80. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2026 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko proben deialdia egiten duena.

Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioak (ADR) ezarri du ezen salgai arriskutsuak errepidez bidaltzen edo garraiatzen dituzten enpresek, edo garraio horietan enbalatzeko, kargatzeko, betetzeko edo deskargatzeko eragiketak egiten dituztenek, salgai arriskutsuen garraiorako segurtasun aholkulari bat edo batzuk izendatu beharko dituztela (aurrerantzean, "aholkulariak" deituko zaie), zeinak arduratuko baitira jarduera horiek pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat dituzten berezko arriskuen prebentzioan laguntzeaz.

Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak Espainian salgai arriskutsuen errepideko garraioaren eragiketak arautzen ditu. Errege dekretu horren 26. artikuluak ezartzen duenez, aholkulariak, bere eginkizunak bete ahal izateko, dagozkion betebeharrei eta horietan zehaztutako gaiei buruzko azterketa bat gainditu beharko du aurretik.

Otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak, salgai arriskutsuak errepidez, trenbidez edo bide nabigagarriz garraiatzeko segurtasun aholkularien lanbide gaitasunari buruzkoak, azterketen modalitateak eta ariketen egitura zehaztu zituen, baita segurtasun aholkularien ziurtagiriak berritzeko prozedura ere. Horren arabera, ziurtagiri horiek berritzeko modu bakarra da dagokion kontrol azterketa gainditzea ezarrita dagoen 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean.

Goian aipatutako 97/2014 Errege Dekretuaren bidez, indarrik gabe utzi zen FOM/605/2004 Aginduaren 4. artikulua, non ezartzen baitzen ezen izangaiek, non zuten ohiko bizilekua, organo eskudunek lurralde horretan antolaturiko eta egindako probetan parte hartu behar zutela nahitaez.

Kudeaketa Zerbitzuak proposatu du urteko deialdia egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko probetarako, baita datozen hilabeteetan indarra galduko duten ziurtagiriak berritzeko ere.

Ziurtagiria lortu nahi duten izangaiek aukera izanen dute espezialitate guztien azterketa aldi berean egiteko edo, bakarrik, espezialitate batena edo batzuena egiteko.

Bestalde, ziurtagiria berritu nahi dutenek bere garaian lortu zuten modalitateko –edo modalitateetako– azterketa egin beharko dute.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 7. apartatuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Kudeaketa Atalak egindako proposamenarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. Salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko proben deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau Kudeaketa Atalari jakinaraztea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

4. Adieraztea ebazpen honek ez diola administrazio bideari bukaera ematen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Santiago Alemán Carrica.

ERANSKINA.–DEIALDIA, SALGAI ARRISKUTSUEN ERREPIDEKO GARRAIOAN SEGURTASUN AHOLKULARI IZATEKO BEHAR DEN LANBIDE GAITASUNAREN ZIURTAGIRIA LORTZEKO ETA DATOZEN HILABETEETAN INDARRA GALDUKO DUTEN ZIURTAGIRIAK BERRITZEKO PROBAK EGITEKO. OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da probak egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean dauden ziurtagiriak berritzeko.

2. Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun aholkularien lanbide gaitasunaren ziurtagiriak lortzeko, izangaiek azterketa bat gainditu beharko dute, eta aukera izanen dute espezialitate guztietarako azterketa orokorra egiteko edo espezialitate hauetako bakar baterako edo batzuetarako azterketa egiteko:

–1. mota (lehergaiak eta lehergailuak).

–2. mota (gasak).

–7. mota.

–Hurrengo mota hauek: 3., 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8. eta 9. motak. Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR) adierazitako mota bakoitzean agertzen diren gai solido eta likidoak.

–Nazio Batuen Erakundearen sailkapenean honako identifikazio zenbaki hauek dituzten gai likido sukoiak: 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa).

Espezialitate guztietarako azterketa orokorra egiteko aukera bateraezina izanen da espezialitate baterako edo batzuetarako azterketa bereizia(k) egiteko aukerarekin, eta, halakoetan, azken azterketa horietatik baztertzeko kausa izanen da.

3. Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun aholkularien lanbide gaitasunaren ziurtagiriak berritzeko, izangaiek beren ziurtagiriari dagokion garraio espezialitateari buruzko azterketa bat gainditu beharko dute.

Bigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetako probetan parte hartu nahi duten pertsonek Nafarroako Gobernuaren Atarian, deialdiaren fitxan, eskuragarri dagoen eskabidea bete beharko dute. Fitxa helbide honetan dago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/segurtasun-aholkulari-gaitasuna.

2. Eskabidearekin batera, eskatzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 22 euro sartu izanaren frogagiria atxiki beharko dute, azterketara aurkeztu ahal izateko tasaren kontzeptu gisa. Tasa bat ordaindu beharko da lortu edo berritu nahi duten gaitasun ziurtagiriaren espezialitate bakoitzeko.

Hirugarrena.–Izena emateko epea.

Ziurtagiria lortzeko eta/edo berritzeko probetan izena emateko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, Nafarroako Gobernuaren Atarian jaso den deialdiaren web fitxan adieraziko den egunetik aurrera.

Laugarrena.–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Izena emateko epea bukatuta, deialdiaren fitxan argitaratuko da onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Baztertutako izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, hala badagokio, egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita. Zuzenketa-epea bukatu ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, behin-behineko zerrenda argitaratzen den modu berean.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

Probetarako eratu den epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Aránzazu Murillo Zabalza, Kudeaketa Ataleko burua.

Ordezkoa: Santiago Alemán Carrica, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikideak:

–Charo Loitegui Biurrun, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Loreto Gabari Sorozabal, Garraio Jarduerak Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera, Garraio Baimenen Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Raquel Remírez Barragán, Garraioen Ikuskapenaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Mugikortasun, Logistika era Garraio Ataleko burua.

–María Begoña Goñi Encinas, Garraioko Zehapenen Bulegoko burua.

Idazkaria: Oscar Molviedro Barea, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Laura Echeverría Iturbide, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Seigarrena.–Proben edukia.

Probak segurtasun aholkulariei dagozkien betebeharrei buruz eta Espainiako estatuan salgai arriskutsuen errepideko eragiketak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuan eta Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR) jasotako gaiei buruz izanen dira, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dauden testuak oinarri hartuta.

Zazpigarrena.–Ariketen egitura.

1. Ziurtagiria lortzeko probek bi ariketa izanen dituzte.

Lehen ariketa test modukoa izanen da: seigarren oinarrian jasotako gaiei buruzko 50 galderari erantzun beharko zaie, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Ariketa hau egiteko ezin da testurik kontsultatu. Ariketa egiteko, ordubete izanen da gehienez.

Bigarren ariketan, azterketa bat edo kasu bat egin beharko da, dagokion espezialitatearen araberakoa, aholkulari batek egin eta/edo burutu beharreko lanen eta betebeharren gainean. Proba hori egiteko, testuak kontsultatzen ahalko dira, salbu kasuen konponbideak dakartzatenak. Ariketa egiteko, ordubete izanen da gehienez.

Izangaiak lehen oinarriko 2. atalean aipatutako espezialitate baterako edo batzuetarako ariketa independente bat egin nahi baldin badu, ariketek egitura bera izanen dute, baina, bakar-bakarrik, kasuan kasuko espezialitatearen inguruko gaiei buruzkoak izanen dira.

2. Ziurtagiria berritzeko azterketan ariketa bakarra izanen da: seigarren oinarriko gaiei buruz test moduko 50 galderari erantzun beharko zaie, ordubetez, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Ariketa hori egiteko, ezin izanen da testurik kontsultatu.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

Ariketa bakoitza 0tik 100 puntu bitarte kalifikatuko da, eta, gainditzeko, 50 puntu edo gehiago atera beharko dira. Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Probak Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko ikasgelategian eginen dira, 2026ko maiatzean eta azaroan.

Proba bakoitza egiteko data eta ordutegi zehatza Nafarroako Gobernuaren Atarian jasotako deialdiaren fitxan argitaratuko dira.

2. Deialdi honetako probak egiteko datetan eta/edo lekuetan aldaketaren bat eginez gero gerora sortutako arrazoiengatik, horren berri ere deialdiaren fitxan emanen da.

3. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

4. Inola ere ez da baimenduko telefono mugikorrak, ekipo eramangarriak edo elektronikoak eta, oro har, hari gabeko telekomunikazioko gailuak edo informazioa emateko edo jasotzeko bestelako gailuak erabiltzea. Gailu horiek erabiliz gero, izangaia berehala kanporatuko da azterketatik, eta bere proba deuseztatuko da.

Hamargarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

1. Ariketen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak deialdiaren fitxan argitaratuko du probak gainditu dituzten pertsonen behin-behineko zerrenda. Iragarki horretan azterketak berrikusteko epearen berri emanen da.

Behin epe hori bukatuta, onartuen behin betiko zerrenda igorriko zaio Nafarroako Gobernuko Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariari.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Nafarroako Gobernuko Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Hamaikagarrena.–Ziurtagiriak hartzea.

Azterketa gainditu ondoren, segurtasun aholkularien eginkizunak bete nahi dituzten edo betetzen jarraitu nahi duten izangaiek Nafarroako Gobernuko Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen duen ziurtagiria hartu beharko dute, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2604642