Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1137/2026 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen bi plaza oposizio bidez betetzeko.
Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2024ra luzatutako Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen plaza huts batzuk sartu ziren, C mailakoak.
Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen plaza huts batzuk sartu ziren, C mailakoak.
Era berean, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak otsailaren 18an emandako 536/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 1076/2026 Ebazpenaren bidez, lekualdatze-lehiaketa bete gabe gelditu zela deklaratu zen.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen bi plaza betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen bi plaza sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.
ERANSKINA.–DEIALDIA, IBILGAILUEN MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARI-OFIZIALEN BI PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Hona hemen deialdiaren,
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ibilgailuen mantentze-lanetako teknikari-ofizialen bi plaza. Plaza horiek funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak dira, eta II. eranskinean zerrendatuta daude.
1.2. Bi plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
- 1 plaza txanda irekian.
- 1 plaza igoera txandan.
1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea. 65 urtekoa da adin hori.
Hala ere, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte beteak dituztenei, baldin eta ez badute osatu beren aurreikuspen sozialeko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, bai eta pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak osatu ez dituztenei ere.
c) Automozioko goi mailako teknikariaren titulua izatea, edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako baldintza espezifikoak:
Desgaitasuna duten izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko betebeharrak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.
2.1.5. Gidabaimena izatea eskatzen duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero, A, B edo C motako gidabaimena edukitzea.
2.1.6. Zamak maneiatzea ezarrita duten plazak eskuratu nahi izanez gero, baldintza hori Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan edo dagokion organoan egiaztatu beharko da.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
26 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik.
Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia-egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute ematen langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea aitortzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.
Hala ere, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak galduko ditu interesdunak.
Lau.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Francisco Javier Ojer Alonso jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: José Javier Boulandier Herrera jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Trafiko Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Elena Huarte Ruiz andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Jesús Carrascosa Martínez jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Jokoaren eta Ikuskizunen Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Iñaki Ayesa Zubiri jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: María Jesús Les Delgado andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko industria ingeniari teknikoa.
–Epaimahaikidea: Gorka Ederra Gil jauna, Langileen Batzordeko ordezkari gisa.
Ordezko epaimahaikidea: Nuria Hernández Guillén andrea, Langileen Batzordeko ordezkari gisa.
–Idazkaria: David Carabantes Bernal jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: Clara Ros de la Huerta andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Langileak Garraiatzeko Zerbitzuak Kudeatu eta Koordinatzeko Bulegoko burua.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak hurrengo probetako deialdiak argitaratuko ditu gutxienez 48 ordu lehenago, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan; bertan, proba egitera deitutako izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenen izangaientzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin deialdian parte hartzeko eskaeran hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba.
Bi ariketa izanen ditu, eta bata bestearen atzetik eginen dira.
Lehenengo ariketa.
–Ariketa teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Bigarren ariketa.
–Ariketa teoriko-praktikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz eta lanpostuan garatu beharreko eginkizunei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Ariketak hasi baino lehen, kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du zenbat iraunen duen bi ariketetako bakoitzak.
Ariketa hauek egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, punta lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
Lehenbiziko probaren balorazioan 65 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:
Lehenbiziko ariketa: 0 eta 50 puntu bitarte emanen dira.
Bigarren ariketa: 0 eta 15 puntu bitarte emanen dira.
Bi ariketak baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira haietako bakoitzean gutxienez ezarritako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.3.2. Bigarren proba.
Proba praktikoa izanen da. Gaitasun teknikoak edo instrumentalak erakusteko zenbait ariketa praktiko egin beharko dira, lanpostuak berezko dituen eginkizunak garatzeko behar diren ezagutzei buruz.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko.
Proba honetan 35 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 17,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Orobat, zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko du, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenbiziko probaren lehenbiziko ariketan eta bigarren probaren bigarren ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) A, B eta C motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero.
c) 2.1.6 oinarriko baldintza Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan edo dagokion organoan egiaztatu beharko da. Horretarako, baldintzak egiaztatzeko eskabidean eskatu beharko da.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko egintzarako deia eginen du, argitara emanez hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plazetan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
C.–2.1.1.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.
9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, zehaztutako egunean plazaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Baldin eta funtzionario izaera eskuratzen duten izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta haiek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, deialdiaren fitxan argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.
12.–Administrazio Erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.
3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.
10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Berariazko zatia.
1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa automozioko eta industria-ibilgailuetako lantegietan: identifikazioa, kontrola eta segurtasun neurriak arrisku fisiko, kimiko, elektriko eta ergonomikoei begira. Arrisku elektrikoak ibilgailu hibrido eta elektrikoetan, goi-tentsioko bateriak eskuztatzea.
2. gaia.–Segurtasun neurriak honako hauen erabileran: automozioko lantegietako berezko makineria eta tresnak, goratze ekipamenduak eta abar.
3. gaia.–Lantegietan hondakin arriskutsuak eskuztatzea, sailkatzea, biltegiratzea eta kudeatzea: olioak, berunezko eta litiozko bateriak, pneumatikoak, fluidoak eta osagai elektronikoak.
4. gaia.–Eskuzko mekanizazioko teknikak eta prozedurak: karrakaketa, zerraketa, hariztaketa eta metrologia aplikatua, dimentsio-kontroleko tresnak eta erremintak erabiliz.
5. gaia.–Karrozeriak eta bastidoreak: motak, materialen ezaugarriak, egiturazko elementuak eta lotzeko eta mihiztatzeko metodoak.
6. gaia.–Arku elektriko bidezko soldadura elektrodo estaliarekin, MIG/MAG motakoa eta TIG motakoa: oinarriak, ekipoak, sinbologia, ekarpen-materialak eta kontrol-parametroak.
7. gaia.–Arkuzko soldadura elektrikoaren bidezko lotura-prozesuak: teknikak, aplikazioak, kalitate-kontrola eta segurtasun pertsonaleko eta kolektiboko arauak.
8. gaia.–Otto eta diesel motorrak: oinarri termodinamikoak, ezaugarriak, funtzionamendu-zikloak, diagramak eta osagai nagusiak.
9. gaia.–Barne-errekuntzako motorrak konpontzea: desmuntatzeko eta egiaztatzeko metodoak, konpontzeko teknikak eta muntatzeko prozesuak.
10. gaia.–Motorretako hozte- eta lubrifikazio-sistemak: osaera, motak, ezaugarriak, erabiltzen diren fluidoak eta mantentze- eta konponketa-prozedurak.
11. gaia.–Pizte-sistema elektronikoak: osagaiak, tipologia, ezaugarri teknikoak eta funtzionamendu-printzipioak.
12. gaia.–Pizte-sistemen mantentze-lanak: egiaztatze-prozesuak, parametroen doikuntza, akatsen detekzioa eta konponketa-teknikak.
13. gaia.–Injekzio elektronikoa duten gasolinazko elikatze-sistemak: diseinua, osaera, motak, funtzionamendua eta kontrol elektronikoa.
14. gaia.–Gasolinazko injekzio elektronikoko sistemak diagnostikatzeko eta konpontzeko prozedurak.
15. gaia.–Kudeaketa elektronikoa duten diesel elikatze-sistemak: ezaugarriak, osaera, funtzionamendua eta emisioen araudia.
16. gaia.–Diesel elikatze-sistemak konpondu eta mantentzeko prozesuak.
17. gaia.–Gainelikadurako eta kutsaduraren aurkako sistemak motorretan: turbokonpresoreak, intercooler, EGR, katalizatzaileak, FAP, adblue eta abar, eta horien mantentze-lanak.
18. gaia.–Motorretan eta sistema osagarrietan matxurak identifikatzeko eta aurkitzeko metodoak: diagnostiko makina, osziloskopioa, multimetroa eta erreminta espezializatuak erabiltzea.
19. gaia.–Hidraulika eta pneumatika automozioan: oinarriak, oinarrizko zirkuituak eta sistema proportzionalak osatzen dituzten elementuak.
20. gaia.–Marruskadura-enbrageak, elektromagnetikoak eta pare-bihurgailuak: diseinua, funtzionamendua, osagaiak eta konponketa-prozesuak.
21. gaia.–Eskuzko abiadura-kaxak: motak, osaera, funtzionamendu-parametroak, transmisio-kalkuluak eta konponketa-prozedurak.
22. gaia.–Abiadura-kaxa automatikoak, abiadura-aldagailuak eta enbrage bikoitzekoak: ezaugarriak, osagaiak, funtzionamendua, parametro esanguratsuak eta mantentze-teknikak.
23. gaia.–Enbrageetako eta transmisio-sistemetako matxurak detektatzea, identifikatzea eta zuzentzea. Diagnostiko elektronikoa eta egiaztatze mekanikoak.
24. gaia.–Mugimendua transmititzeko eta eraldatzeko elementuak eta mekanismoak: engranajeak, junturak, euskarriak eta gidatze-elementuak.
25. gaia.–Gurpiletara potentzia transmititzeko sistema: diferentzialak, aurreko eta atzeko ardatzak, palierrak eta konponketa-prozedurak.
26. gaia.–Gurpilak eta pneumatikoak: sailkapena, ezaugarri teknikoak, neurriak, eraikuntza, errodatze-banda motak, TPMS sistemak eta orekatze dinamikoa.
27. gaia.–Balazta-sistema hidraulikoak: funtzionamendu-printzipioak, motak, osaera, erabiltzen diren likidoak eta diagnostiko- eta konponketa-prozedurak.
28. gaia.–Balazta-sistema pneumatikoak eta atoi-sistemak: oinarriak, osaera, funtzionamendua eta mantentze-prozesuak.
29. gaia.–Ibilgailu industrialei aplikatutako balazta-sistema hidrodinamikoak eta motordunak.
30. gaia.–Balaztak ez blokeatzeko sistemak (ABS), egonkortasuna kontrolatzeko sistemak, irristatzearen aurkako sistemak eta bestelako laguntza-sistema batzuk: osaera, funtzionamendua, diagnostikoa eta konponketa-prozedurak.
31. gaia.–Balazta-sistemetako eta blokeoaren aurkako sistemetako matxurak identifikatzeko eta aurkitzeko metodoak.
32. gaia.–Ohiko esekidurak: motak, osaera, ezaugarriak, funtzionamendua eta mantentze-prozedurak.
33. gaia.–Esekidura pneumatikoak eta hidropneumatikoak: osagaiak, funtzionamendua, ezaugarri teknikoak eta konponketa-prozesuak.
34. gaia.–Elektronikoki pilotatutako esekidurak: funtzionamendu-printzipioak, kontrol-sistemak, ezaugarriak eta diagnostikoa.
35. gaia.–Esekidura-sistemetako matxurak identifikatzea eta aurkitzea: metodoak, ekipoak eta konpontze-teknikak.
36. gaia.–Direkzio-sistema konbentzionalak: motak, osaera, direkzioaren geometria eta aurreko ardatzarena, konpontzeko eta lerrokatzeko teknikak.
37. gaia.–Direkzio lagundu hidraulikoak eta elektrikoak: osaera, funtzionamendu-printzipioak, diagnostikoa eta konponketa-prozedurak.
38. gaia.–Direkzio-sistemetako matxurak antzeman eta aurkitzea.
39. gaia.–Aireztapeneko, berokuntzako, aire girotuko eta klimatizazioko sistemak: osaera, funtzionamendua, gas hoztaileak eta konponketa-prozesuak.
40. gaia.–Segurtasun-sistema osagarriak: airbaga, gidatzeko laguntzaileak, ADAS (frenatze autonomoa, erreian segitzea, egokitzapen-kontrola), osagaiak eta funtzionamendua.
41. gaia.–Erosotasun-sistema osagarriak: lapurreten aurkako sistemak eta erosotasun-sistemak, eta ikus-entzunezko eta komunikazioko sistemak instalatu eta mantentzea.
42. gaia.–Segurtasun eta erosotasuneko sistema elektronikoetako matxurak: diagnostiko digitala eta konponketa-prozedurak.
43. gaia.–Ibilgailuen segurtasun aktiboa eta pasiboa: printzipioak, gailuak eta aplikatu beharreko araudia.
44. gaia.–Elektrizitatea eta elektronika automozioan: elektrizitatearen funtsezko magnitudeak eta kontzeptuak. Elektrizitatearen oinarrizko legeak eta erresistentzien akoplamendua. Neurgailuak eta neurketa elektrikoak.
45. gaia.–Zirkuituak eta oinarrizko osagai elektrikoak. Matxurak. Motorra abiarazteko zirkuitua. Ibilgailua kargatzeko zirkuitua. Automoziorako metagailuak. Bateriak.
46. gaia.–Ibilgailu hibridoen eta elektrikoen arkitektura, osagaiak eta funtzionamendua.
Ibilgailu elektrifikatuen sailkapena: MHEV, HEV, PHEV eta BEV. Ibilgailu hibrido edo elektriko baten arkitektura orokorra. Goi-tentsioko bateria eta 12 V-eko bateria osagarria. Motor-sorgailua, inbertsorea, DC-DC bihurgailua eta kargagailu ibilgailuratua. Kableak, konektoreak, seinaleak eta goi-tentsioko segurtasun-elementuak.
47. gaia.–Segurtasuna goi-tentsioko lanetan eta deskonexio-prozeduretan.
Arrisku elektriko espezifikoak eta jarduketa-protokoloak. Deskonektatzeko, kontsignatzeko eta tentsiorik eza egiaztatzeko prozedura. NBE dielektrikoak, tresna isolatuak eta lan-eremu seguruak.
48. gaia.–Prebentziozko mantentze-lanak, diagnostikoa eta matxurak ibilgailu hibrido eta elektrikoetan.
Baterien hozte eta kudeaketa termikorako sistemak eta potentzia-elektronika. Balazta birsortzailea eta balaztak mantentzeko berezitasunak. Mantentze prebentiboko lanak ibilgailu elektrifikatuetan. Oinarrizko diagnostikoa: DTCa irakurtzea, isolamendua egiaztatzea, bateria-parametroak eta karga-sistemak. Ohiko matxurak eta sintomak. Istripu, ibilgetze edo suteetarako oinarrizko protokoloa.
II. ERANSKINA–IBILGAILUEN MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARI-OFIZIALEN PLAZA HUTSAK
PLAZA | DEPARTAMENTUA | ATXIKIPEN | ARAUBIDE | HERRIA | SEXU-DELITUEN ZIURTAG. | HIZKUNTZAK | GIDABAIMENA | ZAMAK MANEIATU BEHARRA |
10580 | BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA | BARNE ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | CORDOVILLA | A-B | X | ||
12007 | BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUA | BARNE ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | CORDOVILLA | C | X |
Iragarkiaren kodea: F2605132
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
