82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

80E/2026 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntza. 2026. urtea" izeneko deialdia. DDBN kodea: 896251.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroan egoitza duten unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzen 2026ko deialdia onets eta argitara dadila.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroan egoitza duten unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntza. 2026. urtea" izeneko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Gehienez, 100.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko aurrekontuko "Nafarroako unibertsitateendako laguntzak katedrak garatzeko" izeneko G10001 G1100 4819 322305 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2026ko martxoaren 30ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATEETAKO KATEDREK EGINDAKO PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. 2026. URTEA

OINARRIAK

1. artikulua. Xedea.

a) Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateetako katedrek garatutako proiektuak finantzatzea, unibertsitate horiek beren gizarte-ingurunearekin duten harremana, Nafarroako gizarteari egiten zaion ezagutzaren transferentzia, eta prestakuntza eta sentsibilizazio soziala sustatzen laguntzeko.

b) Proiektuak, lehentasunez, Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4) lotuko dira. Beste proiektu batzuk ere baloratuko dira: Nafarroako kultura-ondasunei eta Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzei buruzkoak, gure gizartean dauden arrakalak murriztera bideratutako gaiak garatzen dituztenak (generoa, arraza, etnia, migrazioa, maila sozioekonomikoa, aniztasun funtzionala, adinkeria, geografikoa...), eta, orobat, helburu dutenak bizikidetzaren, demokraziaren eta ongizatearen balioak bultzatzea eta giza eta gizarte zientzien zeharkakotasuna bultzatzea zientzian, teknologian eta osasunean.

2. artikulua. Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek. Unibertsitate zentro bakoitzak 3 eskaera aurkez ditzake gehienez, eta eskaera bakoitzak proiektu bat edo batzuk izan ditzake.

3. artikulua. Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

a) Laguntzak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 100.000 euro dira.

b) Gehienez ere sei katedra izanen dira onuradun.

c) Unibertsitate zentro bakoitzak gehienez bi katedratarako laguntza jasoko du.

d) Katedra bakoitzak 16.666,66 euroko dirulaguntza jasotzen ahalko du gehienez.

4. artikulua. Gauzatzeko epea.

Proiektuak osatzen dituzten jarduerak eta haiei dagokien gastua 2026. urteko aurrekontu-ekitaldiaren barruan eginen dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, eta, edonola ere, inoiz ez aurtengo azaroaren 20a baino geroago. Egun hori, halaber, azken eguna izanen da gastuaren justifikazioko kontua aurkezteko, zeina beharrezkoa baita dirulaguntza ordaintzeko.

5. artikulua. Proiektuek bete beharrekoak.

a) Laguntza jasotzeko aurkezten diren proiektuetan mota hauetako jarduerak sartzen ahalko dira:

–Ezagutza transferitzeko eta zabaltzeko jarduerak.

–Hitzaldi zikloa, jardunaldiak, mintegiak edo ikastaroak.

–Sentsibilizazio kanpainak.

–Erakusketak.

–Bokazio eta gaitasun zientifiko, teknologiko edo berrikuntzakoak garatzeko jarduerak.

–Hezkuntza eta prestakuntza materialak sortzea (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa).

b) Hizlariak behar diren jardueretan, hala nola ikastaroetan, mahai-inguruetan eta antzekoetan, katedra antolatzaileak gizonen eta emakumeen presentzia orekatua dela bermatu beharko du.

c) Egin beharreko jarduerak aurrez aurrekoak direnean, jarduerak egiten diren leku fisikoaren irisgarritasun unibertsala bermatu beharko da. Online eskaintzen diren jarduerak direnean, haietarako irisgarritasun kognitiboa bermatuko da. Irisgarritasun hori behar bezala jakinarazi beharko da jarduera horien berri ematen denean.

6. artikulua. Eskaerak.

a) Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Katedraren unibertsitateak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

b) Banakako eskaera aurkeztuko da katedra bakoitzeko, eta unibertsitate zentro bakoitzak hiru aurkez ditzake gehienez. Eskaeran laguntzaren xede diren proiektu guztiak agertuko dira.

c) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Atxiki beharreko agiriak fitxategi bereizietan aurkeztuko dira, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

d) Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa (3.000-3.500 hitz). Puntu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren testuingurua: katedraren jarduerak eta proiektuaren azalpena, katedrak egiten duen lanaren erakusgarri eta hori gizarteari transferitzeko jarduera gisa.

–Proposatutako jardueren deskripzio zehatza eta haien helburuak.

–Jarduerak gauzatzeko kronograma.

2.–Katedra osatzen duen taldearen eta proposaturiko hizlarien curriculumaren, ikerkuntza-lanaren eta argitalpenen laburpena.

3.–Gastuen aurrekontua, proiektu bakoitzaren arabera xehakatua, laguntzaren fitxako ereduari jarraituz.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio zentro eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko da, eta artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

7. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

a) Gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa. Aurrekontuan, katedrak egiten dituen proiektuak xehakatuko dira, eta, proiektu bakoitzean, bere jarduerak.

b) Proiektuen araberako aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.).

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe bat datozenak garatu beharreko jardueraren izaerarekin, baldin deialdi honetan ezarritako epean egiten badira eta memorian sartu badira.

Gastu diruz lagungarriak dira egindako jarduerak kontzeptu hauengatik eragindako zuzeneko gastuak: hizlarien ordainsariak, bidaiak, ostatatzea eta dietak; jardueren publizitatea eta propaganda; dibulgaziorako materialen argitalpena (liburuak, entzunezko materiala...), halako materiala behar duten zabalkunde jardueretan; egindako jarduera bakoitzean erabili diren zabalkunde materialen katalogazioa eta digitalizazioa (adibidez, konferentziak eta hitzaldiak grabatzea, gero web-orrian jartzeko); eta garatu beharreko jarduerei zuzenean lotutako beste edozein gastu. Zabalkunde materialen edizio gastua diruz lagundu ahal izateko, material horiek erabat garatuta, argitaratuta eta erabilgarri egon beharko dute 11. artikuluan adierazten den justifikazio-kontua aurkezten den unean. Liburuen kasuan, inprimatuta egon beharko dute, eta, hala badagokio, ISBN zenbakiarekin.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuen kostu diruz lagungarri osoaren %15 baino handiagoa.

Hitzaldien, ikastaroen eta antzekoen ordainsarien kontzeptuan, gehienez 200 euroko dirulaguntza emanen da orduko, eta horren barnean egonen da haiek prestatzeko lana. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzea dakarten hitzaldi, eztabaida, mahai-inguru eta gainerako jarduera partekatuei dagokienez, muga hori horietan parte hartzen duten pertsona guztien artean banatuko da.

Ez dira diruz lagunduko katedraren barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntaren ondoriozkoak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisa horretako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, zerbitzu horiek emateagatik dagokion faktura egin beharko da.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitateek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate. Hautapen hori egiteko, gutxienez 3 hornitzaileren aurrekontuak hartuko dira kontuan.

Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru-sarrerak (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

8. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

a) Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publikotasun eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

b) Katedra bakoitzak aurkeztutako proiektuak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, unibertsitate-zentro bakoitzeko katedra kopuru maximoa errespetatuta.

c) Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateko Zerbitzua. Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

d) Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko. Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuta ebaluatuko dira:

–Gehienez 40 puntu 1. artikuluan aipatutako gaietara egokitzeagatik.

–Gehienez 40 puntu proiektuaren kalitate eta koherentziagatik (jardueren memoria).

–Gehienez 10 puntu proiektua garatu behar duen katedraren esperientziagatik eta gaitasun operatiboagatik. Irizpide honetan kontuan hartuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko oreka katedra-taldean eta proposatutako hizlarien artean, bai eta generoaren zeharkakotasunaren aplikazioa ere proiektuaren garapenean.

–Gehienez 10 puntu proiektuan egin beharreko jardueretarako proposatutako zabalkunde-lanagatik (sare sozialak, newsletterra, webgunea, etab.).

Unibertsitate-zentro baten eskaerek puntuazio bera lortzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortzen duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortzen duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, hirugarren irizpidean puntu gehien lortzen duena lehenetsiko da. Berdinketak jarraitzen badu, eta bi katedrak unibertsitate berekoak badira, unibertsitate-zentroak erabakiko du zein katedra lehenesten den.

9. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateko zuzendari nagusiak, hilabeteko epean gehienez, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan argitaratuko da (www.navarra.eus), eta zentro interesdunei jakinaraziko zaie gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GHEb). Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin izanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

10. artikulua. Jarduerak ordeztea.

Gerora sortu eta katedra onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta ezin bada aurreikusitako jardueraren bat egin, 4. artikuluan aurreikusitako gauzatze-epea amaitu baino lehen, katedra horrek proposatzen ahalko du beste bat egitea, zeinak, hasierakoen artean ez egon arren, ordeztu nahi denaren antzeko formatua eta kostua izanen baititu, eta, gainera, behar bezala eta garaiz egiteko modukoa izanen baita.

Kasu horretan, katedra onuradunak eskaera arrazoitu bat egin beharko dio Unibertsitateko Zerbitzuari, eta hark, baloratu ondoren, eta egokitzat jotzen badu, eskatutako aldaketa baimenduko du. Jarduera berriaren kostua justifikatu beharko da dirulaguntzaren xede diren gainerako jardueren baldintza berberetan. Jaso beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa izanen da 9. artikuluan aipatutako ebazpenean emandako zenbatekoa.

11. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

a) Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da dirulaguntzaren ordainketa, zentro onuradunek proiektuen gastuaren justifikazio kontua aurkeztu ondoren Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoaren bidez, 4. artikuluan zehaztutako epearen barnean (2026ko azaroaren 20ra arte).

b) Justifikazio kontuak bi atal izanen ditu: Memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

a) Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, eta dagozkien fakturen banakatzea, laguntzaren fitxan dagoen ereduari jarraikiz.

b) Gastua justifikatzeko, fakturen kopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira.

c) Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat orduko zerbitzua fakturatu den.

d) Deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte-hartzea izan duten proiektuetako bakoitzean.

e) Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 7. artikuluan zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2024. urtekoa izanen da. 4. artikuluan ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak.

f) Diru-sarrerak izan dituzten ikastaroen kasuan, diru-sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak). Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira, jarduera horietako kostu diruz lagungarria kalkulatzean.

B–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa.

Memoria horrek, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu:

–Deialdi honen kargurako finantzaketa izanik, urtean garatu diren proiektuen eta jardueren edukia eta xehetasuna.

–Zabalkunderako baliabideak (sare sozialak, prentsa, webgunea, etab.) eta horretarako diseinatutako materialak.

–Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

–Jardueretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera bereizita; parte hartu duten erakundeen eta enpresen kopurua; eta eman daitezkeen irismen-adierazle guztiak.

–Memoria horretan, 5 a) eta 5 b) artikuluetan adierazitakoa bete dela egiaztatzeko behar diren datuak jaso beharko dira.

12. artikulua. Zentro onuradunen betebeharrak.

a) Hautatutako proiektua gauzatzea aurkezturiko proposamenean aurreikusi zen gisan.

b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin daitezkeen bitartean.

c) 2026ko azaroaren 20a baino lehen aurkeztea proiektuen justifikazio-kontua, memoria akademikoaz eta memoria ekonomikoaz osatua.

d) Nafarroako Gobernuak egin diren jardueretan emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzea. Betebehar horiek bete behar badira, onuradunak arauan eskatzen den informazioa emanen du. Betebehar horretatik salbuetsita badago, horren gaineko adierazpena aurkeztuko du.

13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek aurkeztutako proiektuen gastu justifikatu guztiak finantzatzen dituztenez, 2. artikuluan aipatzen den muga kontuan hartuta, bateraezinak izanen dira katedrek proiektu horietarako jasotzen dituzten beste edozein laguntzarekin edo kanpoko finantzaketarekin. Horretarako, zentro eskatzaile bakoitzak, bai eskaera egitean, bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso beste laguntza edo kanpoko finantzaketarik egin behar diren gastuei aurre egiteko.

14. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa beteko da, eta, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa.

15. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2604998