, industrialdearen hego-mendebaldeko muturrean uharka duen Barranco del Carmen errekaren natura-balioei inolako afekziorik ez eragiteko.
Sortuko diren zaratei dagokienez, ustiapen-fasean zarata handituko da, batez ere instalazio berrietako klimatizazio-ekipoek eragindakoa. Hala ere, ingurumen-dokumentuan adierazitakoaren bat etorriz, indarrean dagoen araudian ezarritako soinu-mailaren atalaseak ez dira gaindituko. Ez da hautematen kultura-ondarearekiko eta ingurune sozialarekiko inpakturik, eta ez da uste ingurunean dauden beste azpiegitura batzuekin interakzioan arituz sortuko diren inpaktu metagarri eta sinergikoak esanguratsuak izanen direnik.
Azkenik, eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoarekin bat etorriz, proiektuak ez du zaurgarritasun potentzialik istripu larriei eta hondamendiei dagokienez, ez bada hondakinei eta hondakin-urei loturiko isurien arrisku posiblea. Edozein kasutan, Nafarroako Gobernuan eskumena duen organoak xedatzen duena bete beharko da babes zibilaren eremuan.
–Ondorioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean, betiere proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan jasotako inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak betetzen badira, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan proposatutakoez gain. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Almacenamientos Vault BESS Barcorroyo, Valdecuco eta Santico proiektuak eta GANGES VAULT SLUk sustatutako SET i+DE 66 kV LA SERNA (0062-0063-0065-ALM) linearekiko interkonexio elektrikoko sistemak proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera, eta bat datorrela hautatutako aukerarekin.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, aldeko txostena lortu beharko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik, obrak egiten hasi aurretik. Lanak egin bitartean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari horren berri berehala emateko legezko betebeharra duela.
–Obrak hasi aitzin, zehaztu eginen dira lan-eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Lurpeko linea hartuko duen zanga egiteko lanetan, minimizatu eginen da landaredi naturalaren gaineko afekzioa, eta saihestuko da bideen ertzeko zuhaixka landarediari eragitea.
–Obra hasi aurretik, lan-eremuak aztertuko dira bidetik kanpo eta hegazti-fauna kontserbatzeko AC-17 Tudela Norte eremu kritikoaren barruan gelditzen diren lurpeko linea elektrikoaren zatietan, alboko zereal-soroetan estepako fauna babesturik baztertzeko (mirotz urdinen eta gangen habiak, atalarren presentzia...). Espezie horien biotopoak, habitatak eta habia egiteko tokiak suntsitzea eta eraldatzea saihestuko da. Horretarako, obren egutegia egokitu beharko da espezie horiek ugaltzen diren eta umeak egiten dituzten garaian (apiriletik ekainera), eta ahalegina egin beharko da makineria astunekin egiten diren lanetan habiak ez suntsitzeko, ugalketa ez oztopatzeko eta gorteatze-eremuetan eragozpenik ez sortzeko.
–Hala eta guztiz ere, lanak egin bitartean (lurpeko linea elektrikoa) katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuta gerta litekeena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Lurra kendu edo hondeatu aitzin, landare-lurra kenduko da zanga irekitzeko lanek eragindako azalera guztietatik, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori behar bezala metatuko da, ondotik zaharberritze-lanetan berrerabiltzeko.
–Linea elektrikoa hartzeko ireki den zanga lehenbailehen bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondotik. Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bestera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko.
–Lur-mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran bertan erabilita. Lur-soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta hurbileko gune narriatuak edo El Culebrete hondakindegia lehengoratzeko erabiliko dira lehentasunez. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten lan horietako edozeinek Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren baimena izan beharko du.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kendu, eta obra hondarrak garbitu eginen dira okupatu den eremu osoan, hondakinak indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuta.
–Ingurumen-integrazioko proiektuak, lurpeko linea elektrikoaren lanen kasuan eta landaredi naturala duten gainazaletan, barnean hartu beharko du eremuko kondizio klimatikoetara egokitutako espezie autoktonoak erein eta eremua landareztatzea. Eta, ingurumen-agiriak leheneratze-planean jasotzen duenez, baterien instalazioak inguratzen dituen hesiaren inguruan landatuko dira hautatutako espezieak, kontuan hartuz dagoeneko Aleppo pinuak (Pinus halepensis) landatu direla iparraldean, ikus-pantaila gisa.
–Perimetro-hesiak elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan.
–Beharrezko bada egoeraren baten berri ematea Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, etab.), mezu elektroniko bat bidaliko zaio Tuterako Koordinazio Unitateari (948 847 033 edo 609 904 957, gmatudela@navarra.es).
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruña, 2026ko apirilaren 2a.–Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia.
I. ERANSKINA.–BESS BATERIA-EKIPOEN DESKRIBAPENA
Proiektuan aurreikusten da Barcorroyo eta Valdecuco BESSak modu independentean instalatzea, elementu hauek izanen dituztela:
–4 bateria-edukiontzi, ST5015 UX-BL motakoak.
–MVS5000 motako edukiontzi bat.
–Baterietatik MVSrako linea elektrikoak.
–MVStik 66/30 kV-eko Barcorroyo SETerako linea elektrikoak, 30 kV-ekoak.
Santico BESSa, modu independentean, ondoko elementu hauek osatuko dute:
–Litio-ioizko baterietarako 3 rack; biltegiratze-ahalmena: 836kW/rack.
–Bateriak konektatzeko panel bat (BCP, Battery Connection Panel).
–6 Ingeteam inbertsore, ISS 350TL motakoak.
–Baterietatik inbertsoreetarako linea elektrikoak.
–1 behe-tentsioko koadro.
–MVStik 66/30 kV-eko Barcorroyo SETerako linea elektrikoak, 30 kV-ekoak.
Eta interkonexio elektrikoko sistema osoa, elementu hauek eratua:
–66/30 kV-eko Barcorroyo SETa.
–66/30 kV-eko Barcorroyo SETaren eta La Serna 66 kV i+DE SETaren arteko 66 kV-eko LSATa, zeinean 66 kV-eko lineako posizio berri batean konektatuko baita.
BESS INSTALAZIOAREN KOKAPEN-PLANOA ETA XEHETASUNAK

Hiru BESSen azpiegituren kokapenaren xehetasuna, mapa topografikoan

Hiru BESSen azpiegituren kokapenaren xehetasuna, Ciudad Agroalimentaria de Tudelan
Iragarkiaren kodea: F2605232