8. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1245E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez oneste baita "Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2026ko dirulaguntzak" emateko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 876460.

Nafarroako 2025-2028 aldirako Enplegu Planean eta Nafarroako Lan Osasunaren 2022-2025eko Planean ezarritakoaren arabera, funtsezko helburua da langileen lan osasuna hobetzea eta laneko ezbeharrak murriztea. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira, besteak beste. Gaur egun Nafarroako Lan Osasunaren Plan berri bat lantzen ari da, eta helburu hori bera aurreikusten du.

Horregatik, helburu hori lortzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten da, Nafarroan lantokiak eduki eta 150 langile baino gutxiago enplegatzen dituzten enpresek inbertsioak egin ditzaten laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko, laneko ezbeharrak murrizteko.

Nafarroako Gobernuaren 2025eko abenduaren 10eko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000-97000-7709-494100: Laneko Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2026

260.000,00

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko abenduaren 18an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen xedea da besteren konturako langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea, enpresetako lan ezbeharrak murrizteko. Horretarako, bada, laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira besteren konturako langileak kontratatuta dauzkaten enpresa pribatuak, dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituztenak:

a) Enpresak inbertsio diruz lagungarriak eginak izatea edo egiteko asmoa izatea Nafarroan dauzkan eta erabiltzen hasiak dituen lantokietan; lantokiek, betiere, indarreko jarduera-lizentzia izan behar dute deialdia argitaratzen den egunean.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan. Plantilla zenbatzeko, kontuan hartuko dira enpresako langileen edo enpresa-talde osoko langileen kopurua, lantoki guztietakoak, lantokiok Nafarroako Foru Komunitatean egon ala ez.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Ez egotea betetzen edo ez edukitzea betetzeke administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik sexuagatik edo generoagatik diskriminatzailetzat jotzen diren lan-praktikak gauzatzeagatik edo onartzeagatik.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) Dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean, berdintasun plan bat edukitzea indarrean, eta inskribatua Hitzarmenen, lan-akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroan eta gordailuan, baldin eta enpresa gisa horrelako plan bat edukitzera behartuta badago, berrogeita hamar langile edo gehiago izateagatik edo, gutxiago izanda ere, hala jasota egoteagatik bere hitzarmen kolektiboan. Baldintza hori frogatzeko modua izanen da organo eskudunak emandako erregistro-egiaztagiria aurkeztea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko du hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea departamentuak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eginen du eskatzaileak eskaera-orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

3. Hauek ez dira onuradun izaten ahalko: langile autonomoak, administrazio publikoak, enpresa edo sozietate publikoak eta sektore publiko instituzionala.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira 2025eko azaroaren 3tik 2026ko urriaren 30era bitartean (biak barne) egin eta ordaindutako inbertsioak.

2. Kapital finkoko inbertsioak izan behar dute, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien behar prebentiboa enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen jarduera prebentiboaren plangintzan jasotzen bada.

Inbertsioak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

–Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak (2.1.1).

–Inbertsioak lantokietan (2.1.2).

–Lanpostuen egokitzapenak (2.1.3.).

2.1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak:

a) Segurtasun gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak erabat egokitzea uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara. Errege dekretu horretan segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dira langileek laneko ekipoak erabiltzeko.

b) Segurtasun gabeziak dituzten makinen ordez CE marka duten beste baliokide batzuk jartzea, betiere egokitzapenaren kostua makina berria eskuratzearen %40 baino handiagoa bada. Aukera horrek nahitaez makina kentzea ekarriko du.

Makinak ordeztuz gero, aurkeztutako egokitzapen-aurrekontuetako bat, gutxienez; hura egin beharko du makinen erosketa-aurrekontuak egiten dituzten enpresekin zerikusirik ez duen beste enpresaren batek.

c) Normalizatuta ez dauden obrako aldi baterako lanak egiteko aldamioak, koadro elektrikoak (obretarako multzoak (CO)) eta ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemak ordeztea UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin. Aukera horrek berekin ekarriko du ordeztutako ekipoak nahitaez kentzea.

d) Pertsonentzako igogailuak edo plataforma igotzaile mugikorrak (PEMP) eskuratzea, baldin makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren 17. atalean aipaturikoak badira.

e) Laneko makinak edo ekipoak egokitu edo eskuratzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako.

Ez dira izanen diruz lagungarriak:

–Altzariak, bulegoko osagarriak, eta ekipo eta gailu periferiko informatikoak.

–Exoeskeletoak.

f) Laneko makinak edo ekipoak egokitzea, ordeztea edo eskuratzea, edo arriskuaren jatorriari aplikatutako babes kolektiboko beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, helburu honetarako: arriskua ezabatzea Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan oinarrituta, edo osasunerako arriskutsuak diren eragile kimikoen esposizioko arriskua murriztea, bat etorriz artikulu horretako a) eta b) atalekin.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: eragile kimikoak aireratu edo hedatzea galarazten duten ekipoak erabiltzea, baita aireztapena eta erauzketa lokalizatua errazten dituztenak ere.

Agente kimiko kantzerigenoei edo mutagenoei dagokienez, zeinei aplikatzen baitzaie Langileak agente kantzerigenoekin, mutagenoekin edo erreprotoxikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko maiatzaren 12ko 665/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa, diruz lagungarria izanen da laneko makinak edo ekipoak egokitzea, ordeztea edo erostea, bai eta honako hauek eragiten dituzten prozesu edo prozeduretan aldaketak egitea ere:

–Agente kantzerigenoa edo mutagenoa arriskutsua ez den edo arrisku txikiagokoa den beste batekin ordeztea, aipatutako Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera.

–Agente kantzerigeno edo mutageno horien presentzia murriztea lan-ingurunean.

g) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei zarataren esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita zarataren murrizte teknikoa ere.

Ez dira izanen diruz lagungarriak lan metodoen antolamenduan eginiko aldaketak.

h) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei bibrazioen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen esposizioarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko azaroaren 4ko 1311/2005 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako kasu hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea bibrazio maila apalagoko beste batzuekin, ekipo lagungarriz hornitzea, hala nola bibrazioaren kontrako aulkiak edo kirtenak, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita bibrazioen murrizketa teknikoa ere.

Ez dira izanen diruz lagungarriak lan metodoen antolamenduan eginiko aldaketak.

i) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei eragile biologikoen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Lanean agente biologikoen eraginpean egotearekin zerikusia duten arriskuen aurka langileak babesteari buruzko maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren a) eta d) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: biorreaktoreak eta III. motako segurtasun biologikorako kabinak eskuratzea; erauzketa lokalizatuak edo aireztapen orokorrerako neurriak jartzea.

Ez dira izanen diruz lagungarriak:

–Lan metodoen antolamenduan eginiko aldaketak.

–Garbiketarako jarduerak eta produktuak.

–Egiturazko aldaketak, zirkuituak edo gune garbi/zikinak ezartzeko edo edukiera murrizteko helburuz.

2.1.2. Inbertsioak lantokietan:

a) Esku-hartzeak lantokietan dauden arriskuen aurrean segurtasuna eskaintzeko, bat etorriz Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinaren hurrengo apartatuetan ezarritako baldintzekin:

3. Zoruak, irekidurak eta desnibelak, eta barandak.

Ez dira diruz lagunduko ainguraketa-gailuen instalazioak (bizi-lerroak edo segurtasun-sokak eta abar).

5. Zirkulazio bideak.

6. Ateak eta atetzarrak.

Atetzarrak ordeztea diruz lagunduko da, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: ate berriak CE marka badu, aplikatzekoa den araudia betetzen badu eta egokitze-kostuak eskuratze-kostuaren %40 gainditzen badu.

7. Arrapalak, eskailera finkoak eta zerbitzukoak.

8. Eskala finkoak.

Eskala finkoak jartzea diruz lagunduko da, baldin eta horiek erabili bitartean altueran erorikoen arriskua kontrolatuta badago ainguratze lerroaren gainean (zurruna edo malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakorra jarriz.

Ainguratze lerro zurrunaren gaineko erorikoen aurkako gailu lerrakorrak eskala finkoetan jartzea, UNE-EN 353-1:2014+A1:2017 arauaren arabera, edo ainguratze lerro malguaren gainean, UNE-EN 353-2:2002 arauaren arabera.

Ez dira izanen diruz lagungarriak:

–Eskala finkoetan jarritako gailuak, baldin eta, osotara, 16 metrotik gorako altuera diferentziak gainditzen badituzte.

–Erorikoen aurkako sistemen gainerako osagaiak (arnesak, lotzeko elementuak eta abar).

b) Esku-hartzeak lantoki itxietan giro termikoa hobetzeko, apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren III. eranskineko 3.a) (tenperatura), 3.b) (hezetasun erlatiboa) eta 3.c) (aire-korronteak) ataletan ezarritako baldintzen arabera.

–Diruz lagungarriak izanen dira klimatizazio-sistemak, foku erradiatzaile handien pantailak, eraikinen erresistentzia termikoa handitzea eta antzeko jarduerak.

–Ez dira diruz lagunduko lantoki bereko beste lanpostu batzuena baino arrisku-maila txikiagoa duten lanpostuetako esku-hartzeak, baldin eta horietarako esku-hartze proposamenik aurkezten ez bada dirulaguntzen deialdi honetan.

–Ez da izanen diruz lagungarria leihoak ordeztea.

Esku-hartzeak lokaletako airearen gutxieneko berriztapena ziurtatzeko, III. eranskineko 3.d) atalean ezarritakoaren arabera.

–Ez dira izanen diruz lagungarriak CO2 neurgailuak eta airea arazteko sistemak.

c) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira, altuerako erorikoen arriskuagatik.

Estalkia aldatzea ez da izanen diruz lagungarria, baldin eta ez bada bermatzen altuerako erorikoen arriskutik babestea estalki gainera sartzen den edonor. Aurkezten den dokumentazioak (proiektu edo memoria teknikoa) jasoko du inbertsioa gauzatu ondoren –hots, estalki berrirako– zer babes-neurri dauden erorikoen aurka, dela apurtzeagatik ez erortzeko, dela ertzetik ez erortzeko, estalkira sartzean nahiz estalki gainean egon bitartean.

d) Amiantoa duten materialen ordez substantzia hori ez duten beste material batzuk jartzea, amianto-zuntzen eraginpean egoteko arriskuagatik. Inbertsioa diruz lagungarria izateko, RERAn izena emanda dagoen enpresa batek egin beharko ditu amiantoa kentzeko, garbitzeko, eta amiantoarekiko esposizio-arriskua daukaten beste lan batzuk (martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat). Lan horiek lan agintaritzak onetsitako lan-plana izanen dute. Hona hemen diruz lagungarriak diren materialak:

–Zuntz-zementuzko estalkiak, baldin eta hura ordezkatzeak ez badakar azalera edo bolumena handitzea.

–Erretenak, zorrotenak, andelak edo apaingarriak ez diren beste elementu batzuk, bai eta plakak ere estalkiak ez diren tokietan, baldin eta horiek ordezteak ez badakar sistemaren edukiera nabarmen handitzea. Elementu horiek ordeztea diruz lagungarria izan dadin, kendu beharreko elementuek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute gutxienez: langileek eskuz eskuratu ahal izatea edo ingurunera zuntzak askatzeko gaitasuna izatea.

Estalkia aldatzea ez da izanen diruz lagungarria, baldin eta ez bada bermatzen altuerako erorikoen arriskutik babestea estalki gainera sartzen den edonor. Aurkezten den dokumentazioak (proiektu edo memoria teknikoa) jasoko du inbertsioa gauzatu ondoren –hots, estalki berrirako– zer babes-neurri dauden erorikoen aurka, dela apurtzeagatik ez erortzeko, dela ertzetik ez erortzeko, estalkira sartzean nahiz estalki gainean egon bitartean.

e) Lantokietako esku-hartzeak kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean, langileei segurtasuna emateko.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema edo gailu batzuk paratzea; pantailak edo bideozaintzarako sistemak paratzea; itxarotea kudeatzeko sistemak; sarrerak blokeatzeko sistemak; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ateak, atakak, manparak eta mostradoreak paratzea; irteera bikoitza gehitzea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; sakagailuak eta erasoen aurkako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, etab.) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea).

Bideozaintzarako sistemen instalazioa eta hartutako irudien erabilera indarrean dagoen araudiari egokituko zaizkio.

f) Lantokietako esku-hartzeak, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzeko arriskua murrizteko.

Ez dira izanen diruz lagungarriak:

–Garraiobideen barnean eginiko esku-hartzeak.

–Zama-kaiak handitzeko eta/edo birmoldatzeko obra zibileko lanak, zoladurak egin eta/edo konpontzeko lanak zelaietan eta barneko zein kanpoko zirkulazio-bideetan, salbu eta zirkulazioan dauden ibilgailuek kolpekatu edo harrapatzeko arriskua zuzenean saihesteko lanak.

g) Lantokietan aldagelak egokitzeko esku-hartzea, igarotze-egoeran dauden pertsonek erabil ditzaten errazteko. Helburua da prebenitzea edo mugatzea transexualen kolektiboko pertsonek sexu-identitateari lotuta izan ditzaketen arrisku psikosozialak, eta lantokian ez gertatzea lan-jazarpeneko egoerak edo diskriminazio-jokabideak sexu-orientazioa, sexu-identitatea eta genero-adierazpena direla eta.

2.1.3. Lanpostuen egokitzapenak amatasunerako arriskurik ez duten lanpostuak izateko, haurdunaldia eta edoskitze naturala babesteko irizpide prebentiboekin eginak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluaren arabera.

3. Ez dira izanen diruz lagungarriak:

h) Norbera babesteko ekipamenduak.

i) Konponketak, prestaketak eta/edo mantentze-lanik ez egitearen ondoriozko jarduerak.

j) Lantokietako obra berriak, handitzeak edo eraldaketak. Eraldaketen barnean, berariaz sartzen da lantokiari beste erabilera bat ematea, haren jatorrizko diseinuari zegokionaz bestelakoa.

k) Arintzat eta onargarritzat (edo baliokidetzat) baloratutako arriskuak desagerrarazi, murriztu eta/edo kontrolatzeko helburua duten jarduketak. Salbuespena da 3.2 oinarriaren 2.1.2.e) atalean aipatzen den gastu diruz lagungarria, eraso fisikoei dagokienez.

l) Atzemandako arriskuak desagerrarazteko edo maila arin edo onargarri batera murrizteko eragin zuzenik ez duten inbertsioak (hobekuntzak, aldaketak, eraberritzeak, etab.).

4. Inbertsio diruz lagungarritzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriaren %25 emanen da, BEZa kanpo, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen urteko eta onuradun bakoitzeko.

2. Dirulaguntza %30ekoa izanen da, aurreko ataleko muga errespetatuta, honako kasu hauetan:

a) Enpresak honako neurri hauetako bat, gutxienez, hartu badu, sexuan oinarritutako laneko edozein diskriminazio mota, zuzena zein zeharkakoa, saihesteko:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat negoziatu eta onetsi izana, nahiz eta legez ez egon horretara behartua. Berdintasun planak inskribatuta egon behar du Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroan.

–Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratu izana, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik ("Berdintasuna enpresan" bereizgarria –DIE– edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", etab.). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

–"Protokoloa, lan-eremuan sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-askatasunaren eta osotasun moralaren aurkako beste jokabide batzuk prebenitzekoa eta haien aurrean jardutekoa" deritzona onetsi eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroan gordailutu izana, bat etorriz https://www.igualdadenlaempresa.es/ helbidean dagoen eredu orientagarriko gutxieneko edukiarekin.

Protokoloa enpresako langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta adostu beharko da, halakorik ez badago izan ezik; kasu horretan, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoaren arabera horretarako eratutako batzorde batekin negoziatu eta adostu beharko da. Batzorde hori gutxienez 3 pertsonak osatuko dute.

–Genero-ikuspegia txertatu izana enpresako laneko arriskuen prebentzioan eta lan-osasunean, arriskuen ebaluazioaren eta prebentzio-plangintzaren edukia sexu bakoitzaren ezaugarri bereizietara egokituz. Arrisku psikosozialen azterketa bat ere aurkeztu beharko da, zeina eginen baitute genero-ikuspegia kontuan hartzen duen laneko arriskuen prebentzioan 10 orduko prestakuntza egiaztagarria, gutxienez, duten teknikariek.

b) Onuraduna lehentasunezko elkartea dela edo lehentasunezko elkarte baten barnean dagoela aitorturik badago, Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea aplikatuz.

c) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira 3.2 oinarriko 2.1.2.e atalean aipatzen den kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean segurtasuna emateko, laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

d) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzeko arriskua murrizteko (3.2 oinarriko 2.1.2.f atala), laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

e) Baldin enpresa onuradunak parte hartu badu prebentzioko lurralde delegatuaren bisita-programan, azken hiru urteetako deialdiren batean.

f) InnovaRSE edo TAMIRSE zigilua lortu badu metodologiaren edozein fasetan, azken bost urteetan, betiere enpresa berak ez badu fase bereko zigilua aurkeztu dirulaguntza honen aurreko deialdiren batean, 4.2 oinarrian araututako emakidaren zenbatekoaren gehikuntzari heltzeko.

g) Eskaera aurkezten duen egunean, enpresak hautatu duen prebentzio modalitatea prebentzio zerbitzu mankomunatua bada, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Prebentzio zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 21. artikuluan.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 260.000 euro gehituz. Gehikuntza hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko otsailaren 2an irekiko da, eta martxoaren 31n bukatuko, egun horiek barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera; esate baterako: "memoria", "aurrekontuak", etab.). Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Memoria:

Inbertsio proiektuaren memoria. Bertan honako datu hauek agertu behar dira: enpresaren identifikazioa, jardueraren deskribapena, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko erreferentziako pertsonaren izena eta harremanetarako helbidea.

Laguntzen fitxan zehaztuko da memoriak zer atal izan beharko dituen nahitaez.

b) Inbertsio mota bakoitzerako aurkeztu beharreko berariazko dokumentazio beharrezkoa laguntzen fitxan adierazitakoa izanen da.

c) Dokumentu bat, langileen ordezkariak (ordezkaritzarik bada) dirulaguntzaren xede diren prebentziozko neurriak hartzearekin ados daudela egiaztatzen duena.

d) Proiektuaren kostuaren aurrekontu xehatua (edo proformako faktura). Laneko ekipoak eskuratzen badira, aurrekontuan agertu beharko dira erosiko den objektua eta aplikatu beharreko araudia (marka, eredua, UNEa, elementu bakoitzaren mota, CE marka...).

e) Oinarri arautzaileen 4.2 puntuan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko ziurtagiriak.

f) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren kostuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunen erosketan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Kasu hauetan, ez da arestian aipatutakoa bete beharko:

–Gastu diruz lagungarriak egin badira izaera bereziko edo espezializatuko ondasun edo zerbitzuak eskuratzeko, eta merkatuan ez badago ondasun edo zerbitzu horiek baldintza baliokideetan eman edo eman ditzakeen entitate bat baino gehiago.

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hala bada, eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira hasiera batez, baina 9.3 oinarrian xedatutakoari itxoinen zaio.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunari, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Egin eta ordaindu den inbertsioa justifikatzeko epea 2026ko urriaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

Inbertsioaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, justifikatu gabeko laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematika bidez aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak zerrendaturik. Memoria horretan enpresaren webgunerako esteka bat sartu beharko da, 9.1.e) oinarrian adierazitako publizitate betebeharra betetzen dela ikusteko, edo informazio kartelaren argazkia enpresaren iragarki-taulan.

b) Egindako gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten dokumentuak.

c) Inbertsio mota bakoitzerako berariazko frogagiriak, laguntzen fitxan adierazten direnak.

d) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta bertan agertu behar dira hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri dela, errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula eta eragiketaren BEZ osoa ordaindu dela justifikatzen duen agiria.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako inbertsioa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, 10.2 oinarrian adierazitako betebeharra.

d) Dirulaguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea ematea, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2025eko deialdian".

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Azkenean gauzatutako eta justifikatutako inbertsioen zenbatekoa emandako zenbatekoen %70 baino txikiagoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.

3. Zenbatekoak askatzen badira dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izanagatik –onuradunen batek uko egitea edo justifikatutako gastua txikiagoa izatea–, zenbateko horiek, lehenik eta behin, erabiliko dira aldeko irizpena izan bai, baina aurrekontuko kreditua agortzeagatik laguntzaren zenbateko osoa jaso gabe geratu zen azken eskatzailearen laguntza osatzeko.

Hori eginda, hala ere, kreditu erabilgarririk badago oraindik, edo funts gehiago askatzen badira, dirulaguntza ematen duen organoak honako hauei emanen die dirulaguntza: aurrekontua agortzeagatik hasiera batean ezetsi egin ziren enpresen eskaerei, aurkeztutako ordenaren arabera.

Horretarako, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak interesdunei jakinaraziko die, legez ezarritako edozein bide erabiliz, kreditua erabilgarri dagoela, eta hamar eguneko epea emanen die inbertsioa justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko, 9.1 oinarrian xedatutakoaren arabera.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztua izatea.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa dirulaguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko dizkio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean betiere.

11. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2516921