Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
94E/2026 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita dirulaguntzak emateko 2026. urtean Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. DDBN kodea: 895887.
Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumenetako bat da LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialeko politikak koordinatzea eta kudeatzea.
LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen egiazko berdintasun eraginkorra eta eskubideak osoki bermatzeko, eta, horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki erakundeek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako. 2026an zehar Nafarroako Foru Komunitatean garatuko diren proiektuak dira, genero-ikuspegia dutenak eta berdintasuna bultzatzera eta sustatzera bideratuak daudenak.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea dirulaguntzak emateko 2026. urtean LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako proiektuak garatzen dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen 1. eranskinean bildu dira.
2. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 75.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako 2026ko aurrekontu orokorren "080001 08300 4819 232206 Elkarteentzako dirulaguntza sexu- eta genero-aniztasunari buruzko proiektuetarako" aurrekontu-partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 27an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Dirulaguntzaren helburua eta xedea.
Deialdi honen bidez, arautu egiten dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak garatzen dituzten LGTBI+ elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei ematen dizkien dirulaguntzak.
Dirulaguntza hauen helburua da sexu-eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen duten proiektuak bultzatzea eta, horrela, pertsona guztien giza eskubideak bermatzen laguntzea, bereizkeriarik gabe.
2. oinarria. Onuradunak.
Dirulaguntza hauen onuradun izanen dira betebehar hauek betetzen dituzten elkarte eta entitateak:
a) Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.
b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.
c) Nafarroako Foru Komunitatearen barruan jardutea.
d) Beren estatutuetan berariaz sartzea LGTBI+ pertsonen berdintasuna bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein esparrutan sustatzeko xedea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren debekuetako bat ere ez haustea.
f) NABIren dirulaguntza izendunik ez jasotzea.
Betebehar horiek bete beharko dira eskaera aurkezten den unean, eta hala segitu beharko dute proiektua gauzatzen den bitarte guztian eta azken justifikariora arte.
3. oinarria. Gauzatzeko epea.
Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra artekoa izanen da.
4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.
Diruz lagunduko dira aurreko puntuan adierazitako epean gauzatzen diren proiektuak, barnean dituztenak bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta laboralaren eremuetan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna –genero-ikuspegiarekin ulertua–, parte-hartzea eta presentzia sustatzera bideratutako jarduerak, gizartean pertsona horien garapen pertsonal eta sozial osoa lortzeko helburuarekin.
4.1. Proiektu diruz lagungarriak.
Entitate bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza eskuratzen ahalko du.
Diruz lagungarriak diren proiektu guztiak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatzeko xedea izan behar dute.
Jarduerek doakoak eta herritarrentzat irekiak izan behar dute. Salbuespenez, prezio sinbolikoa edukitzea baimenduko da, baldin eta NABIri justifikatzen bazaio eta hala islatzen bada aurrekontuan eta proiektuaren justifikazioan.
Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:
a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.
b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, eta kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatzea.
c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.
d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin lotutako garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.
e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko asmoz, eta LGTBI+ pertsonei lotutako egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.
f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.
g) Beste aldagai batzuekiko intersekzionalitatetik (hala nola adina, dibertsitate funtzionala, egoera administratiboa...) sortzen diren diskriminazio anizkoitzen gainean jardutea.
h) LGTBI+ pertsonen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.
4.2. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
a) Dirulaguntzaren baldintza orokorrak betetzen ez dituzten proiektuak.
b) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzen ez duten proiektuak.
c) Gelan edo eskola ordutegian egiten diren proiektuak, Nafarroako Hezkidetza Planarekin bat.
d) NABIren berezko jarduera edo programak jasotzen dituzten proiektuak.
5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak.
a) Zuzeneko gastuak:
1. Laguntza edo aholkularitza teknikoa, juridikoa edo jarduerarekin lotutako beste edozein motatakoa. Gastu hori 12.000 euro baino gehiagokoa bada (BEZa kenduta), egiaztatu behar da laguntza teknikoa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera aukeratu dela (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikulua). Elkarte onuradunak egindako hautapena justifikatu beharko du, justifikazio epearen barruan 8. eranskina aurkeztuz. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.
2. Profesionalen edo hizlarien ordainsariak, baita joan-etorrien, dieten eta hizlarien ostatuaren gastuak ere.
3. Diruz lagundutako jardueren publizitatea edo zabalkundea.
4. Proiekturako funtsezkoak diren material inprimatuak argitaratzea, NABIk baimena eman ondoren. Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2027koek jasoko dute dirulaguntza.
5. Diruz lagundutako proiektua garatzeko soilik erabiliko diren lokalak edo ekipamenduak alokatzea (emandako zenbatekoaren %50era arte).
6. Proiektua gauzatzeko behar den material suntsigarria.
7. Jarduerak egin bitarteko zainketak: haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zainketa (emandako zenbatekoaren %10 arte).
8. Proiektua gauzatzeko funtsezkoak diren gastu finantzarioak, finantza aholkularitzakoak.
9. Sexu- eta genero-aniztasuna jorratzen duten aisialdi- edo jolas-jardueren gastuak (emandako zenbatekoaren %30era arte).
b) Zeharkako gastuak:
Zilegi da emandako zenbatekoaren edo –justifikatutako zenbatekoa emandakoa baino txikiagoa bada– justifikatutako zenbatekoaren %10 gehienez proiektuaren zeharkako gastuei egoztea:
1. Entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura, telefonoa, Internet eta proiektua gauzatzeko aldiko administrazio gastuak.
2. Proiektua gauzatzeaz arduratu behar diren langileen nominak. Dirulaguntza honi aplikatutako dedikazioaren erregimena eta ehunekoa adieraziko dira.
5.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
a) Entitatearen langileen nominak, 5.1.b atalean ezarritakoa salbu.
b) Banku kontuetako interes zordunak.
c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.
d) Prozedura judizialen gastuak.
e) Aperitiboak, otorduak eta antzekoak.
f) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
g) Onuradunaren beraren publizitateari eta sustapenari loturiko gastuak.
h) Jardueretan parte hartu dutenentzako, elkartekideentzako eta/edo hizlarientzako haborokinak edo opariak, edonolakoak.
i) Ordenagailuak, tabletak, inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk.
j) Onuradunarekin lotutako pertsonen gastuak. Onuradunarekin lotutako pertsonatzat hartuko dira onuradunaren zuzendaritza batzordean daudenak.
k) Merkatuko balioa gainditzen duten gastuak.
l) Proiektua aurrera eramateko beharrezkoak ez diren edo deialdi honen xede ez diren jardueren gastuak.
6. oinarria. Dirulaguntzaren kalkulua eta muga.
6.1. Dirulaguntzaren kalkulua.
Dirulaguntzaren zenbatekoa ehuneko hauen arabera kalkulatuko da:
–Proiektuek eskatutako zenbatekoaren %100 jasoko dute, baldin eta balorazioan 81-100 puntu lortzen badituzte.
–Proiektuek eskatutako zenbatekoaren %80 jasoko dute, baldin eta balorazioan 60-80 puntu lortzen badituzte.
Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.
Proiekturako onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontuan diruz lagungarriak ez diren gastuak eta zenbatu ezin diren gaindikinak kenduta ateratako emaitza izanen da.
6.2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren muga:
Emandako dirulaguntza gehienez ere 10.000 eurokoa izanen da, proiektuaren aurrekontua handiagoa izan arren.
6.3. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.
7. oinarria. Behar den dokumentazioa.
7.1. Nahitaez aurkeztu beharko dira deialdi honetan eranskin gisa sartutako ereduak, zeinak deialdiaren fitxan egonen baitira eskuragarri:
a) 3. eranskina. Eskabidea.
b) 4. eranskina. Proiektua. Betetzeko orduan, kontuan hartuko dira deialdiaren 2. eranskinean adierazitako balorazio irizpideak.
5. eranskina. Gardentasunari buruzko adierazpena. Entitate eskatzaileek, eskaerarekin batera, aurkeztuko dute 14.3 oinarrian araututako gardentasun betebeharra betetzeko eskatzen den informazioa.
c) Elkartearen estatutuak eta dagokion erregistroko inskripzioa. Soilik aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den lehenbiziko aldia bada edo dokumentazio hori aldatu bada.
7.2. Dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, aukera egonen da banku kontua jakinarazteko (Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehen aldia bada) edo Nafarroako Gobernuaren Atariko "Tramiteak" atalaren bidez eguneratzeko (Kontuak eta ordainketak kontsultatzea).
7.3. Agiriak aurkezteko salbuespenak.
Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen ahal badute, edo agiriak dagoeneko Administrazioaren esku badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, dokumentazioa noiz eta zein administrazio organori aurkeztu zitzaion adierazi beharko da.
8. oinarria. Eskaerak aurkeztu eta akatsak zuzentzea.
8.1. Eskaerak aurkeztea.
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen webgunean dagoen deialdiaren fitxaren bidez, "Tramitatu" aukeratuz.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitazioa egiteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 7. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
8.2. Akatsen zuzenketa.
Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo akatsen bat badago, elkarteari edo entitateari jakinaraziko zaio, 10 egun balioduneko epean informazioa osatu edo zuzen dezan. Epe horretan informazioa zuzentzen ez badu, haren eskaera bertan behera utziko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren.
"4. eranskina. Proiektua" atalarekin lotutako dokumentazioa ez da zuzentzen ahalko. Hala ere, NABIk proiektuaren gaineko azalpenak eskatzen ahalko ditu. Azalpen horiei erantzuteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da.
9. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
9.1. NABIren Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da. Aurrekontua aski ez bada baldintzak betetzen dituzten eta gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzuteko, zenbateko osoa hainbanatuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzari esleitutakoa proportzionalki murriztuz, 6. oinarrian adierazitako zenbatekoen arabera.
9.2. Eskaerak deialdiaren 2. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Horretarako, NABIko LGTBI+ Berdintasunerako Zuzendariordetzako teknikariek parte hartuko dute instrukzio organoan, eta irizpen loteslea emanen dute. Ebaluazio horretan oinarrituta, instrukzio organoak ebazpen proposamen bat eginen dio NABIko zuzendari kudeatzaileari.
10. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren jakinarazpenak.
Deialdi honetako komunikazio eta jakinarazpen guztiak telematikoki eginen dira, entitate edo elkarteak bere eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.
Gaitutako helbide elektroniko bakarrean (https://dehu.redsara.es) jakinarazpenak ikusteko, ziurtagiri elektroniko baliodun bat eduki behar da.
11. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.
11.1. Ebazpena emateko epea eta jakinarazpena.
NABIko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntzen banaketaren gaineko ebazpena, eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteren barruan jakinaraziko da, gehienez ere. Aipatutako epe hori igarotakoan ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaera ezetsitzat joko da, eta errekurtsoa jartzen ahalko da.
Dirulaguntzak ematearen gaineko ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, deialdi honen fitxan.
11.2. Ebazpenaren edukia.
Ebazpenean, jasotako eskaera guztien zerrenda agertuko da, eta, horrekin batera, honako hauek adieraziko dira: ezetsitako eskaerak eta horren arrazoia, entitate onuradunen zerrenda, emandako zenbatekoak eta justifikatu beharreko zenbatekoak (bat etorriko da NABIk proiektuaren aurrekontuan onartutako gastuekin).
11/2005 Foru Legearen 15. artikulua eta 5/2018 Foru Legearen 26. artikulua aplikatuz, NABIk Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, alderdi hauek zehaztuta: deialdia, programa eta aplikatutako aurrekontu kreditua, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
38/2003 Legearen 20.8 artikuluari jarraikiz, datu horiek Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren webgunean ere argitaratuko dira.
12. oinarria. Gardentasuna.
Entitate onuradunak behartuta daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta urtebetean 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Betebehar hori betetzeko, entitate onuradunek, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, gardentasun betebeharra betetzeko eskatzen den informazioa aurkeztuko dute, 5. eranskinaren arabera.
Betebehar hori bete ezean, dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
13.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira (2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra), eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betez.
13.2. Garatu bitartean, proiektuko ekintzak egokitzen ahalko dira, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada.
13.3. Oro har, ez da aldaketarik baimenduko, oinarri honetan ezarritako kasuetan izan ezik.
14. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
14.1. Proiektua justifikatu ondorengo ordainketa.
Oro har, dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu ondoren eta justifikazio agiriak 15. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.
14.2. Ordainketa aurreratua.
Entitateek onartzen zaien zenbatekoaren %100eko aurrerakina eskatzen ahalko dute, baldin eta behar bezala egiaztatzen badute ez dutela baliabide nahikorik proiektua gauzatzeko. Entitateak betebehar hauek izanen ditu:
–Eskabidean behar den atala betetzea (3. eranskina).
–Bankuko saldoei buruzko egiaztagiriak eranstea.
Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.
15. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa.
Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektu osoa justifikatu beharko dute. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2026ko azaroaren 5ean, beranduenez:
a) 5. eranskina. Memoria. Horrekin batera, egindako jarduerak eta sortutako produktuak frogatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, bai eta haiek jendaurrean zabaldu izanaren ebidentziak ere.
b) 6. eranskina. Gastuen eredua (kalkulu-orriaren formatuan). Egindako ordainketak eta gastuak justifikatzen dituen zerrenda, eta jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zerrenda horretan, diruz lagundutako jarduera guztiak eta haien kostua sartuko dira. Gastu guztiak banakatuta aurkeztu dira, eta bat etorri beharko dute aurkeztutako fakturekin.
Gastuak fakturen eta ordainketa agirien bidez egiaztatuko dira. Faktura elektronikoak eta frogagiri baliokideak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
c) 7. eranskina. Beste dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena.
d) 8. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Baldin eta aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatiko gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kenduta), frogatu beharko da efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
e) Egindako jarduerak eta horiek egitetik edo zabalkundetik etorritako produktu oro frogatzeko agiriak. Egiaztatu beharko da proiektuaren jarduera, dokumentu eta hedabide guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren sinbolo grafikoa txertatu direla, Subvenciona/Diruz laguntzen du" testuaz gainera, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak ezarritako ezaugarri teknikoekin. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri, deskargatzeko.
Baldin eta proiektua dirulaguntza eman aurretik gauzatu bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea dagoeneko argitaratu den inprimatutako materialean. Alabaina, hedapen telematikoetan txertatu beharko da, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazten denetik.
15.1. Baldin eta zuzentzeko moduko akatsak hautematen badira onuradunak aurkeztutako justifikazioan, 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio entitateari.
15.2. Proiektuaren behin betiko kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino txikiagoa bada, edo justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, proiektua baloratzean ezarritako ehuneko bera aplikatuz justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoari.
15.3. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, urtarrilaren 1etik azaroaren 5era arte. Ez da eskatuko finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaintzerik, likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik ordaindu ezin direnean.
15.4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, justifikatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.
16. oinarria. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Entitate onuradunak NABIri jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituela diruz lagundutako proiektuaren barneko jarduerak finantzatzeko. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, dena delako laguntza eman izana frogatzen duen dokumentazioa erantsita, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bateragarriekin baturik, diruz lagundutako proiektuaren kostu osoa baino handiagoa.
Oinarri hauetan araututako dirulaguntza eskatzea bateraezina da gauzatzeko aldian NABIren dirulaguntza izendun bat izatearekin, xedea edo proiektua edozein dela ere.
17. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
17.1. Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.
17.2. Diruz lagundutako proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketarik egonez gero, NABIri jakinaraztea, eta berariaz onets dezala eskatzea.
17.3. Betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzea, bai eta egindako gastuak ere.
17.4. Emandako dirulaguntzekin lotuta NABIk egiten dituen egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta ekonomikorakoak onartzea, eta eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa ematea.
17.5. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea NABIri. Jakinarazpen horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
17.6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
17.7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
17.8. Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde lan guztietan, bai eta agiri guztietan ere (laguntzak emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera), adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntza eman duela.
17.9. Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzukidetasunari eta genero-rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.
17.10. Proiektuko ekintza guztiak doakoak eta irekiak izanen dira, eta zabalkunde egokia emanen zaie. Jarduera bat ez da diruz lagunduko baldin eta gauzatu aurretik zabaldu ez bada hainbat komunikazio-kanalen bidez (sare sozialak, kartelak, etab.). Salbuespen moduan, eta NABIri jakinarazpen arrazoitua egin ondotik, jarduerek prezio sinbolikoa izaten ahalko dute. Zenbateko horiek diru sarrera gisa islatu beharko dira proiektuaren aurrekontuan eta proiektuaren azken justifikazioan.
17.11. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, deialdi honetako 12. oinarrian ezarritakoarekin bat. Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
17.12. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntzaren eskabidean (3. eranskina) NABIri baimena eman beharko zaio hori ziurtatzen duten datuak kontsulta ditzan dirulaguntzak ematea ebazten duen proposamena egiten den unean. Kontsulta hori baimentzen ez bada, egunean egotea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren fitxaren bidez.
18. oinarria. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.
Deialdi honen oinarriak edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legea urratuz gero, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne, ordainketaren egunetik itzulketa egin behar dela adierazten den egunera arte, araudi aplikagarriaren arabera, deusetan galarazi gabe legezko beste zehapen batzuk ezartzea.
–Erabateko ez-betetzea: proiektuko jarduera bat ere egiten ez bada. Kasu horretan:
- Entitateak aurrerakinen bat jaso badu: aurreratutako zenbatekoaren %100 itzuli beharko du.
- Entitateak ez badu aurrerakinik jaso: dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko du.
–Ez-betetze partziala: jarduera batzuk gauzatzen ez badira, entitateak dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du, edo, bestela, deklaratuko da dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdu duela, kasuaren arabera.
Itzulketa eskatzeko prozeduran, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
19. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.
20. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
21. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.
22. oinarria. Ereduen zerrenda.
Oinarri arautzaile hauetan aipatutako eranskinak eskuragarri daude "LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala sustatu eta bultzatzeko proiektuak garatzeko dirulaguntza" izeneko deialdiaren fitxan, tramiteen katalogoan. Eskaera tramitatzeko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, fitxa hau erabiliko da:
2. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
Proiektuari lotutako irizpideak: 70 puntu gehienez.
BALORAZIO IRIZPIDEAK | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
Proiektuaren eduki teknikoa | Proiektuaren justifikazioa eta testuingurua. Deskribatzea zein beharrizanetan eragin nahi den | 5 | 30 |
Proiektuaren helburuak zehaztea (lortzeko modukoak eta koherenteak) | 5 | ||
Ekintzak deskribatzea (helburuei eta xedeko hartzaileei lotuta) | 5 | ||
Xedeko biztanleen profila | 3 | ||
Gauzatzeko egutegia | 3 | ||
Proiektua gauzatzen den lurralde eremua | 4 | ||
Ebaluazio sistema, adierazle neurgarriak adierazita | 5 | ||
Proiektuaren kudeaketa | Proiektuan baliabide propioak erabiltzea (giza baliabideak eta bitarteko materialak) | 2 | 10 |
Aurrekontua, jardueraz jarduera xehakatuta. Aurreikusitako aurrekontuaren egokitasuna aurkeztutako proiekturako | 4 | ||
Sare-lana. Beste elkarte eta entitate sozial batzuekiko lankidetza, proiektua garatzeko | 4 | ||
Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea | Hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea idazketan | 4 | 15 |
LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian | 4 | ||
Irisgarritasun unibertsala bermatzeko aurreikusitako neurriak | 3 | ||
Proiektuan intersekzionalitatea sartzea (bai abiapuntuko analisian bai jardueretan) | 4 | ||
Espero den emaitza | Proiektuaren komunikazioa eta hedapena ziurtatzeko aurreikusitako neurriak | 4 | 10 |
Eragin eremua (inpaktua) | 3 | ||
Jardueretako parte-hartzearen aurreikuspena | 3 | ||
Berrikuntza | Presentzia sare sozialetan | 3 | 5 |
Proiektuaren originaltasuna eta sormena | 2 |
Elkarte/Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak: 30 puntu.
BALORAZIO IRIZPIDEAK | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | PUNTU | PUNTU |
LGTBI+ pertsonen elkarteak | LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea helburu bakarra | 5 | 5 |
Eskarmentua | Azken 3 urteetan antzeko jarduera eta proiektuak egin izana | 10 | 10 |
Gazteen (14 urtetik 30era bitartekoak) parte-hartzea sustatzea | Gazteentzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko gazteei buruzko adierazpena | 3 | ||
Sustatzea 60 urtetik gorako pertsonek parte hartzea | Adinekoentzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko adinekoei buruzko adierazpena | 3 | ||
LBT emakumeen parte-hartzea sustatzea | LBT emakumeentzako jarduera espezifikoak egitea | 2 | 5 |
Elkarteko LBT emakumeei buruzko adierazpena | 3 |
Iragarkiaren kodea: F2605150
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
