77. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89E/2026 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau era haren oinarri arautzaileak onesten baitira: "Dirulaguntzak toki entitate eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, lurralde garapen jasangarriko proiektuak gauza ditzaten, 2026. urtean, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan". DDBN kodea: 894836.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren arabera, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari honako hauek dagozkio: "Despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea", "sustatzea Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren (LURSAREA) jarduerak, zuzendaritza nagusiaren esparru material eta funtzionalari dagozkionak", eta "Dirulaguntzen deialdiak egitea eta dirulaguntzak ematea bere eskumenen esparruarekin lotutako jardueretarako".

Lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen departamentuaren ekimenez, naturaguneen, gune berezien eta ibilbide berdeen sare integratu eta dinamikoa eratu zen 2017an, kokatzen diren lurraldearen garapen jasangarriari laguntzeko. Sare hori 2018ko ekainean mamitu zen, "Nafarroa Ezagutu Sarea" elkartea eratu zenean.

"Nafarroa Ezagutu Sarea" elkartearen eta LURSAREAren helburuek bat egiten dute Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin, eta ekarpen nabarmena egiten dute Nafarroako Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategiaren gidalerroetan, estrategia hori baita haren funtsezko erreferentzia-esparru estrategikoetako bat. "Nafarroa Ezagutu Sarea" elkartearen jarduerak estrategia horren printzipio gidariak ditu oinarri, eta koherentea da haren jarduketa-ardatz batzuekin.

Abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legearen bidez onetsitako 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, bi kreditu hauek daude deialdia garatzeko:

–2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak" izeneko partidan (kodea: 210002 21400 7609 922103), gehienez ere 200.000,00 euro.

–2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak (elkarteak)" izeneko partidan (kodea: 210002 21400 7819 922103), gehienez ere 80.000,00 euro.

Bi partidak dirulaguntzen deialdi bakarraren esparruan aplikatuko dira, onuradun izan daitezkeen entitateen arteko norgehiagokako araubidean, ebazpen honi erantsitako oinarrien arabera.

Espedienteak kontu-hartzailetza delegatuaren fiskalizazio positiboa dauka.

Ondorioz, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek lurralde garapen jasangarriko proiektuak gauza ditzaten, 2026. urtean, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Guztira 280.000,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontu partida hauen kargura:

  • Toki entitateek aurkezten dituzten proiektuetarako, 2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922103 partida; 200.000 euro, gehienez ere.
  • Irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkezten dituzten proiektuetarako, 2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak (elkarteak)" izeneko 210002 21400 7819 922103 partida; 80.000 euro, gehienez ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

DIRULAGUNTZAK, TOKI ENTITATE ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEENTZAT, LURRALDE GARAPEN JASANGARRIKO PROIEKTUAK GAUZA DITZATEN, 2026. URTEAN, NAFARROA EZAGUTU SAREKO ESPAZIOETAN ETA IBILBIDEETAN. DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Nafarroa Ezagutu Sareko lurralde proiektuetarako dirulaguntzak aurreikusita daude 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea dirulaguntza batzuk emateko, inbertsio izaerako proiektuak finantzatzeko Nafarroa Ezagutu Sarea elkartean integratutako espazioen eta ibilbideen lurralde-eremuan, elkarte horretako kide diren erakundeek egiten badituzte.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak Nafarroa Ezagutu Sarean sartutako espazio eta ibilbideetan gauzatu beharko dituzte haien erakunde kudeatzaileek. Balio erantsia eman beharko diote, lurralde-jasangarritasunaren ikuspegitik, inbertsioaren xede den baliabideari edo haren eraginpeko eremuari, erronka demografikoari aurre egiteko.

Beraz, deialdi honen helburua da Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarriari laguntzea, hura erronka demografikoari aurre egiteko tresna bat baita; horretarako, ekintzailetza, enplegu berdea eta ekonomia soziala bultzatuko dira, eta balioa emanen zaio hura osatzen duten espazio eta ibilbideekin lotutako ondare mota orori.

2. Entitate onuradunak.

Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

2.1. Toki entitateak (hala definituta daude Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan).

2.2. Irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarteak, baldin eta egoitza Nafarroan badute eta dagokien erregistro publikoan inskribatuta badaude.

2.3. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroa Ezagutu Sareko kide izatea. LURSAREAk egiaztatu beharko du entitate bakoitza Nafarroa Ezagutu Sareko kide dela, elkarteko idazkari teknikoa baita.

Ulertuko da entitate bat Nafarroa Ezagutu Sareari atxikita dagoela baldin eta sartzeko eskaera aurkeztu badu Nafarroa Ezagutu Sarearen Barne Araudiaren 8. artikuluan ezarritako baldintzetan eta eskaera hori Zuzendaritza Batzordeak onartu badu deialdia argitaratzen den egunerako.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdirako aurreikusitako diru-kopurua 280.000 euro da. Gastua aurrekontuko partida hauei egotziko zaie, entitate onuradunaren izaera zein den:

  • Toki entitateek aurkezten dituzten proiektuetarako, 2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922103 partida; 200.000 euro, gehienez ere.
  • Irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkezten dituzten proiektuetarako, 2026ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Ezagutu Sarearen lurraldeko proiektuetarako dirulaguntzak (elkarteak)" izeneko 210002 21400 7819 922103 partida; 80.000 euro, gehienez ere.

4. Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.

Gastuak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta obretan eta inbertsiotzat hartzen diren jarduketetan egiten badira, hau da, bideratuak badaude honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital- edo zerbitzu-ondasun inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak. Etorkizuneko inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak ere izaten ahalko dira diruz lagungarriak.

Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Bitarteko propioekin gauzatutako jarduketen eskulan kostuak.

b) Banku-kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Entitate(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, obraren kartelak izan ezik.

f) Gastu arruntak.

Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den inbertsioa gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Instrukzio-organoak onartutako gastu diruz lagungarrien %80 izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa, eta gehienez ere 25.000 euro emanen zaizkio entitate onuradun bakoitzari, partida bakoitzean bereiz erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.

6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Toki entitate bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetan.

6.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoko loturaren bitartez (www.nafarroa.eus), hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala daramala.

Toki entitateen ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira.

Laguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

6.3. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.

6.4. Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala betea, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da, laguntzen fitxan.

b) Jarduketa deskribatzeko proiektua, deialdiaren 7. oinarrian ezarritako edukiarekin. Atal hauek jasoko dira:

1. Nafarroa Ezagutu Sareko kide den entitatearen kudeaketa.

2. Deskripzio-memoria.

3. Memoria ekonomikoa.

4. Zabalkundea, komunikazioa eta sentsibilizazioa.

5. Genero ikuspegia.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak II. eranskineko ereduaren arabera egina, honako hau adierazten duena:

1. Entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.

2. Konpromisoa hartzen duela ondasunak deskribatutako jarduketen eremuaren xede zehatzerako erabiltzeko, gutxienez 7 urteko epean.

d) Entitateko idazkariaren ziurtagiria, jasandako BEZaren kenkariari buruz, III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa.

7. oinarria. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Proiektuak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

a) Despopulazio-arriskuan dauden udalerriei dagokienez, otsailaren 15eko 8/2023 Foru Arauaren arabera (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa):

1.–INBERTSIOA EGIN DEN UDALERRIKO DESPOPULAZIORAKO ARRISKU-MAILAREN INDIZEA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 20

–1 mota: muturreko despopulazio-arriskua

20

–2 mota: despopulazio-arrisku bizia

18

–3 mota: despopulazio-arrisku esanguratsua

15

–4 mota: gainbehera bizia

10

–5 mota: gainbehera moderatua

5

Jarduketa batek udal-mugarte bat baino gehiago ukitzen duenean, atal honetako puntuazioa kalkulatzeko, udalerri bakoitzari diruz lagundutako inbertsioaren ehunekoa biderkatuko da despopulazioaren arrisku-indizearen arabera udalerri horri esleitutako puntuazioarekin.

Kontzejuen kasuan, kasuan kasuko udalerriko despopulazio-arriskuaren mailaren indizea hartuko da erreferentziatzat.

b) Kudeatzeko gaitasunari dagokionez:

2.–NAFARROA EZAGUTU SAREKO KIDE DEN ENTITATEAREN KUDEAKETA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 10

2.1. Dirulaguntzaren xede den espazio edo ibilbidearen gobernantza:

4

Baloratuko da zenbat bisitari izan diren entitate eskatzaileak azken urtean kudeatu duen espazio edo ibilbidean, eta proiektuek horiei heltzeko konpromisoa jasotzen duten, ezarri beharreko ekintzak, kronograma eta finantzaketa adierazita.

2.2. Proiektua gauzatzera bideratutako taldea:

6

Proiektuetan lantaldearen egitura baloratuko da, baita antzeko proiektuetan aurretik izandako esperientzia eta gaitasun profesionala ere.

c) Proiektuari dagokionez:

3.–DESKRIPZIO-MEMORIA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 35

3.1. Zenbateraino jarri den testuinguruan eta zenbateraino justifikatu:

10

Baloratuko da proiektuaren testuinguru sozial eta ekonomikoa, aurrekariak eta justifikazioa nola deskribatzen diren. Baita noraino egokitzen den deialdiaren 1. oinarrian jasotako xede eta helburura ere.

Baloratuko da koherentzia eta argitasuna duten helburu espezifikoa ezartzean eta finkatutako emaitzak eta adierazle kualitatibo eta kuantitatiboak ezartzean.

3.2. Xedeko publikoa:

5

Baloratuko da proiektuaren ekintzek ukitutako xede-taldearen deskribapena eta kuantifikazioa jasotzen duten, bai eta desgaitasuna edo gizarteratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen inklusioan laguntzeko hartu gogo diren neurriak ere.

3.3. Proiektuaren deskribapen teknikoaren kalitatea:

10

Kontuan hartuko dira sormena eta originaltasuna, bai proiektuaren kontzepzioan edo ideian, bai haren edukian, prozeduran edo aurreikusitako emaitzetan.

Kontuan hartuko da erabilera anitzeko azpiegiturak egokitu edo sortzen diren, gaitasuna izanen dutenak hainbat arlotako kontakizun berriak integratzeko, eta funtsezko tresnak emanen dituztenak eraldaketa sozial eta ekonomikorako, garapen pertsonal eta kolektiborako eta landa-eremuko herrietako bizi-kalitatea eta haien ingurune kultural eta naturala hobetzeko.

Baloratuko da proiektuek gizarte-inplikazioa eta dinamizazioa ekartzen duten dirulaguntzaren xede den azpiegituraren erabileran eta mantentzean, lurraldearekiko lotura indibidual eta sozialaren bidez.

Era berean, kontuan hartuko da proiektua beste lurralde batzuetan erreplikatzeko edo hara transferitzeko probabilitatea, haren jasangarritasun maila (ingurumenekoa, ekonomikoa, soziala, denborazkoa...), eta beste entitate batzuek proiektua lortzeko duten inplikazioa, barne daudela Nafarroa Ezagutu Sareko beste kide batzuk, baita sareko lana eta lankidetzako eta belaunaldien arteko lana ere.

3.4. Metodologia, zereginen definizioa eta lan-kronograma:

5

Baloratuko da proiektuaren esparruan aurreikusitako jarduketa bakoitza identifikatu eta deskribatzen den. Noiz hasi eta bukatuko den eta guztira zenbat hilabete iraunen duen, faseek edo jarduketek zer egutegi izanen duten, aurretiazko baimenak identifikatuta dauden, zer obra-baimen behar den, kasua bada, edo, halakorik ezean, zer eskaera behar den baimen horietarako. Baloratuko da plangintza hori proposatutako proiektuari egokitzen zaion.

3.5. Ebaluazioa:

5

Baloratuko da proiektuko ekintzak ebaluatzeko prozesua nola deskribatzen den.

4.–MEMORIA EKONOMIKOA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 15

4.1. Proiektuaren plangintza eta deskribapena:

10

Kontuan hartuko dira inbertsio-proiektuaren gastuen eta kostuen xehetasuna, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, bai eta lortu beharreko helburuen eta kostu ekonomikoaren arteko erlazioa ere.

4.2. Finantza-plana:

5

Kontuan hartuko dira proiektuaren finantzaketa globalaren egitura eta aurrekontuaren banakatzearen koherentzia, eta berariaz adieraziko da BEZaren kenkaria egin den ala ez, dagokion partidetan eta/edo aurrekontu globalean.

5.–ZABALKUNDEA, KOMUNIKAZIOA ETA SENTSIBILIZAZIOA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 10

5.1. Jarduerak sartzea proiektuaren zabalkunderako, komunikaziorako eta sentsibilizaziorako:

10

Baloratuko da komunikazio-plan bat dagoen, proiektua aurkezteko programatutako ekitaldi publikorik eginen den, proiektua komunikabideetan eta sare sozialetan agertuko den eta irisgarritasun unibertsala bultzatzen duten komunikabideak erabiliko diren.

6.–GENERO IKUSPEGIA

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA: 10

6.1. Genero ikuspegia proiektuan txertatzeko aurreikusi diren neurriak:

10

Baloratuko da proiektuan hizkera inklusiboa erabiltzen den eta genero ikuspegia txertatzen den jardueren fundamentazioan eta horien edukietan.

Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte, eta puntuazio hori lortzen ez dutenak ezetsi eginen dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 artikuluko f) letran xedatutakoa betetzeari dagokionez, adierazi behar da deialdiaren xedea dela Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarriari laguntzea, erronka demografikoari aurre egiteko tresna egokia delakoan, ekintzailetza, enplegu berdea eta ekonomia soziala bultzatuz eta balioa emanez Sarea osatzen duten espazioekin eta ibilbideekin lotutako ondare mota orori; beraz, taulan jasotako ia balorazio-irizpide guztiak irizpide sozialtzat hartzen dira. Eta bereziki:

1. Inbertsioaren xedeko udalerriko despopulazioaren arrisku-mailari dagozkionak.

–1 mota: muturreko despopulazio-arriskua.

–2 mota: despopulazio-arrisku bizia.

–3 mota: despopulazio-arrisku esanguratsua.

–4 mota: gainbehera bizia.

–5 mota: gainbehera moderatua.

2. Xede-taldea, desgaitasunen bat duten edo gizarteratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen inklusioan laguntzeko hartu beharreko neurriei dagokienez.

3. Proiektuaren deskribapen teknikoaren kalitatea, honako hauei dagokienez: eraldaketa sozial eta ekonomikoa, garapen pertsonal eta kolektiboa eta landa-eremuko herrietako bizi-kalitatearen eta haien ingurune kultural eta naturalaren hobekuntza.

4. Genero ikuspegia proiektuan txertatzeko aurreikusi diren neurriak.

8. Dirulaguntzak emateko eta eskaerak baloratzeko prozedura.

8.1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari dagokio, eta norgehiagokako araubidean izapidetuko da.

8.2. Eskaerak 7. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira. Gainera, instrukzio-organoak zilegi izanen du egoki iruditzen zaizkion jarduketak egitea ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 7. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira, aurrekontuko partida agortu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaeraren bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidetan gelditzen den diru-kopurua esleituko zaio, partidak agortu arte.

8.4. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie deialdiaren 7. oinarriko 1. atalean puntuazio handiena lortzen dutenei. Berdinduta segitzen badute, lehentasuna emanen zaie 3. atalean puntuazio handiena lortu duten proiektuei; gero, 4. atalean puntuazio handiena dutenei; eta, azkenik, 2. atalean puntuazio handiena dutenei. Berdinketak jarraitzen badu, erregistro elektronikoko sarrera-ordenaren arabera lehenetsiko dira proiektuak.

8.5. Urte bakoitzean erabilgarri dagoen dirua agortzeko, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak zilegi izanen du eskatutako proiektua birprogramatzea, irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera.

8.6. Edonola ere, toki entitate bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio-kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta toki entitateak berariaz ziurtatu eta egiaztatzen badu beste laguntza edo dirulaguntza batzuk ere jaso dituela, eta horiek, guztira, proiektuaren exekuzio-kostuaren %50 gutxienez egiten dutela.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Dirulaguntza emateko ebazpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtso aurkezten ahalko da.

9.2. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari, eta laguntzak emateko espedientean jaso beharko du entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, gauzatzeko urtea eta proiektu bakoitzerako esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi diren eta zergatik.

9.4. Era berean, partida bakoitzeko, zerrenda bat erantsiko da, ordenatuta zehaztuko dituena, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, edozein arrazoirengatik kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatzen ahal du dirulaguntza ematea dagokien eskatzaileei, puntuazioaren arabera, eta aukera hori entitate interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du.

10. Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 9.4 oinarrian ezarritakoaren arabera.

11. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

11.1. Gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, behar bezala justifikatuta, eta, betiere, laguntza emateko kontuan hartutako baldintza tekniko edo ekonomikoak funtsean aldatzen ez badira, onuradunek onartu zaien proiektua aldatzeko eskatzen ahalko dute. Kasu horretan, aldaketa ekonomikoek gehienez proiektuaren kostuaren %20 aldatzen ahalko dute.

11.2. Nolanahi ere, aldaketek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedea eta helburua ezin dira aldatu.

b) Emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatu beharko da. Onetsitako aurrekontuaren gainetik egiten den gastu-goititzea entitate onuradunaren kontura izanen da.

c) Aldaketa-eskaera eta haren onarpena gauzatze-epea bukatu baino lau hilabete lehenago egin beharko dira gutxienez.

d) Hirugarrenen eskubideei ez zaie kalterik eginen.

Laguntzak ematen dituen organoeak ebatziko du aldaketa-eskaeraz. Eskaera jaso eta hilabeteko epean onuradunari ez bazaio jakinarazten eskaera ongi dagoela, ulertuko da ez dela eman aldatzeko baimena.

11.3. Prozeduraren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.

11.4. Atal honen 1. paragrafoari dagokionez, aldaketak honelakoak direnean, ulertuko da ez direla aldatzen laguntza emateko kontuan hartutako baldintza teknikoak edo ekonomikoak, betiere proiektuaren aurrekontu osoa eta xedea eta helburua errespetatuz gero:

–%15etik beherako desbideratzeak egitea eskatzaileak hasieran aurreikusitako aurrekontu-partiden artean.

–Desbideratzeak egitea jarduketetarako aurreikusitako kronograman, eragozten ez badute proiektua deialdian ezarritako bukaera-epearen barruan burutzea. Hala ere, desbideratze horiek argi eta garbi identifikatu beharko dira justifikazio kontuan.

12. Gauzatzeko epea.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2026ko urriaren 30ean bukatuko, beranduenez.

13. Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Dirulaguntza ordaintzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko da.

13.2. Ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den inbertsioa egin ondoren, eta entitate onuradunak oinarri honetan adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren.

13.3. Dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak amaitutakoan, eta beranduenez 2026ko urriaren 30ean, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuan (Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian dago zerbitzu hori, Lurralde Kohesiorako Departamentuan):

1. Harrera-aktaren kopia, hornigaiaren entrega-akta edo faktura xehatua, hornitutako elementuen zerrenda erakusten duena.

2. Justifikazioko kontua, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

3. Egindako inbertsioaren fakturak eta ordainagiriak, eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

4. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

5. Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Halakorik jaso badu, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia V. eranskineko ereduari jarraikiz.

6. Idazkariaren ziurtagiria, VI. eranskineko ereduaren arabera, honako hauek jasotzen dituena:

a. Kontratistak hautatzean, betetzen dela Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea. (Toki entitateek bakarrik).

b. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezartzen diren efizientzia eta ekonomia irizpideak betetzen direla. Gastu diruz lagungarriak 30.000 eurotik gorakoak direnean, obren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoak, ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan.

c. Gardentasun betebeharrak betetzen direla, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluak aplikatuz.

d. Bidezkoa denean, egin dela profesionalei dagokien PFEZaren atxikipena.

e. Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu den kontratuaren adjudikaziora bideratzen duen URL helbidea (toki entitateek bakarrik).

f. Ordainsari teknikoen adjudikazioaren datuak; adjudikaziodunaren izena, IFZa, adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako adjudikazio prozedura.

7. Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerrarazteko betebeharra bete dela egiaztatzen duten agiriak, VII. eranskineko ereduen arabera.

13.5. Azken ordainketa eginen da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin jarduketa ikuskatuta eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

13.6. Instrukzio-organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera eginen da errekerimendu hori.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren entitateek zilegi dute administrazio honek edo Espainiako zein Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzea, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

15. Jarraipena eta kontrola.

Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua arduratuko da proiektuen jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

16. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, dirulaguntzaren xedearekin loturiko honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, eta deialdiaren helburua betetzea.

b. Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, barne dagoela bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea.

c. Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako inbertsioa egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d. Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio-organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

e. Behar bezala auditatuak izatea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla (elkarteen kasuan).

f. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren logotipo ofiziala eta testu hau erakutsi beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira. Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) logoak ere egon beharko du.

h. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluak aplikatu beharrez, 11. eta 12. artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

17. Dirulaguntzak itzuli beharra.

17.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zergatikoak gertatuz gero (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasotzen dira zergatiko horiek), eta, orobat, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, eta berandutze interesak ordaintzea eskatuko da, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Honako kasu hauetan, itzulketa izapidetuko da, dagokion espedientearen instrukzioa eginda eta toki entitateari entzunda:

a. Dirulaguntzari uko egiten zaionean.

b. Dirulaguntza eskuratzen denean behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

c. Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.

d. Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo epetik kanpo egiten denean.

e. Entitate onuradunari ezarritako beste edozein baldintza betetzen ez denean.

f. Entitate onuradunak Toki Azpiegituren Zerbitzuaren kontrol jarduketei uko egiten dienean.

17.2. Entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jarduketaren erabateko betetze-mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio-organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat. Dirulaguntzaren xede den jarduera partez gauzatuz gero, kontuan hartuko da noraino zati daitezkeen jarduera eta kasu bakoitzean lortu nahi den helburu publikoa, baldintza izanik aurreikusitako helburuak betetzea.

Ulertuko da betetzea nabarmena dela, besteak beste, baldin eta gauzatutakoak onura publikoa badu oinarri hauetan ezarritako xederako. Kasu horretan, gastu diruz lagungarriaren zer portzentaje gauzatu eta justifikatu den, horren baliokidea den laguntzaren portzentajea soilik jasotzen ahalko du onuradunak. Bereziki, kontuan hartu behar da modulu, fase edo unitate indibidualizatuak dauden, modu independentean egin daitezkeenak.

Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

18. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2604584