1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
292E/2026 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2026rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa finantzatzeko. DDBN kodea: 894967.
Errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan, hasierako kualifikazioa frogatzeko gaitasun profesionalaren agiria lortzeko baldintzak arautzen dira, eta, haren 3. artikuluaren arabera, ziurtagiri hori zer gidariren izenean eman den, horrexek hasierako kualifikazio hori lortzeko eskatutako ikastaroak eta azterketak gainditu dituela egiaztatuko du.
Gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria bi modalitateren arabera lor daiteke: modalitate arruntean eta modalitate trinkoan. Nafarroako prestakuntza zentroetan, azken hori izaten da ohikoa. Modalitate trinkoan, 140 orduko ikastaro batera joan beharra dago; ikastaroaren edukia 284/2021 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitako programa osatzen duten gaiei buruzkoa izaten da.
Prestakuntza ikastaroa bukatutakoan, agiria lortu nahi dutenek lehen aipatutako errege dekretu horren VI. kapituluan arautzen den azterketa gainditu beharko dute; urtebete izanen dute horretarako, ikastaroa amaitzen dutenetik aitzina.
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 23ko 14/2025 Ebazpenaren bidez (233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 20koan), kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko sei probaren deialdiak egin dira 2026an, hori baita errege dekretuan ezartzen den deialdien gutxieneko kopurua.
Agiri hori lortzea bultzatzeko, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du agiria lortzera bideratutako ikastaroak finantzatzeko laguntzen 2026ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, errepideko garraioaren arloan prestakuntza, enplegua eta jarduera bera bultzatzeko xedearekin.
Xede horiek bat datoz erabat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, dituzten xedeekin, eta indarreko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zehaztutako helburu estrategikoekin ezkontzen dira, zehazki enpresa ehunaren eraldaketa eta modernizazioa erraztea bilatzen duen helburuarekin, horretarako sostengua ematen baitzaie Nafarroako enpresa txiki eta ertainei eta haien garapen lehiakor eta jasangarriari.
Pizgarri gisa, beharrezkoa da nahitaezko ikastaroaren kostuaren zati bat finantzatzea, gidari gutxi daudelako eta jardunean dauden langileen batez besteko adina handia delako. Bestalde, sektorean dagoen genero-arrakala handia dela eta, justifikatuta dago jaso beharreko zenbatekoa handiagoa izatea onuraduna emakumea bada.
Dirulaguntzaren asmoa da ahalik eta biztanle gehienengana iristea, eta, horregatik, laguntzak zuzenduko zaizkio 2025eko urriaren 17a baino lehenagotik Nafarroan bizi den adin nagusiko jende guztiari, baldin eta gaitasun profesionalaren agiria lortzeko eskatzen den hasierako kualifikazio ikastaroa bukatu eta ordaindu badu. Ahalik eta eskaera kopuru handienari erantzun ahal izateko, 2025eko urriaren 17tik 2026ko urriaren 17ra arte "gai" kalifikazioarekin bukatutako ikastaroetarako laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira.
Deialdiaren helburuek ez dute eskatzen eskatzaile batzuk lehenestea beste batzuen aurretik, eta ez dago esleipen irizpiderik eskaerak baloratu eta konparatzeko eta haien lehentasun hurrenkera bat ezartzeko; beraz, eskaera-espedienteak erregistratu ahala izapidetu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean, banakako ebaluazio prozedurari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari baimena eman zaio tramita ditzan, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenei eskatzen zaien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa finantzatzeko dirulaguntzak.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea 2026rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa finantzatzeko. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean daude.
2. 350.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko "Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441103 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko martxoaren 18an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
1. Xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroan bizi diren gidariek egin dezaten gaitasun profesionalaren agiria (GPA) lortzeko ikastaroa, hots, errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatzeko hasierako kualifikazioa frogatzeko egin behar dena, kualifikazio hori arautzen duen apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
2. Laguntzak eskatzen ahalko dira, deialdian ezarritako baldintza guztiak beteta, 2025eko urriaren 17tik 2026ko urriaren 17ra bitarte "gai" kalifikazioarekin bukatzen diren ikastaroetarako.
2. Helburua.
Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua onura publikokoa da, errepideko garraioaren sektorean enplegua sustatu nahi baita, hartan aritzeko eskatzen den trebakuntza duten pertsonen kopurua handituz; horretarako, partez konpentsatzen da gidariaren hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko egin beharreko ikastaroaren kostua (hasierako kualifikazio hori 284/2021 Errege Dekretuan ezarrita dago).
3. Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Deialdi honetarako zuzkidura ekonomikoa 350.000 euro da, eta 2026ko gastuen aurrekontuko "Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441103 partidari egotziko zaio.
2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.
3. Laguntzaren zenbatekoa 900 eurokoa izanen da eskatzaile bakoitzeko. Hala ere, Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen babesean, eta emakumeen ordezkaritza bereziki txikia den sektore profesional batean emakumeak sartzea sustatzen duten ekintza positiboko neurriak aplikatzeko asmoz, dirulaguntza 1.200 eurokoa izanen da onuraduna emakumezkoa denean.
4. Eskatzaile bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ez da izanen, inola ere, onuradunak ikastaroa egiteko guztira ordaindutako zenbatekoa baino handiagoa.
4. Onuradunak.
Laguntzak eska ditzakete Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsona fisikoek, baldin eta, 2025eko urriaren 17tik 2026ko urriaren 17ra bitarte, "gai" kalifikazioarekin bukatzen badituzte laguntza hauen xedeko ikastaroak, 1. oinarrian zehaztutakoak.
5. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea 2025eko urriaren 17a baino lehenagotik.
b) Gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa "gai" kalifikazioarekin gainditu izana, 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, 2025eko urriaren 17tik 2026ko urriaren 17ra bitartean.
Ikasleek ikastaroa "gai" kalifikazioarekin gainditu dutela ulertuko da, soil-soilik, baldin eta organo eskudunak haien baliozkotzea egin badu Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren GPA aplikazioan.
c) Ikastaroaren prezio osoa ordainduta izatea. Deialdi honetan sartzen diren ikastaroen aurretik egindako ikastaroei dagozkien fakturak ez dira onartuko.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide orrian jaso den erantzukizuneko adierazpena bete beharko da.
2. Onuradun bakoitzak behin baizik ez du jasoko laguntza hau.
6. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, ikastaroa bukatzen denetik, edo deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, argitalpen hori egin baino lehen bukatu diren ikastaroen kasuan.
Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak. Eskabidearen eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxaren barruan egonen dira eskuragai.
7. Eskaerak eta dokumentazioa.
1. Eskaerak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari zuzendu behar zaizkio.
2. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Onuradunari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, emandako laguntza ordain dakion. Eredua Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian egonen da eskuragarri, dagokion fitxan.
b) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZa).
c) Erroldatze-ziurtagiria, gehienez ere eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenago emana, non adierazi beharko baita eskatzailea Nafarroan bizi dela 2025eko urriaren 17a baino lehenagotik.
d) Faktura, zeinetan jasota egonen baitira eskatzailearen datuak, GPA eskuratzeko egindako ikastaroa eta hari dagokion diru-zenbatekoa.
e) Egindako ordainketaren frogagiria. Enpresek egindako ordainketak ez dira inoiz onartuko. Bankuko transferentziaren edo txartelaren bidezko ordainketaren frogagiria baizik ez da onartuko. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.
3. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.
4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten, ohartaraziz, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.
8. Dirulaguntza onartzeko eta ordaintzeko prozedura.
1. Laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira; hortaz, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.
Ebazpenak, zeinetan multzokatuko baitira egun horretara bitarte aurkeztutako eskaerak, arrazoituak izanen dira, eta eman eta jakinaraziko dira 3 hilabeteko epean gehienez, dirulaguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak.
Jakinarazpena Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian ebazpena argitara emanez eginen da, zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
9. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, zerbitzuen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
10. Laguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.
Baldintza baztergarri hori betetzen dela frogatzeko, eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko da (beste laguntzarik jaso ez izanari buruzkoa), eta beste inongo erakunde publiko edo pribaturi xede eta helburu bererako inolako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoa aurkeztu.
11. Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetan araututako laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Organo emailearen aitzinean frogatzea laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari informazioa ematea eta hark eskatutako egiaztapenak egitea.
c) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hura egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
12. Ez-betetzea.
Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, emandako datuak faltsuak badira edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuak gertatuz gero, laguntza galduko da eta hartutako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
13. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
14. Errekurtsoak.
Deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
15. Araudi osagarria.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
16. Datu pertsonalen babesa.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera, datu pertsonalak Nafarroako Gobernuak tratatuko ditu, eskaera Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen babesean tramitatzeko.
Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ezabatzeko, transferitzeko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabiltzen ahalko ditu Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean, bai eta, hala badagokio, datuak babestearen arloko kontrol agintaritzari erreklamazioa egitekoak ere, batez ere bere eskubideak erabiltzean ase ez bada. Informazio gehiago, hemen: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesari-buruzko-informazio-klausulak.
Iragarkiaren kodea: F2604645