1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
774/2026 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, hautaketa-prozesurako deia egiten da, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko honako ikerketa-proiektu hau gara dezaten: "0011-3901-2026-000004".
2026ko apirilaren 8an, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez kontratatzeko "0011-3901-2026-000004" ikerketa-proiektua garatzeko 1. motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna María Mercedes Sánchez García da, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.
Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "0011-3901-2026-000004".
Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.
Iruñean, 2026ko apirilaren 10ean.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "0011-3901-2026-000004"
Hauek dira deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan araubidean kontratatu daitezen ikerketa-proiektu hau garatzeko: "0011-3901-2026-000004".
–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikertzailea.
–Eginkizunak:
1. IS-FOOD institutuko Nekazaritza Mekatronikako taldeko espektroskopiaren eta VIS-NIR irudi hiperespektralaren ikerketan parte hartzea, lerro hauetan:
–NIR espektroskopia eta VIS-NIR irudi hiperespektrala, laboreetan estres biotiko eta abiotikoak goiz detektatzeko
–NIR espektroskopia eta VIS-NIR irudi hiperespektrala, nekazaritzako elikagaien kalitatea detektatzeko
–Analisi kimiometrikoko protokoloak inplementatzea datuak aztertzeko, machine learningeko teknikak barne (CNN, RF, PLS-DA, GA, etab.)
–Lehenbiziko sektorean zein nekazaritzako elikagaien industrian ezartzeko ereduak garatzea, nekazaritza-sektorearen lehiakortasuna eta digitalizazioa hobetzeko
2. Eragineko aldizkarietan artikuluak argitaratzea eta bikaintasuneko nazioarteko biltzarretan parte hartzea.
3. Kontratazioak irauten duen aldian deitzen diren doktoratu ondoko laguntzen eskaeretan parte hartzea (hala nola Juan de la Cierva, Ramón y Cajal, ANDIA edo Marie Skłodowska-Curie Actions).
4. Kontratazioak irauten duen aldian deitutako estatuko eta nazioarteko deialdietako ikerketa-proiektuen eskaeretan parte hartzea (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen 2026ko deialdiko Ezagutza Sortzeko Proiektua, esaterako).
–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.
–Iraupena: mugagabea, "0011-3901-2026-000004" ikerketa-proiektuari lotua.
–Lanaldi mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2026. urtera egokituak.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: Eskualdez gaindiko bikaintasun deialdietan lehiakortasun posizioa hobetzeko laguntzak (Nafarroako Gobernua, 379E/2025 Ebazpena, 2025eko abenduaren 17koa).
–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritartasuna izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Aurreko apartatuetan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumenturik badute.
b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.
c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea, nekazaritza-sektorean espektroskopia eta VIS-NIR irudi hiperespektrala aplikatzearen arlokoa.
Atzerrian lortutako tituluen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.
3.–Eskaerak.
Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&block=PDI-RR-HH_1096&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096
Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.
"Erantsitako dokumentazioa" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.
4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere Unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.
6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.
7.–Hautaketa-batzordea.
Batzordeburua: Jesús Álvarez Mozos doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatua.
Idazkaria: María Mercedes Sánchez García doktorea, unibertsitateko katedraduna, Enpresen Kudeaketa Sailari atxikia.
Batzordekidea: Nerea Iturmendi Vizcay doktorea, irakasle kontratatu iraunkorra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
–Ordezko hautaketa-batzordea:
Batzordeburua: Idoya Labayen Goñi doktorea, unibertsitateko katedraduna, Osasun Zientzien Sailari atxikia.
Idazkaria: Juan Ignacio Maté Caballero doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.
Batzordekidea: María González de Audicana Amenábar doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.
Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.
Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
9.–Errekurtsoak.
Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA
ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK |
1. APARTATUA: IKERKETA-EMAITZEN ARGITALPENA | Puntuak | 40 |
Ikerketa-emaitzak eragina duten aldizkari zientifikoetan argitaratzea eta biltzar zientifikoetan zabaltzea: –5 puntu, gehienez ere, garatu beharreko jarduerekin zerikusia duten gaiei buruzko argitalpen zientifiko garrantzitsu bakoitzeko. Antzeko gaiei buruzkoak badira, bider 0,5 eginen da. –0,5 puntu, gehienez ere, nazioarteko kongresuetan egindako ponentzia bakoitzeko, eta 0,25 puntu Estatuko kongresuetan egindako ponentzia bakoitzeko, betiere garatu beharreko jarduerekin zerikusia badute. |
2. APARTATUA: IKERKETA-PROIEKTU EDO -KONTRATUETAN PARTE HARTZEA | Puntuak | 15 |
Lehiaketa-deialdietan eta kontratuetan finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea: –5 puntu gehienez urte bakoitzeko, garatu beharreko jarduerekin lotutako gaiei buruzko lehiaketa-deialdietan finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzeagatik; antzeko gaiak direnean, bider 0,5 eginen da. Deialdiaren prestigioa eta eskualdeko, nazioko edo nazioarteko eremua baloratuko dira. –1 puntu gehienez enpresek edo beste erakunde batzuek finantzatutako ikerketa-kontratuetan parte hartzeagatik (LOSUren 60. artikulua), garatu beharreko jarduerekin lotuta badaude; antzeko gaiak direnean, bider 0,5 eginen da. |
3. APARTATUA: EGONALDIAK OSPE HANDIKO ZENTROETAN | Puntuak | 15 |
Egonaldiak ospe handiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan: –Gehienez ere 5 puntu sei hilabeteko egonaldi bakoitzeko, betiere gaia garatu beharreko jarduerei buruzkoa bada; antzeko gaiak direnean, bider 0,5 eginen da. Zentroaren eta ikerketa-taldearen prestigioa baloratuko da. |
4. APARTATUA: LEHIAKETA-KONTRATU ETA -BEKAK | Puntuak | 10 |
Ikerketa-kontratuak eta/edo bekak lortzea lehiaketa-deialdietan: –Gehienez ere 5 puntu doktoratu ondoko kontratu urte bakoitzeko, betiere gaia garatu beharreko jarduerei buruzkoa bada; antzeko gaiak direnean, bider 0,5 eginen da. –1 puntu gehienez doktoratu aurreko kontratu urte bakoitzeko, betiere gaia garatu beharreko jarduerei buruzkoa bada; antzeko gaiak direnean, bider 0,5 eginen da. |
5. APARTATUA: ELKARRIZKETA | Puntuak | 20 |
Elkarrizketa pertsonala, aurreko apartatuen baturan puntu gehien lortu duten 3 izangaiekin. Elkarrizketan zehar, garatu beharreko jardueretarako izangaiak egokiak ote diren baloratuko du Batzordeak. |
Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F2605567