Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
205E/2026 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez erakunde sindikalentzako 2026ko dirulaguntza deialdia onesten baita laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eramateko. DDBN kodea: 897874.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak adierazten du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.
Arauaren hogeita hamargarren urteurrenean, gainditu beharreko funtsezko zenbait erronka daude, hala nola laneko ezbehar tasa altuak, batez ere istripu larri eta hilgarrienak, arrisku psikosozialen areagotze esponentziala eta nahasmendu muskuloeskeletikoen iraunkortasuna. Horri guztiari prebentzioa kudeatzean kontuan hartu behar diren faktore berriak gehitu behar zaizkio, besteak beste, klima arriskua, teknologiatik eta teknifikaziotik eratorritako arriskuak edo langileen zahartzea; beraz, ahaleginak areagotu beharko dira tartean diren agente guztien artean.
Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketan txertatzea, arau eskakizun bat izateaz gain, prebentzio eraginkortasunarekin lotutako behar bat ere bada, haren arrakasta bi faktoreren mende baitago: lehenik, horretarako kultura lantzea, enpresaburuek laneko arriskuen prebentzioarekin duten konpromisoari lotua; bigarrenik, langileek eta haien legezko ordezkariek enpresaren prebentzio sisteman aktiboki, berez eta kontzienteki parte hartzeko prozedurak eta praktikak egotea.
Horregatik, hain zuzen, egokitzat jo da erakunde sindikal nagusiek lan istripuen aurka borrokatzeko dituzten baliabideak indartzea, entitate horiek, beren ekintza sindikalaren bidez, Nafarroako sektore eta enpresa gehienetara iristeko ahalmena dutelako.
Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak adierazten duenez, sindikatu jakin batzuei aitortutako ordezkagarritasun sindikal handiagoa izateak posizio juridiko berezia ematen die, bai parte-hartze instituzionalari begira, bai ekintza sindikalari begira.
Horregatik, egokitzat jotzen da dirulaguntza batzuk ematea laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak gauzatzen dituzten Nafarroako erakunde sindikal nagusiei, prebentzioaren kultura, araudiaren ezagutza eta araudia betetzea sustatzeko asmoz.
Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoa dago (358. zenbakia).
Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
HONAKO HAU AGINTZEN DUT:
1. Erakunde sindikalentzako 2026ko dirulaguntza deialdia onestea laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eraman ditzaten.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
970000-97000-4819-494124: (E) Ekintza sindikala laneko arriskuen prebentzioaren arloan | 2026 | 600.000,00 |
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.
5. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea enpresetako laneko arriskuen prebentziorako ekintza sindikala bultzatzea da, langile nahiz langileen legezko ordezkariekin, horretarako arloko araudia hobeki ezagutu eta betetzeko ekintzak garatuz, modu horretan laneko ezbehar tasa murriztea lortzeko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izan daitezke, dirulaguntza eskatzen den unean, Nafarroan ordezkaritza izateaz gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde sindikalak:
a) Ordezkarien %10 edo gehiago izatea Nafarroako administrazio publiko eta enpresetan. Ordezkaritza hori Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroaren bidez ziurtatzen ahalko da.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.
1. Dirulaguntza jasoko dute 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean garatu diren laneko arriskuak prebenitzeko proiektuek. Erakunde sindikal bakoitzak aurkezten duen proiektuak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Proiektuaren egituran, honako hauek identifikatuko dira:
a. Helburu orokorra.
b. Berariazko helburuak.
c. Lehentasunezko jarduketa izanen duten eremu eta/edo arloak.
d. Proiektua garatzean hartuko diren neurriak eta ekintzak.
e. Ekintzen jarraipena egiteko eta proiektuko helburuen betetze maila neurtzeko baliatuko diren adierazleak.
f. Aurreikusitako jardueren kronograma.
g. Proiektuaren erreferente izanen den teknikari baten izendapena.
b) Edukiari dagokionez, sentsibilizazio, informazio, aholkularitza eta prestakuntza ekintzak aurreikusi beharko ditu halabeharrez, betiere laneko arriskuak prebenitzeko araudia hobeki ezagutu eta betetzeko helburua dutenak.
2. Entitate bakoitzari proiektu bakar baterako dirulaguntza emanen zaio.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitarte fakturatzen badira:
a) Entitateak, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzeko, kontratatzen dituen teknikarien gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.
b) Entitateak proiektuan laguntzeko kontratatzen dituen administrazio langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 40.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.
c) Proiektuko ekintzak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.
d) Aurkezten den proiektuko ekintzekin lotutako edukiak zabaltzeko gastuak, zabalkunde hori materialen, gizarte sareen eta komunikabideen bidez egiten denean.
Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
Atal honetan sartzen ahalko dira materialen diseinua, maketazioa eta zabalkundea egiteko erakundeak zuzenki kontratatzen dituen langileen gastuak, lan horietan jardun bitartean.
2. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.
b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).
3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina erakunde hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatutako inprimakian frogatu beharko dira.
4. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, baimendutako gastu guztia banatuko da deialdian parte hartzen duten erakunde sindikalen artean, 2025eko abenduaren 31n ezarritako ordezkaritza sindikalaren ehunekoekiko proportzioan.
5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, zenbaki bereko egunean.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzenduko.
3. Eskabidearekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: 3.1.a) atalean adierazten diren egitura eta gutxieneko edukia; memoria ekonomikoa eta dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehatua, 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa adierazita (langileria gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak); proiektuan arituko diren prebentzioko teknikarien kopurua; pertsona bakoitzaren kostua eta lanorduak, eta baita proiektuari esleitu zaion pertsona bakoitzak proiektuko zein ekintzatan parte hartuko duen ere, pertsona horrentzat diruz lagundutako aldian aurreikusi diren atazak adieraziz.
Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagoka izanen da; beraz, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, 4.4 oinarrian (ordezkagarritasun sindikala) adierazitako ordezkagarritasunaren araberako lehentasun ordena ezartzeko, eta dirua banatuko da deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua agortu arte.
Hortaz, erakunde sindikal batek ordezkagarritasunaren arabera dagokion ehunekotik beherako zenbatekoa duen proiektu bat aurkezten badu, soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da, ordezkagarritasun ehunekoekiko proportzioan, betiere gainerako erakundeek aurkeztu dituzten proiektuen zenbatekoa ordezkagarritasunaren arabera dagokien ehunekotik gorakoa bada.
Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, proiektuak jarduteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen ikusiko du, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, adieraziz onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateaz ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
1. Onuradunek 2026ko abenduaren 1a baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:
a) Proiektuan aurreikusi diren jarduketak egin izana zehazten eta justifikatzen duen eta proiektuko berariazko helburuen betetze maila adierazten duen memoria teknikoa, adierazleak barne.
b) Diruz lagundutako aldian egindako ekintzen zerrenda: sentsibilizaziokoak, informaziozkoak, aholkularitza teknikokoak eta prestakuntzakoak.
Justifikazioaren apartatu hori betetze aldera, erakunde onuradun bakoitzak behar bezala bete eta aurkeztu beharko du deialdia izapidetzeko fitxan helburu horretarako jasoko duen Excel dokumentua.
Ekintzen ezaugarriak, izaera edo arloa direla-eta ekintzak ezin badira aipatu dokumentuko apartatuetako bakar batean ere kokatu, ekintza horiek aurreko apartatuan adierazten den memoria teknikoan sartu eta azaldu beharko dira.
c) Erabat edo partzialki diruz lagundutako proiektuari esleituta egon den pertsona bakoitzak (teknikari zein administraria) parte hartu duen proiektuko ekintzen azalpena, horretarako emandako orduak eta hileko lanaldiaren ehunekoa adierazita. Apartatu honetan sartzen ahalko da garatu diren ekintzak prestatzen eta baloratzen emandako denbora ere.
d) Zabalkunde gastuak aurkezten badira, zabaldu den materialaren edukia eta material hori zabaldu eta jaso izana frogatzen duen dokumentazioa, eta komunikazio arloko teknikariek materialak prestatzen emandako denbora eta lanaldiaren ehunekoa adierazita.
e) Onuradunak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko azaroaren 30era arte proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu gabe egon.
2. 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen (egun hori barne), onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bitartez:
a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:
–Proiektuko ekintzen garapenean parte hartu duten pertsonen izenen zerrenda, hilabete bakoitzerako honako hauek adierazita: Lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egotzitako ehunekoa.
–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.
–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.
–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
–2026ko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2025eko abenduaren 1etik 2027ko urtarrilaren 15era bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.
b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.
3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Erakunde onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute uztailaren 31 baino lehen, eta, horretarako, gauzatze memoria bat aurkeztu beharko dute, non frogatuko baita gauzatu dela dirulaguntzatzat emandako zenbatekoaren %30 gutxienez.
2. Gainerakoa 2026ko abenduan ordainduko da, 7.1 oinarriaren arabera justifikatu ondoren.
3. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.
4. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.
5. 7.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.
6. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 7.2 oinarriko frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.
Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea 7. eta 8. oinarrietan ezarritako moduan.
c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.
d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Dirulaguntza emateko ebazpenak, aurreko puntuan adierazi diren betebeharrez gain, onuradunentzat honako hauetan agertzeko konpromisoa ekarriko du, proiektua gauzatzeko izendatu den erreferentziazko teknikariak, gutxienez ere, parte hartuta:
a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza honen xedearekin lotuta antolatzen dituzten prestakuntza saioak, halakorik egonez gero.
b) Proiektuak koordinatzeko eta haien jarraipena egiteko urtean behingo bilera, seguruenik 2026ko azken hiruhilekoan eginen dena.
3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:
a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.
b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Nafarroako Gobernuaren aurrean, eta horretarako hilabeteko epealdia edukiko dute argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2605437
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
