1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
105E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez INTIAk eman beharreko gutxieneko zerbitzuak zehazten baitira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egindako mandatuei dagokienez, 2026ko apirilaren 13tik aurrera iragarri den greba mugagaberako deialdia dela-eta.
Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua SA (INTIA SA) erakunde instrumental gisa aitortua izan zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mandatuak hartu ahal izateko, eta ondorio horietarako, gaur egun Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua denari atxikia geratu zen.
Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, INTIA SA erakunde instrumentala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikitzea ezarri zen.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abenduaren 12ko 383E/2025 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza Zerbitzuari laguntza teknikoa emateko mandatua egin zitzaion INTIA SA erakunde instrumentalari, 2026ko ekitaldian laguntzen kudeaketan laguntzeko, osotara 1.591.387,36 euroren truke.
Mandatu horren barruan garatu beharreko jarduerak eskaera bakarraren pean sartutako laguntzak hartzen ditu barne, besteak beste.
Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan, arauturik daude 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko zuzeneko ordainketen aplikazioa eta baldintza komunen ezarpena, baita kudeaketa eta kontrol sistema integratuko eskaera bakarra ere. Izan ere, errege dekretu horren 118. artikuluan honako hau ezartzen da:
1. Oro har, III. tituluan araututako zuzeneko ordainketei dagozkien saldoak eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren barruan sartutako landa garapeneko esku-hartzeak honako epe honetan ordainduko dira: eskaera bakarra aurkezten den urteko abenduaren 1etik aurrera eta hurrengo urte naturaleko ekainaren 30aren artean.
Ordainketak epez kanpo egiteagatik aplikatu beharreko penalizazioak nazio mailan daude ezarrita, eta, hortaz, estatuan, ordainketen %2 baino gehiago egiten bada epez kanpo, penalizazio graduala aplikatuko da, epez kanpo egindako ordainketa horiek zein autonomia erkidegori dagozkion kontuan hartuta.
Eskaera bakarrean sartuta dauden landa garapeneko laguntzak LGENF funtsen kargura kofinantzatzen dira %45ean, eta 2025eko kanpainan, onuradun diren 4.277 pertsonari ordaindu behar zaizkie laguntza horiek –15,3 milioi euro osotara–.
Europako NBEUF funtsarekin finantzatutako zuzeneko laguntzek, 2025eko kanpainan, NPEren onuradun guztiengan dute eragina (9.100), eta 10,5 milioi euro dira.
2026ko kanpainari dagokionez, 2026ko apirilaren 30ean amaituko da eskaera bakarra aurkezteko epea.
1048/2022 Errege Dekretuaren 108.3 artikuluaren arabera, eskaera bakarrak maiatzaren 31 arte aurkeztu daitezke, baina ehuneko 1eko penalizazioa aplikatuta eskaera bakarra aurkezteko mugaegunetik igarotzen den egun baliodun bakoitzeko.
INTIAko batzordeak greba mugagabea iragarri du 2026ko apirilaren 13tik aurrera.
Aurrekoari erreparatuta, eta kontuan harturik, halaber, langile guztiek iragarritako lanuztearekin bat egiteko edo ez egiteko duten eskubide konstituzionala, eta eskubide hori gauzatuta ere eskaera bakarrarekin zerikusia duten funtsezko zerbitzuak emanen direla bermatu behar dela.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko Departamentuetako titularrei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea INTIA SAk eskaera bakarraren pean sartuta dauden laguntzak kudeatzeko eman beharreko laguntza teknikoari dagokionez.
Adierazi beharra dago, orobat, foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak aldatzea zilegi izanen dela, grebak aurrera egin ahala, kontuan harturik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak INTIA SA erakunde instrumentalari egiten dion mandatu kopurua.
Adierazitakoaren arabera, eta ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,
AGINTZEN DUT:
1. INTIA SAk 2026ko apirilaren 13tik aurrera iragarri duen greba mugagabea egiteko eskubidea gauzatzen ahalko da, honako gutxieneko zerbitzu hauek betez, betiere:
–Nekazaritza Zerbitzuari laguntza teknikoa ematea, eskaera bakarraren pean sartutako laguntzak kudeatzeko: profil teknikoko 4 pertsona.
2. Foru agindu honetan jasotako funtsezko zerbitzuak INTIA SAk izendatuko dituen pertsonek emanen dituzte.
3. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horien lana INTIA SAko arduradunak zehaztuko du.
4. Foru agindu hau greba batzordeari eta INTIAri jakinaraztea, eta igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Nekazaritza Zerbitzura.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2026ko apirilaren 10ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2605473