Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko 2026ko deialdia. DDBN kodea: 893973.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.
Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoan, eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Ondorioz, bidezkotzat jotzen da 2026rako laguntzak ematea, norgehiagoka emateko prozeduraren bidez, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden sektore pribatuko enpresetan.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdia onestea, 2026an euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako sektore pribatuko enpresetan.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002/B3200/4701/334100: Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan | 2026 | 70.000 |
B30002/B3200/7709/334100: Euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko laguntzak | 2026 | 12.000 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.
6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 16an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–LAGUNTZAK, EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KOKATUTAKO SEKTORE PRIBATUKO ENPRESETAN. DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da arautzea nola eman laguntzak euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten sektore pribatuko enpresetan, euskara planak prestatzeko edo ezartzeko, unean uneko neurriak hartzeko, eta inbertsioak egiteko beren webguneetan eta software aplikazioetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko.
2.–Entitate onuradunak.
Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden enpresa guztiek.
Kanpoan geldituko dira:
a) Gehienbat kapital publikoa duten enpresek edo gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza gehiena publikoa duten enpresek egindako eskaerak.
b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza- edo normalizazio-eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskarazko itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.
c) Hedabideak.
d) Erakunde sindikalak.
e) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
f) Enpresa batek azken bi deialdietan laguntza jaso badu 3. modalitateko ekintza puntualak soilik egiteko, deialdi honetan lehen eta bigarren modalitatean baino ezin izanen da aurkeztu. Hots, euskara planik ez duten lantokiek neurri puntualak hartzeko laguntzak jaso badituzte azken bi urteetan, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, plan bat egin edo ezarri beharko dute (1. eta 2. modalitateak).
g) 10 langile baino gutxiagoko lantokietan, f) puntuko murrizketek ez dute eraginik izanen, horiek 3. modalitatean aurkez baitaitezke lau urtez jarraian. Epe hori amaituta, deialdira aurkezten badira, 1. eta 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira.
h) 4. modalitatean aurkezten diren enpresetan, f) eta g) puntuetako murrizketek ez dute eraginik izanen.
i) Enpresek lehenengo modalitateko laguntza (lantokian euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egiteko laguntza) jasotzen badute deialdi honetan, berriz ere eskatu ahal izateko baldintza izanen da amaitu izana deialdi honetako laguntzari esker eginiko diagnostikoan oinarritutako euskara planaren ezarpena.
3.–Betebeharrak.
3.1. Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dira diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:
a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
b) Legez eratua izatea eta merkataritza erregistroan edo arauetan ezarritakoaren arabera dagokien hartan inskribatuta egotea.
c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
d) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.
Frogatzeko b), c) eta d) letretan eskatzen diren baldintzak betetzen direla, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du sektore pribatuko enpresen ordezkaritzak, eskaera inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).
3.2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo baliokideak, behar adinako ordezkaritza-ahala duenak, sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa adinakoa edo handiagoa.
Agiri horiek telematika bidez aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4.–Aurrekontu-baliabideak.
Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 82.000 euro da, gehienez ere, partida hauen kargura: 70.000 euro, gehienez ere, "Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan" izeneko B30002-B3200-4701-334100 partidaren kargura, 1., 2. eta 3. modalitateetan aurkezten diren enpresentzat, eta 12.000 euro, gehienez ere, "Euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioen garapenerako laguntzak" izeneko B30002-B3200-7709-334100 partidaren kargura, 4. modalitatean aurkezten diren enpresentzat. Bi partida horiek 2026ko gastu-aurrekontukoak dira.
5.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME; IV. eranskina), barne delarik hizkuntza-prestakuntza ematea enpresako jarduera profesionalari dagokionez. Erreferentziazko marko hori erabiliko da erakundean euskarak duen egoera definitzeko.
Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak eta deialdian ezarritako epean egiten direnak.
Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko; hots, ez dira onartuko entitatearen ohiko gastuak. Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute entitate onuradunek aurkeztutako fakturetan.
Gastuak onartuko dira soilik baldin eta ordainketa diruzkoa bada eta dagokien fakturarekin eta ordainagiriekin behar bezala justifikatuta badaude.
Enpresak material elebiduna sortzeko eta inprimatzeko egindako gastuak lehenengo aldian bakarrik lagunduko dira diruz. Ez dira diruz lagunduko material hori bera inprimatzeko geroago egindako gastuak.
Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten enpresetan izan ezik.
5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:
MODALITATEAK | EGIN BEHARREKO EKINTZAK |
1. modalitatea | Euskararen egoerari buruzko diagnostikoa edo euskara planaren diseinua, EMEan oinarrituta (IV. eranskina). |
2. modalitatea | Entitatearen euskara plana gauzatzeko aurreikusitako ekintzak eta kudeaketa-gastuak. |
3. modalitatea | Lantokian euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko ekintza puntualak. |
4. modalitatea | Euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. |
Kanpoan gelditzen dira:
–Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.
–Enpresa eskatzailearen barneko langileekin soilik gauzatzea aurreikusten den proiektuak.
–Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak. Itzulpen testuak zuzenak eta egokiak izan behar dira.
–Inprimaketa akatsak, irakurgarritasun txikia eta material desegokiak dituzten lanak, bai eta diruz lagundutako elementuaren kalitatea eta iraunkortasuna arriskuan jartzen duen beste edozein alderdi dutenak ere.
5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.
Urte berean euskara plana prestatu eta ezarriko duten enpresek lehenengo bi modalitateetan aurkeztu beharko dute.
Modalitate bati dagokion dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.
5.2.1. Lehen modalitatea: euskarak enpresan duen egoerari buruzko diagnostikoa egitea edo euskara plana diseinatzea. Diru zenbatekoa: 15.000 euro.
Lehen euskara plana egitera bideratutako proiektuak, edo euskara plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten enpresei zuzendutakoak.
Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia egitea enpresaren jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:
a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen zerbitzuei dagokienez.
b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.
c) Jarduerak ezartzeko kronograma.
d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.
Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Laguntza teknikoa (enpresa edo profesionalak kontratatzea) diagnostikoa edo plana egiteko. Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz.
b) Diagnostikoa edo plana egiteko prozesuan laguntza teknikoa ematen duten barneko langileen gastuak. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan ezarri beharreko plana prestatzen ematen duten lanaldiaren zatia.
5.2.2. Bigarren modalitatea: euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak, entitatearen euskara planean eta urteko kudeaketa planean oinarritutakoak. Diru zenbatekoa: 50.000 euro.
Urteko kudeaketa plan horrek honako alderdi hauek jaso beharko ditu: urteko helburuak, jarduera ildoak, aurreikusitako ekintzen plan xehatua (ekintza, arduraduna, egutegia, baliabideak, adierazleak eta oharrak), aurrekontua eta ebaluazio sistema.
Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Plana ezartzeko egindako ekintzak.
b) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz.
c) Plana ezartzeko prozesuan laguntza teknikoa ematen duten barneko langileen gastuak. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan ezarri beharreko plana prestatzen ematen duten lanaldiaren zatia.
d) Hizkuntza prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Helburu nagusitzat euskararen irakaskuntza duten entitateek eman beharko dute prestakuntza hori, baldin eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kudeatzen duen eta helduei euskara irakasteko zentroak biltzen dituen "Euskaltegis y Gau-eskolas / Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategian izena emanda badaude.
5.2.3. Hirugarren modalitatea: euskara planik ez duten entitateetan euskararen erabilera eta/edo presentzia sustatzeko jarduerak. Diru zenbatekoa: 5.000 euro.
Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
a) Egindako ekintzen ondoriozko gastuak.
b) Ekintza horiek gauzatzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Laguntza horri dagokion gastuak ez du gaindituko onartutako aurrekontuaren %30.
c) Barneko langileen gastuak. Ekintza zehatz horiek eginen dituen enpresako langilearen arduraldia baino ez da diruz lagunduko. Gastu horrek ez du inola ere gaindituko onartutako aurrekontuaren %30.
d) Hizkuntza prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori gaitutako entitateek eman beharko dute. Entitate horien helburu nagusien artean euskararen irakaskuntza egonen da, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kudeatzen duen eta helduei euskara irakasteko zentroak biltzen dituen "Euskaltegis y Gau-eskolas / Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategian izena emanda egon beharko dute.
5.2.4. Laugarren modalitatea: euskara sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko webguneak eta software aplikazioak sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Diru zenbatekoa: 12.000 euro.
Zehazki, kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:
a) Enpresaren funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.
b) Lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta berrikuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak ematea; diseinua edo irisgarritasuna hobetzea, gailu mugikorretan erabiltzeko egokitzea.
c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.
Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.
Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.
Laugarren modalitatean, honako hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Alderdi politikoen, hauteskunde koalizioen eta sindikatuen proiektuak.
b) Norbanakoen atariak eta webguneak.
c) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).
d) Demoak eta prototipoak.
e) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.
f) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.
g) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.
h) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.
i) Sarbide murriztua duten eta herritar guztientzat ez diren proiektuak.
j) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko, hau da, laguntza ekonomikoa euskarazko edukiei soilik egotziko zaie.
k) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, edukia egokitu eta itzultzearen gastua baino ez da aintzat hartuko.
l) Eskatzailearen ohiko jardueretarako berezko gastuak.
6.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak gauzatzeko epea.
Dirulaguntzen epea 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.
7.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.
7.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, zeina sortu eta arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez.
Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari zuzendu beharko zaio.
Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7.2. Dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
7.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ez bada, entitate edo pertsona eskatzaileari akatsa zuzentzeko errekerimendua eginen zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Akatsa zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera hori deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.
8.–Eskaeran aurkeztu beharreko agiriak.
Berariazko eskaera telematikoan datuak osatu ondoren eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazi ondoren, agiri hauek erantsiko dira:
8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko inongo debeku-egoeratan. Debeku-egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 3. oinarriko betebeharrak (II. eranskina).
8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:
a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.
b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.
c) Identifikazio fiskaleko kodea (IFKa).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.
Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.
Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan aurkeztu zen eta noiz aurkeztu zen edo, kasua bada, administrazioak noiz eman zuen.
Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.
8.3. Laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan hizkuntza plangintzan izan duten esperientziari edo prestakuntzari buruzko adierazpena. Ziurtatu beharko da laguntza ematen duenak esperientzia egiaztatua duten langileak dituela. (III.A eranskina).
Gainera, adierazi beharko da enpresako zer langile arituko den proiektuan, bai eta horretara bideratuko duen lanaldiaren ehunekoa eta eginen dituen ekintzak zein diren ere (III. B eranskina).
8.4. Entitate eskatzailea Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidezko Ordainketa Sisteman alta emanda ez badago edo datu horiek aldatu nahi baditu, esteka honen bitartez egin beharko du:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
8.5. Ekipo-ondasunen horniduren kasuan eta aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.
8.6. Ordaintzeko epeak betetzen direla egiaztatzen duten frogagiriak, 3.2 oinarriarekin bat, laguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
8.7. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:
Lehen modalitatea: lantokian euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko proposamena, edo enpresan euskara plana egiteko proposamena. Horrekin batera, beteko diren zereginen deskribapen laburra eginen da. Gida gisa VIII. eranskina erabiltzen ahal da, edo plan propio bat egin, betiere eranskin horretan jasotako alderdiak jasotzen badira. Nahitaezkoa da hartan jasotako atal guztiei erantzutea. Gainera, EME taula eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina) bete behar dira.
Bigarren modalitatea: entitatearen euskara plana eta deialdi honetan diruz laguntzen ahal den aldiko urteko kudeaketa plana, 5.2.2 oinarrian jasotako edukiak bilduko dituena.
Gainera, IV. eranskina (Excel formatuan) beteta aurkeztuko da: EME taula, proposatutako neurriekin eta horien gastuekin; aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria eta ibilbidearen orria.
Hirugarren modalitatea: egin beharreko ekintzen helburua eta deskribapen zehatza, bai eta horien aurrekontu xehatua ere.
Laugarren modalitatea: proiektuak alderdi hauek jaso beharko ditu:
–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VI. eranskina).
–Aurrekontu xehatua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, ekitaldi batean baino gehiagotan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (VII. eranskina).
–Langileria gastuak (VII. eranskina, A1etik A11rako atalak), barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpoko zerbitzuak kontratatzea).
–Proiektuaren kudeaketari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (VII. eranskineko A11 atala).
Horretaz gain, enpresa beste modalitateren batean aurkezten bada, modalitate bakoitzerako dokumentazioa zein bere aldetik aurkeztu beharko da.
9.–Instrukzioa.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.
Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.
10.–Balorazioa: Batzorde teknikoa.
10.1. Balorazio batzorde teknikoa.
Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da eta kide hauek izanen ditu:
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.
–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.
–Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko teknikari bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.
10.2. Balorazio batzorde teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion aditu teknikoen aholkularitza eskatzen ahalko du.
Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.
11.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzak adjudikatzea.
11.1. Baloraziorako irizpideak.
Balorazio batzorde teknikoak jarraian adierazten diren irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak, eta bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera adjudikatuko ditu laguntzak, 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraituz.
Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.
–Lehen modalitatea:
Enpresetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, gehienez ere 100 puntu emanen dira. Horretarako, kontuan hartuko dira EMEaren hiru ardatzetan, deialdi honen 5.2.1 oinarrian eta VIII. eranskinean jasotako alderdiak.
- Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 35 puntu gehienez.
- Kanpo-harremanak: 25 puntu gehienez.
- Barne-harremanak: 20 puntu gehienez.
- Proiektuaren koherentzia orokorra, planteatutako helburuei eta eskura dauden baliabideei dagokienez, eta proposamenen originaltasuna: 20 puntu gehienez.
–Bigarren modalitatea:
a) Enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz, 20 puntu emanen dira gehienez ere, eta kontuan hartuko dira EMEaren hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek:
- Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.
- Kanpo-harremanak: 6 puntu gehienez.
- Barne-harremanak: 6 puntu gehienez.
b) Baloratuko da zer-nolako ibilbidea egin duen enpresak euskara plana ezartzeko. Urte kopuruaren arabera puntuatuko dira ibilbidea eta planaren egonkortasuna (30 puntu gehienez).
Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da: Urte bat: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.
c) Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da memoria, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza entitatean, eta haren ikusgaitasuna entitatearen barrenean nahiz kanpoan.
d) Plantillaren edo langileen hizkuntza prestakuntza egokia bermatzeko, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez.
Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:
- 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
Prestakuntza ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.
–Hirugarren modalitatea:
a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:
- Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.
- Kanpo-harremanak: 20 puntu gehienez.
- Barne-harremanak: 15 puntu gehienez.
b) Plantillaren edo langileen hizkuntza prestakuntza egokia bermatzeko, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez.
Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:
- 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
- 250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badute prestakuntza ikastaroetan.
Prestakuntza ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.
–Laugarren modalitatea:
a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:
- Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.
- Proiektuaren hizkuntza kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.
- Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.
- Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko enpresan eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.
b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:
- Proiektua planifikatzeko proposamena: 10 puntu.
- Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 10 puntu.
- Aplikazioa hainbat plataformatan exekutatzeko neurriak: 10 puntu.
- Hedapen-neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.
c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu gehienez.
- Kode irekia erabiltzea: 5 puntu.
- Egokitzapenak eta horiek kode irekian argitaratzea: 5 puntu.
Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak jasotzen baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.
11.2. Zenbatekoen kalkulua.
a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, balorazio batzorde teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.
b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.
c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko da lehenik, proportzionalki. Bigarren banaketa egin ondoren soberakinik geratuko balitz, 1. modalitateko eskatzaileen artean banatuko da proportzionalki, eta, azkenik, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 3. modalitateko eskatzaileen artean.
d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate horretako eskatzaileen artean banatuko da.
12.–Ebazpena.
12.1. Ikusirik balorazio batzorde teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.
12.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.
12.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen webgunean argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.
12.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.
13.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.
Entitate onuradunek, behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, aurkeztu behar dituzte 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako eta fakturatutako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak.
Aldi horretan (2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era) egindako eta fakturatutako jardueren frogagiriak Euskarabideari aurkezteko epea 2026ko urriaren 14an bukatuko da, eta, beraz, egun hori arte ordaindutako fakturak onartuko dira.
Ez da beharrezkoa izanen finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.
14.–Dirulaguntzaren frogagiriak.
Entitate onuradunek deialdi honen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute dokumentazioa:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak
Honako hauek aurkeztu behar dira:
a) Gastuak justifikatzeko, V. eranskina (Gastuak eta dirulaguntzak) aurkeztuko da, Excel formatuan, eremu guztiak beteta dituela. Halaber, gastuen eta banku-ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren arabera. Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak eta fakturak baino ez dira onartuko, eta horiek jaso beharko dituzte jaulkitzailearen, hartzailearen, dataren, kontzeptuaren, prezioaren eta ordaintzeko formularen datuak.
V. eranskinean zerrendatutako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Era berean, ahaleginak eginen dira gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, kontzeptu bakoitzari lotutako fakturak argi eta garbi identifikatu ahal izateko.
b) Lankidetza-lanak egiten dituzten pertsonei edo entitateei egin beharreko ordainketa justifikatzeko, fakturak aurkeztu beharko dira.
Gastuak justifikatzeko aurkezten diren faktura guztiak behar bezala beteta egon beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.
Enpresa barneko langileek beren gain hartutako lanak justifikatzeko, entitateak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, arduradunak sinatuta. Bertan, proiektuko jardueretan emandako egunak eta orduak agertu beharko dira, eta horiei dagokien zenbatekoa, zereginen arabera xehakatuta (IX. eranskina). Horrez gain, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak ere aurkeztuko dira, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere bai.
Euskarabideak eskubidea izanen du egoki iruditzen zaizkion agiri osagarriak pertsona edo entitate interesdunei noiznahi eskatzeko, haien egiazkotasuna egiaztatzeko; eta egiazkoak ez badira, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.
c) Plantilla edo langileen hizkuntza prestakuntza justifikatzeko, prestakuntzan parte hartu eta hura baliatu izana egiaztatzen duten agiriak.
d) Memoria:
Lehen modalitatea: memorian diagnostikoa edo euskara plana jasoko da, deialdi honen 8.7 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Bigarren modalitatea: entitatearen hizkuntza planaren urteko kudeaketa plana ezartzearen memoria.
Hirugarren modalitatea: egindako ekintzen azken egoera azaltzen duen txostena, honako hauek zehaztuta: zer egin den, helburua bete den, parte-hartzaileak nortzuk izan diren eta zer baliabide erabili diren.
Laugarren modalitatea: proiektuaren memoria (VI. eranskina) eta aurrekontu xehatua (VII. eranskina).
Gainera, modalitate guztietan, memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 18. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...
15.–Laguntzen ordainketa.
Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, jardueren memoria eta 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.
Gertatzen ahal da diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onartutako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.
16.–Jardueren kontrola.
16.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
16.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia-erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.
Laguntza hauen onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.
16.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioei jarraitu beharko diete, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzukidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.
17.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
17.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ez da ordainketa partzialik eginen, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
17.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate- eta zabalkunde-jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.
19.–Gardentasun betebeharrak.
19.1. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
19.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute telematika bidez hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, deialdiaren tramitearen fitxaren bidez:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
19.3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztuko du informazio hori, deialdiaren tramiteen fitxaren orriaren bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskararen-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak
19.4. Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
19.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
19.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
19.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko Foru Legea).
19.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun printzipioa hartuko dira kontuan.
20.–Datuen tratamendua.
Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.
21.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.
21.1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).
21.2. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHEB) izatea, zeina Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura baitaiteke: https://dehu.redsara.es/. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.
22.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
22.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
22.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru-agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
22.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia tramiteen katalogoaren fitxan duzu:
Iragarkiaren kodea: F2604461
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
