84. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 220 eredua onesten baita (sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako eredua zerga-kontsolidazioaren araubidearen bidez tributatzen duten talde fiskalentzat), 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasitako zergaldietarako, eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen baitira.

Zerga-kontsolidazioaren araubidea Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan dago arautua.

Aipatutako 26/2016 Foru Legearen 99. artikuluaren arabera, tributazio-araubide hori aukeratzen duten talde fiskalak zergaren zergaduntzat hartuko dira, eta haien entitate ordezkariari egokituko zaio araubide fiskala aplikatzeak dakartzan zerga-betebehar materialak eta formalak betetzea.

Ildo horretan, zergari buruzko Foru Legearen 115. artikuluak ezartzen du entitate ordezkariak talde fiskalari dagokion zerga-zorra likidatu behar duela, bai eta Nafarroako Foru Ogasunak zehaztutako tokian, moduan eta epeetan sarrera egin ere.

Betebehar hori betetzeko, foru agindu honek sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren 220 eredua onesten du zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalentzat, eta baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen ditu aurkezpen elektronikoa egiteko eta ondoriozko zerga-zorraren sarrera egiteko.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, talde fiskal batek bi administrazioei zergak ordaindu behar badizkie eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen badu, aitorpenak aurkezteko, fitxategi elektroniko bat bidali beharko du, zeina egokituko baita kasuan kasuko administrazioak eredu horretarako definitutako erregistro-diseinuetara. Horretarako, foru agindu honetan zehazten diren baldintzak eta prozedura beteko dira.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horregatik guztiagatik, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 115. artikuluan eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritako gaikuntzak baliatuz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 220 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onesten da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezartzen den zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalentzat, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasitako zergaldietarako. Eranskinean dago haren edukia.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezarritako zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalei dagokien sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa, 220 ereduaren arabera egina, aurkeztuko dute Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27. artikuluari jarraikiz Nafarroako foru araudia aplikatzen duten talde fiskalek.

Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten talde fiskalek 5. artikuluan eta 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkeztu beharko dituzte autolikidazioak.

3. artikulua. Sozietateen gaineko zergaren aitorpen-autolikidazioak aurkezteko modua.

1. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute 220 eredua nahitaez, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 5. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Autolikidaziorako 220 eredua aurkeztu behar du talde fiskalaren entitate ordezkariak, bertan eskatzen diren datuetatik dagozkien guztiak behar bezala beteta.

2. 26/2016 Foru Legearen 99.3 artikuluan xedatuarekin bat, talde fiskala osatzen duten entitate guztiek aurkeztu behar dituzten aitorpen-autolikidazioak S-90 ereduan aurkeztuko dira. Hura oso-osorik beteko da, banakako tributazio-araubidean entitate horiek ordaindu edo jaso beharko lituzketen zenbateko likido teorikoetara ailegatu arte. Halaber, aitorpen horietan dagoen likidazioan zerga-oinarria negatiboa edo zero baldin bada, S-90 ereduan jarri beharko dira hobariei eta kenkariei buruzko datu guztiak.

4. artikulua. Aurkezpena eta sarrera egiteko epea, eta nola egiten diren zerga-zorraren sarrera edo autolikidazioaren ondoriozko zenbatekoaren itzulketa.

1. 220 eredua entitate ordezkariaren banakako tributazio-araubideko aitorpenari dagokion epean aurkeztu beharko da.

2. Epe berean, talde fiskalaren entitate ordezkariak autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko du:

a) Ordainketa helbideratuta izanda Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein finantza-erakundetan irekitako kontu batean, betiere zergaldia urte naturalarekin bat badator.

b) Nafarroako Gobernuaren ordainketa pasabidea erabilita (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891, P44 eredua), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza-erakunde batekoa bada.

Ordainketa pasabideari atxikitako finantza-erakundeen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/ordaintzeko-egokiak-diren-banku-erakundeak?pageBackId=5792266.

c) 741 ereduko ordainketa-gutunaren bidez, zeina beharrezkoa baita Nafarroako Foru Ogasunaren finantza-erakunde laguntzaile batean ordaintzeko.

Ordainketa-gutun hori lortzeko, inprimaki-sortzailera jo beharko da (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx).

Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

3. Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, aitorpenak horretarako duen atalean adierazi beharko da zein erakunde eta kontutan ordaindu behar den itzulketa.

5. artikulua. Autolikidazioak elektronikoki aurkezteko baldintza orokorrak.

Aitorpenak modu elektronikoan aurkeztean baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako sistema bat, eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabili, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Bat etorriz 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin (130/2009 Foru Agindua, ekainaren 29koa, kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duena hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate batek aurkezten badu eredua, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako sistema bat eduki behar du, eta onartutako ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko, laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Foru Ogasunak 220 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (https://www.navarra.es/eu/ogasuna).

e) Aitortzaileak edo, kasua bada, aurkezle baimenduak aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko ditu. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

6. artikulua. Nafarroako araudiko 220 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoekin aurkezteko prozedura.

1. 220 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.

2. Betetako aitorpena baliozkotu.

3. Baliozkotutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen eginen du ordainagiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatiko batean.

b) Fitxategi informatiko hori modu elektronikoan bidaliko da Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, prozesu honi jarraituz:

1. Jo "Sozietateen gaineko zergaren fitxategien aurkezpena: araudi erkidea" izapidera, Nafarroako ataritik, helbide honen bidez: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Sarrera egiteko edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatzeko, 4. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan, hurrenez hurren, azaldutako moduetako edozein erabiliko da.

3. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2026ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko apirilaren 17an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

220/1 EREDUA.–Sozietateen gaineko zerga, zerga-kontsolidazioaren araubidearen bidez tributatzen duten talde fiskalentzat (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2605781