82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

317E/2026 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira C, C1, C1+E, C+E, D, D1, D1+E eta D+E gidabaimenak lortzeko prestakuntza finantzatzeko 2026. urterako deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN kodea: 896444.

Errepideko garraioa ezinbesteko ardatza da garapen ekonomiko eta sozialerako, produktuen hornidura eta herritarren joan-etorriak bermatzen dituelako. Hala ere, sektore horrek behar bezala funtziona dezan, ezinbestekoa da garraiolari aski izatea.

3.500 kilogramotik gorako kamioien edo autobusen gidari profesionalen lanbidean sartzeko, legez araututako salbuespen kasuetan izan ezik, salgaien edo bidaiarien errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatzeko gaitasun profesionalaren agiria (GPA) eta C, C1, C1+E, C+E, D, D1, D1+E eta D+E gidabaimena –kasuan kasukoa– eduki behar dira.

Kalkuluen arabera, Espainian 20.000 gidari baino gehiago falta dira. Nafarroan, sektoreko elkarteek ohartarazi dute gidari berririk ez egoteak arriskuan jartzen duela sektorearen etorkizuna. Gainera, Nafarroako garraiolarien batez besteko adina 56 urte ingurukoa da, eta horrek epe laburrean erretiro asko izanen direla iragartzen du; beraz, profil berriak sartzea sustatu behar da. Belaunaldi-erreleborik ez izateak arriskuan jartzen ditu hornidura-katearen bideragarritasuna eta mugikortasun publikoa.

Gidari falta hainbat faktorek eragiten dute, eta horietako bat da lanbidera sartzeak dakarren kostu ekonomiko handia.

Errepideko garraioaren sektorean enplegua sustatzeko, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du onestea C eta D kategorietako gidabaimenak finantzatzera bideratutako laguntzen 2026rako deialdia eta haren oinarri arautzaileak, horien bidez prestakuntzaren kostua eta beharrezkoak diren gastuak partzialki konpentsatzeko. Horrela, GPA gaitasun profesionalaren agiria lortzeko jadanik banatzen diren dirulaguntzak osatuko dira.

Laneratze profesionala eraginkorra izateko eta optimizatzeko asmoz, C eta D gidabaimenetarako laguntzak lortu ahal izateko, aldez aurretik GPA eduki beharra ezarri da; horrela, behar den gidabaimena lortu ondoren, pertsona horiek errepideko garraio-ibilgailuak profesionalki gidatzeko moduan egonen dira.

Deialdiaren helburuak erabat lerrokaturik daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, dituzten xedeekin, eta indarreko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zehaztutako helburu estrategikoetan kokatzen dira, zehazki enpresa ehunaren eraldaketa eta modernizazioa erraztea bilatzen duen helburuan, non aurreikusten baita sostengua ematea Nafarroako enpresa txiki eta ertainei eta haien garapen lehiakor eta jasangarriari.

Helburu horiek lortzeko, ez da beharrezkoa eskatzaile batzuk beste batzuen aurretik lehenestea, eta ez dago esleipen irizpiderik eskaerak baloratu eta konparatzeko eta haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko; beraz, eskaera-espedienteak erregistratu ahala izapidetu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean, banakako ebaluazio prozedurari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Lege horrek 17.1 artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntzak tramitatzeko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari C, C1, C1+E, C+E, D, D1, D1+E eta D+E gidabaimenak lortzeko prestakuntza finantzatzeko dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidearen bidez izapidetzeko.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. C, C1, C1+E, C+E, D, D1, D1+E eta D+E gidabaimenak lortzeko prestakuntza finantzatzeko 2026. urterako deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 150.000 euroko gastua baimentzea. Gastu hori 2026ko Gastu-aurrekontuko "C eta D gidabaimenak lortzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441106 aurrekontu-partidaren kargura egotziko da.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 31n.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

1. Deialdi honen xedea da C, C1, C1+E, C+E, D, D1, D1+E eta D+E gidabaimenak lortzeko prestakuntzarako laguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. Diruz lagundu daitekeen aldia 2025eko urriaren 15etik 2026ko urriaren 15era bitartekoa izanen da.

2. Helburua.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua da errepideko garraioaren sektorean enplegua sustatzea, nola eta, salgaien edo bidaiarien errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatzeko gaitasun profesionalaren agiria (GPA) izanik, C edo D kategorietako gidabaimenak lortu nahi dituzten pertsonen kopurua handituz, lanbide horretan has daitezen. Horretarako, gidabaimen horiek lortzeko egin beharreko ikastaroen kostuaren zati bat konpentsatuko da.

3. Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honetarako zuzkidura ekonomikoa 150.000 euro da, eta 2026ko Gastu-aurrekontuko "C eta D gidabaimenak lortzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441106 partidari egotziko zaio.

2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.

3. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 700 eurokoa izanen da C, C1, D eta D1 baimenen kasuan, eta 900 eurokoa C1+E, C+E, D1+E eta D+E baimenen kasuan.

4. Eskatzaile bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ez da izanen, inola ere, onuradunak diruz lagundutako gidabaimena lortzeko ordaindutako zenbatekoa baino handiagoa.

4. Diruz lagungarriak diren jarduketak.

1. Diruz lagungarriak dira zentro espezializatu batek emandako eskolen kostua eta matrikularen kostua, bai eta aipatutako baimenak lortzeko Trafiko Zuzendaritza Nagusiari ordaindutako tasak ere.

2. Diruz lagungarria den aldiaren barruan egindako eta ordaindutako jarduketak baino ez dira diruz lagunduko.

3. Gidabaimenen trukea ez da ekintza diruz lagungarri gisa hartuko.

4. Deialdi bakoitzean, pertsona bakoitzak gidabaimen mota bakar baterako laguntza eskatzen ahalko du.

5. Onuradun bakoitzak behin baino ezin izanen du lortu gidabaimen mota bakoitzerako laguntza.

5. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea, 18 urtetik gorakoa, eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea eta erroldatuta egotea aldi diruz lagungarria hasi baino lehen.

b) Gidarien hasierako kualifikazioa egiaztatzen duen Gaitasun Profesionalaren Agiria (GPA) izatea, indarrean, diruz lagungarria den aldia bukatu baino lehen.

GPAk laguntzaren xede den gidabaimen motari dagokiona izan behar du, hau da: salgaien GPA eduki beharko da C, C1, C1+E eta C+E motetarako, eta bidaiarien GPA D, D1, D1+E eta D+E motetarako.

c) Prestakuntza jasotzea eta ordainketak egitea diruz lagungarria den aldiaren barruan. Aldi horretatik kanpo egindako fakturak eta ordainketak ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide orrian jaso den erantzukizuneko adierazpena bete beharko da.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 15ean hasiko da, eta 2026ko urriaren 15ean bukatuko.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak. Eskabidearen eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxaren barruan egonen dira eskuragai.

7. Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio.

2. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Onuradunari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, emandako laguntza banku-kontu horretan sar dadin. Eredua Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian egonen da eskuragarri, dagokion fitxan.

b) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZa).

c) Erroldatze-ziurtagiria, gehienez ere eskaera aurkeztu baino hilabete bat lehenago emana, non adierazi beharko baita eskatzailea Nafarroan bizi dela aldi diruz lagungarria hasi baino lehenagotik.

d) Matrikulari eta eskolei dagozkien fakturak, non eskatzailearen datuak jasoko baitira.

e) Egindako ordainketen frogagiria (matrikula, motak eta tasak). Enpresek egindako ordainketak ez dira inoiz onartuko. Bankuko transferentziaren edo txartelaren bidezko ordainketaren frogagiria baizik ez da onartuko. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

f) Entitate prestatzailearen ziurtagiria, egiaztatzen duena zer prestakuntza egin den eta zein egunetan eman den.

g) Eskaera norberaren izenean aurkezten ez bada, ordezkaritza-dokumentua ere aurkeztu beharko da, eskatzaileak behar bezala sinatua.

3. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.

4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

5. Eskabide-orrian, eskatzaileak honako hau adieraziko du:

–Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13,2. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako inolako debeku egoeratan.

–Eskabidean aurkezten diren datu eta dokumentu guztiak egiazkoak direla.

–Ez duela jaso beste inongo erakunde publiko nahiz pribaturen beste inolako laguntzarik helburu eta xede berberetarako.

8. Dirulaguntza onartzeko eta ordaintzeko prozedura.

1. Laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira; hortaz, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.

Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta argitaratuko da, dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenean, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

Jakinarazpena Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian ebazpena argitara emanez eginen da, zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

9. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, zerbitzuen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10. Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Baldintza baztertzaile hori betetzen dela frogatzeko, eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko da (beste laguntzarik jaso ez izanari buruzkoa eta beste inongo erakunde publiko edo pribaturi xede eta helburu bererako inolako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoari buruzkoa).

11. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan araututako laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Organo emailearen aitzinean frogatzea laguntza emateko eta ordaintzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari informazioa ematea eta hark eskatutako egiaztapenak onartzea.

c) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hura egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12. Ez-betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, emandako datuak faltsuak badira edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuak gertatuz gero, laguntza galduko da eta hartutako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14. Errekurtsoak.

Deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

15. Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera, datu pertsonalak Nafarroako Gobernuak tratatuko ditu, eskaera Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen babesean tramitatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ezabatzeko, transferitzeko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabiltzen ahalko ditu Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean, bai eta, hala badagokio, datuak babestearen arloko kontrol agintaritzari erreklamazioa egitekoak ere, batez ere bere eskubideak erabiltzean ase ez bada. Informazio gehiago, hemen: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesari-buruzko-informazio-klausulak.

Iragarkiaren kodea: F2605019