80. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

ERABAKIA, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartua, zeinaren bidez onesten baita 2026ko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia. DDBN kodea: 896171.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2026ko martxoaren 30ean eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

2021eko otsailean, Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako Batzordeko kideek eta Gizarte Entitateen Plataformak "2021-2030 aldirako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna" sinatu zuten, aurrera egite aldera Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 2015ean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak ezarritako norabidean. Itunean, besteak beste, honakoak jasotzen dira:

"Nafarroako Parlamentuak Garapenerako Hezkuntzaren arloko proiektuen deialdiari eutsiko dio, eta Parlamentuaren aurrekontuaren %0,7ra iritsiko da 2024. urterako".

Ondorioz, Nafarroako Parlamentuaren aurrekontu indardunak 48207 "Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak" aurrekontu-aplikazioa jasotzen du, bere zenbateko osoaren %0,7aren kreditu baliokidea duena.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, 2026ko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia eta horren oinarri arautzaileak onesteko. Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntza guztietarako arau-esparru komuna. Lege horretan, printzipio orokorrez gainera, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ezartzen da.

Hori horrela, 2026an Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizaziorako proiektuak egiteko dirulaguntzen araubidea ezartzen duten oinarriak ezarri eta argitaratu beharra dago, bermatzeko bete egiten direla, dirulaguntza horietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako printzipioak.

Horrenbestez, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. 2026ko ekitaldian zehar Garapenerako Hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Guztira 117.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2026ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko 48207 "Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak" partidaren kargura.

3. Erabaki honen eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

4. Agintzea erabaki hau eta bere eranskinak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2026KO EKITALDIAN ZEHAR GARAPENERAKO HEZKUNTZA-PROIEKTUAK ETA SENTSIBILIZAZIORAKO EKINTZAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

Lehena.–Xedea eta helburua.

Nafarroako Parlamentuak lanean jarraitzen du, aurreko ekitaldietan bezala, garapen jasangarrirako helburuak lortzen eta mundu zuzenagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen laguntzeko. Xede horrekin, dirulaguntza-deialdi hau onesten du, Nafarroan Garapenerako Hezkuntzako eta sentsibilizazioko esku-hartzeak egiteko. Dirulaguntzen helburua izanen da garapen-bidean dauden herrialdeek pairatzen dituzten problemekin zerikusia duten alderdietan eta horien zergatietan sentsibilizatu edo prestakuntza ematea, bai eta mundu globalizatuari buruzko ulermena erraztea ere, jarrera kritikoa eta errealitatearekin konprometitua ernaraziz, txirotasunaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta erantzukidetasuna sortuko dituena. Proiektuek lagungarriak izan beharko dute elkartasuna, justizia soziala, garapen jasangarria eta genero-berdintasunaren moduko balioak sustatzeko, Nazio Batuen 2030 Agendarekin bat.

Horretarako 117.000,00 euro bideratuko dira, Nafarroako Parlamentuaren 2026ko ekitaldirako gastu-aurrekontuan berariaz onetsitako partida honetatik: 48207 "Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak".

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluarekin bat etorriz, deialdia norgehiagoka-araubidean izapidetuko da.

Bigarrena.–Entitate onuradunak.

Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateak izaten ahalko dira dirulaguntzaren onuradun:

–Bere izaeraren arabera legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta inskribatuta egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziarena den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan (AECID).

–Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren egoeretako batean ere ez egotea.

–Sexu edo generoa dela-eta diskriminatzailetzat jotzen diren lan-arloko jokabideak gauzatu edo toleratzeagatik zehatuta edo zigortuta ez egotea administrazio-ebazpen irmoz edo epai judizial irmoz.

Onuradun izan ahalko dira, halaber, elkartuta aurkezten diren entitateak, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betetzen badute.

Hirugarrena.–Esku-hartzearen betekizunak.

–Helburu gisa edukitzea lehen oinarrian jasotakoa.

–2026ko ekitaldian exekutatzea. Hala ere, dirulaguntzaren xede den jarduna ohikotasunez garatzen den urte-aldia ez datorrenean bat aurrekontu-ekitaldiarekin –esaterako, eskola-ikasturtea–, jarduera horretarako dirulaguntzak urte-aldi horretara moldatzen ahalko dira eta, halakoetan, zilegi izanen da jarduera 2027ko ekainaren 30erako amaitzea. (Inguruabar hori dirulaguntza-eskaeran justifikatu beharko da).

–Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan eginen dira.

–Nafarroako Parlamentuak diruz laguntzeko gehieneko zenbatekoa: 12.000,00 euro.

Laugarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lor litezkeen beste batzuekin, berdin delarik haien emaileak beste administrazio publiko batzuk, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak izatea, nazionalak zein nazioartekoak.

Hala ere, ezein kasutan ez da zilegi izanen emandako dirulaguntzen zenbatekoa hainbestekoa izatea non, bere horretan nahiz beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuei edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiei batuta, gainditu eginen bailuke onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskaera bat aurkeztu ahalko du. Eskaeratzat joko dira bai bakarka aurkeztuak bai entitate-elkarte baten parte izanik aurkeztuak. Entitate batek bakarkako eskaera bat eta beste entitate batzuekiko elkartean eginiko beste bat aldi berean aurkezten baditu, bi eskaera horiek deialditik kanporatuak izanen dira.

Eskaera entitate interesdunaren legezko ordezkariak aurkeztuko du, telematikoki, Parlamentuaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako sarbidean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun balioduneko epean gehienez ere.

Seigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzeko, Egoitza Elektronikoan ezartzen den eskabidea beteko da, deialdian adierazitako ereduaren arabera (I. eranskina), eta bertan entitate eskatzaileak adierazi behar du bigarren oinarrian ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

Entitate eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

I) Dokumentazio orokorra:

a) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziakoa den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta dagoen ordezkaritzaren edo egoitzaren aipamenarekin. Ziurtagiria deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenago jaulkitakoa izanen da gehienez ere.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak digitalki sinatua, non adieraziko baita ezen entitate eskatzaileak bete egiten dituela erakunde onuradunaren izaera lortzeari begira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak (II. eranskina).

c) Entitateen elkarteen kasuan, eskaera elkartearen izenean aurkeztuko du haren ordezkari edo ahaldunak. Halakoetan, entitate bakoitzaren dokumentazio banakatuaz gain, honako hauek aurkeztuko dira:

c.1) Entitate-elkartearen eratze-agiria. Elkarteak nortasun juridiko berekirik ez badu, eratze-agirian espresuki jaso beharko da ahalordedun edo ordezkari bakarraren izena, zeinak izanen baitu elkarteak onuradun gisa izanen dituen betebeharrak betetzeko bezainbesteko ahalordea. Halaber jaso beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako preskripzio epea amaitu arte elkartea ez desegiteko konpromisoa.

c.2) Honako hau azaltzen duen agiria: elkarteko entitate bakoitzak proiektuaren exekuzioan zer funtzio eta eginkizun hartuko dituen bere gain, horiek egiteko konpromisoarekin, elkartearen izenean eta haren kontura; eta elkarteko entitate bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Agiri horiek modu digitalean sinatu beharko ditu entitate bakoitzaren ordezkariak.

d) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera (baldin aldez aurretik aurkeztu ez bada, edo aldatu egin bada Nafarroako Parlamentuak iraganean emandako dirulaguntzak ordaintzeko erabili izan den banku-kontua).

e) Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa aldez aurretik ordaindu beharrekoa den kasuetako entitateei dagokienez, 9.1 oinarrian aipatutako dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskaerak ez baditu ezarritako betekizunak betetzen, interesdunari esanen zaio ezen hamar eguneko gehieneko epean akatsa zuzendu edo aginduzkoak diren dokumentuak aurkeztu behar dituela, eta orobat ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko dela, aurrez ebazpena emanda, zeina jaulki beharko baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan.

Baloraziorako aurkezten den dokumentazioa inolaz ere ez da zuzendua izanen.

II) Baloraziorako dokumentazioa:

A. Esperientzia:

a) Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatutako Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuen taula zerrendaduna (III. eranskina).

b) III. eranskinean adierazitako dirulaguntzak emateko ebazpenaren kopia, edo agiri baliokidea.

B. Estrategia instituzionala:

a) Baloratu beharreko atalak zehazten dituen agiria (IV. eranskina)

b) Baloratu beharreko jarduketak eta, kasua bada, hamahiru II oinarrian zehaztutakoa justifikatzen duen dokumentazio estrategikoaren kopia.

C. Esku-hartzeari buruzko oroitidazki teknikoa. Gutxienez ere, V. eranskinean jasotako informazioa izan beharko du eta gehienez ere 30 orrialdekoa izanen da. Hura transkribatzeko Arial 11 letra erabiliko da, 1 lerroartean. Berdintasunaren aldeko eta bazterketaren kontrako hizkera erabiliz idatzi beharko da. Pertsonei buruzko datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

D. Esku-hartzearen oroitidazki ekonomikoa: gastu-partiden justifikazioa, azalpena eta aurrekontua. (Kalkulu-liburu bat erantsiko da, Excel-en, aurrekontuko datu guztiekin. Gastu bakoitzeko, zer partidari egozten zaion eta zer jarduerari dagokion adieraziko da).

Langile-gastuak ere baldin badaude, jardueraz jarduera xehakaturik aurkeztu beharko dira, horietako bakoitzean ustez zenbat ordu sartuko diren adierazita, bai eta ordu bakoitzaren zenbatekoa eta guztira zenbat eginen duen ere.

Zazpigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat jotzen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuteaz gain jarduera hura burutzeko ezarritako epearen barruan egiten direnak. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honi dagokionez, ez dira gastu diruz lagungarritzat joko inbertsio gastuetara bideratutako diru kopuruak (ekipoak, gailu elektronikoak, garraio-elementuak, lursailak, eraikuntzak eta abar), ez eta zeharkako kostuak edo kudeaketa kostuak ere.

Baldin eta proiektuak aurreikusten badu erakusketak egitea, jarduera horri (argazkiak, diseinua, inpresioa, panelak...) egotzi beharreko gastuaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu emandako dirulaguntza osoaren %50.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuko teknikariek osatutako balorazio-batzorde batek antolatuko du prozedura. Kide anitzeko organo horrek izanen du eskaerak ebaluatzeko ardura, eta emanen duen irizpena loteslea izanen da.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua izendatzen da instrukzio-organo. Instrukzio-organoak, eskaeren ebaluazioa ikusirik, ebazpen-proposamena eginen du.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak berariaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da dirulaguntzen ematea, instrukzio-organoak proposatutako txostena oinarri hartuta.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igarotakoan ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko da.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baliabide nahikorik ez izatea behar bezala frogatzen duten entitateen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa bakar eta aurreratua eginen da, diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko. Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari erantsita, entitatearen edo elkartearen ordezkariak digitalki sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, zeinean adieraziko baitu jarduera egiteko baliabide nahikorik ez dagoela.

2. Gainerako entitateei aldez aurretik ordainduko zaie emandako dirulaguntzaren %60 adinako zenbatekoa. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osora iritsi artekoa diruz lagundutako proiektua amaitutakoan ordainduko da, ordainketa bakarrean. Aldez aurretik, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du egindako jarduera, hurrengo puntuan ezarritakoaren arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzaren aldez aurretiko ordainketa deialdi hau ebaztearekin batera eginen da, 11.e) oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Dirulaguntza egiazki ordaintzeko, beharrezkoa izanen da entitateak aurkeztua izatea "transferentzia-abonua eskatzeko agiria", diru-sarrera egin behar den banku-entitateak behar bezala beteta.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Gehienez ere esku-hartzea amaitu ondoko hilabetean aurkeztuko da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa, honako agiri hauek osatua:

–Entitate onuradunaren legezko ordezkariak digitalki sinaturiko erantzukizunpeko adierazpena, justifikazio-txostena osatzen duten agirietan jasotako datu guztien egiazkotasunari buruzkoa.

–Esku-hartzearen oroitidazki teknikoa, dagozkion egiaztapen-iturriekin, hala behar denean.

–Oroitidazki ekonomikoa, non azalduko baita esku-hartzearen aurrekontua nola beteko den. Halaber, kalkulu-orri bat aurkeztuko da, exekuzioan eginiko gastu guztiak banan-banan eta zenbakituta xehakaturik, zer jarduerari dagozkion eta nor den finantzatzailea adierazita.

–Nafarroako Parlamentuaren dirulaguntzaren kargura eginiko gastu eta ordainketa guztien ziurtagiriak. Gastuak frogatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, edo gainerako frogagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak. Langileen gastuak frogatzeko, hilabeteko laburpenak ere aurkeztuko dira, proiektuari egozten zaion pertsona bakoitzaren ordutegi eta jarduerarekin.

Agiri guztiek eginbide-zigilua izanen dute, eta bertan adieraziko da Nafarroako Parlamentuak finantzatu dituela jarduerak. Eginbideak jasoko ditu, gutxienez, "Nafarroako Parlamentuak finantzatua" aipua eta Nafarroako Parlamentuak emandako dirulaguntzaren kargura finantzatutako zenbatekoa edo ehunekoa.

Nafarroako Parlamentuarena ez den finantzaketarekin eginiko gastuen kasuan, entitateak berak jaulkitako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo zenbatekoa eta proiektua zehazten dituen aldeko ebazpenaren kopia, bestelako dirulaguntza publikoen kasuan.

–Entitate onuradunaren legezko ordezkariak digitalki sinaturiko adierazpen espresua: ea proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta, hala baldin bada, jasotako zenbatekoen eta horien jatorrien xehetasunak.

Aurkeztutako agirietan oinarrituta, balorazio-batzordeak egin den jarduerari eta horren justifikazioari buruzko txosten bat bidaliko dio instrukzio-organoari. Txosten horri jarraikiz, instrukzio-organoak proposamena eginen dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, exekutaturiko ekintzaren justifikazioa onets dezan kasua bada, justifikazioa onets eta ordainketa agin dezan, edo bestela itzulketa-espediente bati ekitea proposa dezan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera.

2. Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioak irudiak eta/edo izaera pertsonaleko datuak baldin baditu, entitate onuraduna izanen da edukiaren eta, zehazki, bertan ager litezkeen pertsona fisikoen datu eta irudien erantzule bakarra. Hori dela-eta, aldez aurretik eduki beharko du irudietan ageri diren eta/edo datu pertsonalen titularrak diren pertsonen baimen espresu eta balioduna, edo horiek erabiltzea legitimatzen duen beste edozein oinarri juridiko.

Hamaikagarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzea beren eskaeran deskribatu duten moduan egitea.

Esku-hartzearen gauzatzea aldrebesten edo zailtzen duten gorabeherak gertatuz gero, zilegi izanen da jarduera horiek egiteko epeak luzatzea. Horretarako, epea luzatzeko eskaera bat aurkeztu beharko dute, azaltzen duena esku-hartzea zergatik ezin den gauzatu hasiera batean aurreikusitako epean, bai eta esku-hartzea amaitzeko epe berria ere. Eskaera telematikoki eginen da, Nafarroako Parlamentuaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako sarbidean -Administrazio-izapideak-Dirulaguntzak eskatzea Edonola ere, jarduerak egiteko gehieneko epea 2027ko ekainaren 30ean amaituko da.

b) Baimena eskatu eta edukitzea diruz lagundutako jarduketan aldaketak egin ahal izateko, baldin eta entitate onuradunaren kontroletik at dauden inguruabarrengatik hasierako jarduketa aldatu behar bada eta horrek helburuetan eta emaitzetan eragina badu, edo, helburuak eta aurreikusitako emaitzak aldatu gabe, aldaketak aurrekontuaren aldaketa bat badakar, partida bakoitzaren exekuzioan gastuen igoera bat ekartzen duena, partida bakoitzerako onetsitako aurrekontuaren %20 baino gehiagokoa.

Zortzigarren oinarrian aipatzen den balorazio batzordeak ebatziko du aldaketa egiteko eskaera. Eskaera egoitza elektronikoaren bidez eginen da, horretarako ezarritako atalean.

c) Betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badituzte, horren berri ematea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena jaulkitzen den unean beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik edukitzea.

Behin deialdia ebatzita, entitate onuradunei eskatuko zaie aurkez ditzatela ebazpenaren egunean indarrean dauden ziurtagiri positiboak, kasuko Ogasunak (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo foru ogasunak) eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jaulkiak, hurrenez hurren frogatuko dutenak entitate onuradunak beterik dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean aritzea proiektuaren berri ematen, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzari buruz sentikortzeko.

Nafarroako Parlamentuak entitate onuradunei dei eginen ahalko die Nafarroako Parlamentuan eginen den ekitaldi publiko batean parte har dezaten. Bertan, entitate onuradun guztiek diruz lagundutako proiektuen exekuzioa aurkeztuko dute.

g) Dirulaguntzaren jatorria publiko egitea: jardueren berri emateko erabiltzen den material grafiko eta inprimatuan (liburuxkak, iragarkiak, web bannerrak eta abar) Nafarroako Parlamentuaren logotipoa agertuko da, diruz lagundutako entitatearen logotipoari emandako trataera berarekin.

Nafarroako Parlamentuak ez du bere gain hartzen proiektuaren exekuzioa dela-eta argitaratutako materialen edukia.

Entitate onuraduna izanen da erantzule bakarra jarduerak egitearen karietara erabilitako eta/edo editatutako argazkiak, irudiak, testuak, ikus-entzunezkoak edo bestelako materialak direla-eta egon litezkeen jabetza intelektualeko eskubideen errespetuari dagokionez.

Banaketa publikora, alokairura edo salmentara bideratutako eta edozein euskarritan erreproduzitzen ahal den material-mota oro ekoitzi edo editatuz gero, lege-gordailuaren, jabetza intelektualaren eta ISBN - ISSNren betekizunak bete beharko dira kasuan-kasuan.

h) Onartzea egiaztapen- eta kontrol-jarduketak egin ditzan organo dirulaguntza-emaileak.

i) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketetarako beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

k) Entitate onuradunak eman zaion dirulaguntzari uko egitea erabakiz gero, bi hilabeteko epean egin beharko dio uko, laguntza eman zaiola jakinarazi zaion egunetik zenbatuta, Nafarroako Parlamentuaren egoitza elektronikoan aurkeztutako idazki baten bidez.

Itzuli egin beharko du aldez aurretik ordaindutako zenbatekoa, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzutik adieraziko zaion prozeduraren bidez. Zilegi izanen da uko eginiko zenbatekoa esleitzea, behin Nafarroako Parlamentuak jasota, hamahirugarren oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan diru erabilgarri aski ez egoteagatik laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei.

Hamabigarrena.–Erantzukizuna.

Entitate onuradunei dagokie proiektuko jarduerak egiteagatiko eta edukiarekiko erantzukizun esklusiboa. Horrenbestez, Nafarroako Parlamentua erantzukizun orotatik salbuetsita egonen da editatutako materialei edo jarduerak egiteko moduari dagokienez.

Hamahirugarrena.–Balorazio-irizpideak.

Eskaerak 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:

I.–Esperientzia (20 puntu gehienez).

Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatuak izan diren garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioko proiektuak exekutatzen entitate eskatzaileak izandako esperientzia baloratuko da. Proiektuaren kopurua eta diruz lagundutako zenbatekoak hartuko dira kontuan.

  • 1-4 proiektu bitarte: 2,5 puntu.
  • 5-9 proiektu bitarte: 6 puntu.
  • 9 proiektu baino gehiago: 8 puntu.

Lortutako dirulaguntzen zenbatekoa:

  • 0-10.000 euro bitarte: 2 puntu.
  • 10.001-80.000 euro bitarte: 6 puntu.
  • 80.000 euro baino gehiago: 8 puntu

Balorazioa egiteko, proiektu exekutatuak deklaratu beharko dira, III. eranskina betez (eranskin horretan adierazitako informazioaz bestelakorik ez da kontuan hartuko). Gainera, deklaratutako jarduketek puntuak jaso ditzaten, haien frogagiriak helarazi beharko dira, emate-ebazpenaren kopia edo dokumentu baliokidea atxikiz. (Erantsitako agiri bakoitza izendatuko da III. eranskineko "identifikatzailea" zutabean adierazitakoaren arabera).

Apartatu horretan lorturiko puntuazio osoa 1,25ekin biderkatu ahalko da, baldin eta esku-hartzea Nafarroako Parlamentuak aurreko bi ekitaldietako (2024, 2025) edozeinetan finantzatua izan bazen eta esku-hartzearekin jarraitzeari buruzko balorazio positiboa egiten bada. Horretarako, eskaera-inprimakian labur azaldu beharko dira ordura arte lorturiko emaitzak eta jarraipenerako arrazoiak.

II.–Estrategia instituzionala (10 puntu bitarte).

–Arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako plan bat edukitzea edo horretarako urratsak jasota edukitzea entitate eskatzailearen estrategia instituzionalean bertan (5 puntu).

–Ingurumen-plan estrategiko bat edo ingurumen-kudeaketako jokabideen zehaztapen bat edukitzea (5 puntu).

–50 langile baino gutxiagoko plantilla daukaten entitateentzat bakarrik: genero-berdintasuneko plan bat edukitzea. (5 puntu).

Baloraziorako, bete egin beharko da IV. eranskina, eta baloragarri diren jarduketetarako frogagiriak aurkeztu beharko dira. Behar bezala identifikatuta daudenak bakarrik hartuko dira kontuan. Berdintasun-plana aurkezten baldin bada, plana balora dadin aurkeztu beharko da, genero-berdintasunari buruzko planaz gain, entitatearen legezko ordezkariak eginiko ziurtagiria, zeinean adieraziko baita zein zen, 2025eko abenduaren 31n, egiazko langile-kopurua.

III.–Proiektuaren kalitatea (55 puntu, gehienez):

a) Proiektua gauzatuko den egoeraren eta ingurunearen azterketa (10 puntu gehienez).

b) Kronograma (5 puntu gehienez).

c) Helburuaren, emaitzen eta jardueren koherentzia (10 puntu gehienez).

d) Adierazleak eta egiaztatze-iturriak (10 puntu gehienez).

e) Herritarrek parte hartzea eta boluntariotza sustatzea (5 puntu gehienez).

f) Genero-ikuspegia jasotzea (10 puntu, gehienez).

Proiektua lagungarria da emakumeen eta haiek munduan duten kokalekuaren ikusgaitasunerako; gaitasunen sendotzea eta emakumeen autonomia sustatzen ditu.

g) Esku-hartzearen garapenean eragin dezaketen kanpoko arriskuen edo faktoreen analisia (5 puntu, gehienez).

IV.–Aurrekontuaren deskribapena (15 puntu, gehienez):

–Aurrekontua deialdian jasotakoari egokitzea (5 puntu, gehienez).

–Gastuaren beharrak justifikatzea: giza baliabideak, baliabide materialak... (10 puntu, gehienez).

Ez dira baietsi 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

Eskatutako dirulaguntza bera emanen da. Lehentasun-ordena ezarriko da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleituko dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte. Prozedura horren arabera dirulaguntza lor dezakeen azken proiekturako eskatutako diru kopurua handiagoa bada haren finantzaketarako eskueran dagoen diru kopurua baino, instrukzio organoak zilegi izanen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan ezartzen denari jarraituz, onuraduna premiatzea bere eskaera birformula dezan, eman daitekeen dirulaguntzara doitzearren konpromisoak eta baldintzak.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi hau oinarri arautzaile hauen bidez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautzen da.

Honen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo horretako salan, bi hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2605341