Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
FITERO
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio bidez betetzeko
Alkatetzaren 2025eko abenduaren 16ko 478/2025 Ebazpenaren bidez onetsi ziren honako deialdi honen oinarriak: deialdi publikoa, Fiteroko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, lan-araubidean eta lanaldi osoarekin, oposizio bidez betetzeko. Hona hemen:
OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako langilearen lanpostu bat oposizio bidez betetzea, lan-araubidean eta lanaldi osoarekin, Fiteroko Udaleko plantillan sartzeko.
1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarrean dagoen araudiarekin, eta lanpostua betetzen duenak jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak.
1.3. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo kontratatutakoa ez dela behar bezala integratu langile taldean.
1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honen xedeko lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio.
1.5. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan jarduteko, Fiteroko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna ematearren.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendekiko, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.
Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere probaldi bat ezartzen da, bi hilabetekoa, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.7. Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:
Udalaren ondasun higiezinak, berdeguneak, bide publikoak, bideak, zerbitzuak edo jarduerak mantentzeari dagozkion eginkizunak, haien artean honako hauek nabarmenduta, baina aipatzen direnetara soilik mugatu gabe: parkeak, lorategiak eta berdeguneak garbitu, mantendu eta ureztatzea; bide publikoak, landabideak eta hiri-altzariak onik zaindu, mantendu eta garbitzea; Udalaren jabetzako erremintak eta materiala kontrolatzea; eraikinak; hilerriak mantentzea, hilerriko lanak egitea, ehorztea eta hobitik ateratzea; ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea; igeltserotzako, soldadurako, iturgintzako eta elektrizitateko konponketak egitea.
2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) B motako gidabaimena izatea.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauten bitartean ere bete beharko dira.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Fiteroko Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Fiteroko Udalaren erregistro orokorrean (San Raimundo pasealekua 11, 31593 Fitero), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak izanen dira I. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) NANaren fotokopia, edo bizileku-txartelarena zein lan-baimenarena.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.
c) B motako gidabaimenaren fotokopia.
d) Curriculum vitaea.
Agiri horiez gain, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
e) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.
4. oinarria.–Tasak.
Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 12 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES64 2100 5369 022200023393 kontuan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
Egun horretatik aurrera, eta hurrengo bost egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoren, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.
5.3. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:
–Epaimahaiburua: Miguel Aguirre Yanguas, Fiteroko Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–1. epaimahaikidea: Jose Angel Berrozpe Jiménez, Fiteroko udal brigadako arduraduna eta zerbitzu anitzetako enplegatua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–2. epaimahaikidea: Cesar Bayo García, Fiteroko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–3. epaimahaikidea: Felix Calleja Fernández, langilee ordezkari gisa. Fiteroko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–Epaimahaikide idazkaria: Jesus Lacarra Lopez, Fiteroko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Fiteroko Udaleko idazkariari hala jakinarazi, baldin gertatzen badira aplikatu beharreko araudian abstenitzeko xedaturiko arrazoiak.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko legezko arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Oposizioaren hasiera eta nondik norakoa.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:
–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Ariketa honetan erantzun beharko zaio II. eranskineko gaiei buruzko galde-sorta bati. Zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ariketa gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen da. Gehienez ere 20 puntu emanen ditu ariketa honek, eta gainditzeko gutxienez 10 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du zer denbora izanen den proba egiteko. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Galderaren bat baliogabetzen bada, guztizko puntuazioa hainbanatuko da galdera baliodunen artean.
–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Gehienez ere 70 puntu emanen ditu ariketa honek, eta gutxienez 35 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du zer denbora izanen den proba egiteko.
–Hirugarren ariketa. Elkarrizketa pertsonala. Proba izanen da epaimahaikideekin elkarrizketa bat izatea. Aurreko bi ariketak gainditzen dituztenei elkarrizketa bat eginen zaie, merezimendu, gaitasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz. Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta lanpostuaren eginkizunak, aurkeztutako merezimenduak eta II. eranskineko edukia jorratuko dira bertan. 10 puntu emanen dira, gehienez.
Oposizioaldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa burututakoan, behin-behineko kalifikazioen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean. Alegazioak aurkezteko hiru egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, bai eta hurrengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia ere.
Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak agertu beharko dira aldean dutela nortasun agiri nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokide bat. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
Epaimahaiak ezarriko du probak eta ariketak egiteko hurrenkera, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin behar diren. Epaimahaiak zehaztuko du proben gehieneko iraupena, horiek hasi baino lehen.
Oposizioaren azken kalifikazioa lortuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioak batuta.
8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta kontrataziorako izangaien zerrenda.
8.1. Gainditu dutenen zerrenda.
8.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako lan-harremanetarako.
8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.
8.1.3. Epaimahaiak puntuaziorik handiena duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio alkateari, eta proposamena loteslea izanen da harentzat. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.1.4. Proposatuak deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituen agiriak aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean.
8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko apartatuan ezarritakoa bete ondoren.
8.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Fiteroko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.
Probak gainditu dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat eratzeko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Fiteroko Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.
9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du plazaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 8.1.5 apartatuan xedatutakoari jarraikiko zaio.
10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Fiteroko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (delegadoprotecciondatos@fitero.es).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Fiteron, 2025eko abenduaren 16an.–Alkate udalburua, Miguel Aguirre Yanguas.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Hizkuntzaren, ortografiaren eta zenbakien arloetako gaitasuna.
2. gaia.–Udalerria. Kontzeptua eta funtsezko elementuak.
3. gaia.–Igeltserotzako lana. Makineria, erremintak eta materialak.
4. gaia.–Hilerriko lanak. Hilerria onik zaindu eta mantentzea. Ehorztea eta hobitik ateratzea.
5. gaia.–Zerbitzu anitzetako peoi eta langilearen eginkizunak obra batean, materialak prestatzea.
6. gaia.–Parke eta lorategiak mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak. Parkeak, lorategiak eta berdeguneak mantentzea, peoi langilearen lorezaintza-lanak.
7. gaia.–Makineria mantentzeko erremintak eta materialak, oinarrizko ezagutzak.
8. gaia.–Peoi langilearen lanak pinturan, elektrizitatean, soldaduran, iturgintzan eta eraikinak mantentzen. Materialak, erremintak eta matxurak.
9. gaia.–Fiteroko Udalerriko geografia, historia eta kultura.
10. gaia.–Babes zibila eta suteak itzaltzea, oinarrizko ezagutzak.
11. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.
12. gaia.–Lanposturako eskatzen den prestakuntzaren kultura orokorra eta ezagutzak eta gaitasun teknikoak.
Eginbide honen bidez, jasota geratzen da deialdi hau onetsi dela alkatearen 478/2025 Ebazpenaren bidez.
Iragarkiaren kodea: L2516556
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
