2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Deialdia, irabazi-asmorik gabeko erakundeei argitalpenetarako laguntzak emateko (2026). Laburpena
DDBN kodea: 895987.
Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan xedatuarekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra). Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/895987).
Iruñeko Udalak, argitalpenetarako dirulaguntzen deialdia egin du, Iruñeko Udalaren dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorrean xedatutakoari jarraikiz. Ordenantza hori 2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an. Deialdiaren laburpena ematen da argitara. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke.
Lehena.–Deialdiaren xedea:
Deialdiaren xedea da laguntza ekonomikoa ematea irabazi-asmorik gabeko erakundeei, liburu edo aldizkariak argitara ditzaten, Iruña eta bertako kultura, folklorea, pertsonaiak eta historia gai harturik, paperezko euskarrian eta/edo euskarri elektronikoan.
Lanak izanen dira jatorrizkoak eta argitaragabeak, faksimileak, aurrenekoz euskaratutako edo gaztelaniaratutako lanak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (baldin eta azken inprimatzea duela hamar urte baino gehiagokoa bada, eduki berriak gutxienez %15 badira eta liburuek maketa berria eta ISBN berria badituzte).
Bigarrena.–Deialdiaren helburua:
Deialdi honen helburua da argitalpenak sortu eta plazaratu daitezen sustatzea (liburuak edo aldizkariak), lotura zuzena dutenak Iruñearekin eta bertako kulturarekin, folklorearekin, pertsonaiekin eta historiarekin, udalerriaren identitatea bultzatzen dutenak eta laguntzen dutenak Iruñeko kulturaren sustapenean, edozein ikuspuntutatik: historia, lurraldea, gizartea, etab.
Hirugarrena.–Baldintzak eta argitaratzeko epea:
–Argitalpenek (liburuak edo aldizkariak) lotura zuzena izan behar dute Iruñearekin eta bertako kulturarekin, folklorearekin, pertsonaiekin eta historiarekin, udalerriaren identitatea bultzatu behar dute eta Iruñeko kulturaren sustapenean lagundu behar dute, edozein ikuspuntutatik: historia, lurraldea, gizartea, etab.
–Iruñeko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira lanak.
–Lanek izan beharko dute 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte argitaratutakoak, biak barne. Argitaratzeko gastuek behar bezala fakturatuta egon beharko dute aldi horrexen barnean. Erakundeek abenduaren 1aren ondotik plazaratu nahi badute argitalpena, bertsio elektroniko bat aurkeztu beharko dute data hori baino lehen, dirulaguntzaren justifikazioa errazte eta arintze aldera.
–Eskabide bakarra aurkeztu beharko da aldi berean paperean eta formatu digitalean argitaratzen diren lanetarako. Kasu horretan, bi formatuei dagozkien gastuak sartzen ahalko dira diruz lagun daitekeen gastutzat.
Laugarrena.–Deialdiaren gehieneko zenbateko osoa:
10.000 euro.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.
Eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, "pertsona juridikoentzako dirulaguntzen eskabide elektronikoa" deritzon izapidearen bidez, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu). Izapide horretan sartzen da deialdi honen G eta T ataletan aipatzen den dokumentazioa.
Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
Eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Zazpigarrena–Eskabideak eta agiriak aurkezteko modua.
Eskaera egiteko, aurkeztu beharko da eskabide-orria edo PDFko eskabidea (telematikoki aurkezteko), interesdunak sinatua edo dirulaguntza eskatzeko behar adinako ordezkaritza-ahala duen pertsona batek sinatua (bere erantzukizunpean adierazi beharko du ordezkaritza hori), bat etorriz "pertsona juridikoentzako dirulaguntzen eskabide elektronikoa" deritzon izapidean jasotako jarraibideekin. Eskabidearekin batera, deialdi honen G.4) atalak aipatzen dituen agiriak eta jakingarriak aurkeztuko dira.
Zortzigarrena.–Diruz lagun daitezkeen gastuak egiteko epea:
2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egindako gastuak, biak barne.
Iruñean, 2026ko martxoaren 30ean.–Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria, Maider Beloki Unzu.
Iragarkiaren kodea: L2604909