Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
179E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2026. urtean bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten. DDBN kodea: 881138.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak dituen eginkizun eta helburuen artean honako hau dago, besteak beste: familiari zuzendutako programak sustatzea, koordinatzea, kudeatzea eta haien jarraipena egitea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Arau horren 17. artikuluak dirulaguntzak emateko prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela.
Bestalde, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, balorazioa egiteari begira, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita beste klausula batzuk ere eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5 bis artikuluan xedatutakoa betez, proposatutako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren X. eranskinean jasota dago. Plan hori Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen.
Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren oniritzia izanik, proposatu da deialdi hau onestea.
Horrenbestez, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, 2026. urtean bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten proiektuak gara ditzaten, baita haren oinarriak ere, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.
2. 250.000 euroko gastua baimentzea 2026ko gastu aurrekontuko "Toki entitateentzako dirulaguntza, kontziliazio programetarako" izeneko 920006 93300 4609 231500 partidaren kargura.
3. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, gehienez 100.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Deialdi honen aurka, toki entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta dirulaguntzen datu-base nazionalean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Familien Atalera, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
I. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, 2026. URTEAN BIZITZA PERTSONALA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEA SUSTATZEN DUTEN PROIEKTUAK GARA DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko behar den araubidea ezartzea, haien bidez bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea sustatzen duten programak gara ditzaten 2026an.
2. Ekintza diruz lagungarriak.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak dirulaguntzak emanen ditu bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea laguntzen duten jarduera berritzaileak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko herrietako biztanleei begira.
3. Entitate onuradunak eta betebeharrak.
1. Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, sarturik daudenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak toki entitate gisa zehazten duen kontzeptuaren barnean, baldin eta 2026an gauzatzekoa den kontziliazio proiektu bat aurkezten badute.
2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki entitateak.
4. Proiektuen betebeharrak.
Aurkezten diren proiektuak diseinatuak egonen dira deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian zehaztu da).
Dirulaguntzen xede dira zaintzaren arloan jardunbide egokiak egiteko ekintzak biltzen dituzten proiektuak eta jarduerak.
Ekintzak zuzenduta egonen dira arreta eta zaintza behar duten pertsonak (adingabeak eta adinekoak) eta/edo desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten edo haietaz arduratzen diren pertsona eta familia guztiei.
5. Bateragarritasuna.
1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.
2. Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik– ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
Beste laguntza edo diru-sarrera batzuk lortzearen ondorioz diruz lagundutako proiektuaren edo programaren zenbatekoa gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.
6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Proiektu bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 15.000 eurokoa izanen da.
Proiektu bakarra lagunduko da diruz toki entitate bakoitzeko. Dirulaguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea. Nolanahi ere, onetsitako proiektuen diru zenbateko guztia txikiagoa bada aurrekontuko partidaren diru zenbatekoa baino, toki entitate batek aurkeztutako bigarren proiektuari ere dirulaguntza ematen ahalko zaio, II. eranskinaren arabera sortzen den lehentasun hurrenkerari jarraikiz.
7. Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak dirulaguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira. Zehazki, honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak.
b) Proiektua garatzeko laguntza teknikoa.
c) Langileria gastuak: entitateak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak izan daitezke, edo entitateko langileek ekintzan duten dedikazioaren portzentajeari dagozkionak; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira langile horiek, bai eta beren lanalditik proiektuari dedikatzen dioten denbora-portzentajea ere.
d) Ematen den dirulaguntzaren %10 arte zeharkako gastuei egozten ahalko zaie, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, eta betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.
2. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
3. Gastu diruz lagungarriak kontzeptu hauei loturik egonen dira: 2026ko urriaren 31ra arte egiten diren ondasun-emateak, langile-kontratazioak edo zerbitzu-emateak.
8. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
1. Entitate sustatzaileek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2. Eskaera horiek entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu.
3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez-telematikoak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.
Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita familia@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.
Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek familia@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
9. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.
Toki entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
1. Proiektuaren memoria, euskarri informatikoko inprimaki ofizialean, zeina entitate interesdunen eskura izanen baita gobernuaren webgunean eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren helbide elektronikoan (eredua III. eranskinean).
2. Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.
3. Dokumentazio ekonomikoa (eredua IV. eranskinean):
a) Programako gastuen eta diru-sarreren guztirako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua: egin beharreko ekintza zehatzak eta ekintza horiek eginen dituzten langileak.
b) Kasua bada, programa osoa finantzatzeko dituen beste baliabide batzuk, kontuan hartuta ezen diru-sarrerak, jaso daitekeen dirulaguntza barne, ezin direla izan programaren kostu osoa baino handiagoak.
4. Erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.
5. Dirulaguntzaren ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta. Ziurtagiri digitala edo Cl@ve erabili behar da sartzeko.
10. Dirulaguntza emateko, antolatzeko eta instruitzeko prozedura.
1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan ezarritako moduan.
2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari egokituko zaizkio aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Zuzendariordetza horrek, halaber, egiaztatuko du behar diren baldintzak betetzen direla dirulaguntzak eskuratzeko, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak oinarri hauen arabera.
Instrukzio organoak izaten ahalko du arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza eta arlo ekonomikoko beste baten laguntza.
3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:
a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.
c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.
4. Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
5. Batzorde tekniko batek baloratuko ditu eskaerak. Honako hauek osatuko dute: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordeak, Familiaren eta Haurren Eskubideen Sustapenaren Ataleko buruak eta Familia Bulegoko buruak.
6. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.
11. Eskaera baloratzea eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte; horietarik 40, gutxienez, II. eranskineko B ataleko balorazioan.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da, seigarren oinarrian ezartzen den gehieneko muga gainditu gabe.
4. Dirulaguntzak emateko, balorazio irizpideen arabera ezarritako lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Dirulaguntza bat emanen da toki entitate bakoitzeko.
5. Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.
6. Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
7. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan guztiendako kreditu nahikorik ez badago, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna.
8. Nolanahi ere, proiektu bakarra izanik toki entitate bakoitzeko, lehentasun ordenaren arabera onetsitako proiektu guztien zenbatekoa txikiagoa bada deialdi honetako aurrekontuko partida baino, toki entitateek aurkeztutako beste proiektu batzuk lagunduko dira diruz, baremoaren araberako puntuazio-ordenari jarraituz.
9. Instrukzio organoak proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, toki entitateari eskatzen ahalko zaio eskaera berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara doitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da jarduera diruz lagungarriaren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak murriztea modu proportzionalean. Eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.
12. Dirulaguntza emateko ebazpena eta publizitatea.
1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.
2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, onartutako aurrekontua, onetsitako zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaeren berariazko ezespenak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Horien artean, adierazi beharko da zein ezesten den aurrekontuko mugagatik.
3. Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 23. artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
4. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko da.
5. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
13. Gauzatze-epea.
Dirulaguntzaren xedeko proiektuak 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne.
14. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza ordaintzeko, lehenago justifikatu beharko da programa egin dela, 16. oinarrian adierazitakoa betez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan zehaztutakoarekin. Beranduenez 2026ko azaroaren 1ean, azken justifikazio tekniko eta ekonomiko bat aurkeztu beharko da.
15. Jarraipena eta kontrola.
Instrukzio organoak jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako beste jarduketa batzuk galarazi gabe, entitate onuraduna behartua dago egindako jarduerei buruzko urteko memoria tekniko bat aurkeztera justifikazio ekonomikoarekin batera.
16. Justifikazioa.
Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, haiek gauzatzean izan diren gastu guztiak xehakatuta. Ziurtagiri horri dagozkion fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio, eta, kasua bada, diruz lagundu den proiektuari esleitutako langileen nominak.
Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketak egiaztatzeko balioa izanen du.
Gauzatutako aurrekontuaren zenbatekoa eskatu zena baino txikiagoa denean, azkenean gauzatutakoa izanen da justifikatu beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak kanpo utzita.
Entitate onuradunek azken txostena aurkeztuko dute, zein dagokion, diruz lagundu den proiektua nola gauzatu den azaltzeko.
a) Txosten teknikoa: gutxienez honako atal hauek jasoko ditu, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:
–Lortutako helburuen zehaztapena.
–Sexuaren arabera xehakatutako datuak.
–Lortutako emaitzak.
–Egindako jarduerak.
–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.
Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.
b) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.
c) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.
d) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horri gastuaren frogagiriak erantsiko zaizkio (fakturak eta nominak, eta froga-balio bereko gainerako agiriak).
Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatzen badira, azken justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak dirulaguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.
Azken txostena, eta diruz lagundu den proiektuan egindako gastu guztien ordainagiriak, 2026ko azaroaren 1ean aurkeztu beharko dira beranduenez, egun hori barne.
17. Entitate onuradunen betebeharrak.
1. Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.
b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.
c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
e) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.
Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko ditu, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.
h) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.
i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
j) Parte-hartzaileen kontratuak zuzendariordetzara bidaltzea, horiek kontratatu eta 15 eguneko epean.
k) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.
Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan alterazio edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
m) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.
n) Entitate eskatzaileek Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.
o) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
18. Azpikontratatzea eta hornitzaileak kontratatzea.
1. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako ondorioetarako, zilegi da azpikontratatzea, hau da, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela dirulaguntzaren xedeko jarduera osoa edo zati bat. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.
Azpikontratazioa egitean, entitate onuradunek lehentasuna emanen diete gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran dauden langileek osatutako enpresei edo entitateei, bat etorriz Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin, betiere gauzatu beharreko prestazio eta jarduerak –nolakoak diren ikusita– halako entitateek egin baditzakete.
Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.
2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki entitate onuradunek frogatu beharko dute Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela.
19. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da. Dena dela, entitateak bere borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.
2. Era berean, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.
–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:
- Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko murriztapena.
- Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
- Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.
4. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.
20. Errekurtsoak.
Oinarri hauen aurka eta ebazpenaren aurka, berariazkoa izan ala presuntziozkoa, toki entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.
21. Aplikatzekoa den legedia.
Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iragarkiaren kodea: F2604881
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
