82. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

95E/2026 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloa sustatu eta babesteko proiektuak egin daitezen 2026an. DDBN kodea: 895897.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokio Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko politikak koordinatzea eta kudeatzea. Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren arabera, eginkizun hauek esleiturik ditu, besteak beste: politika publikoen arloan proposamenak eta gomendioak egitea; LGTBI+ arloko prestakuntza ematea eta LGTBI+ pertsonak diskriminatzen ez direla bermatzeko jarduketak egitea; bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan; eta bermatzea ongi aplikatzen direla eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.

Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Legearen 3. artikuluak aplikazio-esparrua eta betetze bermea jorratzen ditu. Zehatzago, 3.2 artikuluan, honako hau dio: "Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko edo haiekin lotuta dagoen edozein entitatek, zuzenbide publiko zein pribatukoak izan, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, foru legea betetzen dela bermatuko dute, eta eraginkorra izan dadin behar diren baldintzak sustatuko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan. Ildo horretatik, sexu-joerari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruzko ekintza positiboak lagunduko dituzte, eta, halaber, erkidegoko LGTBI+ asoziazionismoari eta dituen proiektuei sostengua emanen diete.

Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala lortzen laguntzeko asmoz, LGTBI+ arloko erakunde eskudunak laguntza eta aholkularitza emanen die Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko politika lokalak bultzatzeko eta sustatzeko.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatu dadin, NABIk uste du bidezkoa dela dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzako 2026. urterako, LGTBI+ arloa sustatzeko eta babesteko proiektuak egin ditzaten. NABIk Nafarroako toki entitateentzako laguntzak balioesten ditu, garrantzitsuak baitira arlo horretako politika publikoak garatzeko, eta, horrela, LGTBI+ pertsonen eskubideak eta herrian duten parte-hartze soziala bultzatu ahal izateko; horrexegatik bultzatzen du LGTBI+ arloko diagnostiko eta plan lokalak egitea, LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egitea eta arlo horretako jarduera espezifikoen programak diseinatzea.

Deialdi honen xedea da toki entitateei laguntzea honako hauek egitearen ondoriozko gastuak finantzatzen: LGTBI+ arloko diagnostikoak, planak, azterketak eta jardueren programak, LGTBI+ pertsonen benetako berdintasuna eta eskubideak sustatzen eta bultzatzen dituztenak Nafarroan; eta arlo horretan, herritar guztiei zuzenduta, 2026an egiten den ikusgaitasun eta sentsibilizazio lana.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloa sustatu eta babesteko proiektuak egiteko 2026an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 85.000 euroko gastua baimentzen da, 2026ko gastu-aurrekontuko "080001 08300 4609 232200 Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza LGTBI+ arloa sustatu eta babesteko" aurrekontu-partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Hau guztia Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 27an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean toki entitateek LGTBI+ arloan egiten dituzten proiektuak finantzatzen laguntzeko, helburua baita LGTBI+ arloko politika publiko lokalak bultzatzea eta laguntzea toki entitateek prestatutako proiektuen bitartez.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntza modalitateak.

2.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako Nafarroako toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

Halaber, taldean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada entitate bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

2.2. Deialdi honetan lau dirulaguntza modalitate daude:

a) 1. modalitatea. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala. Plan lokal bat egin aurreko azterlana da; horretarako, datuak eta informazioa bilduko dira herriko LGTBI+ arloko eskaerei eta beharrei buruz.

b) 2. modalitatea. LGTBI+ arloko plan eta protokolo lokalak. Modu estrategikoan jasotzen du zer jarraibide, neurri, ekintza eta baliabide behar diren udalerrian, epe jakin batean, LGTBI+ arloko politika publikoak garatzeko.

c) 3. modalitatea. LGTBI+ arloko azterlan sektorialak. Halakoak dira herriko LGTBI+ pertsonek bizi duten egoera, orokorra edo eremu jakin batekoa, islatzen duten txostenak, non jasotzen baitira haien iritziak (beren intereseko gaiei buruz).

d) 4. modalitatea. LGTBI+ arloko urteko programazioa.

Toki entitateek modalitate baterako edo gehiagotarako proiektuak aurkezten ahalko dituzte.

3. oinarria. Baldintzak.

3.1. Aurrekontu-ekitaldi berean Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izendunik ez jasotzea.

3.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4. oinarria. Gauzatzeko epea, proiektu eta gastu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak, modalitate guztietakoak, 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne.

4.2. Toki entitateek modalitate baterako edo gehiagotarako proiektuak aurkezten ahalko dituzte.

4.3. Deialdian adierazitako modalitateen arabera diruz lagungarri diren proiektuek, gutxienez, honako informazio hau jaso beharko dute:

1. modalitatea. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, LGTBI+ pertsonen eskari eta beharren identifikazioa; LGTBI+ pertsonek udalerrian duten parte-hartzearen analisia; gaur egun dauden politika, zerbitzu eta programen balorazioa eta egokitzapena; eta jarduketa ildoen definizioa.

2. modalitatea. LGTBI+ arloko plan eta protokolo lokalak: jarduketen plangintza, zeinetan jasoko baitira helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, adierazleak, garapenerako aurrekontu ekonomikoa eta ebaluazioa.

3. modalitatea. LGTBI+ arloko azterlan sektorialak: helburuak, metodologia, azterlanaren analisia eta LGTBI+ eragina herrian.

4. modalitatea. LGTBI+ arloko urteko programazioa: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua.

Toki entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du 1., 2. eta 3. modalitateetan. 4. modalitatearen kasuan, entitate onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen duen diruz lagundutako jarduerak ez du gaindituko diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honen ondorioetarako, gastuak diruz lagungarritzat hartuko dira baldin eta diruz laguntzeko jardueraren izaerari erantzuten badiote, behar-beharrezkoak badira eta 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egiten diren jarduerei badagozkie. Gastuak, betiere, merkatuko balioaren araberakoak izanen dira:

a) Laguntza teknikoa. Gastu hori 12.000 euro baino gehiagokoa bada (BEZa kenduta), egiaztatu behar da laguntza teknikoa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera aukeratu dela (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikulua). Elkarte onuradunak egindako hautapena justifikatuko du, enpresaren hautapenaren ziurtagiria aurkeztuz.

b) Hizlariek eta ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten pertsonek edo entitateek sortutako zerbitzu-sariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.

c) Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko behar den material suntsigarri eta kontsumigarria.

f) Diruz lagundutako jarduerak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitatearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, hala nola ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Diseinuan, edukian, abiaraztean eta ebaluazioan LGTBI+ arloko eta generoko ikuspegia ez duten proiektuak.

c) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan LGTBI+ arloko ikuspegia jaso ez badute.

d) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

f) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean laguntza behar duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4 ataleko f) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

e) Zenbatetsitako kostua merkatuko balioa baino nabarmen handiagoa duten gastuak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Deialdi honetarako, 85.000 euro bideratu dira guztira.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Gehienez ere 7.000 euroko dirulaguntza emanen da, nahiz eta entitateak eskaera modalitate batean baino gehiagotan aurkeztu, aurkeztutako proiektuaren kostua edozein dela ere.

5.3. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza, portzentaje hauek aplikatuta:

  • 81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.
  • 60-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:

a) 3. eranskina. Eskabidea (dirulaguntza modalitate batean baino gehiagotan eskatuz gero, modalitate bakoitzeko eskabide bat beteko da), barne daudela proiektua deskribatzen duen memoria eta haren jardueren aurrekontu xehatua. Garatuko diren jarduera guztiak banakatuko dira, eta ez da onartuko proiektuaren aurrekontu globala aurkeztea.

Ereduak deialdiaren fitxaren bidez eskuratu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoaren bidez: Zenbat modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, hainbeste eskabide-eredu aurkeztu beharko dira.

Elkartuta aurkezten diren toki entitateen kasuan, zein entitate aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, harexen ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Eskabidean adierazi beharko da hitzarmeneko entitate bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain.

c) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatu bada edo NABIrekin eragiketak lehenbizikoz egiten badira, bankuko datuak esteka honen bidez eguneratu edo jakinarazi beharko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

6.3. Deialdia izapidetzeko eskumena duen administrazio organoak atzematen duenean entitate eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, NABIko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman ondoren, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez 10 egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxatik. Fitxa horren esteka 18. oinarrian dago eskuragarri.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa NABIko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko, NABIko LGTBI+ Zuzendariordetzako teknikariek lagunduko diote instrukzio organoari. Teknikari horiek ebaluazio txosten bat prestatuko dute, loteslea izanen dena instrukzio organoarentzat, non jasoko baita entitate onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jaso ditzaten eta proiektuak balora dakizkien.

8.3. Eskaeren balorazioa 2. eranskinean jasotako irizpideen arabera eginen da, deialdi honetako 5.2 eta 5.3 oinarrietan adierazitakoari jarraikiz.

8.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

9. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. NABIko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko.

Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa jartzen ahalko da.

Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta dirulaguntza honetarako fitxan argitaratuko da (fitxa hori tramiteen katalogoan dago eskuragarri).

9.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean, honako hauek agertuko dira: entitate eskatzailean zerrenda, diruz lagunduriko proiektuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa (bat etorriko beharko du onartutako proiektuaren aurrekontuko gastuekin), eta, kasua bada, ezetsitako gainerako eskaerak, arrazoia zehazturik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NABIk ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa.

Onartutako dirulaguntza ordainduko da proiektuak gauzatzeko epea bukatutakoan, justifikazio dokumentazioa aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa.

Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2026ko azaroaren 5a baino lehen, atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden ereduen arabera eginak:

–5. eranskina. Justifikazio memoria (dirulaguntza eskatu bada modalitate batean baino gehiagotan, memoria bat beteko da modalitate bakoitzeko).

–6. eranskina. Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria. Bertan, honako hauek adieraziko dira: diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa eta diruz lagundutako jarduketen eta haien kostuen adierazpena, haiek garatzean izan diren gastuak banan-banan zehaztuta. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak kanpoan utzita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira benetan ordaindu direnak diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea bukatu baino lehen (2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 5era), salbu eta tributuen ordainketak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–7. eranskina. Gastuen eredua, zerrenda bat izanen duena kalkulu-orri gisako formatuan, non egindako ekintzen gastu guztiak banakaturik aurkeztuko baitira. Gastu horiek bat etorri beharko dute aurkeztutako fakturekin.

–Balio osoz emandako fakturen eta horiek ordaindu izanaren banku-frogagirien kopia: froga-balio bera duten dokumentuak eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.

–8. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kenduta), toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Horietan, agerian gelditu behar da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra. Baldintza hori betetzeko, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuarekin lotuta sortzen den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, tramiteen webgunean, eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, jarduera batzuen ondoriozko objektuetan, haien izaera dela-eta, zaila denean aipatutako logoa eta testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta haiek jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

11.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen entitateari errekerimendua eginen dio zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino (laguntzak emateko ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntza proportzionalki murriztuko da, betiere eskatutako guztia betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko asmoz aritu dela onuraduna.

Deialdi honetako dirulaguntzen azken zenbatekoa kalkulatzeko, justifikazioan aurkeztutako eta NABIk onartutako zenbatekoari 5. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko zaizkio.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada handiagoa dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino.

Oinarri hauetan araututako dirulaguntza eskatzea bateraezina da gauzatzeko aldian NABIren dirulaguntza izendun bat izatearekin, xedea edo proiektua edozein dela ere.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin zerikusia duen edozein aldaketa NABIri jakinaraztea, bai eta diruz lagundutako proiektuaren kudeaketan eta garapenean edozein aldaketa egiteko idatzizko baimena eskatzea ere. Horretarako, hala badagokio, NABIko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko da, eta, nolanahi ere, ezin izanen da aldatu aurkeztutako proiektuaren funtsezko edukia.

c) Emandako dirulaguntzekin lotuta NABIk egiten dituen egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta ekonomikorakoak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera egiten den idatzizko zein ahozko edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz lagundutako proiektuaren jardueretan ere, eta testu hau adieraztea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

h) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzukidetasunari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

i) Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea, non gardentasun betebeharrak arautzen baitira, barne direla Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren toki entitateenak.

14. oinarria. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

17. oinarria. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Oinarri arautzaile hauetan aipatutako eranskinak eskuragarri daude "Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza LGTBI+ arloa bultzatu eta laguntzeko proiektuak garatzeko" izeneko deialdiaren fitxan, tramiteen katalogoan. Eskaera tramitatzeko eta, ondoren, dirulaguntza justifikatzeko, fitxa hau erabiliko da:

https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-de-navarra-para-desarrollar-proyectos-dirigidos-al-impulso-y-apoyo-lgtbi-

2. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

1., 2. eta 3. modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60 ARTE

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

10

Herriaren azterketa soziodemografikoa egiten du

5

Metodologia azaltzen du

10

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

5

LGTBI+ herritarren eskariak eta beharrak identifikatzea

5

LGTBI+ pertsonek parte hartzeko erabiliko diren tresnak azaltzen ditu

5

Jarduketa-ildoen zehaztapena

5

2. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatzen dira, desgaitasuna dutenak jarduera eta ekitaldi horietaz goza daitezen, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) HEDAPEN ETA KOMUNIKAZIO EKINTZA PROGRAMATUAK

10

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, eta beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

F) ENTITATEA LGTBI+FOBIARIK GABEKO UDALERRIEN SAREARI ATXIKITA EGOTEA

10

4. modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

5

2. Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatzen dira, desgaitasuna dutenak jarduera eta ekitaldi horietaz goza daitezen, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

10

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, eta beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

F) ENTITATEA LGTBI+FOBIARIK GABEKO UDALERRIEN SAREARI ATXIKITA EGOTEA

10

Iragarkiaren kodea: F2605151