1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1529E/2025 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez exekuzio proiektu honi buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita: "Gas sarea eraikitzea eta RAA-E02 sarean biometanoa injektatzeko egokitzea, Valtierrako udal mugartean". Sustatzailea Nedgia Navarra da.
2025eko urriaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektatutako jarduketaren xedea da lehendik dagoen RAA-E02 sarean injektatzea biometanoa ekoizteko Biogasval SL instalaziotik datorren biometanoa, Valtierrako udal mugartean.
Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldean, f) atalean (gasbideak).
Proiektuaren deskribapena.
Nedgia Navarra SAk aurreikusita dauka lehendik dagoen RAA-E02 sarean injektatzea biometanoa ekoizteko Biogasval SL instalaziotik datorren biometanoa, Valtierrako udal mugartean.
Horretarako, gas naturalaren sarea handitu eta aireko injekzio-modulu bat instalatu behar du, biometanoa RAA-E02 banaketa-sarera injektatzeko.
Lurpeko gas-hoditeriaren trazadura berria Valtierra-Arguedas industrialdetik igaroko da oso-osorik (hiri-lurzorua).
Konexioa injekzio-modulu berrian hasiko da, zeina Valtierrako udal mugarteko 11. poligonoko 528. hiri-lurzatian kokatuko baita. Puntu horretatik, hoditeriak 33 metro inguru eginen ditu lurzatiaren barruan, eta, ondoren, handik atera eta Tutera NA-8712 errepidea gurutzatuko du. Gero, errepideko aparkaleku-eremutik 92 metro inguru eginen ditu, Valtierrako eta Arguedasko udal mugarteen arteko mugaraino. Han, Valtierrako udal mugartean dagoen RAA-E02 sarera lotuko da.
Guztira 132 metro eginen ditu, eta, memorian adierazten denez, horietatik hiru metro Valtierrako udal mugarteko Valtierra-Arguedas industrialdean dagoen NA-8712 errepidearen babes-eremuari dagozkio, 6 metro Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren zortasun eremuari (ubidea, Valtierrako udal mugartean) eta 126 metro haren zaintza-eremuari. Era berean, adierazten da ezen, proiektatutako sarearen trazadura beste zerbitzu batzuk instalatuak egon daitezkeen eremuetatik igaroko denez, kanalizazioaren behin betiko exekuzioa eginen dela han dauden zerbitzu guztien kokapen zehatza egiaztatu ondoren.
1,20 m-ko zabalerako zangak eginen dira, DN 4"-ko diametro nominala eta 3,6 mm-ko lodiera duten hodiak sartzeko. Trazaduran bi sekzionamendu-balbula instalatuko dira sarearen eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Hodia jartzeko aurreikusitako gutxieneko sakonera 1,00 m-koa izanen da, hoditeriaren goiko sortzailetik lurraren mailaraino neurtuta, proiektuaren zehaztapen teknikoen arabera.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Gasaren lurpeko hoditeriaren trazadura berria, aurreko paragrafo batean adierazi den bezala, Valtierra-Arguedas industrialdetik (hiri-lurzorua) igaroko da oso-osorik (132 m).
Proiektatutako obrak txikiak direnez eta egiaztatu denez horiei lotutako ingurumen ondorioak ez direla esanguratsuak, zerbitzu honek uste du ez dela bidezkoa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako kontsulta-fasea egitea, txosten honen esparruan.
Ez da alternatibarik planteatu, hautatutako trazaduraz aparte, injekzio-modulutik RAA-E02 sarera doan zuzeneko konexioa delako.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bidez, ebatzi du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Gas sarea eraikitzea eta RAA-E02 sarean biometanoa injektatzeko egokitzea, Valtierrako udal mugartean" izeneko exekuzio proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, txosten honetan ezarritako baldintzak betez gero.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Lurrak leheneratzean, lurzorua utzi beharko da obrak hasi aurretik zuen egoeraren antzera.
–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren soberako hondeaketa-lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
–Proiektatutako trazadura nabarmen aldatzen bada, instalatuta dauden beste zerbitzu batzuekin topo egiteagatik, zerbitzu honi jakinarazi beharko zaio.
–Beharrezkoa izanez gero Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari egoeraren baten berri ematea (obren hasiera, etab.), Tuterako Koordinazio Unitateari mezu elektroniko bat bidaliko zaio (948 847 033 edo 609 904 957, gmatudela@navarra.es).
–Ingurumen txosten hau egiten da deusetan galarazi gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko txosten eta baimen guztiak lortu behar izatea.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Tuterako basozainei eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2516580