80. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

34E/2026 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2026ko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 896315.

Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak, 3.9 artikuluan, ezartzen du haren helburuetako bat dela laguntzea enpresaren eta ekintzailetzaren munduan oinarri teknologikoa duten eta ikerketaren emaitzetan oinarriturik dauden ekimen berritzaileak sortzen. Era berean, 28/2022 Legeak, abenduaren 21ekoak, Enpresa berrien ekosistema sustatzekoak, xedatzen du ezagutzan oinarritutako ekonomia berria eragile garrantzitsua dela hazkundea eta arrakasta bultzatzeko.

Kontuan izanik Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak enpresa berriak eta, bereziki, berritzaileak sustatzeko hartu duen konpromisoa, onetsi egiten da deialdi hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren fondo propioetan 750.000 euroko zuzkidura duena.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2026ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 2026ko Gastuen Aurrekontuko «820005-82600-4701-467302 Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak ezartzeko dirulaguntza» partidaren kargura 750.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, honela banatuta:

  • 375.000 euro, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako enpresentzat.
  • 375.000 euro, 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean sortutako enpresentzat.

3. Gehieneko 750.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzea. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroan enpresa berritzaile berriak sustatzea, lagundu nahi baita enpresa-sarea dibertsifikatzen, ekonomia eta gizartea garatzen eta enplegua sortzen.

Laguntzak erabiliko dira oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortu, jardunean hasi eta sendotu daitezen, baldin eta enpresa horien negozio estrategia oinarritzen bada teknologien garapenean eta erabilera intentsiboan eta horiek erabiltzea beharrezkoa bada enpresaren jardueretarako.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke oinarri teknologikoko enpresa berritzaile sortu berriak, baldin eta 3. oinarrian eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

2. Deialdi honen ondorioetarako:

2.1. Jarduera ekonomikoren bat egiten dutenak «enpresatzat» joko dira; honelakoak izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Enpresa sozietarioak (merkataritza sozietateak eta kooperatibak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2.2. «Oinarri teknologikoko enpresa berritzailetzat» (aurrerantzean, OTEB) hartuko dira baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

a) Deialdi hau argitaratu aurretik ENISAk (Empresa Nacional de Innovación, SME, SA) ematen duen «Negozio-ereduaren ekintzailetza berritzaile eta eskalagarriaren ziurtagiria» lortu izana, bat etorriz Enpresa emergenteen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 4.1 artikuluarekin.

b) Bestela, baldintza hauek bete behar dituzte:

i. Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

ii. Enpresaren jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar da.

iii. Enpresaren jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikertzaileen lanean oinarritu behar da.

iv. Enpresaren jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dira, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-erakundeen jardunean sortzen den ezagutza enpresan txertatu behar da.

v. Negozio estrategiaren eta garapen ildoen oinarriak teknologien garapena eta erabilera intentsiboa izan behar dira.

vi. Jardueraren funtsa izan behar da teknologiak ustiatzea, dela enpresak berak sortutakoak dela honako hauek horretarako garatutakoak: unibertsitateek, ikerkuntza zentroek, ikerkuntza institutuek, zentro teknologikoek eta ezagutza zabaltzekoek, publikoak zein pribatuak izan, edota enpresek.

vii. Enpresa emergente ez diren enpresa batzuen bat-egitearen, zatiketaren edo eraldaketaren ondorioz sortutakoa ez izatea. «Baterakuntza» edo «bereizketa» terminoak aurreko eragiketetan sartutakotzat jotzen dira.

viii. Dibidenduak edo –kooperatiben kasuan– itzulkinak ez banatzea, ezta banatu ez izana ere.

ix. Merkatu arautu batean ez kotizatzea.

2.3. OTEB «berritzat» hartuko dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak.

3. OTEB berriak, 6.1 oinarrian ezarritako laguntza emateko, bi motatan sailka daitezke:

–A motakoak: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak.

–B motakoak: 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean sortutakoak.

3. oinarria.–Betebeharrak.

1. Eskatzaileek honako baldintza hauek (orokorrak eta espezifikoak) bete beharko dituzte laguntzen eskaerak aurkezten dituzten unean:

1.1. Baldintza orokorrak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea, non enpresako langile gehienak atxikita egonen diren eta diruz lagundu beharreko jarduketak eginen diren. Beste langile batzuek parte hartzen badute, egoera hori behar bezala justifikatu beharko da.

b) Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZa) alta emanda egotea Nafarroan.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jarduerak garatzen ez ibiltzea. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13,2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea esleitzen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak. Gauza bera gertatuko da 8.1.1 oinarriaren h) letran aipatzen diren gainerako dokumentuekin.

1.2. Betebehar espezifikoak:

a) Banakako enpresaburuek honakoak bete behar dituzte:

i. Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea (sortutako OTEBari dagokion jardueran) 2020ko urtarrilaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera arte.

ii. Jarduera bat egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz) araubide edo mutualitate horretan alta eman aurreko bi urteetan, sortutako OTEBaren jarduerak 2009ko EJSNan duen «talde» berean (hiru digitu).

b) Enpresa sozietarioek honako hauek bete beharko dituzte:

i. Ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko enpresa txiki eta ertainaren definizioari egokitzen zaion enpresa txiki edo ertain bat izatea. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez (aurrerakoan KSEO) zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

ii. Eratze eskritura 2020ko urtarrilaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera bitartean inskribatu izana sortutako enpresa-motari dagokion erregistroan.

iii. Kapital sozialean partaidetza duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea langile autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

iv. OTEBaren kapitalean pertsona fisikoek duten partaidetza %50etik gorakoa bada, 2009ko EJSNko «talde» bereko (hiru digitu) jarduerarik egin ez izana beren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz), enpresa eratu aurreko bi urteetan.

c) Sozietate irregularrek honakoak bete behar dituzte:

i. Sozietateak 2020ko urtarrilaren 1etik laguntzak eskatu ziren egunera arte egin izana Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldako inskripzioa.

ii. Sozietate irregularra osatzen duten pertsonak alta emanda egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean, sortutako OTEBari dagokion jardueran, 2020 urtarrilaren 1etik laguntzak eskatu diren egunera bitartean.

iii. OTEBaren kapitalean pertsona fisikoek duten partaidetza %50etik gorakoa bada, 2009ko EJSNko «talde» bereko (hiru digitu) jarduerarik egin ez izana beren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan parte hartuz), enpresa eratu aurreko bi urteetan.

iv. Ordezkari edo ahalordedun bakarra izendatzea, nahikoa ahal duena onuradun den enpresa elkarketa bati dagozkion betebeharrak betetzeko. Dirulaguntzaren eskabidean berariaz adieraziko da zer konpromiso hartzen dituen unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

2. 1. apartatuan eskatzen diren betebehar horiek 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta laguntza ordaintzen den arte bete beharko dira, gutxienez.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa epeak:

a) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, 3. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, hilabete horren barrenean eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzen ahalko dira OTEBek beren negozio planaren esparruan egiten dituzten jarduerak, baldin eta zuzenean lotuta badaude jarduera nagusia garatzearekin eta bide ematen badute hazi eta sendotzeko.

2. Jarduketak gauzatzeko epea 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartekoa izanen da.

Ondorio horietarako, ulertuko da jarduketak gauzatuta daudela gastu diruz lagungarriak dagokion epearen barruan fakturatuta eta ordainduta daudenean.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak (BEZik gabe), baldin eta aurreko oinarrian adierazitako aldian fakturatuta eta ordainduta badaude:

a) Nafarroako lantokiari adskribatuta dagoen pertsonalaren gastuak: OTEBen besteren kontura kontratatutako pertsonen gastuak edo OTEBen bazkide diren langile autonomoen gastuak, nomina bidez justifikatzen badira.

b) Enpresaren jarduera nagusiarekin soilik lotutako trebakuntza.

c) Azoketara enpresa erakusketari gisa joatea eta horrekin lotutako bidaiak.

d) Maketak edo prototipoak egitea: Maketak edo prototipoak egiteko materialak erostea bakarrik lagunduko da diruz; kontratatutako zerbitzuak inola ere ez dira diruz lagunduko.

e) Mintegiek, inkubagailuek, parke zientifikoek edo OTEBak ostatatzeko beste entitate batzuek Nafarroan emandako zerbitzuengatik ordaindutako kuotak eta/edo enpresa elkarteen edo klusterren kuotak.

f) Nafarroan dauden lokalen alokairu kuota.

g) Enpresaren jarduera nagusia garatzearekin lotutako kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa.

h) Enpresaren kapitala eratzeko eta zabaltzeko gastuak.

i) Patenteak, erabilera ereduak eta merkataritza markak eskatzeak, lortzeak eta erregistratzeak eragiten dituzten gastuak.

2. Gastu guztiek lotura argia izan beharko dute 4.1 oinarrian deskribatutako jarduketa diruz lagungarriekin eta 3.1.1 a) oinarrian zehaztutako Nafarroako lantokiarekin.

3. 1. apartatuan aipatzen diren gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen honako kasu hauetan: inplikatutako alderdien artean akzio-erlazioa badago, edo odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunekoa. Gainera, inolako zergarik ere ez da onartuko, pertsonal gastuen PFEZa izan ezik.

4. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunek frogatu beharko dute enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman «Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa» izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6. Efizientzia- eta ekonomikotasun-arrazoiak direla medio, 20 eurotik beherako fakturak ez dira izanen onargarriak.

6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak.

1. Laguntzen intentsitatea hau izanen da, 2. apartatuan ezarritako mugekin, 2.3 oinarrian ezarritako OTEB motaren arabera:

a) A motako enpresak: gastu diruz lagungarrien %75.

b) B motako enpresak: gastu diruz lagungarrien %55.

Portzentaje horiek 5 puntu portzentual igoko dira, 9.3 oinarriaren d), e), f) eta g) letretako balorazio-irizpideetan gutxienez 5 puntu lortuz gero.

2. Emanen diren dirulaguntzek muga hauek izanen dituzte:

2.1. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 50.000 eurokoa izanen da eskatzaile bakoitzeko.

2.2. Gainera, gastu diruz lagungarri bakoitzari dagokion dirulaguntzak ez ditu muga hauek gainditzen ahalko:

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIA

OHARRAK

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA (eurotan)

a) Pertsonal gastuak.

Gehienez 1.500 euro pertsona eta egun bakoitzeko.

35.000

b) Prestakuntza gastuak.

3.000

c) Azoketara erakusketari gisa joateak eragindako gastuak.

Gehienez 200 euro gaueko, eta turista klaseko bidaia (mantenu gastuak ez dira diruz laguntzen).

3.500

d) Maketak eta prototipoak egiteak eragindako gastuak.

Pertsonal gastuak bazter utzita.

15.000

e) Kuotak, OTEBak ostatatzeko entitateek emandako zerbitzuenak eta/edo elkarte edo klusterrenak.

E) eta f) letretako gastuei dagokien laguntza ez da 14.000 euro baino handiagoa izaten ahalko.

14.000

f) Lokalen alokairu gastuak.

g) Kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa.

G) eta h) letretako gastuei dagokien laguntza ez da 7.000 euro baino handiagoa izaten ahalko.

7.000

h) Kapitala eratzeko eta zabaltzeko gastuak.

i) Patenteen eta marken gastuak.

Patente eta Marken Espainiako Bulegoan (OEPM) eta Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO) ordaindutakoak izan ezik.

3.000

3. Eskaera guztiei erantzun ondoren aurrekontu baliabideak egonez gero, honako igoera hauek egiten ahalko dira, hurrenkera honetan eta 9.1 oinarriaren arabera ezarritako onuradunen lehentasuna errespetatuz:

a) Gehienez ere %50, 2.2 apartatuko gehieneko dirulaguntza gastu diruz lagungarriko.

b) 1.a) apartatuko dirulaguntzaren ehunekoa, gehienez ere 5 puntu portzentual, %80 gainditu gabe.

c) 2.1 apartatuko gehieneko dirulaguntza. gehienez ere 100.000 euro eskatzaileko.

7. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Enpresa bakoitzeko laguntza-eskaera bakarra onartuko da.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa aurkezteko, laguntzen fitxan eskuragarri dauden agiri-ereduak erabili behar dira. Agiriok bereizita aurkeztu behar dira, eta izenaz identifikatuta (adibidez, «Memoria», «Negozio Plana», etab.):

1.1. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskabide-orri telematikoa, behar bezala beteta, erantzukizunpeko adierazpen bat barne 3.1.1 oinarrietako a), d), e), f), g) betekizunak betetzea eta 16. oinarrian ezarritako ondorioetarako jaso diren de minimis laguntzak egiaztatzeko.

b) 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean sortutako OTEBek, urteko kontuak aurkeztu behar ez dutenek: eskura dagoen azken ekitaldi fiskaleko balantzea, galera-irabazien kontuak eta memoria.

c) Jarduketa diruz lagungarriak azaltzen dituen memoria (eredua laguntzen fitxan dago), 9. oinarriko balorazio irizpideak aplikatu ahal izateko. Memoria horretan justifikatu beharko da, kasua bada, 2.2 oinarriko b) betekizuna betetzea.

d) Negozio plana.

e) Aurrekontua eta dirulaguntzarako aurkezten diren gastuen aurrekontu xehatua.

f) 9.3 oinarriko a) letratik f) letrara bitarteko balorazio irizpideetako bakoitzean zehaztutako puntuazioa lortzeko behar den dokumentazioa.

Dokumentazio hori izan ezean, eskabidea ez da balorazio irizpide horren arabera ebaluatzen ahalko.

g) Aukeran, laguntza eskaerarekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 3.3 oinarrian adierazitakoak. Une horretan egiten ez bada, 14. oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko da.

h) Eskatzaileak ez badio baimenik ematen laguntzen organo kudeatzaileari dokumentu horiek zuzenean biltzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

i. Ziurtagiria, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela dioena.

ii. Enpresako kotizazio kontuko kode guztien lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalean egina.

iii. Altan egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian.

iv. Sozietate irregular bat bada:

–2026ko urtarrilaren 1a baino lehenago sortutakoa: 184 ereduaren kopia (errentak eratxikitzeko araubideko entitateak).

–2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoa: Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen zentsuan inskribatuta daudela frogatzen duen dokumentuaren kopia.

v. Eskaera 9.3 oinarriaren d) ii eta e) ii letretako irizpideen arabera baloratzeko: «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren» gaineko txostena, 2025eko ekitaldikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoa.

2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako enpresen kasuan (urtarrilaren 1ean sortutakoak barne), txostenean azaldutako aldia enpresa sortu eta hurrengo 12 hilabeteak izanen dira, edota, gutxiago badira, enpresa sortzen denetik eskaera aurkeztu arte.

1.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa:

a) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanik dauden pertsona fisikoen kasuan, bertan alta emaniko aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

b) Enpresa sozietarioa izanez gero: Enpresa eratzeko edo, hala badagokio, aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanik dauden sozietate irregularren kasuan, bertan alta emaniko aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, bazkide guztiena, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Hori bai, inola ere ez da zuzentzen ahalko 1.1 apartatuaren a), c), d), e), f) eta h) letretan adierazitako dokumentazioa falta izatea.

9. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, 2,3. oinarrian definitzen diren proiektu motak kontuan hartuta, 2.3 oinarrian zehaztutako enpresa mota bakoitzak aurkeztutako eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bi ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte, honela banatuta:

  • 375.000 euro, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako enpresentzat (A mota).
  • 375.000 euro, 2020ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean sortutako enpresentzat (B mota).

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira. Dena dela, gertatzen bada enpresa mota bakoitzerako aurreikusitako gastuan soberakina izatea, beste proiektu motak diruz laguntzeko erabiltzen ahal da.

2. Dirulaguntzen kudeatzaile den organoak, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen laguntza edo aditu independenteen aholkua eskatzen ahalko du. Gainera, beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio guztia eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei.

3. Hauek izanen dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Negozio-planaren bideragarritasuna (45 puntu gehienez):

Baloratuko dira produktu edo zerbitzuaren berrikuntza maila eta izan dezakeen arrakasta, merkatuaren azterketa, talde sustatzailearen kudeaketa eta antolaketa, bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, marketin plana, I+G+b programa komunitarioetan parte hartzea eta patenteak edo baliagarritasun-ereduak lortzea.

Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) finantzaketa programen EIC Accelerator programaren esparruan Bikaintasun Zigilua jaso duten enpresek gehieneko puntuazioa izanen dute.

Beren eskaera irizpide horren arabera baloratzea nahi izanez gero, enpresek beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute (adibidez, enpresaren talde sustatzailearen ibilbide profesionala, zentro teknologikoekin edo unibertsitateekin sinatutako lankidetza kontratuak, bideragarritasun plana, lortutako patenteak, enpresak eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen azalpen xehatua, Europako Berrikuntza Kontseiluaren finantzaketa programen EIC Accelerator programaren esparruan jasotako Bikaintasun Zigiluaren Ziurtagiria, etab.).

b) Inpaktua Nafarroan (25 puntu gehienez):

Baloratuko dira, besteak beste, Nafarroako produkzio sarearen modernizazioa, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko laguntza, sortutako enplegua eta aurreikusitakoa, egindako inbertsioak, Poloko ekipamendua eta/edo SIESS (Scientific Infraestructure and Equipment Sharing System of Navarra) esparruko azpiegiturak erabiltzea, Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) agenteekin lankidetzan aritzea eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4) bat datorren jardueraren bat egitea.

Beren eskaera irizpide horren arabera baloratzea nahi izanez gero, enpresek beharrezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute (adibidez, zentro teknologikoekin edo unibertsitateekin sinatutako lankidetza kontratuak, enpresak eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen azalpen xehatua, eta produktu edo zerbitzu horiek Nafarroan izan dezaketen inpaktua, I+G esparruan egindako inbertsioa, sortutako enplegua, etab.).

c) Kapitalaren %75, gutxienez, honako hauek batera osatzea: pertsona fisikoek, unibertsitateek, ikerketa zentroek, osasun ikerketarako institutuek, zentro teknologikoek edo enpresaren arloko I+G+B unitateek, hau da, Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.1 artikuluaren a), b), c) eta d) letretako definizioekin bat datozen entitateek (15 puntu).

d) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartu duten enpresak (gehienez ere 2,5 puntu):

i. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana eta indarrean izatea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasun Ministerioaren «Berdintasuna enpresan» deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen «Reconcilia» zigilua, eta abar).

ii. Zuzendaritza postuetan gutxienez %30 emakumeak izatea. Hori egiaztatzeko, ahal bada, dagozkion merkataritza ziurtagiriak eta/edo inguruabar hori egiaztatzen duten eskritura publikoak aurkeztuko dira.

iii. Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plana edukitzea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, legeak behartuta egon gabe (hau da, 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada).

iv. Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitu eta horiei aurre egiteko neurri zehatzen inguruko sentsibilizazioko edo hedapeneko protokoloak edo prestakuntza egin izana, berdintasun arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza jaso duten prestatzaileek emanak badira. Enpresak edo prestatzaileak sinatutako dokumentu bat aurkeztu beharko da, jardueraren iraupena egiaztatzeko (ez da 4 ordutik beherakoa izaten ahalko), bai eta prestatzailearen prestakuntza ziurtatzen duten agiriak ere.

e) Gizarte-inklusioa sustatzeko neurri hauetako bat hartu duten enpresak (gehienez ere 2,5 puntu):

i. Enplegu zentro berezi batekin edo laneratzeko enpresa batekin kontraturen bat egin izana. Dirulaguntzen fitxan Nafarroako enplegu zentro berezi kalifikatuen zerrenda dago.

ii. 2025ean, plantillan 50 pertsona baino gutxiago duten enpresen kasuan, %33 edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonen ehunekoa langile guztien gutxienez %1 izatea; edota, 50 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, ehuneko hori langile guztien gutxienez %3 izatea. Kalkulurako, horrez gain, urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuan jasotako neurri alternatiboak hartuko dira kontuan.

f) Gazteak lan merkatuan sartzeko neurri hauetako bat hartu duten enpresak (gehienez ere 2,5 puntu):

i. Nafarroako ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako ikasleak hartzea, praktikak edo prestakuntza duala egin dezaten edo, halakorik ezean, dagokion lankidetza hitzarmena sinatu izana. Azken kasu horretan, ikasleak hartzea efektiboa izan beharko da 2026ko abenduaren 31n (gehienez ere 2,5 puntu).

ii. «Hackathon»en edizioetan edo Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen berrikuntza proiektuen deialdietan parte hartu izana, edo, bestela, 2026an parte hartzeko izena emanda egotea. Azken kasu horretan, jarduketak 2026ko abenduaren 31n eginak izan beharko dira.

Hezkuntza Departamentuak beharrezko informazioa emanen dio dirulaguntzen kudeatzaile den organoari, eskaerak f) letrako irizpide honen arabera baloratzeko.

g) Jarduera despopulazio arrisku muturrekoan, bizian, esanguratsuan dagoen edo gainbehera bizia duen udalerri batean egiten duten enpresak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak otsailaren 15ean eman zuen 8/2023 Foru Aginduaren arabera (NAOren 49. zenbakia, 2023ko martxoaren 9koa) (gehienez 2,5 puntu):

–Despopulazio arrisku muturrekoan edo bizian dagoen udalerria (2,5 puntu).

–Despopulazio arrisku esanguratsuan dagoen udalerria (puntu 2).

–Biztanleen gainbehera bizia duen udalerria (1,5 puntu).

4. A) eta b) irizpideetako puntuazioa batuta gutxienez 35 puntu lortu ez duten eskabideak baztertuko dira.

5. Emandako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, honela ebatziko da:

a) Antzinatasun handiagoa duen enpresaren alde.

b) Biek antzinatasun berdina badute, ondoz ondo, a), b) eta c) irizpideetan puntuazio handiagoa lortu duen enpresaren alde.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Plangintza, Digitalizazio eta Enpresetarako I+G+B Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

3. Ebazpena gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondotik deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean (zati batez edo guztiz) ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria.–Diruz lagundutako gastua aldatzea.

5.1 oinarriko gastu motetako zenbatekoak, emakidan onartutakoak, aldatzen ahalko dira, igoerak eta murrizketak konpentsatzea lortzeko, baina emandako dirulaguntza osoa eta 6.2 oinarrian ezarritako mugak gainditu gabe.

Aldaketa hori eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako gastua betearaztea eragotzi duten inguruabarrak justifikazio memorian sartu beharko dira eta dirulaguntza likidatzeko ebazpenean onartuko dira.

12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute, eta, horretarako, laguntzen fitxaren bitartez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute jarraian adierazitako epeetan:

1.1. 2026ko irailaren 1era arte (hura barne): gastuen aitorpen boluntarioa aurkezten ahalko dute. Halakoetan, erantsi beharko dituzte:

Egindako jarduketei buruzko txosten teknikoa, fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina, eta fakturatutako gastuen zerrenda (2025eko urriaren 1etik aitorpena aurkeztu aurreko egunera arte). Ez da beharrezkoa gastuei dagozkien kontabilitate dokumentuak aurkeztea (fakturak edo nominak).

1.2. 2026ko urriaren 5era arte (hura barne): gastuen bigarren aitorpena.

Egindako jarduketei buruzko txosten teknikoa, fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina, eta fakturatutako gastuen zerrenda (2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte). Hala badagokio, gastuen aitorpen boluntarioan aurkeztutako gastuak kenduko dira. Ez da beharrezkoa gastuei dagozkien kontabilitate dokumentuak aurkeztea (fakturak edo nominak).

1.3. 2027ko urtarrilaren 4ra arte (hura barne): egindako jardueren justifikazioa.

2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte egindako jarduketei eta fakturatutako eta ordaindutako gastuei buruzko dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa, honako hauek barne hartuta:

a) Egindako jardueren justifikazio memoria, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko letran eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Agiri horiek onuradunaren izenean egon beharko dute.

d) 5.1.a) oinarriko pertsonal gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

e) Lokala alokatuz gero, errentamendu kontratua aurkeztu beharko da, behar bezala formalizatuta.

f) Patenteen, erabilera-ereduen edo merkataritzako marken kasuan, Patente eta Marken Espainiako Bulegoaren erregistroko eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, bankuko ordainagiriaren kopia.

g) «Enpresa hornitzailearen hautaketaren justifikazioa» inprimakia, laguntzen fitxan eskuragarri dagoena, 5.4 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

2. Dokumentazioa aurkezten bada adierazitako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 5 egun balioduneko epearen barruan, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Laguntza honela banatuko da:

a) Lehenengo ordainketa: 12.1.1 oinarrian aipatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da.

b) Bigarren ordainketa: 12.1.2 oinarrian aipatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, konturako ordainketa bat eginen da.

Hala ere, ordura arte egindako jarduketak emakidaren ebazpenean kontuan izandakoak baino gutxiago direla ikusten bada, dagokion dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

c) Dirulaguntzaren likidazioa: 12.1.3 oinarriko justifikazioa aztertuta, espedientea ixteko ebazpena emanen da. Kontura ordaindutako dirulaguntzak justifikatutako jarduketei dagokiena gainditu duela ikusten bada, aurretik gehiegi ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da (berandutze-interesak aplikatuko dira, itzuli beharreko diru kopurua justifikatutako zenbatekoaren %10 baino gehiago bada).

Era berean, emandako puntuazioa 9.3.f) oinarriko balorazio irizpidearen arabera aztertuko da berriro, aipatzen dituen jarduerak 2026ko abenduaren 31n gauzatuak daudela egiaztatzeko. Horrela ez bada:

i. Dirulaguntza itzultzeko eskatuko da, interesak barne, lortutako puntuazioa txikiagoa bada dagokion lehentasunean dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen zuena baino.

ii. Emandako dirulaguntzaren %5 itzultzeko eskatuko da, lortutako puntuazioa ez bada txikiagoa dagokion lehentasunean dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen zuena baino.

2. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, aurreko oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkezten denetik kontatzen hasita.

14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 12. oinarrian ezarritako moduan.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (3.3 oinarrian adierazita daude).

d) Enpresaren webgunean, ageriko lekuan, honako esaldi hau paratuko da laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik aurrera: «Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du teknologietan oinarritutako enpresa berritzaileak sortzeko eta sendotzeko laguntzen 2026ko deialdian». Enpresak ez badu webgunerik, kartel bat paratu beharko da establezimenduan, ongi ikusten den lekuan, goiko testu hori jartzeko eta/edo enpresak kontua duen sare sozialetan argitaratzeko. Jarritako publizitatea gutxienez bi urtez mantenduko da, dirulaguntzaren likidaziotik kontatzen hasita.

Era berean, diruz lagundutako jarduerei buruz edozein hedabidetan egiten den aipamen orotan, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu dituela.

e) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 15. oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

Era berean, «de minimis» laguntzen kasuan, laguntza horiek eskatu ondoren lortzen dituzten laguntza guztien berri eman beharko dute, 16. oinarrian adierazitako ondorioetarako.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

Aurrekontuaren exekuzioa laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %65 baino txikiagoa bada, zehapen hauek aplikatuko dira eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:

a) Gauzatzen dena %65 baino baxuagoa baina %40 baino altuagoa bada: gauzatu denaren ehunekoa zein den, horren arabera murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, taula honetan adierazitakoari jarraikiz:

EXEKUZIO-EHUNEKOAREN
TARTEA

LAGUNTZAREN MURRIZKETA
(EHUNEKOTAN)

0-40

100

40-45

60

45-50

40

50-55

30

55-60

20

60-65

10

b) %40ko exekuzioa edo txikiagoa: jarduketak ez dira diruz lagunduko, eta deklaratuko da laguntza osoa galdu dela edo itzuli beharko dela (interesak barne).

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek gastu beretarako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin.

Onuradunak jarduketa bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen direnean, dirulaguntzen zenbatekoa (bakarka hartuta nahiz beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk eta dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak gehituta) ez da inola ere izanen onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua baino handiagoa, hala ezarririk baitago Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluan.

16. oinarria.–"De minimis" laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (L EBAO, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

17. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Plangintza, Digitalizazio eta Enpresetarako I+G+B Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/inicio), hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

19. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzen emakida, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

20. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2605009