Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZKOIEN
EPEA IREKITZEA, Nafarroako Gobernuak hainbat sektoretako teknologia aurreratuko enpresentzat Longhua-Shenzhen barrutira (Txina) antolatzen duen enpresa-misioan parte hartzea eskatzeko.
Oposizio-lehiaketa, arkitekto teknikoaren plaza bat betetzeko
Alkatetzak 2026ko martxoaren 26an emandako ebazpen baten bidez, honako deialdi honen oinarriak onetsi ziren: deialdia, Azkoiengo Udaleko arkitekto teknikoaren plaza bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean.
Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azkoienen, 2026ko martxoaren 26an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.
DEIALDIA, AZKOIENGO UDALEKO ARKITEKTO TEKNIKOAREN PLAZA BAT BEHIN BETIKO BETETZEKO, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ETA FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez behin betiko betetzea arkitekto teknikoaren plaza bat, funtzionarioen araubidekoa. Lanpostuak 6-10 zenbakia du Azkoiengo Udalaren plantilla organikoan, eta destinoa, Azkoiengo Udalaren Obra eta Zerbitzuen Alorrean.
1.2. Halaber, deialdi honen bidez, zerrenda bat osatu nahi da, sartzeko hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratuak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat.
1.3. Prozesua gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena), ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak, bai eta Azkoiengo Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako lansari osagarriak ere.
1.5. Urteko lanaldia izanen da bulego orokorretako gainerako langileek duten bera, eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.6. Bete beharreko eginkizunak izanen dira I. eranskinean adierazitakoak, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe; besteak beste, honako hauek:
Koordinatzea eta gainbegiratzea Udalak eta udal zerbitzuek kontrataturiko obrak.
Laguntzea alorreko obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioan eta lizitazio publikoan, behar diren txosten teknikoak eginez.
Kudeatzea Udalaren instalazio eta eraikinen mantentze prebentiboa, prediktiboa eta zuzentzailea.
Dokumentazio teknikoa prestatzea dirulaguntzak eskatzeko.
1.7. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Azkoiengo Udaleko funtzionario bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Edukitzea arkitektura teknikoaren unibertsitate titulua edo arkitekto tekniko gisa aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitateko gradu titulua, edo balio berekotzat hartzen den unibertsitateko beste titulu bat, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) 43,80 euroko tasa ordaintzea, Oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarri bezala.
2.2. Plaza eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honen 3. eta 7. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai eta hautapen-prozesuak iraun bitartean eta kontratua egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Azkoiengo Udalaren erregistro elektronikoan (https://peralta.sedelectronica.es), horretarako sortutako izapidearen bidez.
Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, ORVE delakoa baliatuz bidaliko da (Erregistro Birtual Elektronikoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01312021.
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute deialdiari dagokion izapidean jasotako ereduarekin, peralta.sedelectronica.es helbideko "Administración General: Recursos Humanos" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
–Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
–2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
–Tasa ordaindu izanaren frogagiria (izapidean sartutako ordainketa-pasabidearen bidez).
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.6. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, hala aditzera eman beharko dute eskabidean, eta adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Era berean, erantsi beharko dute organo eskudunak emandako egiaztagiri bat, hori frogatzeko.
3.7. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan, zeina baitago Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun-atarian, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency/90984f06-3823-41af-a325-8fdb97e52f02/).
4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, halakorik egin badute.
4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es).
4.4. Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan, zeina baitago Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun-atarian, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/transparency/90984f06-3823-41af-a325-8fdb97e52f02/).
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Azkoiengo Udaleko lehen alkateordea.
Epaimahaikidea: Laura Irigoyen Azpilicueta, Mairagako Mankomunitateko teknikaria. Ordezkoa: Teresa Arriazu Delmas, Eder Partzuergoko arkitektoa.
Epaimahaikidea: Begoña Anaya Aranzubía, arkitekto teknikoa, Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofizialak izendatua. Ordezkoa: Ana Asensio Olaso, arkitekto teknikoa, Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofizialak izendatua.
Epaimahaikidea: David Echeverria Irigaray, langileen ordezkariek izendatua. Ordezkoa: Maite Caspe Garrido, langileen ordezkariek izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Miguel Chivite Cabezuelo, Azkoiengo Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.
Oposizioa 2026ko maiatzetik aurrera hasiko da.
6.2. Lehiaketaldia: gehienez 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:
a) Laneko eskarmentua (15 puntu gehienez):
1. Zerbitzuak eman izana arkitekto teknikoaren lanetan, tokiko administrazio batean, deialdiko plazaren berezko eginkizunetan eta kategoria berean: 5 puntu urte oso bakoitzeko.
2. Zerbitzuak eman izana arkitekto teknikoaren lanetan, edozein administrazio publikotan, deialdiko plazaren berezko eginkizunetan eta kategoria berean: 2 puntu urte oso bakoitzeko.
3. Zerbitzuak eman izana arkitekto teknikoaren lanetan, enpresa pribatuetan edo norberaren kontura eta lanbidean libreki arituz, deialdiko plazaren berezko eginkizunetan eta kategoria berean: 1 puntu urte oso bakoitzeko.
Oharrak:
–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
–Hori frogatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, dagokion administrazio publikoko edo enpresako organo eskudunak emana; bertan, berariaz jaso beharko da zer eginkizun bete diren eta zer iraupen izan duen emandako zerbitzuak. Enpresa pribatuen kasuan, justifikatzen ahalko da zuzenbidean onarturiko edozein frogabide baliatuz, baldin eta lanpostuaren eginkizunak eta lan-harremanaren iraupena justifikatzen badu.
–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.
b) Beste merezimendu batzuk (15 puntu gehienez).
1. Izateagatik 2. puntuan eskatutakoak baino goragoko tituluak, zerikusia dutenak mantentze-lanekin eta energia-efizientziarekin, ez badira aurkeztu prozesuan sartzeko baldintza gisa: 5 puntu.
2. Izangaiek eginiko prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroengatik, zentro ofizialek edo erakunde publikoek homologatuak edo emandakoak, ikasle edo irakasle gisa, zuzeneko lotura dutenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin, horietako bakoitza honela baloratuko dira: Ikastaroak: 0,05 puntu, ikastordu bakoitzeko. Honelako baliokidetasuna ezarri da: kreditu 1 = 10 ordu. Ez da baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastarorik.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa, 4.6 oinarrian adierazitako bitartekoen bidez. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 14:30era, edo Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz, eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
6.3. Oposizioaldia. Gehienez 70 puntu lortzen ahalko dira, eta ariketa hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma (urdina edo beltza) edo arkatza ez bada.
Ariketa honengatik gehienez 25 puntu emanen dira, eta gutxienez 12 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. 50 galdera izanen ditu. Galdera guztiek balio bera izanen dute (0,5 puntu) eta 0,15 puntu kenduko dira oker emandako erantzunengatik.
Plika itxien sistema erabiliko da ariketa teoriko horretan. Epaimahaiak proba kalifikatuko du, eta bukatutakoan jendaurrean irekiko ditu plikak. Haietan azaltzen den hautagai bakoitzari dagokion puntuazioa esleituko dio. Parte-hartzaileak ekitaldi horretara joaten ahalko dira.
6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Proba teoriko-praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, lanpostuan bete beharreko zerbitzuekin lotuta; epaimahaiak gaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.
Ariketa honetan 35 puntu lortzen ahalko dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 17 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.3. Hirugarren proba: Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat ahoz defendatzea.
Aurreko bi ariketetan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenek eginen dute ariketa hau.
Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: ahozko adierazpena, alderdi garrantzitsuak laburtzeko gaitasuna, ideiak argi adierazteko eta ordenatzeko gaitasuna, eta izangaiaren ekarpen pertsonala.
Defentsa bukatuta, epaimahaiak kasu horren edukiari buruzko argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari.
Epaimahaiak bigarren ariketa egin den lokalean iragarriko du defentsaren hasiera, 4.6 oinarrian adierazitako bitartekoak erabiliz, gutxienez hogeita lau ordu lehenago.
Ariketa horrek 0 eta 10 puntu arteko kalifikazioa izanen du, eta ez da baztertzailea izanen.
Epaimahaiak ariketa hori grabatzen ahalko du, defentsa baloratu eta zuzentzeko, eta bermatzeko zuzenketarekin ados ez dauden izangaien benetako babes judizialerako eskubidea. Probaren ahots-grabazioak dakarren datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, deialdiaren 10. oinarria kontsulta daiteke.
6.3.4. Epaimahaiak zehaztuko du probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duen ere, betiere haien edukiaren arabera.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Epaimahaiak argitara emanen ditu oposizioko ariketa bakoitzean lortutako behin-behineko emaitzak, 4.6 oinarrian ezarritako bitartekoen bidez. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 14:30era, edo Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz, eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
Alegaziorik aurkeztuz gero, epaimahaiak ebatzi eginen ditu, eta ondoren, eta bitarteko berberak erabilita, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko emaitzak behin betikotzat joko dira.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, 4.6 oinarrian ezarritako bitartekoen bidez, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori loteslea izanen da eta bitarteko berberen bidez argitaratuko da.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehen ariketan puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak bere horretan jarraituz gero, hirugarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde eginen da; eta, hala ere berdinketa izanez gero, izangai zaharrenaren alde.
7.2. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean, baldin lehenago aurkeztu ez badira; zehazki, honako hauek:
a) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak. Ziurtagiri hori Udalak eskatuko dio bere Osasunaren Prebentzio eta Zaintza Zerbitzuari.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargoko kide izatearen egiaztagiria.
c) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo lanposturako gai ez bada, ez da izendatuko, eta jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrek ez du galaraziko eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Azkoiengo Udaleko lan-kontratudun finko, jardun dezan Obra eta Zerbitzuetako enplegatuaren lanpostuan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8,3. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean hartuko du plazaren jabetza hautatutako izangaiak, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Oinarri hauetan araututako oposizioa egin eta gero eratzen den zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (814/2010 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena).
Aldi baterako kontratazioa formalizatzeko, dei egin zaion izangaiari eskatuko zaio bete dezala elkargo ofizialeko kide izateko baldintza, 7.2.c) oinarrian jasoa.
10.–Datuen babesa.
Azkoiengo Udala da parte-hartzaileengandik biltzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, eta erabiliko ditu deialdia kudeatzeko eta lanpostuak betetzeko.
Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri legitimoa hauxe da: legezko betebeharra (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.c) artikulua), abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin loturik (legegintzako foru dekretu horrek hizpide du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua) eta Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
Datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala. Beste kasu batzuetan ere komunika daitezke datuak, betiere baldin oinarriturik badaude Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6. artikuluko kasuren batean.
Ahozko probako ahots-grabazioari dagokionez, horren helburua izanen da lagungarri gisa erabiltzea kasu praktikoen defentsa baloratu eta zuzentzeko, bai eta zuzenketarekin ados ez dauden izangaien benetako babes judizialerako eskubidea bermatzea ere. Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria da interes publikoaren aldeko misio bat betetzea (Datuak Babesteko Europako Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua), hautapeneko edo administrazioko prozeduraren esparruan, bermatzeko administrazio-jarduketaren gardentasuna eta motibazioa, funtzio publikoan berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzetan sartzeko oinarrizko eskubideari dagokionez (Konstituzioaren 23.2 artikulua). Prozesua bukatu arte gordeko dira grabazioak, eta erreklamazio-epeak iragandakoan ezabatuko.
Parte-hartzaileek eskubidea dute datuetara iristeko, datu horiek zuzentzeko, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Azkoiengo Udalera (Plaza Principal z.g., 31350 Azkoien) egoitza elektronikoaren bidez (https://peralta.sedelectronica.es/) edo baliatu beharko dute datuen babeserako arduradunaren posta elektronikoa (dpd@aytoperalta.com). Era berean, erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetan: www.agpd.es. Edo aldez aurretik aurkez dezakete datuen babeserako arduradunari zuzenduta, lehen adierazitako helbidean.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–EGINKIZUNAK
Udalaren obra eta zerbitzuak koordinatuko eta gainbegiratuko ditu. Zeregin horien artean honako eginkizun hauek daude, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Txostenak, aktak, errekerimenduak edo bestelako agiriak prestatzea, Udalaren eskumeneko zerbitzu publikoen funtzionamenduari, kudeaketari eta egoerari buruz, zerbitzuok zuzenean kudeaturikoak izan (lantaldearen bidez) nahiz zeharka kudeaturikoak izan (adibidez, garbiketa, kirol-instalazioen kudeaketa).
–Obra eta zerbitzuetako lantaldeak egin beharreko lana planifikatzea eta programatzea, arduradun nagusiarekin eta hirigintza-arloko arduradunarekin batera eta haiekin koordinatuta, jarduketen beharraren eta lehentasunaren arabera eta plantillaren prestasunaren arabera.
–Udalaren laneko arriskuen prebentzioaren koordinatzaile aritzea.
–Udalak sustatzen dituen urbanizazio eta eraikuntza obren proiektuak betetzen direla aztertzea, ikuskatzea eta exijitzea, bai eta altzarien eta instalazioen mantentze eta ordezte lanak ere.
–Instalazioetan sartzen diren hornitzaileen enpresa-jarduerak koordinatzea; horretan, lagunduko dute alor bakoitzeko teknikariek edo kontratazioaren arduradunek.
–Memoria teknikoak prestatzea Udalak egin beharreko obra eta lanei buruz, horiek arkitekto teknikoaren eskumenekoak direnean, eta egitea obra eta lan horien balorazioak, neurketak, zuzendaritza teknikoa eta gauzatzearen eta bukaeraren egiaztapena (zuinketa-aktak, exekuzioa, ziurtagiriak, obra-bukaera, aldaketak, etab.).
–Instalazio, eraikin edo zerbitzuetako kalteen eta hondatzeen gaineko txostenak, zehapen-espedienteak hasteko eta kalteen erreklamazioak egiteko.
–Zerbitzu publikoaren funtzionamenduari eta egoerari buruzko txostenak, ondare-erantzukizuneko espedienteetan.
–Teknikari gisa parte hartzea zerbitzu anitzetako (igeltserotza, lorezaintza, elektrizitatea, etab.) lantaldeko langileak kontratatzeko hautaprobetan; oinarriak prestatzen lagunduko du eta hautaketa-epaimahaietako kide izanen da.
–Udal honi laguntza teknikoa eta aholkularitza ematea bere lanbideari oro har dagozkion gaietan.
–Joatea koordinazio-bileretara, hirigintza-batzordearen bileretara eta energia-efizientziako eta laneko arriskuen prebentzioko plan estrategikoari buruzko bileretara, beharrezkoa denean.
– Obra eta Zerbitzuetako Alorraren aurrekontua kudeatzea.
–Erantzukizunpeko adierazpenari lotutako obra txikiak ikuskatzeko jarduketei buruzko txostenak.
Kudeatzea Udalaren instalazio eta eraikinen mantentze prebentiboa, prediktiboa eta zuzentzailea. Zeregin horien artean honako eginkizun hauek daude, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Plan bat egitea eta ezartzea Udalaren eraikin eta instalazio guztiak mantentzeko eta legeztatzeko. Zerbitzu honek berekin ekarriko du egiaztatzea eta kudeatzea eraikin eta instalazioak legeztaturik daudela eta beharrezko konponketa eta inbertsioak egiten direla (kontrol-erakunde baimenduak, erregistro ofizialetako inskripzioa, legionellosi plana, energia-efizientzia, etab.); halaber, horretarako behar diren kanpo-kontratazioko proposamenak eginen ditu.
–Behar diren ekintza zuzentzaileak proposatzea, eta plana antolatzea instalazio elektrikoen mantentze-lanetan eta homologazioan esku hartzeko eta horiek kontrolatzeko.
Laguntzea alorreko obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioan eta lizitazio publikoan. Zeregin horien artean honako eginkizun hauek daude, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Enpresa eta profesionalei aurrekontuak eskatzea haren eskumenekin zerikusia duten obrak, zerbitzuak eta hornidurak egiteko, baloratu eta organo eskudunari igortzeko, kontrata ditzan.
–Memoriak eta proiektuak egiteko eskaintza teknikoak kudeatzea beste teknikari batzuen (arkitektoak, ingeniariak) eskumeneko udal obra eta zerbitzuetarako. Zeregin honetan, kontratatzeko beharren berri igorriko die profesional eskudunei, aurrekontuak aurkez ditzaten.
–Kontratazioetarako baldintza-agiriak idazteko laguntza teknikoa, bere eskumeneko gaietan; horretarako beharrezkoak diren aurretiazko txostenak eginen ditu.
Laguntza ematea alorrari dagozkion dirulaguntzak eskatzeko. Zeregin horien artean honako eginkizun hauek daude, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Behar den dokumentazio teknikoa prestatzea (memoriak, planoak, etab.), bere eskumeneko gaietan dirulaguntzak eskatzeko eta justifikatzeko.
–Eta, oro har, arestian azaldutakoen gisako lan guztiak egitea, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta haren gain utzitakoak.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Gai-zerrenda orokorra.
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua; I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak; IV. titulua. Gobernua eta Administrazioa; VIII. titulua. Estatuaren lurralde antolaketa: Lehenengo kapitulua. Printzipio orokorrak, bigarren kapitulua. Toki administrazioa.
2.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua. II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak; I. titulua Toki erakundeen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak; III. kapitulua. Nafarroako toki-korporazioetako kideak; II. titulua: Administrazioen arteko harremanak; III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea; IV. titulua: Nafarroako toki-erakundeen ondasunak: I. kapitulua. Ondasunak, oro har: 1. atala: Xedapen orokorrak, 2. atala: Kalifikazio juridikoa. Aldaketa. Atxikipena. Eta 3. atala: Eskurapena; V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak: I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. II. kapitulua. Zerbitzu publikoak, IV. kapitulua. Tokiko herri-lanak. VI. titulua. Kontratazioa; VII. titulua. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak: I. kapitulua, xedapen erkideak.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Udalerria.
5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: II. titulua. Toki erakundeen beharrezko antolaketa. I. kapitulua. Udalerriak.
6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
7.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua, I., II., III., IV. eta V. kapituluak.
8.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Atariko titulua eta I. titulua.
9.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.
10.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua.–Xedapen orokorrak; II. titulua. Funtzionario publikoak: VII. kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak.
11.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua. Datu babesaren printzipioak eta III. titulua. pertsonen eskubideak.
12.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Gardentasuna: III. kapitulua. Publizitate aktiboa; III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua. Arau orokorrak eta II. kapitulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.
13.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema: 12. artikulua; III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.
Gai-zerrenda espezifikoa.
14.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Xedea, esparrua eta definizioak. Langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrak. Prebentzio zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea. Erantzukizunak eta zehapenak.
15.–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Eraikingintzaren betekizun teknikoak eta administratiboak. Eraikingintzaren agenteak. Erantzukizunak eta bermeak.
16.–32/2006 Legea, urriaren 18koa, Eraikuntza Sektoreko Azpikontratazioa arautzen duena. Legearen xedea eta aplikazio-eremua eta definizioak. Eraikuntza sektoreko azpikontratazioari buruzko arau orokorrak.
17.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Lurzoruaren sailkapena, Hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren araubidea, Lurzatiketak eta birzatiketak. Hirigintzako lizentziak: kontzeptua. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumena eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungitze-data.
18.–513/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, Suteen kontra Babesteko Instalazioen Erregelamendua onesten duena: xedapen orokorrak. Suteen kontra babesteko produktuak. Enpresa instalatzaileak eta mantentze-lanetakoak. Instalatzea, zerbitzuan jartzea eta mantentze-lanak egitea. Aldizkako ikuskapenak. I. eranskina. Suteen kontrako ekipamendu eta sistemen ezaugarriak eta instalazioa.
19.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. I. zatia.
20.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Energia aurrezteko oinarrizko agiria (DB-HE).
21.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Zaratatik babesteko oinarrizko agiria (DB-HR).
22.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Osasungarritasunaren oinarrizko agiria (DB-HS).
23.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Suteetarako oinarrizko segurtasun agiria (DB-SI).
24.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Erabilerari eta irisgarritasunari buruzko oinarrizko segurtasun agiria (DB-SUA).
25.–Obra baten antolaketa. Antolaketa motak. Denboraren eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Obra egikaritzeko plana. Neurketak eta aurrekontuak. Egikaritze materialaren aurrekontua. Kontrataren aurrekontua. Guztirako aurrekontua. Ziurtagiriak.
26.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, Eraikuntza Lanetako Segurtasunari eta Osasunari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak. Laneko segurtasun eta osasun plana. Obra gauzatzen den bitartean, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Lanak etetea. Langileen eskubideak.
27.–390/2021 Errege Dekretua, ekainaren 1ekoa, eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenaren oinarrizko prozedura onesten duena. 199/2013 Foru agindua, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatzen duena.
28.–Uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen. Eranskina.
29.–Azkoiengo Udal Plan Orokorra (2017ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 15ekoa eta 2017ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 7koa): Eraikingintza ordenantza. Urbanizazio ordenantza.
30.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena, eta 26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.
31.–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena.
32.–108/2014 Foru Dekretua, azaroaren 12koa, eraikinen ebaluazio txostena arautzen duena.
33.–Udal ordenantzak:
- 33.1. Azkoiengo bide publikoaren gaineko udal ordenantza. 2002ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 17koa.
- 32.2. Piperoen udal ordenantza. 2005eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa.
- 33.3. Terrazak eta beladoreak bide publikoan paratzea arautzen duen ordenantza. 2020ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa.
- 33.4. Eraikinak eta orubeak zaintzeko betebeharrak arautzen dituen ordenantza. 2005eko 78. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 1ekoa.
- 33.5. Udal ordenantza, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta bide publikoa aparkaleku esklusiborako edo edozein salgairen zamalanetarako erreserbatzeko. Ordenantzerako esteka: https://peralta.sedelectronica.es/transparency/73cbc182-df58-427e-a72c-7eb03c735e59/.
- 33.6. Urbanizazio ordenantza. 2017ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 7koa.
Oharra: Deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Iragarkiaren kodea: L2604775
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
