77. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA, Nafarroako Gobernuak hainbat sektoretako teknologia aurreratuko enpresentzat Longhua-Shenzhen barrutira (Txina) antolatzen duen enpresa-misioan parte hartzea eskatzeko.

Misioa 2026ko ekainaren 24tik 26ra arteko astean izanen da.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Txina da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta bereziki garrantzitsuak dira industria-sektorearentzat eskaintzen dituen aukerak.

Txinak bigarren postua du munduko ekonomien artean gaur egun, eta bigarrena da, orobat, herrialde populatuenen artean, munduko biztanleen %17,2 baitu. Inoiz ikusi gabeko eraldaketa ekonomikoa izan du, eta merkataritza elektronikoko merkatu nagusia da munduan. Ekonomia globalean hala integraturik, merkatu erraldoi eta dinamikoa bilakatu da, eta funtsezkoa da enpresak nazioartekotzeko edozein estrategiatan.

Longhua barrutia Shenzhengo erdigune geografikoan eta hiri-garapeneko ardatz nagusian dago, Guangdong probintzian, Txinako hegoaldean. Lurraldez 175 km² ditu, eta 2,5 milioi biztanle baino gehiago; hala, barrutia funtsezkoa da Shenzhen barnean. Hiriari "Txinako Silicon Valley" ere esaten diote, eta bertan milioi bat enpresa baino gehiago dago, hala enpresa txiki eta ertainak nola erraldoi globalak, eta berrikuntza eta teknologia hain daude nagusiturik, non sektore horiek per capita errentaren %40 egiten baitute.

"Hardwarearen munduko hiriburua" da bi oinarriri esker: batetik, hornidura-kate elektroniko erraldoia du eta, bestetik, liderra da zenbait sektore estrategikotan, hala nola telekomunikazioetan, bioteknologian eta energia berriztagarrietan. Gainera kokapen estrategikoa du, Hong Kongen ondoan, eta, hori dela eta, funtsezko nodoa da Guangdong-Hong Kong-Macaoko Badia Handiko Esparruan (GBA). Shenzhenek badu goi-mailako azpiegitura logistiko bat, jardun handieneko edukiontzi-portuetan laugarrena den portuari loturik, eta, gainera, erraztasun handia ematen du atzerriko inbertsioetarako.

Nafarroako Gobernuaren aburuz, Shenzhenek eta bertako Longhua barrutiak lehentasunezko aukera-leihoa dakarte nafar enpresentzat, Nafarroako Nazioarteko Planaren barnean (NNP). Denboran zehar sendotu diren harreman instituzionalak indartu egin dira, azken urtean egin diren misio enpresarial eta instituzionalei esker. Horiek horrela, ekainean egin asmo den misioak giro egokia sortzea du helburu, haren bidez nafar enpresek errazago izan dezaten sinergiak ezartzea, B2B topaketetan parte hartzea eta lagun-egite espezializatua izatea, arrakastaz jardun ahal izan dezaten nazioarteko gune teknologiko garrantzitsu horretan.

–Ekintzaren helburuak:

Kanpo sustapenerako ekintza honek Txinako merkatuari begira dituen xedeak honako hauek dira:

  • Nafarroako konpainien ikusgaitasuna eta presentzia sustatzea Txinako industria arloan.
  • Negozio aukerak eta bazkide eta bezero potentzialak identifikatzea.
  • Longhuako (Shenzhen) industria-sektorea ezagutzea.
  • Laguntza instituzionala ematea sektorearen nazioarteko garapenari.

–Sektorea:

Sektore anitzekoa, teknologia aurreratuko enpresentzat.

Azpisektoretzat hartzen dira jarraian aipatzen direnak, baina ez dira baztertzen industria-sektorearen barneko beste batzuk:

  • Energia berriztagarria.
  • Automobilgintza.
  • Elikakatea.
  • Osasuna.
  • Aeroespaziala.
  • Teknologia digitala.
  • Automatizazioa.
  • Ingeniaritzak.
  • Adimen artifiziala.

–Ekintzaren edukia:

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek izanen ditu parte hartzen duten enpresentzat:

  • Enpresei harrera egitea. Topaketa nafar enpresekin eta Longhuako industria-ekosistemari buruzko mintegia: aktore publiko eta pribatuak identifikatzea, balio-katean, eta aholkuak Txinako merkatuari ekiteko.
  • Nafarroako eta Txinako enpresen arteko banakako agendak antolatzea, enpresa parte-hartzaileek aldez aurretik zehaztutako profilekin, merkataritza arloko lankidetzak eta aukerak sustatzeko.
  • Bisiten programa bat diseinatzea sektorearentzat interesgarriak diren enpresa eta/edo entitateetara joateko, enpresa-ingurunearen eta dauden aukeren ikuspegia osoagoa izan dadin.
  • Nafarroa-Longhua foro instituzional eta enpresarialean parte hartzea.

–Alderdi orokorrak:

  • Misioaren aurretik, enpresa parte-hartzaileei aukera emanen zaie esportazio-diagnostiko bat egiteko, parte hartzen duen enpresa bakoitzaren prestakuntza baloratzeko.
  • Enpresa parte-hartzaileek aukera izanen dute aurretiazko zundaketa eskatzeko, Naex Destino Exportación programaren bidez (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), haien enpresak Txinan zer-nolako aukerak dituen baloratzeko.
  • Taldekako barne-lekualdatzeak koordinatzea, enpresei joan-etorriak errazteko eta programatutako jardueretan elkarrekin parte hartzeko.
  • Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu gastuak agendak prestatzeko, ekitaldiak antolatzeko, enpresa topaketak izateko eta taldeko bisitak egiteko.
  • Bidaia-gastuak, otorduetakoak, ostatu hartzekoak edo bestelakoak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

–Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

  • Teknologia aurreratuko zentro teknologikoak edo enpresak izatea, aipatutako sektoreetakoak. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.
  • Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala, edo bertan garapen eta ekoizpen lanak gauzatzea.
  • Ingelesezko web-orri bat izatea misioan parte hartzeko eskaera egiten den egunean.
  • Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, misioaren aurretik, misioa bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).
  • Misioan parte hartzeko interesa justifikatzea, hori argudiatzen duen memoria baten bidez, Txinan haren enpresarentzat dauden aukeren ezagutzan oinarrituta. Aurrekoa frogatzeko, erabili beharko dira enpresak egindako merkatu-azterketa aurreratuak edo aurretiazko zundaketen datuak, edo, orobat, frogatzen ahalko da enpresak Txinako merkatuan lehendik duen eta bisita honen bidez indartu nahi den ibilbidearen bidez.
  • Konpromisoa hartzea misiora sustapeneko liburuxka bat eramateko, bertsio digitalean edo paperean, txineraz, karaktere sinplifikatuetan.

–Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2026ko maiatzaren 8ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan, dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-en-shenzhen-china-dirigida-a-empresas-de-tecnologia-avanzada-de-varios-sectores

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

–Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua:

Gehienez ere 12 entitatek parte hartuko dute misioan, eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa aurrera eramateko. Parte-hartzaileen hautaketa inskripzio-ordenaren arabera eginen da, eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean, gehieneko kopurura iritsi arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie ekintza prestatzeko bilera batera ager daitezen.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, misioa hasi baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.
  • Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
  • Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
  • Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko ea aurrerapenik izan den Txinan ezarritako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2604890